Euskararen bilakaera soziolinguistikoa
* Traducción al español del original en euskera
Miren Mateo eta Xabier Aizpurua

Laburpena

Azken hamarkada honetan Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak sustaturiko ikerketa soziolinguistikoak, erakunde honek euskararen aldeko ekintza positiboen politika abian jartzeko eta aldian-aldian ebaluatzeko duen borondate onaren adierazgarri dira.

Zentzu honetan, 1991. urtean hasita bost urtean behin egin izan diren Euskal herriko inkesta soziolinguistikoak, euskararen erabilera sustatzeko garaturiko hizkuntza-politiken eraginkortasunari buruzko behin betiko ebaluazioa egiteko beharrezkoak diren adierazleak lortzeko oinarrizko bitarteko dira, erroldekin batera. Aipaturiko inkestek, 1981. urteaz geroztik ama-hizkuntzari eta euskararen ezagutzari eta erabilerari buruzko datuen berri eman izan digutenek, populazio-erroldetatik eta biztanleen udal erroldetatik ondorioztaturiko informazioa egiaztatzeko eta osatzeko aukera ematen digute alde batetik, eta bestetik, euskal hiztunak bizi diren eta errolda-daturik ez den lurraldeetako (Iparraldeko Euskal Herrian) beharrezko informazio funtsezkoena lortzea ahalbidetzen dute.

Artikulu honek, hizkuntza-politikako ebaluazio-adierazleei, bilakaera soziolinguistikoari eta honek Euskal Autonomia Erkidegoan izandako emaitza nagusiei buruzko panoramika laburra aurkezten du.

Sarrera

Joseba Intxaustiren arabera, "Ladislao Velasco arabarraren estatistikak dira joan den mendeko euskal hiztunen kopuruari buruz ezagutzen ditugun daturik fidagarrienak". Aipatzekoa da Euskal Herriko herrialde ezberdinen ia osotasunean euskal hiztunen portzentajea oso handia zela: Gipuzkoan (1867) %96; Bizkaian (1867) % 81; Iparraldeko Euskal Herrian (1866) %65; Nafarroan (1867-68) %20 eta Araban (1867) %10.

Datu hauek ikusita, azken mende honetan gertatu den eta orain azaltzen saiatuko ez garen arrazoi askok eraginikoa izan den euskararen etengabeko atzerakadak, desplazamendu linguistiko ikaragarria sortu duela aipatu behar da eta horren ondorioz gaur egun:

  • ia ez da euskadun elebakarra den hiztunik,
  • euskal hiztunen kopurua efektiboen heren bat baino gehiago murriztu da eta
  • ama-hizkuntza euskara duen populazioa minoritarioa da Euskal Herriko lurralde guztietan.

Hogei urte baino gehiago iragan dira dagoeneko, Autonomia Estatutuak (EAE, 1979) euskara Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizial izendatu zuenetik eta gure erakunde propioak berreskuratu genituenetik. Euskal Autonomia Erkidegoan harturiko oinarrizko neurrietariko bat 10/1982 Euskararen Legea Normalizatzeko Oinarrizko Legea izan zen; hiritarrei eskubide linguistikoak aitortu ostean botere publikoaren betebeharrak finkatu zituena, euskararen erabileraren normalizazio osoa lor zedin. Une hartatik aurrera, Desplazamendu Linguistikoaren Inbertsioa (Reversing Language Shift) ondoko urteetako hizkuntza-politikaren ardatz nagusi bilakatu zen.

Joshua Fishmanen arabera, Desplazamendu Linguistikoaren Inbertsioaren helburua ez da hizkuntzaren jabekuntza goiztiarra sustatzea, lehenengo edo bigarren hizkuntzaren aldaera ezberdinak erraz menderatzea edota ikastetxearen barruan ohizko hizkuntza gisa erabil dadin lortzea bakarrik, geroz eta handiagoa den gizarte-mailako funtzionaltasuna lortzea eta oraindik populazioaren gehiengoaren baitan ama-hizkuntza izatera iritsi ez den hizkuntza belaunaldiz belaunaldi transmititzea ere lortu nahi da, segidako belaunaldi bakoitzak aurreko belaunaldiak izan zuena baino abiapuntu aurreratuagoa izan dezan.

Bilakaera soziolinguistikoaren adierazleak

Hori guztia ikusita, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, Euskal Herri osoko adierazleen sistema abian jartzeko saiakeraren aldeko apustua egin zuen orain dela hamar urte baino gehiago; arrunta, fidagarria, homogeneoa, denboran aurrera jarraipena izango zuena eta adikorra izango zen sistemaren aldeko apustua. Hartara, lurralde eta gizarte-talde ezberdinetan, aldi batera, eta lurraldean edota gizarte-taldean bertan, luzetara, ondorengo alderdiak ebaluatu ahal izateko, besteren artean:

    I. Euskararen belaunaldiz belaunaldiko transmisioa eta, oso bereziki, euskararen transmisioa familiaren bidez edo aipaturiko hizkuntzaren jabekuntza goiztiarra ikastetxean.
    II. Hiztunen mugikortasun linguistikoa (eutsi-indarra, gal-indarra edota erakar-indarra indizeak) beren lehen hizkuntzaren arabera.
    III. Euskararen erabilera eta handituz doan bere gizarte-mailako funtzionaltasuna:
  • familia-, gizarte- eta erakunde-funtzioen arteko erabilera ezberdinak abiapuntu izanik, batez ere, gazte euskaldun berrien artean,
  • gehien baldintzatzen duten alderdi sozioestrukturalen eta sikolinguistikoen identifikazioan arreta berezia jarriz: euskaldunen dentsitatea hurbileneko harreman-sareetan (familian, lagunartean. lanean...) eta euskarari (dela lehenengo hizkuntza dela bigarrengoa), gaztelaniari edo frantsesari dagokionez zenbateraino menderatzen den eta zenbaterainokoa den etorria.

Sistema honek, gainera, gizartearen nortasuna osatzen duten dimentsio ezberdinen adierazle izan behar du. Hona hemen dimentsioak: dimentsio soziodemografikoa (sexua eta adina); kategoria sozio profesionala (ikasketa-maila, lanbidea, enpleguari dagokion egoera); dimentsio geografikoa (Euskal Herriko hiru lurralde politiko-administratiboak; juridikoki finkaturiko eskualde linguistikoak; esparru soziolinguistiko ezberdinak; probintziak, eskualdeak eta udalerriak; eta 10.000 biztanlez gorako udalerrietan baita auzoak ere); nortasun linguistikoa; jatorria; eta nortasun kulturala, besteren artean. Horretarako, oinarrizko bi informazio-iturri hartzen dira oinarri:

  • Bost urtean behin egiten diren EAEko biztanleen udal erroldak; 1981. urteaz geroztik, euskararen gaitasun linguistikoari, hiru urte arte bereganaturiko lehen hizkuntzari eta etxean nagusi den erabilera-hizkuntzari buruzko galderak gaineratu zaizkienak. Galdera hauetatik abiatuz, hor nonbait sintetikoak diren tipologien sail osoa gauzatu dugu .
  • Eta 1991, 1996 eta 2001 urteetako inkesta soziolinguistikoak; Euskal Herri osoa hartzen dutenak (6.300 pertsona baino gehiago hartuz) eta erroldak emaniko informazioa osatzera datozenak, probintziatik beheragoko mailetan adierazgarri ez badira ere.

Gaur egun, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren Koordinazio Zuzendaritza, hizkuntza-politikaren eta bilakaera soziolinguistikoaren adierazleen sistema nazionala gauzatzeko proiektuan murgildurik da. Proiektu honen bidez, aipaturikoen ebaluazio jarraitua egin ahal izango du, alde batetik, eta euskara normalizatzeko prozesu honetan parte-hartzaile diren herri aginteei, eragileei eta organoei ( hiritarrak oro har, familiak, normalizazio linguistikoko eragileak, profesionalak eta erakunde edo elkarteak) informazio garrantzitsua eskaini ahal izango die, bestetik.

Hizkuntza-politikaren adierazleen sistema nazionala egitea, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren ekintza-planen barnean kokaturiko proiektua izan da. Izaera egonkorreko ekintza-ildoa osatzen du eta honakoak dakartza berarekin:

    a. Adierazleen definizioa;
    b. Aldez aurretik definituriko adierazleen taxutzea eta kalkulua;
    c. Adierazleen sistemaren etengabeko hobekuntza.

Proiektuaren helburu nagusia Euskadi osoko hizkuntza-politikaren egoerari buruzko informazioa emateko gaitasuna izango duen adierazleen sistema definitzea eta eraikitzea da, egiten ari diren nazioarteko ereduekin bateragarria izango dena (Katalunia, Québec, …) eta herri aginteei, dagozkien eskumen-eremuetan aplikagarri izango zaiena. Aipaturiko adierazleek, hizkuntza-politikaren testuinguru-alderdiak ez ezik honen kostuak, funtzionamendua eta emaitzak ere kontuan izan beharko dituzte. Hortaz, proiektua ez da iraupen zehatzekoa, aldian-aldian berrikustea eta eguneratzea eskatzen duen ekintza-programa iraunkorra baizik.

Adierazleak lortzeko aldian-aldiko datu fidagarriak emango dituzten iturriak behar direnez, Euskal Estatistika Erakundearekin harremana estutu beharko da are gehiago, baita Jaurlaritzako eta gainontzeko administrazioetako sailekin ere, aipaturiko proiektua, gainerako ebaluazio-ikerketekin hobeto koordinatzeko; ebaluazio-ikerketa hauek datu-iturri naturalak baitira adierazle batzuentzat, batez ere ekintza-plan sektorial jakinetako prozesu eta emaitzetakoak.

1995-1998 eta 1999-2002 epeetako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren ekintza-planek, hizkuntza-politika sistematikoki ebaluatzeko beharra barneratzen zuten eta adierazleen sistema nazionala gauzatu beharra aurreratzen zuten.

Horretarako, aldaketak egin ziren 1996. urtean Euskararen Aholkularitza Kontseiluan. Orduz geroztik, hizkuntza-politikaren alorrean ahalmen osoa duten EAEko Botere Publikoak (jaurlaritza, foru aldundiak eta udalerrietako elkarteak) ez ezik gizarte-ekimenaren eragile eta ordezkari ugari dago ordezkaturik bertan. Euskararen Aholkularitza Kontseiluak, lan-talde ugari sortu zuen proiektuaren baitako lan jakinak gauzatzeko:

    a. azken hamarkadetako ekintza-programa sektorialetako puntu indartsu eta ahulen ebaluazioa eta
    b. euskararen erabilera sustatzera bideraturiko aurrekontuen azterketa.

Ebaluazio honetako emaitzak, Eusko Jaurlaritzak 1998ko uztailaren 28an onarturiko eta Eusko Legebiltzarrak 1999. urteko abenduaren 10ean berretsiriko Euskararen Erabilera Sustatzeko Plan Orokorrean irudikatu ziren.

Gaur egun, adierazleen sistema nazionala artikulatzeko lanean dihardugu. Adierazleen sistema nazionala eraikitzeak duen zailtasun nagusia, adierazleek barneko koherentzia gorde dezaten eta beren arteko harremanak ezar daitezen lortzea da. Horrek, eredu teoriko bat hartzea eskatzen du. Nazioarteko esperientziak, aitzitik, eredu hori ezartzeko ezintasun praktikoa ematen du aditzera. Hori dela eta, adierazleak koherenteki banatuko dituen eta beren artean lotuko dituen erreferentzia operatiboaren esparru bat ezartzea litzateke egokiena.

Erreferentzia-esparru funtzional hau, adierazle mordoa barne hartuko lukeen honako bost sailez osaturikoa izango litzateke :

a. Testuingurua (populazio osoa eta urtez urte; biztanleko BPG; populazioak jarduera ekonomikoarekin duen harremana; populazio inmigrantea eta bere adina; ...),
b. Baliabideak (euskararen erabilera sustatzeko gastu publikoa; normalizazio linguistikorako eragile gisa lanean ari den populazio aktiboaren proportzioa (irakasleak, euskara-teknikariak, itzultzaileak, interpreteak, kazetariak; ...),
c. Lege garapena eta ekintza-programa sektorialak (eredu linguistikoen (A, B, D, X) eta titulartasuna kontuan hartuz (publikoa / pribatua) hezkuntza-etapen araberako euskal hezkuntza-sistemako ikasleen portzentajea; euskaraz abesturiko musika emankizunetan; zabaltzea (argitaraturiko aleen kopurua adieraziz) bertako nahiz eskualdeko (doakoa) prentsan, euskaraz emandako albisteen portzentajea adieraziz; ...),
d. Prozesuak (euskara-planak dituzten administrazio, ikastetxe edo enpresa kopurua; ...),
e. Emaitzak (belaunaldiz belaunaldiko euskararen transmisioa, familia bidezkoa barne, adinaren arabera; euskararen erabilera esparru informaletan eta formaletan;...).

Oso zaila da sistema zenbat adierazlek osatu behar duen zehaztea; hori dela eta, aipaturikoak aukeratzeko irizpideak finkatzea garrantzitsua da guztiz , hortaz:

  • Garrantzia eta esangura: adierazleek, hizkuntza-politikaren alderdi garrantzitsuei buruzko informazio esanguratsua eman behar dute.
  • Berehalakotasuna: adierazleek, egoera soziolinguistikoari eta hizkuntza-politikari buruzko ideia azkarra eta orokorra eman behar dute aditzera, ezaugarririk bereizgarrienen berri emanez modu sintetikoan.
  • Sendotasun teknikoa: hau da, baliozkotasuna eta fidagarritasuna.
  • Bideragarritasuna: adierazleen lorpen eta kalkulu egingarria eskatzen du, bai beharrezko informazioari dagokionez bai bere kostuari dagokionez ere.
  • Iraunkortasuna: kalkulaturiko adierazleak denboran zehar manten daitezen eskatzen du, egoera soziolinguistikoari eta hizkuntza-politikari buruzko luzerako ikerketak egiteko aukera izan dadin.
  • Adosturiko aukeraketa: adierazleak aukeratzeko prozesua zaila da beti, bat etor ez daitezkeen ikuspuntu ezberdinak eta lehentasun ezberdinak adostasunera irits daitezen behartzen baititu. Funtsezkoa da prozesu hau adostasuna bilatzera zuzendurikoa izatea.

Emaitza nagusiak

Hau esanda, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eginiko ikerketa soziolinguistikoetatik ateratako ondorio nagusiak aurkeztera joko dugu jarraian. Ikerketa hauek, oso egoera konplexu eta aldakorra aurkezten dute; ondorengo ezaugarriak dituen egoera:

  • Aldaketa sakonak gure populazioaren baitan : a) jaiotze-tasaren beherakada bortitzak eraginiko populazioaren galera handia (gazteenen artean gertaturiko galera ikaragarria da), aldi berean populazioaren zahartze azkarra sortzen duena; b) eta datozen urteetan gero eta gehiago izango diren etorkinen etengabeko gehikuntza.
  • Euskaldunen kolektiboaren baitan aldaketa kualitatibo sakona; euskara bigarren hizkuntza duten gazte elebidunen inkorporazio handiak eragindako euskaldunzaharren etengabeko ordezkatzeak sorturikoa (gazteenen artean euskaldunzaharrak baino gehiago dira dagoeneko euskaldun berriak). Bi kolektiboak kualitatiboki oso ezberdinak dira; euskaraz edo gaztelaniaz mintzatzerakoan duten erraztasunari dagokionez ez ezik familia- eta gizarte-mailako (lanean) beren harreman-sareetan duten euskaldun-kopuruaren arabera ere. Honek guztiak ikaragarri baldintzatzen ditu beren erabilera linguistikoak.

Aldi berean gertatzen ari diren sakoneko aldaketa hauek dira, azken batean, gure gizartearen osotasunean elebidunak gero eta gehiago direla eta adinen araberako euskararen erabilera zertxobait handitu dela nabarmentzea zailtzen dutenak. Edozein kasutan, gure lurraldeko bilakaera soziolinguistikoa bereizten duten zenbait ezaugarri garatzen saiatuko gara jarraian hurrengo titularren bidez :

  • Populazioaren gehiengoak, gutxienen eta gutxituriko hizkuntza den euskararen mesedetan eginiko ekintza positiboaren aldeko apustua egin du.
  • Belaunaldiz belaunaldiko transmisioaren aurrerakada ikaragarria da, euskal hezkuntza-sistema euskaldundu izanaren fruitu diren milaka hiztun berriei esker.
  • Familiaren baitan euskararen transmisioa ia erabatekoa da. Hala eta guztiz ere, populazio osoa kontuan hartuz, lehen hizkuntza euskara bakarrik duten hiztunen portzentajea bere horretan mantentzen dela esan badaiteke ere, pitin bat handitzen da lehen hizkuntzatzat euskara eta gaztelania, biak aldi batean, dituztenak gehituz gero.
  • Euskararen erabilera (batez ere, erabilera formaleko esparruetan baina baita erabilera informaleko esparruetan ere) handitzen ari da, baina hamar urte beranduago eta bere ezagupena handitzen ari dena baino gutxiago. Hala eta guztiz ere, oro har euskaraz mintzatzen diren pertsonak gutxiengoa dira adin-talde guztietan (ia inoiz ez %25 baino gehiago), dena den aldeak nabarmenak dira adinaren arabera: helduenen artean, hau da, 1937. urtea baino lehen jaiotakoen artean, ez da ia alderik euskaraz mintzatzen direnen, euskara ongi menderatzen dutenen edo lehen hizkuntza gisa (dela bakarrik edota gaztelaniarekin batera) izan dutenen artean; gazteenen artean, ordea, hau da, 1977. urteaz geroztik jaiotakoen artean, euskaraz mintzatu ohi diren pertsonak gehixeago dira (%25eko muga gainditzen duen adin-talde bakarra da hau) baina paradoxa badirudi ere, lehen hizkuntza izan zutenen bikoitza dira eta ongi hitz egiten dutenen erdia baino gehixeago bakarrik.

Aurretik ere esana dugunez, euskararen belaunez belauneko transmisioaren aurrerakada ikaragarria izan da: 1981. urtean, gaztelaniaz bakarrik mintzatzen ziren elebakarrak, euskaldunak edota, hobeto esanda, elebidunak baino bi edo hiru aldiz gehiago ziren adin-talde guztietan; 15 urteren buruan, 25 urtez beherako gazteen artean, elebidunak dira gaztelania hizkuntza bakar duten elebakarrak baino gehiago baina, lehen ere adierazi dugunez, jaiotze-tasaren bat-bateko beherakadak, elebidunen hazkuntza horrek populazio osoaren baitan isla handiagoa izan dezan galarazten du.

Aitzitik, gazte elebidun gehiago izatea hezkuntza-sistema euskaldundu izanari zor zaionez, hiru elebidunetatik batek baino ez du euskaraz mintzatzeko etorri, trebetasun eta erraztasun handiagoa gaztelaniaz hitz egiteko baino. Hortaz, euskaldun berrien pisua gero eta handiagoa da elebidunen artean eta horrenbesteko garrantzia duen aldaketa kualitatibo honek eragin zuzena du euskararen erabileran; elebidunek kontran baitituzte, kasu honetan, euskara ohiko hizkuntza gisa erabil dezaten baldintza objektiboak. Beraz, gazte elebidun hauek ikastetxean eskuratutako gaitasun linguistikoa sendo dezaten programa bereziak abian jartzea presakoa da; behin ikastetxea utziz gero gaitasun hau galtzeko arriskurik izan ez dezaten. Zentzu honetan, beharrezkoa da sentimenduari eta afektibitateari loturiko gizarte-euskarri gehigarriak (familiaren, lagunen eta belaunaldi ezberdinetako beste zenbait pertsona esanguratsuren maitasuna, onespena eta begirunea; intimitate-maila ezberdinetan) edota erabilgarritasunari loturikoak (sariak, karguak nahiz lanbideak eta gizarteak behar bezala baloratuko dituen eta arrakasta edo gauzatze nabarmena izango duten probak) eratzea, trebetasun eta ikasketa horiek sendotu daitezen eta bere burua mantentzeko modukoak eta eraginkortasun autonomokoak bilaka daitezen.

Mugikortasun linguistikoari dagokionez, aipatzekoa da, EAEn euskara bereganatu dutenak galdu dutenak baino askoz ere gehiago direla (galerak izugarri murriztu baitira); Nafarroan eskuratzeak galerak baino pitin bat gehiago direla; eta, Iparraldeko Euskal Herrian galerak eskuratzeen oso gainetik daudela. Hau guztia, hiru herrialdetariko bakoitzean indarrean den hizkuntza-politikaren isla garbia da.

Bestalde, EAEko elebidunik gehienak euskaraz edota euskaraz eta gaztelaniaz mintzatzen dira nagusiki, ez beren familietan bakarrik baita hurbileko komunitatean (lagunekin, lankideekin, apaizarekin) eta erabilerarik formaleneko esparruetan ere, osasun-zerbitzuetan salbu. Azken urte hauetan euskararen erabilera handitzen ari da zer edo zer azterturiko erabilera-esparru guztietan. Dena den, ohiko hizkuntza gisa euskara erabiltzen dutenak, zifra osoak begiratuz, gero eta gehiago badira ere, portzentualki gero eta gutxiago dira euskaldunen kolektiboari dagokionez, baina gero eta gehiago, populazio osoari dagokionez. Hau, gure gizartean lehen hizkuntza euskara ez duten elebidunen kopurua izugarri handitu izanaren ondorio zuzena da.

Azken batean, euskaldunen kolektiboaren profila eraldatzen ari da guztiz eta aipaturiko kolektiboaren ohizko nortasun-zeinu nabarmenak zirenak (euskaldunak, lehen hizkuntza euskara dutenak, euskaraz ongi mintzatzen direnak eta hizkuntza hau etxekoekin nahiz lagunekin erabiltzen dutenak dira) gero eta ilunago ari dira bilakatzen (gero eta gutxiago dira lehen hizkuntza euskara duten euskaldunak eta gero eta gehiago ohiko hizkuntza gisa euskara erabiltzen ez dutenak). Hortaz, ez ote gara gaur egun arte euskaldunen artean euskara batez ere familiaren eta lagunen esparruan erabiltzea bermatu duen gizarte-arau nagusiaren aldaketaren atarian egongo, azken batean, denboran zehar hizkuntzak bizirik irautea ahalbidetu duen diglosia-egoeraren aldaketaren atarian egongo?

Erabilera baldintzatzen duten faktoreei dagokienez, inkesta nahiz abiapuntu hartuz gauzaturiko azterketek garbi adierazten dutenez, harreman-sareko euskaldunen dentsitatea eta lehen eta bigarren hizkuntzari dagokion gaitasun linguistikoa dira eraginik handien dutenak:

  • Etxean euskararen erabilera gailen dadin, bertako euskaldunen dentsitateak %80tik gorakoa izan behar du.
  • Etxean, euskara lehen hizkuntza dutenen erabilera hamar handiz handiagoa da, jatorriz elebidun direnen aldean eta hogei aldiz handiagoa, euskaldun berriak direnen aldean.

10.000 biztanle baino gehiago dituzten EAEko udalerrietako mapa sintetikoek, auzoz auzoko euskararen aurrerapena ematen dute aditzera, gizarte-harremanen sarean barneraturiko euskaldunen dentsitatearen hazkuntzari dagokion aurrerapena; aitzitik, dentsitatearen hazkuntza hori nahikoa ez dela eta gizartean erabilera orokortua bermatzeko beharrezko mailara heltzen ez dela ere ematen dute.

Bukatzeko, euskararen belaunaldiz belaunaldiko transmisioari dagokionez honako hauek baiezta ditzakegu:

  • 1966 eta 1970 urteen artean jaiotakoak 1986 eta 1990 urteen artean jaiotakoekin alderatzen dituen azterketak agertzen du euren gurasoen artean erdaldunez edo euskaldunez bakarrik osaturiko bikoteak gutxitzen ari diren bitartean euskaldunez eta erdaldunez osaturikoak nabarmen gehitzen ari direla.
  • Hori dela eta nabarmendu egin nahi dugu bikote mota berri hauetan gertatu den euskararen belaunaldiz belaunaldiko transmisioaren nahiz familia bidezko transmisioaren bilakaera positiboa.

Azken ondorioak

EAEn euskarak aurrerakada garrantzitsua izan duela aipa daiteke, ikuspuntu demografikoari (elebitasunaren unibertsalizazioa), geografikoari (hiri-inguruneetan batik baten) eta funtzionalari (belaunaldiz belaunaldiko familiako erabileraren eta transmisioaren etengabeko hazkuntza) dagokionez. Honek, dena den, ez du gaztelaniaren atzerakada eragin, gaztelania baino ez zekiten elebakarrak murriztea baizik. Azken batean, muturreko egoerek, diren bezalakoak direla ere, atzera egiten dute berehala, hizkuntzari eta kulturari dagokion integrazio eta mestizaje-egoerari leku egiteko. Hori, gizarte-mailako babes handiaren eta 80ko hamarkadaren hasieran euskararen alde egiteko harturiko ekintza-neurri positiboen emaitza da.

Aitzitik, Nafarroan, euskara sustatzeko politika beranduagokoa eta EAEkoa baino askoz ere indar gutxiagokoa den tokian, euskararen aurrerakada askozaz ere txikiagoa da eta, azkenik, Iparraldeko Euskal Herrian, euskararen atzerakada etengabea da eta belaunaldiz belaunaldiko transmisioa ez dago inolaz ere bermaturik.

Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren ikerketa soziolinguistikoei eta bere emaitza nagusiei buruzko panoramika aurkezten ahalegindu gara. Informazio gehiago nahi izanez gero jar zaitezte gurekin harremanetan:

m-mateo@ej-gv.es
x-aizpurua@ej-gv.es
Koordinazio Zuzendaritza
Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza
Kultura Saila
Eusko Jaurlaritza
Donostia-San Sebastián kalea 1
01010 Gasteiz
telefonoa. 00 34 945 01 81 10
faxa. 00 34 945 01 80 82

Gehigarria

Argitaratutako guztiak eskuragarri daude formatu elektronikoan ondorengo helbidean:

http://www.euskadi.net/euskara/eus30.htm

Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak zuzenean parte hartu duen azken ikerketen zerrenda:

Euskal Herriko III. Soziolinguistikazko Inkesta / IIIª Encuesta sociolingüística de Euskal Herria. Vitoria-Gasteiz. (2001).

Euskal Autonomia Erkidegoan euskara sustatzeari loturiko jarduera ekonomikoen eraginaren ebaluazioa. Vitoria-Gasteiz (2000).

IKEI. RECLUS, euskararen eredu s / RECLUS, modelo prospectivo del euskera (1998).

Nekane JAUSORO. Gazte-helduak. Hizkuntza-gaitasunetik erabilerara. (1997). (Euskal Herriko Unibertsitateko Soziologia II Sailarekin sinaturiko kontratua).

Euskal Autonomia Erkidegoan euskara sustatzeari loturiko jarduera ekonomikoen eraginaren ebaluazioa. Vitoria-Gasteiz (1997)

Euskal Herriko II. Soziolinguistikazko Inkesta 1996 / IIª Encuesta sociolingüística de Euskal Herria (1996). Vitoria-Gasteiz. (1999).

II Mapa Sociolingüístico / II. Soziolinguistikazko Mapa. Vitoria-Gasteiz. (1997/1998/1999).

"Inkesten erabilgarritasuna planifikazio linguistikoaren prozesuan" (1998). 1998ko ekainaren 5ean Mr. Padraig O'Riagain-ek, The Linguistics Institute of Ireland-en ordezkari gisa, 98-06-NOR-0074-00 zenbakia duen hitzarmena sinatu zuen Europako Batzordeko Hezkuntza, Heziketa eta Gazteriaren XXII. Zuzendaritza Orokorrarekin, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak parte hartu zuen proiektu honetan buru izateko.

"Planifikazio linguistikoa Europako testuinguruan" (1998). 1997ko apirilaren 14an Dr. Glyn Williamsek, University College of North Wales-en ordezkari gisa, 97-06-NOR-0040-00 zenbakia duen hitzarmena sinatu zuen Europako Batzordeko Hezkuntza, Heziketa eta Gazteriaren XXII. Zuzendaritza Orokorrarekin, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak parte hartu zuen proiektu honetan buru izateko (1998).

"Ekoizpen linguistikoa eta hizkuntzaren erabilera lotzeko garatu beharreko politika" (1997). 1996ko azaroaren 25ean Mr. Padraig O'Riagain-ek, The Linguistics Institute of Ireland-eko ordezkari gisa, 96-06-AUT-0145-00 zenbakia duen hitzarmena sinatu zuen Europako Batzordeko Hezkuntza, Heziketa eta Gazteriaren XXII. Zuzendaritza Orokorrarekin, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak parte hartu zuen proiektu honetan buru izateko.

Euskal Herriko I. Soziolinguistikazko Inkesta (1991) / Iª Encusta sociolingüística de Euskal Herria (1991). Vitoria-Gasteiz. (1992).

Soziolinguistikazko Mapa. 1986. urteko erroldaren araberako Euskal Autonomi elkarteko azterketa demolinguistikoa / Análisis demolingüístico de la Comunidad Autónoma Vasca derivado del Padrón de 1986. Vitoria-Gasteiz (1989).


Miren Mateo eta Xabier Aizpurua


Euskonews & Media 201. zbk (2003 / 02-28 / 03-07)

Dohaneko harpidetza | Suscripción gratuita | Abonnement gratuit |
Free subscription


Aurreko aleak | Números anteriores | Numéros précedents |
Previous issues


Kredituak | Créditos | Crédits | Credits

Euskomedia: Euskal Kultur Informazio Zerbitzua

Eusko Ikaskuntzaren Web Orria

webmaster@euskonews.com



QUIENES SOMOSPolítica de privacidadAvisos LegalesCopyright © 1998 Eusko Ikaskuntza