Marta Cárdenasek aire zabalean pintatzeko ohitura
du, mendian edo soroan, eta Euskal Herriko paisaiak eta jendeak
"pozez zoratzen" dutela dio. Madrilen bizi den donostiar
honentzat, pintura "inguruan daukaguna ulertzeko, gozatzeko
eta edertasuna bilatzeko beste modu bat da", eta gaitasun hori
lortzen lagundu diona, erakusketak prestatzea edo koadroak egitea
baino gehiago, bere artearekiko interesa azaldu duen jendearekin
egotea izan omen da. Cárdenasek sorpresara eta inprobisaziora
jotzen du errealitate aldakorra irudikatzeko. Emakume honek pintorea
baino ezin zuen izan.
- Has gaitezen
hasieratik. Noiz hasi zinen pinturarekin eta artearekin oro har
harremanetan jartzen?
Uste dut 1958 eta 1959an hasi nintzela, Donostiako mojen eskola
batean batxilergoko seigarren maila ikasten ari nintzenean. Ikaragarri
gustatzen zitzaidan marraztea eta pintatzea. Oliorik ez neukanez,
akuarelak egiten nituen. Idaztea ere asko gustatzen zitzaidan. Nire
literaturako irakaslea Elvira Gailurralde izan zen, eta oso harreman
estua zeukan Luis Martín Santos eta bere taldearekin. Berak
proposatu zidan Elkarte Artistikora joatea. Marrazketa eskolak eta
oso hitzaldi interesgarriak ematen zituztela esan zidan.
 |
" Zomorro kabia"
Taula gaineko olioa, 1999.
Argazkia: Manuel Blanco |
- Nolako giroa
zegoen urte haietan Elkarte Artistikoan?
Elkarte Artistikoan Luis Martín Santos eta José Luis
Munoa zeuden, kultur ekintzak antolatzen, baina garai frankista
zenez, edozein jarduera mota, kulturala izate soilagatik, susmagarria
zen Erregimenarentzat. Antolatzen ziren hitzaldi guztietan poliziak
eta Guardia Zibila egoten ziren kontrolatzen.
 | |
Marta Cárdenas |
- Gogoratzen al
duzu gertakari bitxiren bat?
Behin 98ko Belaunaldiari buruzko hitzaldi bat eman zuten, oso interesgarria,
baina, dirudienez, gauza "onartezinen" bat esan zuten,
eta Erregimenak itxi egin zuten Elkartea. Handik bizpahiru hilabetera
berriz zabaldu zituen bere ateak, baina marrazteko bakarrik, debekatu
egin zutelako hitzaldiak ematea. Marrazketa eskoletan, kalean ikusten
genuen jendea marrazten genuen, zegoen bezala. Logikoena izango
zen pertsona biluziekin ere gauza bera egitea, baina hori garai
haietan pentsaezina zen. Gainera, ez dut uste gizon batek ere bere
ezagun edo senideren bati biluzik posatzen utziko zionik; hori astakeria
zen. Nik Gallegorekin marrazten nuen, izugarri maisu ona. Don Ascensio
Martiarena ere ikaragarri ona zen, kalitate handiko pintorea. Gerra
Zibila baino lehen Parisen egon zen bizitzen. Martiarena artista
postinpresionista bat zen, baina, beste gauza guztien gainetik,
irakasle aparta zen. Bere ikasleak izan ziren, besteak beste, Carlos
Sanz, Rafa Ruiz Balerdi eta Laura Esteve. Martiarenak gehienbat
marrazkiak egiten zituen. Gure marrazkiek bizitasuna izan behar
zutela esaten zigun. Ez zen batere akademikoa marrazkiari buruz
zeukan ikuspegia.
|
 |
"Sasibeirate urdin eta gorria"
Taula gaineko olioa, 1998
Argazkia: Manuel Blanco |
- Madrilgo Arte
Ederren Eskolan ikasteko aukera ere izan zenuen...
Bai, sei urte eman nituen Madrilgo Arte Ederren Eskolan. Han El
Paso mugimenduko obrak eta artistak ezagutu nituen, eta baita ere
Dau al Set korronte katalanekoak kideak. 1964an Juana Mordók
galeria bat zabaldu zuen Madrilen, eta Kataluniako mugimenduaren
obra pila bat erakusten hasi zen, Cuencako Taldearen obrak, eta
garai hartako obra abangoardistak. Eta Vicente Ameztoy bezalako
artistei -orduan ez zituen hamasei edo hamazazpi urte baino gehiago
izango- aukerak ematen zizkien. Artista asko Akropolisera lehen
aldiz joaten diren turistak bagina bezala joaten ginen Juana Mordóren
galeriara, poz-pozik. Guretzat leku sakratu bat zen. Han ematen
ziguten guztia edaten genuen. Urte haietan, Donostian, oso harreman
estua izan nuen Eduardo Chillida, Rafa Ruiz Balerdi, Oteiza eta
Mendibururekin.
 | |
Marta Cárdenas
Argazkia: Luz Jimenez |
- Nolakoa iruditzen
zaizu emakumeen presentziak artearen esparruan oro har, eta pinturan
bereziki, izan duen bilakaera?
Pozik erantzungo nizuke trantsizioaren urteetan emakume artistak
nolabait suspertu egin ginela, baina nik uste dut diktadura frankistaren
aurretik eta ondoren nahiko presentzia berdintsua izan dugula artean.
Dena den, bai iruditzen zaidala gaur egun emakume gehiago daudela
artearen munduan sartuta. Erakusketetara joatean, ia esango nuke
emakumezko pintoreak gehiago direla gizonezkoa baino. Eta kalitatearen
ikuspuntutik ere, emakumezkoak hobeak direla esango nuke. Madrilgo
Arte Ederren Eskolan emakume asko ari ziren ikasten, baina ez oso
arrazoi atseginengatik. Familia aberatsetako mutilak oso gutxitan
hasten ziren Arte Ederrak ikasten; gehienak Ingeniaritza edo Arkitektura
bezalako ikasketa "serioagoak" egitera behartzen zituzten.
Baina familia aberatsetako neskek, ez zeukatenean oso garbi zer
egin, pintura ikasten zuten, "oso polita" iruditzen zitzaielako.
|
 |
Titulo gabe
Taula gaineko olioa
Argazkia: Manuel Blanco |
- Nolakoa izan
da irakasle gisa aritzearen esperientzia?
Eskolak emateko aukera dezente izan ditut, eta guztiak oso aberasgarriak
iruditu zaizkit. Besteak beste, Zumarraga eta Errenteriako institutuetan
aritu naiz. Oso esperientzia polita izan zen, zeren haurrak lehen
hamaika edo hamabi urterekin hasten ziren Batxilergoan, eta adin
horretan dena harrapatzen dute, xehetasun guztiak, oso fresko eta
espontaneoak dira. Gainera, hain gazteak izatean erraztasun handia
dute irudiak egiten eta pintatzen ikasteko, eta beste pertsona helduago
batek bezain ondo pintatzen dute. Artelekun, Madrilgo Arte Ederren
Zirkuluan eta Nikaraguan ere eman ditut zenbait ikastaro.
- 1970ean egin
zenuen lehenengo erakusketa, eta oraindik horrelakoetan parte hartzen
jarraitzen duzu. Zer sentitzen da norberaren obra jende ezezagunaren
aurrean erakusterakoan?
Kontua da inguruan daukaguna beste modu batean ulertarazi eta gozatzea,
edertasuna beste modu batean aurkitzea. Nik hori, erakusketetan
baino askoz ere gehiago, nire inguruko jendearekin egoten ikasi
dut. Nik aire zabalean pintatzeko ohitura dut. Askotan joaten naiz
mendira pintatzera, eta baserritarrei asko interesatzen zaizkie
nire koadroak. Goiatzen, adibidez, Juli izeneko emakume bat bizi
zen aldamenean, eta oso modu berezian ulertzen zuen artea. Gainera,
nik uste dut nirekin gehiago garatu duela gaitasun hori, eta horrek
poz handia ematen dit. Aberastasun hori ez didate erakusketek eman,
baizik eta eguneroko lanak, aurreratzen noala ikusteak.
 | |
Marta Cárdenas |
- Besteak beste
Vicente Ameztoy eta Rafa Ruiz Balerdi aipatu dituzu. Beste inolako
pintoreren eraginik jaso duzu?
Nire ustez, garai ezberdinak izaten dira, eta garai bakoitzean arte
mota desberdin batekiko pizten zaizu interesa. Niri hasieran Velázquez
gustatzen zitzaidan; gero Morandi, Monet eta ekialdeko kaligrafia;
eta orain, duela zenbait urtetik hona, Pazifiko aldeko eta Indiako
herrietako artea interesatzen zaizkit. Gure kulturako arte arkaikoa
ere asko interesatzen zait, Kretako artea, Egiptokoa, Mesopotamiakoa...
- Zer irizten
duzu teknologia berriek egungo panorama artistikoan duten eraginari
buruz?
Nire ustez hor badira bi alderdi, paraleloak izan arren oso ezberdinak
direnak: alde batetik ezagutzak zabaltzeko dauden bitartekoak daude,
Internet bezalakoak, eta bestetik pintatzeko modu berriak, adibidez
ordenagailu bidez. Aitortu behar dut Internetek ez nauela erakartzen,
seguraski ez dudalako nahi inor nire obra kopiatzen hasterik. Erakusketa
asko egin izan banitu eta jendeak ezagutuko banindu, ez litzaidake
axolako, baina orain bertan ez daukat gogo handiegirik. Internet
beste pintoreak ezagutzeko bitarteko bezala erabiltzea ere ez zait
interesatzen, Internet bidez ezagutu dudanak ez nauelako batere
konbentzitzen. Badirudi zerbait ordenagailu batean egon badaiteke,
baina ez baldin badago, zorigaitza dela. Koloreak ez dira berdin
ikusten, ez du irudi erreala ematen, eta niretzat oso garrantzitsua
da koadroen eta Pinturen itxura fisikoa.
 |
Titulo gabe, 2000
Taula gaineko olioa |
- Nolakoa izaten
da Marta Cárdenasen lanegun bat?
Egun guztiak ez dira berdinak izaten. Normalean kanpoan pintatzen
dut, baina orain, adibidez, estudioan aritzen naiz lanean. Dena
den, boladak izaten ditut: batzuetan pila bat pintatzen dut, eta
beste batzuetan grabatuak edo grafikak egiten aritzen naiz. Asko
gustatzen zait Euskal Herriko zelaietara joatea, baserrietako jendearekin
hitz egitea, eta, bide batez, euskara pixka bat praktikatzea. Hori
bai gustatzen zaidala.
 |
Marta Cárdenas
Argazkia: Enrique Orbegozo |
- Nola jakiten
du artista batek zein den bere espresatzeko bidea?
Artista bakoitzak bere modura jakiten du. Nire familia oso pinturazalea
zen; aitari asko gustatzen zitzaion marraztea eta pintatzea, eta
gainera oso ondo egiten zuen, eta etxean artelanen bilduma txiki
bat geneukan. Oraindik ere badaukat Ricardo Barojak egindako koadro
bat, nire gurasoena zena. Nik oso erraz jakin nuen pinturaren bidetik
jo behar nuela, oso gauza naturala izan delako nire bizitzan, baina
nik uste dut artista bakoitzaren kasua desberdina izaten dela.
 |
Titulo gabe, 2001
Taula gaineko olioa
Argazkia: Manuel Blanco |
- Zein egitasmo
dauzkazu epe laburrera?
Erakusketa batzuk prestatzen ari naiz, Madrilerako, Donostiarako
eta Iruñarako. Baina, erakusketak izan edo ez izan, nik beti
berdin pintatzen dut. Gorputzak behar duena, eskatzen didana pintatzen
dut.
Marta
Cárdenas (Donostia, 1944)
Donostiako Elkarte Artistikoan eta Madrilgo
Arte Ederren San Fernando Eskolan ikasi zuen.
1970ean egin zuen bere lehenengo bakarkako erakusketa,
Donostiako Huts Galerian.
1969. Gobernu frantsesaren beka
1980. Juan March Fundazioaren beka. Madril.
Besteak beste, honako arte galeriatan ipini ditu
bere koadroak ikusgai: Kreisier, Aele, Celini,
Estampa eta Soledad Lorenzo Madrilen. El Pez,
La Colchonería eta Galería Dieciséis
Donostian. Palace Granadan. Gian Ferrari Milanen.
Carmen Durango Valladoliden. Fundación
Gulbenkian Lisboan. Magda Belloti Algecirasen.
Sala Luzán Zaragozan. Charpa eta la Nave
Valentzian. Fernano Silió Santanderren.
Museo eta bilduma publikoetan dauzkan obrak
- Reina Sofía Artearen Museo Nazionala.
Madril.
- Juan March Fundazioa. Madril.
- Liburutegi Nazionala. Madril.
- Udal Museoa. Madril.
- Arte Modernoaren Museoa. Bilbo.
- Museo Probintziala. Vitoria-Gasteiz.
- Moncloa jauregia. Madril.
- Arte eta Historiaren Museoa. Durango.
|
|
|
Teresa Sala Argazkiak: Manuel Blanco,
Luz Jimenez eta Enrique Orbegozo
-
Euskonews & Media 202. zbk (2003 / 03 / 07-14) |