Galipotaren mamuak aurpegia erakutsi berri zien euskal hondartzei
ustekabezko arratsalde eguzkitsu hartan eta Donostiako kaleak jendez
gainezka azaldu ziren. Anjel Lertxundi ozta-ozta heldu zen hitzordura,
liburua eskuan eta presak soinean. Alta, luze eta gustura mintzatu
zen literaturaz, bere nahi eta desiotaz; bizitzaz, azken finean.
- 1970ean kaleratu
zen "Hunik arrats artean" zure lehen liburua, baina noiz
izan zenuen zure lehen harremana literaturarekin? Noiz jakin zenuen
idazle izango zinela?
Nik uste dut batek jakiten duela idazlea dela lehendabiziko liburua
argitaratu baino askoz lehenago. Hamabost urte nituela bazen Espainian
"Jóvenes" izeneko aldizkaria eta sari bat irabazi
nuen bertan. Gaztetxo bat besterik ez nintzela nahiko idazten nuen,
baina gaztelaniaz. Hamalau, hamabost edo hamasei urterekin neure
burua idazten ikusten nuen, eta nire ikaslekideek idazle deitzen
ninduten. Orion bizi ginenean gure etxean ez zegoen ia libururik,
beranduago, Zarautzera joan ginenean bai, baina haurra nintzela
ez nituen liburu asko etxean. Zazpi edo zortzi urte nituenenan liburuak
soilik herriko apaizari ikusten nizkion eta nik inbidia nion apaizari.
Niretzat liburua prestigio handiko zerbait zen eta liburuenganako
lilura sentitzen nuen, ez dut inoiz galdu sentimentu hori.
- Zure burua narratzailetzat
duzula behin baino gehiagotan aipatu duzu. Zein da literaturak idazleari
eskaintzen dion poztasuna edo plazerra?
Momentu asko daude eta oso ezberdinak. Batetik, lana da eta neke
batzuk hartzen dituzu, bakardadeko lana da eta bakardadeko lan horretan
egiten ari zarenaren sortzailea ez ezik, irakurlea ere bazara. Niri
poztasuna testuarekin asmatzen dudanean sortzen zait. Testuarekiko
momentu adeitsuak izaten ditut eta une horietan ez naiz oraindik
irakurlearekin pentsatzen ari, ni bainaiz nire testuaren irakurle
bakarra. Gero, beste mota bateko asebetetzea ere izaten da eta nik
hizkuntzarekin sentitzen dut hori, maiz esaten diot neure buruari:
"hau oraindik ez da inoiz euskaraz esan". Eta lortzen
dudanean hori modu edo tamaina horretara ekartzea beste poztasun
handi bat sentitzen dut. Beraz, euskaldunek abantaila handia daukagu
hizkuntza oso eginen aurrean. Idazle espainiar edo ingeles bati
oso zaila egingo zaio sentsazio hori, hizkuntzak oso eginak daudelako.
Idazle euskaldunok, aldiz, askoz errazago sentitzen dugu hizkuntzaren
plazer handia.
- Gaur egun arrunta
egiten zaigu euskarazko testuak beste hizkuntza batzuetan ikustea
eta baita literatura unibertsala euskaraz irakurtzeko aukera izatea
ere...
Egia da, eta duela hogei edo hogeita hamar urte guzti hau pentsaezina
zen. Literatura unibertsala eta klasikoak euskaraz irakurri ahal
izatea izugarrizko abantaila da euskal idazlearentzat, eta ondorioz,
baita irakurlearentzat ere. Izan ere, bertatik aberasten baikara
autoreak lehendabizi eta gero aberastasun hori eskaintzeko aukera
daukagu.
- Nobelak eta
eleberriak ez ezik, ipuinak eta artikuluak ere jorratu dituzu. Zein
esparrutan sentitzen zara erosoago?
Nobelan. Gehiago gustatzen zaizkit ibilbide luzeagoko kontuak. Garai
batean orain baino ipuin gehiago idazten nituen; orain, aldiz, gehiago
kostatzen zait. Ipuinak arnasaldi bat behar du, askoz ere elementu
kontzentratuagoa da eta bertako elementu guztiak erabat lotuta daude.
Pertsonaia batek ezin du huts egin. Nobela batean errazagoa da momentu
konkretu batean pertsonaia batek huts egitea, baina ipuinean ezin
da hori gertatu. Ipuinean dena perfektua ez bada ez du funtzionatzen.
Zailagoa egiten zait niri ipuin on bat idaztea, nobela on bat idaztea
baino.
- Haur eta gazte
literaturan ere aritzen zara...
Tartean ideiak etortzen zaizkit, eta beste batzuetan argitaletxeen
desioei erantzuna eman behar zaie. Nobelak eta ipuinak idazten dituzu
nolabait horiek idazteko premia sentitzen duzulako. Nik gutxitan
sentitu dut haur literaturan zerbait idaztearen premia.
- Idatzitako guztiaren
artean, ba al duzu lan kuttunik?
Bai. Maiz aipatu dut asko gustatzen zaidan liburua "Carla"
(Erein, 1989) izan zela. Izugarrizko porrota izan zen, baina bertan
nire obsesioak eta nire sentimenduak planteatzen nituen. Marrazkilari
baten istorioa kontatzen dut, non marrazkilaria ni neu naizen. Beraz,
nire zalantzak eta arazoak azaltzen dituen nobela da. Hala, nire
momentu pertsonal jakin bat, oso garrantzitsua izan zena, planteatzen
dut. Gainera, ordura arte nituen kontatzeko moduak eta beste hainbat
gauza ere adierazten ditut. Orduan, nire bizitzan oso garrantzitsua
izan da. "Carla" idatzi ez banu, ziur naiz ez nituela
geroago egin nituen gauza asko egingo. Maitasun berezi bat diot
nobela horri, nahiz eta konturatzen naizen porrota izan bazuen arrazoiak
izango zirela horretarako. Ez da nobela borobila, ez da nik idatzi
dudan lanik onena, baina bai nik asko eta bereziki maite dudan lana.
- Non aurkitzen
du Anjel Lertxundik inspirazioa?
Eguneroko lanean. Inspiraziorik ez dago, beno, inspirazioa badago,
baina beti etortzen zaizu lanean ari zarenean, benetako inspirazioa
folioaren aurrean edo ordenagailuaren aurrean zaudela heltzen da.
Lanean zaudenean aurkitzen duzu.
-
Eta, nola antolatzen zara lanean? Noiz idazten duzu?
Egun, nola telebistarako gidoiak idazten bizi naizen, oso denbora
gutxi gelditzen zait nire gauzak idazteko. Etxean egiten dut lana
eta garrantzitsua iruditzen zait eguneroko diziplina. Goizero zazpi
eta erdiak aldera jaikitzen naiz, egunkaria irakurri bezain laster
lanari ekiten diot. Eguerdira arte lana egiten dut, nobelak, gidoiak
edo artikuluak idazten ematen dut goiza. Ondoren pasiatzera ateratzen
naiz eta arratsaldea artikuluak osatzen edo irakurtzen ematen dut.
Horrelakoa da nire bizitza, bakarrik bizi banintz asteburuetan ere
gauza bera egingo nuke.
- Zer ari zara
irakurtzen orain?
Momentuan John Berger idazlearen "Un pintor de hoy" nobela
irakurtzen ari naiz, oso gustura.
- Ba al daukazu
idazle faboritorik?
Nik beti Stendhal aipatzen dut. Hamasei urte nituenean irakurri
nuen "Rojo y negro" eta nobela horrek markatu egin ninduen.
Badakit, adibidez, "La cartuja de Parma" hobeagoa dela
baina ni "Rojo y negro" liburuak biziki hunkitu ninduen.
Gaurko autoreen artean Villa Matas aipatuko nuke edo Italo Calvino...
Baditut kuttunak, baina honetan ere garai ezberdinak izaten dira.
- Euskal literatura
irakurtzen duzu?
Bai, noski.
- Saizarbitoria,
Atxaga, Lertxundi... Eskarmentu handiko idazleen belanauldi batez
ari garela esan daiteke?
Hogeita hamar urte baino gehiago daramagu idazten, eta hor dago
gure eskarmentua. Euskal literaturan lehendabiziko profesionalak
izan garela esango nuke, eta profesionala ez da literaturatik bizi
dena, idaztea profesio gisa hartzen duena baizik. Nik beti esaten
dut hortik bizi ez baldin bazara ere, lan egin behar duzula horretan
bertatik biziko bazina bezala. Eta nik hori egin izan dugun lehendabizikoak
izan garela uste dut. Idazle gazteen artean bokazio handiko batzuk
ikusten dira eta horiek gu bezalako idazleak izango dira hogei urte
barru.
- Zein puntutaraino
dauka idazle euskaldunak euskaraz idaztearen konpromisoa?
Gure belaunaldikoak gaztelaniaz trebeagoak ginen, besteak beste
hamasei edo hamazazpi urte bete arte gaztelaniaz eskolatu ginelako.
Gero, arrazoi politiko eta kultural batzuen ondorioz hartu genuen
euskaraz idaztearen konpromisoa. Hogeita hamar urte igaro ondoren
konpromiso hori zure bizitza bihurtzen duzu. Egoera aldatu egin
da, guk hautamen bat egin genuen eta hautamen horrek idazlearen
ikuspuntutik sakrifizioa handia eskatzen zuen, nonbaiten uko egiten
baikenion mendaratzen genuen tresna bati, gaztelaniari, alegia.
Nire kasuan, gainera, momentu hartan gehien menderatzen ez nuen
hizkuntzaren alde egin nuen. Egun, euskaraz ikasi duenak ez dut
uste dilema hori planteatzen duenik, ez guk planteatzen genuen modu
berean. Alderdi literarioaz ari naiz, noski.

- Hogei bat urte
igaro dira jada "Hamaseigarrenean aidanez" nobela kaleratu
zenetik. Zer ikusten du Anjel Lertxundik atzera begiratzen duenean?
Idatzi ez duen proiektu edo nobelarik ba al dago?
Nik daukadan aberastasun bakarra da egiteko gelditzen zaidana eta
bizitzeko gelditzen zaizkidan urteak. Nik uste dut ez dagoela bere
obra egina duela kontsideratzen duen idazlerik, agian zahartzaroan
gerta daiteke hori baina gure adinean ez. Sortze lanerako adinik
onena berrogei urtetik hirurogei urtera bitartean dela esango nuke,
oraindik hirurogei ez ditugu harrapatu, beraz adin onenean gaude
onena emateko. Onena emateko nago oraindik, horrela bizi naiz.
- Egindakoarekin
pozik zaude?
Gauza batzuekin bai, beste batzuekin ez eta beste batzuekin batere
ez. 80ko hamarkadan didaktikarekin lotuta zeuden hainbat lan gaur
ez nituzke egingo. Egun, adibidez, askoz ere hobeago ezberdintzen
ditudalako eskola eta literatura. Urte horietan bizi nuen egoera
ez da gaurkoa baina berriro ere egoera horretan bertan egokituko
banintz? Ezezkoa esango al nioke hori egiteari?, ez dakit.
- Zein lan daukazu
esku artean?
Nobelarik ez daukat momentu honetan, ipuin liburu bat daukat mahai
gainean, urgentzia ez duen lana da.
- Beste lanbide
bat hautatu beharko bazenu, non ikusten duzu zeure burua?
Beti gustatu izan zait irakaskuntza. Irakasle izan naizen urteetan
oso gustura bizi izan naiz. Irakaskuntza garrantzitsua da niretzat,
batez ere dakizun gutxia hitzez adierazten ikasi behar duzulako.
Adierazpenaren zentzuan badauka idaztearekin zerikusirik, idazleak
idatziz adierazten ditu gauzak eta paperean jartzen dituenean bihurtzen
da idazle. Eta irakasle batek ere gai batetaz dakiena erakusten
du hitzez adierazten dakienean eta hori ikasleei transmititzeko
gai denean.
Anjel
Lertxundi (Orio, 1948)
Ibilbide luzea eta oparoa da idazle oriotarrarena.
Maisu eta Letra ikasketak egin zituen Donostian,
Erroman eta Valentzian. Irakaskuntzan eta kazetaritzan
aritu zen hainbat urtez eta egun, idazlea eta
telebistako gidoigilea da.
- Hunik arrats artean. Lur, 1970
- Goiko Kale. Gero, 1973
- Aise eman zenidan eskua. Erein, 1980
- Tristeak kontsolatzeko makina. Erein, 1980
- Hamaseigarrenean aidanez. Erein, 1980
- Tobacco days. Erein, 1987
- Carla. Erein, 1989
- Kapitain Frakasa. Erein, 1991
- Otto Pette. Hilean bizian bezala. Alberdania, 1993
- Piztiaren izena. Alberdania, 1995
- Azkenaz beste. Alberdania, 1996
- Letrak kalekantoitik. Alberdania, 1996
- Las últimas sombras (Otto Pette). Seix Barral, 1996
- Argizariaren egunak. Alberdania, 1998. 1999ko Euskadi Saria
- Un final para Nora. Alfaguara, 1999
- Lehorreko koadernoa. Alberdania, 1999
- Gogoa zubi. Alberdania, 1999
- Nire kuleroak. Elkarlanean, 1999
- Cuaderno de tierra firme. Alfaguara, 2000
- Historias de tierra incierta.
Anaya, 2000
Artisten erakusketen katalogoak egiten eta hainbat komunikabideetan ere parte hartu izan du (Egunkaria, El Diario Vasco, El Correo, El País...). Hitzaldiak eta eskolak eman ditu, bai Euskal Autonomia Erkidegoan bai kanpoan, estatuan zein atzerrian.
- Hamaseigarrenean, aidanez. Film ertaina
- Kaletik, por la borda. Film luzea
- Donostiako Nazioarteko Zinemaldian epai-mahaiko
- Euskal Irrati Telebistak ematen dituen telesail batzuetan gidoiak idazten ditu.
Haur Literatura: - Espainiako Kultura Ministerioaren Kalitate Saria Udaberria
(1982) lanagatik.
- Andersen Saria Lotara joateko
ipuinak (1984) lanagatik
Narraziogintza: - Gipuzkoako Kazetarien Elkarteko
Urrezko Luma Ajea du Urturik (1973) lanagatik
-
Euskaltzaindia Saria Goiko Kale (1975) lanagatik
- Eusko Jaurlaritzaren Euskadi Saria Argizariaren
egunak (1999) lanagatik
- Kritika Saria Hamaseigarrenean
aidanez (1983) lanagatik
- Kritika Saria Kapitain
Frakasa (1991) lanagatik
- P.E. N. Club gallego
taldearen Rosalía de Castro Saria (2000)
Kazetaritza:
- Balorazio-kazetaritzako Rikardo Arregi Saria Bagaren
erdian (1995) lanagatik.
|
|
|
Teresa Sala Argazkiak: Jesus Uriarte
-
Euskonews & Media 203. zbk (2003 / 03 / 14-21) |