Duela
10.000 urte, amerindiarrak eta inuitak, gaur egun Québec
herria deitzen den eskualdera etorri ziren.
Orain dela 1000 urte, Viking-ak Labrador eta Terre-Neuve eskualdera
hurbildu ziren. Lurralde horiek Québec-en ekialdean dira
eta Québec zeharkatzen duen Saint-Laurent ibaiaren golkoaren
parean.
Azkenik, bada 500 urte europear arrantzaleak Terre-Neuve hegoaldera
bakailaoaren arrantzarat etortzen hasi zirela. Garai horietan, historiazale
batzuren arabera, 1507 eta 1508 urteetan, euskaldunak Saint-Laurent
golkoan baleen atzetik agertu ziren.
Québec-en historia aurkezten duten liburu gehienek data
historiko horiek aipatzen dituzte euskaldunen etorrera azpimarratuz
bai eta ere argi utziz.
Azken datu historiko hauek Euskal Herria eta Québec-en arteko
harremanen ezaugarrietariko bat dira.
Hala ere, onartu behar da, gaur egungo Euskal Herritarrak, bai
eta Québec-tarrak, historia zalea ez bada, ez diola horrelako
garrantziarik emanen historiaren xehetasun bat bezala kontsideratzen
ahal den gertakari horri.
Bi herrien arteko lehen kontaktu horiek, ez badira hain luzeak
izan ere, badituzte frango ondorio : garai hartako euskaldunen eta
amerindiarren arteko trukaketak (datorren artikulu batean aurkeztuak
izanen direnak) eta toponimian diren arrastoak (Région des
Basques, etab.) adibidez.
Gaur egun, harreman horien ondorioetarik harrigarriena dudarik
gabe Trois-Pistoles herriko "le Parc de l'Aventure Basque en
Amérique" museo eta ikerketa gunea da.
Goazen haren aurkezpenaren bidez Euskal Herria eta Québec-en
arteko lehen harremanen ulertzera eta gaur egungo loturen ezagutzera
!
Historia eta Arkeologia elgarren lagun
Sarreran aipatu ditugun datu historikoak bi ikerketa nagusiren
ondorioak dira.
Lehena, Parc Canada-ko ikertzaileen aurkikuntza da. 1980 urtean
Labrador-en, Red Bay eskualdean euskal arrantzaleek eraikitako
labeak aurkitu zituzten eta horrez gain altxor arkeologiko bat
: hiru euskal itsasontzi eta lau txalupa urperaturik kontserbazio
egoera ikaragarri onean. Uraren tenperatura hotzari esker itsasontzi
eta txalupek garai hartako xehetasun asko atxiki zituzten. Azpimarratzekoa
da aurkikuntza interesanteena 8 metroko txalupa bat izan zela.
Txalupa horri, balea arrantzarako euskal txalupek zituzten berezitasun
guziak aurkitu zitzaizkion.
Bigarrena, Laurier Turgeon, gaur egun Québec hiriko Laval
Unibertsitatean historia irakaslearen 80 hamarkadako ikerketen
emaitza da. Garai hartan Laurier Turgeon Bordalera joan zen bere
tesiko ikerketen hastera. Haren ikerketen gaia, euskal arrantzaleen
harremana Saint-Laurent ibaiarekin zen. Karia horretara, Bordalen
ikaragarrizko altxorra aurkitu zuen : hiriko artxiboetan, arrunt
bazterturik, XVI. mendeko 40 notari-en idatzi ofizialak atzeman
zituen. Testu horiek itsasontzi jabeentzat kontratu ofizialak
ziren asurantza modukoak : itsasontziek zer material eta salgai
zituzten, etab. aipatzen zuten. Oro har, milaka orri aurkituak
izan ziren. Haien ikertzeak Terre-Neuve eskualdera egiten ziren
arrantza ateraldien historiaren berriz bizitzeko parada eman zuen.
Uste baino garrantzia haundia izan zuten dokumentu horiek ! Horregatik,
1983 eta 1989 urte artean, Bordalen berean profesional frango
ari ziren idatzi horien ikertzen eta ulertzen, Québec-etik
6 bat ikasle aldizkatu zirelarik bildutako datu guzien erabiltzeko.
1990 urtean Bordale hiritik hartutako informazioa La Rochelle,
Rouen eta Paris hirietako artxibo ofizialekin osatua izan zen.
Asko ikasi da ikerketa horiei esker garai hartako itsasontzietako
janariei eta bizi moduei buruz, edo Europa eta Ipar Amerikaren
arteko larru trafikoari buruz.
Saint-Laurent ibai ertzeko ikerketak
Frantziako portu diferenteetan bildutako informazioak Laurier
Turgeon-i bere ikerketak Saint-Laurent ibaiaren bokalean segitzeko
gogoa eman zion. 1980 hamarkada erditsutan Québec hiriko
Laval unibertsitatean erakasle bilakatu zen historia ikasle ohia.
Ondorioz, eta Kultura Ministeritzaren diru laguntzari esker, arkeologiako
ikasle talde baten parte hartzea lortu zuen lehen ikerketen egiteko.
1989 urtean, Provancher elkartearen buruzagia ustekabean
ezagutu zuen. Elkarte hori, 1929tik geroz, Trois-Pistoles
hiriaren parean, ibai ertzetik 5 kilometrotara, den Île
aux Basques ugartearen jabea da. Provancher elkartearen helburuak
2 kilometro luze eta 400 metro zabal den ugartearen ondare arkeologikoaren
ikertzea, zaintzea eta aurkeztea dira. Laurier Turgeon eta Provancher
elkartearen harremanei esker, 1990tik 1993ra uda oro 12 bat ikasle-ikertzaileren
laguntzaren bidez ugartearen ezagutza aintzinatu da.
300 urtez nehor ez da ugarte hortan bizi izan eta Provancher elkarteak
xorien erreserba bezala atxiki du. Horregatik lau euskal labe egoera
oso onean aurkituak izan dira. Labeek 4 metroko kanpo diametroa
dute eta barnean itsas ugaztunen gantza kiskalia aurkitu zaie. Labeen
ikerketak baieztatu du euskal arrantzaleek ugartea 1580 eta 1630
urteen artean erabiltzen zutela baleen tratatzeko.
Azpimarratzekoa da, Île aux Basques-en beste aldean, Saint-Laurent
ibaiaren iparraldeko ertzean agertzen dela. Gune hortan da hain
xuxen ere Saguenay ibairen bokalea. Han dira Saguenay ibaiaren ur
gozoa eta Saint-Laurent ibaiaren ur gatzitua elgaretaratzen. Egoera
horrek baleen bazka gune ezin hobea sortzen du oraino gaur egun.
Horrek du esplikatzen ugartearen inportantzia baleen arrantzaren
garaian. Gainera korronteek laguntzen zituzten euskal arrantzaleak
Saguenay ibaitik Île aux Basques-era harrapatuak zituzten
baleak eramaten.
Ikerketa arkeologikoek hara zer aurkikuntza mota eman duten : burdinezko
arpoi buru bat eta itzeak, bai eta ere teila gorri puska zonbait.
Elementu horiek pentsa arazten dute nolazpait zureria bat eraikia
zela ugartean eta horrek etxebizitza edo geriza mota baten presentzia
baieztatzen ere. Bestalde, ikerketek baieztatu dute 800 eta 1600
urteen artean amerindiarrak ainitz etorri direla ugartera foka eta
baleen ihizi edo arrantzara. Azkenik asko aztarna bildu dira ugartea
europarren eta amerindiarren arteko harremanen eta trukaketen gunea
izan dela frogatzeko.
Hori guziagatik eta ikerketek ukan zuten oihartzunaz oso pozik geratu
zen Laurier Turgeon historiazalea. Gainera, lehen urteetan ikertzaileen
aurkikuntzak erregularki aurkeztuak izan ziren tokiko jendeei bai
eta komunikabideei. Lan egiteko eta komunikatzeko molde horrek lagundu
du Île aux Basques-en inguruko biztanleria, bereziki Saint-Laurent
ibaiaren ertzean den Trois-Pistoles hiriko biztanleak, beren ondarearen
garrantziaz ohartzen.
Euskal Herria eta Québec-en arteko harremanen gune historikoa
1980-ko hamarkada arte, jakina zen, duela kasik bost mende agertu
ziren euskal arrantzale horiei buruz, Région des Basques
deitutako eskualdean atxikimendu, sentimendu eta identifikazio azkar
bat bazela.
Arkeologia eta historia ikerketek azkartu eta zuzenetsi dute sentimendu
hori.
Horiek hola, 1992 urtean Trois-Pistoles-eko biztanle talde batek
eta herriko etxeak aurreproiektu baten lantzen hasi ziren. Proiektu
horren helburua ondarea eta turismoaren bidez eskualdearen garapena
laguntzea zen. Hala Euskal tematika Saint-Laurent ibai ertzean lantzeko
proiektu anitza sortu da : "le Parc de l'Aventure Basque
en Amérique - PABA" edo "Ameriketako euskal
abenturaren parkea".
Provancher elkarteko kideek arazorik gabe konbentzitu dituzte proiektuaren
kudeatzaileak Île aux Basques ugartearen babesteko beharraz.
Horregatik Trois-Pistoles herrian berean eraikia izan da uretik
ateratzen den balea baten forma duen eraikuntza modernoa. Han, euskal
arrantzaleen historiaren aurkezpena egiten duen museoa, genealogia
ikerketen zentro bat (bertako biztanleek beren arbasoei buruz ikerketak
egiteko), Région des Basques eta Euskal Herriaren harremanak
azkartzeko erabiliko den bilgune bat plangintzatu da.
Lau urtez proiektu hori gauzatu da eta 1996ko ekainaren 22an idekitze
ofiziala egina izan da ! Egun hortan, Euskal Herriko eta Québec-eko
ordezkariak baziren bai eta ere Ipar Amerikan diren euskal diasporarenak.
PABA gaur egun
Gaur egun, Ameriketako euskal abenturaren parkea, PABA deitua, historia
interpretazio, dokumentazio eta genealogia ikerketa zentro bat da.
Horrez gain, kultura zabaltze eta kanpo olgeta leku bilakatu da.
Ber denboran, XVI eta XVII garren mendeetan euskal arrantzaleen
egonaldia "Île aux Basques"-en ospatzen du. Azkenik,
PABA-k garrantzia haundia du Euskal Herria aurkezteko Québec-eko
eskualde hortan eta Québec-eko, Europako eta Amerikako euskaldunen
artean harremanen estutzeko !
Dudarik gabe irakurleak ondorengo helbide elektronikoetan aurkitzen
ahalko ditu Québec-eko Région des Basques-i buruz
xehetasun gehiago.
Gomita berezi bat luzatzen ahal zaio gainera PABA-ren animazioei
adi egon dadin !
2002 urtea ongi erabilia izan da Euskal Herritik etorri diren kantari
eta dantzari taldeen eta Région des Basques-eko biztanleen
arteko trukaketa ederrak egiteko Trois-Pistolen !
Ea ba irakurleetariko zonbait 2003 urtean elkar etaratze horien
jokalari edo parte hartzaile taldean topatzen ditugun !
Xabier Harluxet
Argazkiak: egilearenak |