Bizilagunarekin zeri buruz hitz egin ez dakigunean, beti
gai berdinera jotzen omen dugu. Baina meteorologia ez da igogailuetara
mugatzen den zientzia. Entzun, bestela, irratietako albistegiak:
esatariaren lehenengo hitzak ez dira Iraken aurkako gerraren ingurukoak
izaten, ezta ekonomiaren moteltzeari zein Errealaren azken partiduari
buruzkoak ere... "Egun on guztioi, egun eguzkitsu honetan...".
Ikusiko duzue. Aipatzen duten lehenengo gauza, egunean zehar izango
dugun eguraldia izaten da. Izan ere, guztiok jakin nahi izaten dugu
euririk egingo ote duen, hondartzara joaterik izango ote dugun,
astebururako antolatu ditugun planak bete ahal izango ote ditugun,
haurrei bufandarik ipini beharko ote diegun, itsasora arrantza egitera
atera ahal izango ote dugun, ez dakit zein errepideren inaugurazioa
atzeratu egin beharko ote den, errepideak elurragatik itxita egongo
ote diren, uholderik izango ote dugun... Guztiz "prime time"
da Aitor Egurrola, Eusko Jaurlaritzako Meteorologia eta Klimatologia
zuzendariarekin aztertu dugun gaia: eguraldia.
- Noiztik ari
da euskal administrazioa meteorologiaren esparruan lanean?
1990etik, Garraio eta Herri Lanen Sailaren barruan, Ur Zuzendaritzaren
pean, Meteorologiaren Euskal Zerbitzua sortu zenetik. Hutsetik hasi
ziren lanean; ez zeukaten ezer. Orain, berriz, 90 behatoki dauzkate.
- Zein datu ematen
dituzte behatoki hauek?
Hiru behatoki mota dauzkagu. Lehenengoak meteorologiko hutsak dira.
Ematen dizkiguten datuak euriari, tenperaturari, hezetasun erlatiboari,
presioari eta eguzki erradiazioari buruzkoak izaten dira. Bigarrenean,
aurreko datuez gain, ibaien emaria eta ur laminaren altuera eta
azalera ere kalkulatzen dira. Hirugarren maila batean, hori guztia
eta uraren kalitatea ere neurtzen dutenak daude. Horrela, mementoan
bertan egoera nolakoa den jakin dezakegu, euriteek ibaien mailaren
igoeran eta jaitsieran nola eragiten duten, zenbat euri egin behar
duen ibaiek gainezka egin eta uholde arriskua dagoela jakiteko,
eta abar. Arroak nola dauden ikusten dugu, behar izanez gero SOS
Deiak-era deitu eta larrialdietarako gailu guztiak garaiz presta
ditzaten. Hori egin genuen Gasteizen duela gutxi egon diren uholdeen
kasuan, Zadorra ibaiak gainezka egitean.
- Nola erabakitzen
da behatokiak non kokatu?
Euri, haize edo tenperaturengatik adierazgarriak diren eremuetan
kokatzen dira.
- Euskal Autonomia
Erkidegoan 90 behatoki daude guztira. Zein da lekurik euritsuena?
Gipuzkoako ekialdea: Oiartzun, Lasarte-Oria... Urumea eta Urola
ibaien arroak.
-
Zein helburu dauzka Meteorologiako Euskal Zerbitzuak?
Alde batetik, behatoki gehiago ipintzea, zenbait eremu herren samar
daudelako oraindik. Gure helburua izango litzateke Meteorologiako
Euskal Zerbitzuak informazioa egunaren 24 orduetan eta urteko 365
egunetan ematea. Eta, horrez gain, informazio hori herritarren esku
jartzea. Horretarako, interneten hurrengo 72 orduetan izango den
eguraldiari buruzko aurreikuspenak ipiniko ditugu hemendik gutxira,
eta lehen aipaturiko 90 behatokietan dagoen egoera ikusteko aukera
izango da.
- Zertan da egoera
eskuduntzei dagokienez?
Klimatologia eta Meteorologiari buruzko eskuduntza Gernikako Estatutuan
jasota dago, baina oraindik ez zaigu transferitu. Dena den, Estatutuak
berak dio eskubide osoa daukagula eskuduntza hori egikaritzeko,
betiere Estatuaren eskuduntzak errespetatzen baditugu. Guk gure
herrialdeko informazio meteorologikoa ematen dugu, eta, beraz, Estatuari
ordaintzen diogun kupotik deskontatzen diren gastu batzuk egiten
ditugu. Nolanahi ere, ondo moldatzen gara Meteorologiaren Institutu
Nazionalarekin: informazioren bat behar dutenean gugana jotzen dute,
eta, modu berean, guk ere beraiengana jotzen dugu zerbait behar
dugunean.
- Duela gutxira
arte, Euskal Telebistak eguraldiaren berri ematen zuenean, informazio
iturria Ingurumen Ministerioa zela agertzen zen pantailan. Beharrezkoa
al zen hori egitea?
Euskal Telebistak Meteosaten irudietan bakarrik aipatu behar zuen
Ingurumen Ministerioa, Meteorologiaren Institutu Nazionalaren irudi
batzuk erabiltzen zituelako. Kasu horretan beharrezkoa zen iturria
aipatzea. Irudi horiek nolabait manipulatzen badira, hala nola hiru
dimentsiotakoak bihurtuz, orduan bai ken daitekeela iturria. Hori
egiten dute kataluniarrek aspalditik TV3n. Eta orain Euskal Telebistak
ere manipulatu egiten ditu irudi horiek. Horregatik ez da iturria
aipatzen. Ezin da zuzenean informazio bat hartu eta jabea ez aipatu.
Informazioa manipulatzen bada, ordea, bai.
- Zer lortuko
dugu euskaldunok Meteorologiaren Euskal Zerbitzuarekin?
Kalitate hobeko informazioa. Meteorologiak bi informazio mota ematen
ditu: batetik, aurreikuspena, eta, beste aldetik, eta hau bai dela
garrantzitsua, zaintza. Meteorologiaren Institutu Nazionalak ez
dauka Euskal Herriko eguraldia behar bezala zaintzeko azpiegitura
egokirik, baina guk bai.
- Non zentralizatuko
da Meteorologiaren Euskal Zerbitzua?
Orain Lakuan dago, Eusko Jaurlaritzaren eraikinean. Etorkizunean
ere Gasteizen edo inguruan egongo da ziurrenik, baina ez dakigu
zehatz-mehatz non.
- Gizakia noiz
hasi zen meteorologiarekiko interesa izaten?
Sedentarioa izanik lurra lantzen hasi zenean..
- Eta zein da
isobara, ekaitz gogor eta antizikloien jatorria?
Duela mende askotako kontuak dira. Egipton bertan asko interesatzen
zitzaien eguraldiaren bilakaera. Ibaiek gainezka noiz egingo zuten
aurreikusten saiatzen ziren, jende asko hiltzen zelako horrelakoetan.
- Oraintxe esan
duzunez, gizakia lurra lantzen hasi zenean hasi zen eguraldiarekiko
interesa izaten. Gaur egun oso gutxi dira lurra lantzen dutenak,
baina eguraldiarekiko interes eta kezka zabala da gizartean. Telebistan
audientzia gehien daukan tartea, bainera, eguraldiari eskaintzen
zaiona da.
Jende guztiak jakin nahi du biharko egunean aterkia beharko duen
edo ez. Estresaren kontua ere bada, gauza guztiak ondo planifikatuta
izatea gustatzen zaigulako. Azken batean, hori da kontua: dena antolatuta
izatea, eta inprobisatzen aritu beharrik ez izatea.
- Futbolzale guztiek
entrenatzaileak diruditela esaten baldin badugu, denborari dagokionez
meteorologoak dirudigula esan beharko...
Bai, iazko udan adibidez. Abuztuan ia ez genuen eguzkia ikusi ere
egin. Oso egun goibelak izan genituen. Baina, gainerako parametro
meteorologikoei begiratuta, ez zen hain uda anormala izan. Batez
besteko tenperatura aurreko urteetakoen antzekoa izan zen, agian
pixka bat baxuagoa; ohi baino euri gutxiago egin zuen... Jendeak
azkar ahazten du iragana, eta beraz behin eta berriz entzuten dira
"sekula ez dugu hain uda txarrik izan", "negu honetan
inoiz baino elur gehiago bota du", eta horrelakoak. Eta datorren
urtean elurrik botatzen ez badu, aldaketa klimatikoaz hitz egingo
dute.
- Zein da zure
eguraldi iragarlerik kuttunena?
Pello Zabala, garta denboretan aditua. Oso meteorologo ona da, eta
komunikatzaile aparta gainera. Oso ondo azaltzen du ekaiz gogor
eta antizikloiek nola funtzionatzen duten. Gauzak oso modu xumean
azaltzen daki. Oso gizon ona da.
Beste alde batetik, Meteorologiaren Euskal Zerbitzuaren izenean
publikoki eskerrak eman nahiko nizkioke eman digun laguntzagatik.
Arantzazuko Santutegia eta guzti eskaini digu geroan behatoki bat
kokatzeko.
-
Sinesten al duzu garta denboretan?
Eszeptiko samarra naiz. Entzuten dut ea zer esaten duten, baina
ez dut garta denboretan sinesten.
- Noiz izaten
dio aurreikuspen meteorologiko batek sinesgarria izateari?
Zientzialarien elkartearen esanetan, 72 ordutatik aurrera hasten
da baliozkotasuna galtzen.
- Zaila al da
Euskal Herriko eguraldiaren berri ematea?
Oso zaila. Sei orduko tartean, eguraldia goitik behera alda daiteke.
Atmosferaren goiko geruza batean falka hotz edo beroren bat sartzen
bada, hankaz gora botatzen ditu aurreikuspen guztiak. Eta, gainera,
hemengo orografian hainbeste bailara egotean, gauzak konplikatu
egiten dira. Lau klima desberdin dauzkagu gurea bezalako eremu txiki
batean: atlantikoa, mediterraneokoa, trantsizioko beste bat, eta
Iparraldean eta Pirinio nafarreko zenbait lekutan izaten den goi
mendikoa.
- Zein ezusteko
meteorologikori eduki beharko genioke beldur gehien?
Buruko minik handienak, inguru hauetan dauzkagun bailara piloek
ematen dizkigute: hain dira txiki eta itxiak, eta hainbeste ibai
daude... Beraz, behar baino euri gehixeago egin orduko, berehala
sortzen dira uholdeak. Frantzian edo Gaztelan ez daukate horrelako
arazorik, han ibaiak askoz ere zabal eta emaritsuagoak direlako.
Hemen bi garaitan izaten ditugu uholdeak: neguan eta udan. Ezberdinak
izaten dira: udakoak oso gogorrak izaten dira, eta negukoak lasaiagoak
baina iraunkorrak. Hori gertatzen da, adibidez, aste oso batean
euria gelditu gabe egiten duenean. Hemen uholdeak ziklikoki izaten
ditugu, baina ez dirudi asko axola digunik, ibai guztien ibarretan
bizitzen jarraitzen dugulako.
- Zer jakin behar
dugu aldaketa klimatikoaren kontuaz?
Egunero gertatzen da aldaketa klimatikoa. Hasiera-hasieratik, glaziaziotik
glaziazio arteko garaira saltoka ibili da mundu hau, etengabe: glaziazioa-glaziazio
arteko garaia, glaziazioa-glaziazio arteko garaia. Horrela denbora
guztian. Orain, glaziazio arteko garai batean gaude, milaka urte
iraungo dituen garai batean. XIX. mendean garai hotz batean sartzen
ari ginela ematen zuen, baina XX. mendean planeta berriz ere berotzen
hasi zen. Horrela sortu ziren aldaketa klimatikoa jazotzen ari zela
zioten teoriak. Baina ez daukagu horren inguruko datu fidagarririk.
70 eta 80ko hamarkadetan, zientzialari batzuek ziurtatzen zuten
bi hamarkadetan kostalde asko urpean egongo zirela, esanez poloetako
izotz puskak urtu egingo zirela. Baina teoria hori ez da bete. Klimatologia
kontuetan oso zaila da data zehatz bat eman eta asmatzea.
- Datuak eskuan
hartuta, ez duzu aldaketa klimatikoa gertatu denik uste. Eta zer
diozu aspaldian izaten ziren elurteei buruz?
Asko hitz egiten da gai horren inguruan. Gure aiton-amonak herrixketan
bizi ziren, ez zegoen gaur bezalako hiri handirik. Azalduko dizut.
Aurten nahiko elurte handiak izan ditugu, batez ere Araban. Zenbait
egunetan elurra ikusi dugu Gasteiz inguruan, baina hirian egun bakar
batean urtu zen elur guztia, edo bitan gehienez ere. Gaur egun hiriburuetan
mikroklimak daude. Beti gradu bat edo bi gehiago izaten dira, eta
ondorioz elurra askoz ere lehenago urtzen da... Beribilek, berogailuek
eta eraikinek aldatu egiten dituzte neguko baldintza klimatologikoak.
-
Baina egunero entzuten dugu ozono geruzako zuloaren ondorioz planetaren
geroa arriskuan dagoela.
Egia da, arrisku hori egon badago, baina ezin dugu ziurtatu ozono
geruzako zuloa handitzen ari denik. Duela bi urte zientzialariak
harri eta zur gelditu ziren zuloa handitu beharrean ia erdira txikitu
zela ikustean. Ozono geruzaren mugimenduak karrera espaziala hasi
dugunean hasi gara behatzen, duela nahiko denbora gutxi. Oraindik
ez dira oso fidagarriak. Epe luzeagoa behar da bere bilakaera ikusteko.
Oraingoz esan dezakegun guztia da zenbaitetan zuloa handiagoa dela,
eta besteetan txikiagoa. Baina ez da etengabe handitzen ari.
- Pero todos los
días estamos escuchando que peligra el futuro del planeta
por el agujero de la capa de ozono.
Existe, pero no se puede afirmar que el agujero de la capa de ozono
este creciendo. Hace dos años la comunidad científica
se llevó una sorpresa al ver que el agujero lejos de crecer,
había disminuido prácticamente a la mitad. Las observaciones
que manejamos de la capa de ozono son desde que ha comenzado la
carrera espacial, por lo que no son prolongadas en el tiempo, con
lo que tampoco son fidedignas. Se necesitan series más largas,
para poder ver la evolución de los últimos 30 años.
De momento sólo se puede afirmar que hay años en los
que el agujero es más grande, y otros más pequeño,
pero no va en aumento progresivo.
- Bukatzeko, esan
iezaguzu, nolako uda izango dugu aurten?
Jakingo banu...!
Aitor
Egurrola
Aitor Egurrola Gernikan jaio zen duela
33 urte. Bere lan esperientziari dagokionez, Europako
Agentzia Espazialean ibili zela azpimarratu behar
da. Herbeheretan Egurrola sateliteekin aritu zen
lanean, meteorologia ikertuz. Esperientzia horrek
euskal Administrazioan aritzeko ateak zabaldu
zizkion. Bere lanak aisialdirako denbora gehiegi
uzten ez badio ere, beti aurkitzen du tartetxoren
bat lagunekin frontoian jolasteko eta familiarekin
egoteko. Dena den, bere lau hilabeteko semetxoak
mendia oraingoz albo batera uztera behartu du. |
|
|
Ismael Diaz de Mendibil
Argazkiak egilearenak
-
Euskonews & Media 204. zbk (2003 / 03 / 21-28) |