Eskualdunak : l'Association des Basques du Québec!
* Traduction au français de l'original en basque
Xabier Harluxet

Sar Hitza

Euskal Herritarrek munduan zehar ibiltzen direlarik ez dute aurkituko beren bidaian haien herria ofizialki ordezkatuko duen egiturarik.

Garai batean, ezagunen bidez edo xantza pixka batekin espainol edo frantses kontsuladoan aurkitzen ahal ziren euskal elkarte baten aktibitateen berri. Molde horiei atzerriko telefono aurkibideen ikerketa gehitzen ahal zen ! Hara nola, euskal bidaiaria, bisitatzen zituen herrietan, telefono aurkibideetan izen euskaldun batzuren atzetik ibiltzen ahal zen. Horrela, dei eta zorte on askoren ondorioz euskal sare bat aurkitzen ahal zuen...

Gaur egun, Interneta lagun eta Eusko Jaurlaritzak duela kasik 9 urte azkartu eta ofizializatu zuen Euskal Etxeen sarearekin askoz errexago da munduan zehar diren euskal giza taldeen aurkitzea.
Testo honen bidez, Montréal hirian edo Québec-eko herrian den Eskualdunak elkartearen aurkezpena egitera goaz. Nahiz eta elkarteak ez duen Euskal Etxeen estatutu ofiziala (ez du berezko etxerik, historia laburra du, etab.) Québec eta Euskal Herriak historikoki ukan dituzten harremanen luzapen bat bezala kontsideratzen ahal da !

Eskualdunak elkartea

Azken 30 urteetan, euskal etorkinak molde diferenteetan elkartu eta antolatu dira Montréalen. Gaur egun, Montréalgo Euskal Herritarren munduan, Eskualdunak elkartea dugu elgar etaratze adierazgarrienak antolatzen dituena.

Dena 1996 urtean hasi zen. Garai hartan, duela 20-30 urte Québec-herrian bizi ziren euskal giza talde bat hasi zen lehen bilkurak egiten. Nola elgarren artean ekitaldiak antolatu ? Zergatik ez elkarte bat egin Québec herriko euskal herritarrak bilduko eta ordezkatuko zituenak ? Ideia guzi horien gauzatzeko 1996ko agorrilaren 8an Eskualdunak (Association des Basques du Québec) elkartea sortu zen. Elkarte hau 2 adarrez osatua da : Québec hirikoa eta Montréal hirikoa. Ondorengo lerroetan Montréalgo elkartea aipatua izanen da batik bat.

Helburuak

Hara zer xederekin sortu zen Eskualdunak elkartea 1996ko udan :

  • Euskal Herritarren ondare kultural eta historikoaren azkartzea.
  • Harreman pribilegiatuak sortzea eta garatzea Québec-eko euskaldunen eta Euskal Herriko edo mundu osoko Euskal Herritarrekin.
  • Era ezberdinetako trukaketen garatzea arlo kultural, turistiko, sozial eta ekonomikoetan, bai eta ere kirol munduan. Hori guzia elkarteko kide eta mundu osoan diren euskal giza talde, Euskal Etxe edo Elkarte edo Jaurlaritzen artean.
  • Québec herriaz gain, Canadan diren beste Euskal elkarte edo Etxeekin sare baten antolatzea.
Helburu horien karietara ekintza frango bururatuak izan dira azken urteetan. Adibide bezala aipatzen ahal ditugu 2001 eta 2002 urteetako ekitaldiak :

Aldizkarien argitaratzea

  • "Adiskideak": aldizkari hau kideeri (40 bat pertsonari) zuzendua da eta elkartearen berri emaiten du. Urtean 2 edo 4 aldiz zabaldua da. Euskal kultura, historia eta hizkuntzari buruz artikulu batzu baditu. Ber denboran elksartearen aktibitateetaz zehaztasunak emaiten ditu.
  • "Contact-Harreman" : elkarteko kide eta laguntzaileei zuzendua da, gutti gora behera 120 bat pertsonari. Ale bakotxean hiru hilabetekari horrek bi orrietan Euskal Herritik Québec-era etorri den pertsona baten bizia kondatzen du. Ber maneran euskara ikasteko zenbait aholku emaiten ditu.

Ekintza nagusiak

  • Urtean zehar 3 elgar etaratze/bazkari nagusi badira. Lehena bazko-kari. Bigarrena Uztaila hasierako besta da. Eta azkena abendoaren hasieran egiten da eguberri kari. Oro har 50-100 pertsonek parte hartzen dute ekitaldi bakotxean.
  • Horrez gain, Euskal Herritik etortzen diren kantari edo dantzari taldeei ongi etorria antolatua zaie.
  • Azken urteetan Begiraleak taldeak egin ditu zonbait bisita Québec-en gaindi. Donibane Lohitzunetik etorri den talde hori, Iparraldean Euskal kultur herrikoiaz arduratzen diren taldeetako zaharrenetariko bat da. 2001ko uztailaren 4a eta 5an etorri da Montréalera azken aldiz. Trois-Pistoles hirian egina zituen ekitaldi batzu lehenago.
  • 2002 urtean, Etorburu koroa da errezibitua izan. Philippe Oyhamburu zuzendariak bere abesbatza Trois-Pistoles-en lehenik eta Montréalen ondoren agertarazi du. Eskualdunak elkarteak kantari eta dantzarien egonaldia Montréal hirian segurtatu duelarik.
  • Ekitaldi horiek puntukakoak badira ere, batik bat udakoak, elkartea ezagutarazten dute Euskal Herrian bai eta Euskal Herria Québec-en!

Urtean zehar diren ekintzak

Aitortu behar da, ekintza nagusiez gain, urtean zehar kide edo laguntzaileen artean harreman erregular eta ohizko anitz ez dela.

Elkarteak, Euskal Etxe bilakatzen lagunduko lukeen egoitzarik ez badu ere, elgar etaratze berezi batzu antolatzea lortzen du kide baten edo bestearen etxean.

Ber moldean Elkarteko Buruzagitzak antolaketa bilkurak egiten ditu erregularki proiektu ezberdinen arabera. Urteko Biltzar Nagusiak aldiz hiriko euskal ostatu batean egiten dira karia hortara apaintzen duten gela batean.

Beste adibide bat bezala, 2001ko irailaren hasieran hiri erdiko jatetxe batean Barriola lehiaketa pedagogiko txapeldunei antolatua izan zen ongi etorria aipatzen ahal da. Euskal Herriko 14 erakaslerekin (Eusko Jaurlaritzak sarituak), Euskal Kultur Erakundeko Erramun Bachoc jaunarekin (haien gida) eta Euskal Etxeko kideekin (20 bat lagun) iragan zen arrats goxo eta eder bat. Karia hortara kantu ederrak kantatzeko parada izan zuten partalierrek eta bertso polit batzuren entzutekoa ere !

2002 urteko berritasuna

Duela zonbait urte Euskal Herriko etorkin mota berri bat gero eta gehiago agertzen hasi da Québec-en gaindi ! Hemen, Ipar eta Hego Aldeko euskal ikasleen kopurua gero eta handiagoa da. Noski "etorkin" horiek ez dira duela 30-40 urte etorri zirenak bezala beren bizia egiterat etorriak honat... teorian ! Baina, gehienek urte bat edo bi iragan nahi (edo behar) dituzte Montréal eta Québec hirietan diren bospasei unibertsitateetan.

Bere aldetik, Eskualdunak elkarteak belaunaldien arteko harreman eta segidaren arazoa elkarte askok bezala ezagutzen du ! Elkartearen aktibitateek (udakoek batik bat) ikasleak edo gazteak gutti hunkitzen dituzte ! Québec-en sortu gazteak (jatorriz Euskal Herriko familietan) eta berrikitan Euskal Herritik etortzen diren euskaldun gazteak ez dira asko ikusten elkarteko aktibitateetan.

Azken finean, bi euskal errealitate Québec-en bata bestearen ondoan bizi ziren... 2002 urtea arte !

Michel Usereau, euskara ikasi eta erakasten duen Québec-tar gaztea!

Eskualdunak elkartea denez Montréal-eko euskaldunen erreferentzia, Michel Usereau, "Université de Montréal"-eko hizkuntzalaritzako ikaslea ustegabean ezagutu zituen euskal ikasle batzuk naturalki elkarteari buruz bideratu zuten. 2000 urte bukaeran Québec-tar gazteak euskara klase batzu hartzeko helburuarekin elkartea deitu zuen. Eskualdunak klaserik ez zuelakotz Michel Usereau-k bakarka euskararen ikasten segitu zuen Alan King-ek idatzitako liburuarekin. Michel-ek dion bezala ""The Basque Language" metodoa, liburu ezin hobea da, baina zoritxarrez, inglesez da eta ez da itzulpenik frantsez !" 2001 urtean Michel-ek elkartearen bazkoko bazkarian informazioak lortu zituen Euskal Herrirat amestua zuen bere lehen bidaiaren preparatzeko. Uda berean bi ikastaldi egin zituen Euskal Herrian : bat Iparraldean (Urepelen) eta beste bat Hegoaldean (Lazkaon). Harek dion bezala euskara batuaren garrantzia ikusi zuen eta gainera bi ikastaldietan euskalkien aberastasuna dastatu eta preziatu zuen!

Ikasle zen Québec-tar gaztea geroztik frantses erakasle bilakatu da Québec-eko etorkinentzat. Hizkuntzak ainitz maite zituenez bai eta kultura desberdinak ere euskara lantzen segitu nahi zuen. Hortarako euskal ikasle talde batekin Eskualdunak elkartearen aktibitateen karietara Euskara Ikastaldi baten antolatzen hasi zen 2001 urte bukaeran ! Azken finean, Québec-tar gazte batek egin bidea, "euskararen bidez Québec-etik Euskal Herrirako bidaia", zergatik ez errextu Eskualdunak elkarteko kide eta laguntzaileentzat ! Helburu horrekin Michel Usereau hasi zen Québec-eko ikasleei egokituak ziren 10 bat ikasgaien antolatzen. Hara nola, Euskal Herritik etorritako ikasleak lagun, Eskualdunak elkarteak 20 elgaretaratze antolatu dituen 2002 urtean "Euskara Ikastaldia" deitutako ekitaldian.

Euskara Ikastaldia

Klaseen helburua ikasleei euskararen baseak emaitea da.

Euskara ez dakitenei hizkuntzaren ezagutaraztea, ulertaraztea eta ahal den neurrian erabil araztea !

Euskara dakitenei euskara naturalki eta osoki erabil araztea !

Ber denboran, frantsesez egina diren konferentzia batzuren bidez, ikasleei Euskal Herriaren ezagutzeko parada emaiten zaie.

Horren helburua da Euskal Herriko barnategietan Montréal-en ikasi dituzten baseen atxikitzeko eta lantzeko gogoa ikasleei emaitea!

Euskara ikastaldia (Xabier Harluxet)

Irakurleak hobekio ulert dezan hara klaseen egitura :

  • Lehen 30 minutuak :
    Gai berezi baten aurkezpena frantsesez :
    euskararen ezaugarri bat, euskal kulturari buruz informazioak, etab...
  • Oharra : antolatzaileek edo kanpoko gonbidek dute protagonismoa.

  • Ondoko 90 minutuak :
  • Euskara ez dakitenentzat:
    Michel Usereau Québec-tar euskaldunak antolatu duen euskara metodoarekin euskara klasea eskaintzen da.
    Oharra : Montréalen ikasketetan diren Euskal Herritar ikasle batek edo bik dute metodoa erabiltzen eta ikasleei klasea emaiten.

    Euskara dakitenentzat:
    Antolatzaileek (Euskal Herriko ikasle batek) euskaldunen artean elgarrizketa librea antolatzen/kudeatzen dute zuzenketak edo aholkuak emanez. Hasiera batean egunkari euskaldunetako testo bat erabilia da eztabaida hasteko.
    Ikastaldi horri esker 15-20 bat ikasle hilabetean 2 edo 3 aldiz elgaretaratu dira. Dinamika berri bat sortu du Eskualdunak elkartean eta belaunaldi diferenteetako pertsonak elgar bildu dira.

Azken Hitza

1996 urtean, Eskualdunak elkarteak ofizialki hautatu zituen xedeak eta helburuak batzuentzat amets batzurekin konparatzen ahal ziren.

6 urteren buruan ekintza nagusiekin eta euskara ikastaldiekin, helburu asko lortzen ari dela elkartea dudarik gabe erraiten ahal da.

Geroari buruz, Québec-eko euskaldunen elkarteak bi munduen arteko lotura ederra egiten jarraitzeko asmoa du ! Euskal Herritarrek Québec ezagutzen ahalko dute hemengo euskal sarearen esperientzia erabiliz. Ber maneran, Québec-tarrek Euskal Herria ezagutzen ahalko dute Eskualdunak elkarteko ekintza, kide eta laguntzaileekin.

Hara nola, Eskualdunak elkarteak, 6 urteko elkarte gazteak, Euskal Etxe bakotxak munduan zehar bezala, bere maneran Euskal Herria ordezkatzen duen Québec-en eta zehazkiago Montréalen.

Ea irakurleek bazkari edo ikastaldi batean Montréalgo Euskal-Québec-tar sarearen ezagutzeko parada duten gutti barne !


Xabier Harluxet
 


Euskonews & Media 207. zbk (2003 / 04 / 11-25)

Dohaneko harpidetza | Suscripción gratuita | Abonnement gratuit |
Free subscription


Aurreko aleak | Números anteriores | Numéros précedents |
Previous issues


Kredituak | Créditos | Crédits | Credits

Euskomedia: Euskal Kultur Informazio Zerbitzua

Eusko Ikaskuntzaren Web Orria

webmaster@euskonews.com



QUIENES SOMOSPolítica de privacidadAvisos LegalesCopyright © 1998 Eusko Ikaskuntza