Joan den urtean erretretan sartu zen Maite Lafourcade, baina
ez zen, haatik arrunt lan mundutik erretiratu. Ez da urrundik ere.
Bere ordezkatzeko ez zuela nehor atzeman, oraindik Baionako fakultatean
ari da irakasle gisa, euskal zuzenbidearen kurtso publikoak eskaintzen.
Mintzaldiak ematen ere dihardu. Heldu den ekainaren 20an Baionako
herriko etxean Pariseko Historia Ikerketa Zentruak eta Iker Euskal
Hizkuntza eta Testuen Ikerketa Zentruak antolatuko duten hitzaldian
euskal emazteaz hitzaldi bat emanen du.
-Euskal zuzenbidean
emazteak zuen leku bereziaz mintzaldi bat eskainiko duzu, zenbait
hitz erraten ahal dizkiguzu horretaz?
Ez zegoen ezberdintasunik bi sexuen artean ikuspegi juridikotik
begiratuta. Etxeko zaharrenak zuen etxea eskuratzen, gizon ala emazte.
Lapurdin adibidez, emazteak erabakiak har zitzakeen. Ezadostasun
bat baldin bazegoen bere senarrarekin, emaztearen hautuak zuen balio.
Printzipio hori Euskal Herriaren berezitasunetarik bat da. Frantzian,
1804ko Kodigo Zibilak "emazte ezkonduaren ahalgabetasun juridikoa"
baietsi zuen. Printzipio horrek Frantziako ohituretan oinarritu
zuzenbide guztietan jarria zuten jadanik XVI. mendean. Senarraren
baimenik gabe ezin zuen erabaki juridikorik hartu. Baimenik ez bazuen
lortzen, aktuak ez zuen baliorik. Printzipio horrek XX. mendea arte
iraun du. 1938an baliogabetu zuten.
-Zein ikuspegi
duzu euskal zuzenbideaz?
Gizarte eredu bat zen. Etxeetan oinarritua zen boterea Euskal Herri
osoan. Euskal gizartea mendeetan zehar nola antolatu zuten erakustera
ematen du zuzenbide horrek. Inguruan ikusten ez zen izpiritu bat
azaltzen du. Zuzenbidea ez zen indibidualista. Garai horietako Jabetza
kolektiboak esplika lezake gaur egungo kooperatiben arrakasta. Nire
babespean dagoen ikasle batek Euskal Herrian ager zitezkeen elkartasun
adierazpenetaz ikerketa bat abiatu zuen. Artxiboetan dokumentu anitz
aurkitu ditu. Familiak etxearentzat duen errespetuak esplika dezake
zergatitik Euskal Herria den bezalakoa gelditu den mende luzeetan
zehar, zergatik bizirik iraun duen. Gaur egun atzerritarren inbasioarekin,
euskaldunak gutxiengo bilakatzen dira. Lehengo baserri zaharrak
pisuka saltzen dituzte. Etxaldeen zatiketa Euskal Herriaren bururatzea
da.
-Gaur
egun zer gelditzen da euskal zuzenbide horretaz?
Hego Euskal Herriko gune zenbaitzuetan oraino funtzionatzen du.
Legeztatua dute. Barnealdean, Foruak balio diren tokian etxeak ez
ditzakete saldu. Iparraldean usaia gisa oraino atzeman daiteke,
oinordeko bakar bat dago, ontasunak ez dira barreiatuak, ez eta
salduak. Baina Kodigo Zibila jarri zutenetik Frantzian, kontzepzio
indibidualista sartu zuten honera. Hegoaldean ere sartu zen kontzeptu
hori beste bide batzuetarik. Etxaldea ez da gehiago zatiezina. Jabeak
eskubide guztiak ditu. Bere ontasuna erabil dezake, bertako fruituetaz
goza dezake eta nahi nuen gisara antolatu dezake. Ondorioz, bistan
dena, etxaldeak saldu dira. Iparraldean, bereziki itsasaldean, norberaren
inguruan begiratzea aski da ohartzeko zenbat banako etxe dauden.
Lurren prezioak maila izugarrietara igan dira. Etxalde zatiezinaren
tradizioa atxikitzen dutenei ere saltzeko gogoa sartzen zaie. Bazterrak
arrunt aldatu ditu arau horrekin azken urte hauetan; euskal zuzenbidea
oraino arautzat zuten mende luzeetan baino gehiago.
-Iaztik erretretan
sartu zara, baina, aldi berean, kurtsoak eskaintzen segitzen duzu,
zergatik hori?
Sinpleki, ez dagoelako nehor nire ordezkatzeko. Ez dago euskal unibertsitariorik
Paberi lotua eta aldi berean jurista denik. Ondorioz, nire segida
har lezakeenik ez dago. Iparralde honetan unibertsitate oso bat
aldarrikatzen da, baina aldi berean, ez dago nehor guk hutsik utziko
genituzkeen lekuak hartzeko. Gaur egun berezko unibertsitatea Iparraldean
utopia bat da.. Irakasleek ez dute Baionara jin nahi. Bestalde,
baina beti arazo berdinarengatik, ez dut nehor atzematen nire segidaren
hartzeko Baionako fakultateko Euskal ikasketen zentruari doakionez.
Baionan egin daitezkeen euskal ikasketekin ezin da jurista bilakatu.
Zuzenbide ikasketak abiatzen dituztenen artean, gutti euskal zuzenbideaz
interesatzen dira. Bestalde, euskaldunak ez direnen artean, gutti
lotzen dira euskal zuzenbideari. Frantzian, Euskal Herritik hurbil
bizi direnek zuzenbide espainola ikastea nahiago dute. Hemen berean
zuzenbide biziki berezi bat baldin bada ere, ez diote kasu egiten.
Oraino anitz gelditzen da ikertzeko euskal zuzenbideaz, baita oro
har Euskal Herriaz orokorrean.
-Zenbait
esplikapen ematen ahal dizkiguzu hain gustukoa duzun euskal zuzenbideaz?
Zuzenbide pribatuari doakionez, Euskal Herrian familiaren antolakuntza
eta etxearen jabetzarena ziren biziki bereziak. Jabetza ez zen indibidualista.
Oinordekoa, ontasunen kudeatzailea zen errealki. Familia zen etxearen
jabea. Herriko lurrentzat berdin, jabetza kolektiboa zen. Lapurdin
herriaren biztanle ororenak ziren, Zuberoan, Zuberoko biztanle guzienak,
eta Nafarroa Beherean ibar bakoitzarenak ziren. Hegoaldean berdin
antolatuak ziren.
-Ohar gaitezke
zuzenbide publikoa ere berezia zela, ez?
Demokrazia zen. Har dezagun, adibidez, Lapurdiko Biltzarra. Herri
bakoitzean etxeko nagusiak biltzen ziren igandeko mezatik landa.
Etxe bakoitzak boz bat bazuen, handia ala ttipia izan. Komunitatea
hunkitzen zuen oroz erabakiak hartzen zituzten etxeko nagusiek.
Bertan, biltzarrerako ordezkari bat hautatzen zuten. Ordezkariekin
egin lehen bilkuran sindikoak proposamenak aurkezten zizkien, zehazpen
eta komentarioekin. Ondotik, ordezkariak herrira itzultzen ziren.
Hor etxeko nagusiek proposamen horiek bozkatzen zituzten. Ordezkariek
emaitzak Biltzarraren bigarren bilkurara ekartzen zituzten. Herri
bakoitzak boz bat bazuen. Hots, demokrazia zen, baina ez gaur egungo
erreferentzien araberakoa. Ez zen indibidualista garaikoa. Etxe
bakoitzak zuen boza eta ez pertsona bakoitzak. Demokrazia familian
oinarritua zen.
-Ezkontzako legeak
ere berezitasunak bazituen, ez?
Beti izpiritu berean eginak ziren arauak. Hots, etxaldea belaunaldiz
belaunaldi kontserbatzea zuten helburua. Etxea ezin aldatuzkoa zen,
kasik sakratua. Gehienetan, oinordea beste etxe bateko gazteenarekin
ezkontzen zen, gizon ala emazte. Oinordea haurrik gabe hiltzen bazen,
ezkontza ez zuten kontuan hartzen. Ontasunak bereizten zituzten.
Etxekoa ez zenak ezkonsaria berriz gibelera ekartzen zuen. Gazteena
hiltzen bazen haurrik gabe, familiak ezkonsaria errekuperatzen zuen.
Haur bat ukan bazuten, automatikoki partaliergoa osoa bilakatzen
zen. Oinordea hiltzen bazen, bere emaztea etxean berean berriz ezkontzen
ahal zen.
-Formaren aldetik,
euskal legea ohiduretan oinarritua zen, horrek zer erran nahi du?
Aintzineko
erregimenean zuzenbidea ohiduretan oinarritua zen. Euskal Herrian
besteak beste. Legea eta ohidurak zuzenbidearen bi aurkako iturri
dira. Legea botere batek inposatua da. Ohidurak herritik heldu dira.
Zuzenbidea ohidura bilakatu zen, legeak egiten zituen botererik
ez zegoen garai batean, Karolengiarren garaiaren bukaeran, hain
zuzen. Herritarrek berek zuzenbidea egin zuten. Zuzenbide erromatarra
inbaditzen hasi zelarik, horren aurka, haien ohiduran idazten hasi
ziren. Idatzi horiei esker, baita notarioen artxiboei esker ere,
ikertzen ahal ditugu gaur egun. Garai haietan aplikatzen zuten zuzenbide
erromatarraren terminologiak hartu baldin bazituzten ere artetan,
idazteko orduan.
Euskal
zuzenbideari eskaini bizi bat
1934an sortua, ezkondu eta bere zuzenbide
ikasketak utzi zituen. Biziaren ustekabeek zuten
euskal zuzenbideari interesatzera ekarri. Senarrarekin
banatu eta berriz ikasketei lotu zen. Bere tesia
Luis XVI. garaiko Lapurdiko ezkontza kontratuetan
egin zuen. Hor zuen bereziki euskal zuzenbidea
ezagutu. Geroztik ez da gelditu ikertzetik. Gaur
egun erretiratua, bere lana segitzen du hurak
berak Baionako fakultateko Euskal Ikasketetako
zentruan. Administrazioari begira ez du hark zuzentzen,
baina errealitatean hark du bizirik atxikitzen.
Honen bitartez 2.000. urteko kolokio bat argitaratzeko
prestatzen ari da. Familiaren zuzenbidea du aipagai.
Gipuzkoa, Bizkaia, Nafarroa eta Iparraldea baita
Frantzia eta Espainian dauden ezberdintasunen
konparaketan oinarritzen dira ikerketak. Horrez
gain, beste bi proiektuetan dabil. Lehena, "bazterren
antolaketa eta zuzenbidea Euskal Herrian: jabetzaren
kontzepzioaren eragina bazterrengan" titulupeko
artikulu multzo bat da. Besteak erlijioen gaia
tratatzen du. Jatorritik gaur egun arte zenbait
ikertzaileei artikuluak idaztea eskatu die. Bestalde,
beti irakaskuntzan segitzen du. Baionako fakultatean
euskal zuzenbideaz kurtso publikoak ematen segitzen
ditu. Hastapen batean Paben ematen zituen kurtsoak.
Ondotik Baionara etorri zen. Eugène Goienetxi
esker laguntzaile gisa hasi zen. Ondotik, laguntzaile
buru postura igan zen, gero konferentzia emaile,
eta azkenik, goi ikasketetako irakasle bihurtu
zen. Baionara etorri zen Pabeko unibertsitatearen
adarra sortu zutelarik. Hark berak parte hartu
zuen honen sorkuntzan. |
|
|
Argazkiak: Nora Arbelbide
-
Euskonews & Media 215. zbk (2003
/ 06 / 20-27) |