Mikel Urmeneta, marrazkilaria
"Sanferminetan gauak gustatzen zaizkit gehien, Felliniren pelikuletakoak bezalakoak direlako"
* Traducción al español del original en euskera
Koldo Larrea

Mikel Urmeneta Mikel Urmenetaren izena Kukuxumusuri lotuta dago. Sustraiak sanferminetan dauzkan enpresa hau duela hamabost urte hasi zen lanean, hiru milioi pezetarekin. Aurtengo ekitaldian, zazpi milioi euro fakturatzea itxaro du. Kamiseta dugu beren produktu nagusia, modaren kontzeptua gainditu duena. Guztiok ikusi dugu han edo hemen. Guztioi joan zaizkigu begiak minik egiten ez duten zezen polit eta jator horien irudietara. Kukuxumusuren kamisetek ukitu berri bat eman diete Sanfermineko jaiei. Marrazki horien egile nekaezinarekin mintzatu gara.

-Zuen ideia 1989ko Sanferminetan sortu zen, duela ia hamabost urte. Ekimen berezi honek festa tradizional hauei lotuta jarraitzen du, ala dagoeneko askatu egin da?
Ez, ezin dira bereiztu. Kukuxumusuk asko zor die Sanferminei. Gure enpresa, Sanferminetako oroigarrien mundua aldatzeko asmoarekin jaio zen. Guk gai euskaldun berriak zeuzkaten kamisetak egin nahi genituen, baina zalantzarik gabe Sanferminak izan dira gure pozen iturri nagusia. Merkatua eraldatzea lortu genuen.

-Zer daukate zuen kamisetek besteek ez daukatenik?
Tortillari edo errealitateari buelta ematen diotelako dira hain bereziak. Gure lema da fikzioa errealitatearen gainetik dagoela. Fikziotik abiatuz fikzioa egitea. Adibidez, entzierro bat urpean egitea, edo zinegotziak zezenen atzetik ibiltzea. Jendearen ohiturak ridikulizatzen saiatzen gara, eta, horretarako, animaliak jartzen ditugu gizakiei gertatzen zaizkien egoeretan.

-Sanferminak iragartzeko kartelaren lehiaketa irabazi zenuen 1990ean. Oso kontzeptu berritzailea eskaini zenuen, aurreko edizioetako kartelekin zerikusirik ez zeukana. Iruñako Udalak aurtengo jaietarako aukeratu duenari originaltasun falta egotzi diote. Zuk zer uste duzu?
Zabor hutsa da. Ez da batere originala. Gainera, indarrik ere ez du. Zezen baten buruak zerbait baldin badu, indarra da, baina kartelean agertzen denak ez du batere. Antxume baten burua ematen du. Gustatzen zaidana, kartelaren hondo beltza da.

-Kritikak alde batera utzita, gustuko al dituzu sanferminak?
Bai, oso. Oraindik hilabeteak falta direla, desiratzen egoten naiz uztailaren 6ª noiz iritsiko. Gero, eguna iristen doan heinean, agobiatzen hasten naiz, baina 5ean emozionatuta egoten naiz. Entzierroari argazkiak ateratzea gustatzen zait. Eta saltsan sartzen naizenean, narraskeria atsegin horretan nagoenean, izugarrizko poza sentitzen dut, batez ere gauez, parranda egitean. Sanferminetako gauak Felliniren pelikuletakoak bezalakoak dira, erabat distortsionatuak, istorioz beteak. Dena den, ezer edan gabe ibiltzeko, kopatxo batzuk hartu gabe, jasangaitzak iruditzen zaizkit. Horregatik, bukatzen direnean poza ere hartzen dudala aitortu behar dut.

-Zer mantenduko zenuke festa horietatik, eta zer kenduko?
Jendeak gustuko dituen erokeriak tradizional bihurtuko nituzke. Ez dugu ahaztu behar entzierroa, Riau-Riau, txupinazoa eta abar jendearen ohiturengatik sortu zirela. Orduan, zergatik ez ditugu ekitaldien barne sartzen Nabarreriako iturritik egiten diren jauziak eta Billabesako entzierroa? Zerbait kentzekotan, berriz, kenduko nuke jende askok duen uste bat: zikinak kanpokoak direla, ez Iruñakoak. Pobre de Mí ere kendu egingo nuke. Ez zait gustatzen festak bat-batean horrela bukatzea, Sanferminen bukaera ofizializatuta egotea. Bakoitzak nahi duenean buka ditzala.

-Erraza da dagoenari begiratu eta zer jarri edo kenduko genukeen esatea. Lan ezazu zure irudimena, eta eman iezaguzu Sanferminak berritzeko ideiaren bat.
Erakundeek, Iruñako Udalak edo Nafarroako Gobernuak adibidez, Sanferminen inguruko kanpaina sakonagoak egin beharko lituzkete, nazioarte mailakoak. Eta, beste alde batetik, alderdi kutrea ere berreskuratu beharko litzateke, ez dadin guztia hain antolatua izan. Eta badakit poliziak energikoa izan behar duela, baina nahiago nuke pazientzia eta edukazio pixka bat gehiago balitu gaupasa eginda dagoen jendearekin, batez ere entzierroan. Gainera, nire ustez egun horietan legeztatuta egon beharko luke drogak hartzea, edo behintzat onartuagoa.

-Kanpokoak aipatu dituzu lehentxeago. Ondo hartzen al duzu atzerritarrak Sanferminetan egotea, ala festa hauek etxekoentzako izatea nahiago zenuke?
Atzerritarra oinarrizko da. Australia eta Ameriketatik Iruñara etortzen den jendea gaztea da, irekia eta oso jatorra. Duela zenbait urte Kukuxumusun "Guiri Day" sortu genuen, pintxo bat eta ardoa hartzera gonbidatzeko, eta ohitura hori berreskuratu nahiko genuke. Zoragarria da Iruña bederatzi egunetan hain hiri kosmopolita izatea.

-Atzerritarren defendatzailea zara beraz. Eta politika eta festak nahastearen aldekoa ere bai?
Gaur egun behintzat hori da geratzen dena. Egitaraua eta festen aurrekontua politikarien esku daude. Pena ere ematen dit taldeak udalaren diru-laguntzei hain menpekotuta egoteak ere. Baina ez dudanez anarkian sinesten, ulertzekoa da politika Sanferminetan sartuta egotea. Dena den, azken batean herritarrak dira festei bizia ematen dietenak. Beste alde batetik, ez dugu ahaztu behar Sanferminak oso aproposak direla gutxiengoentzat. Konparazio bat egiteko, hor daukagu Sevillan atletismoko mundialen inaugurazioko "giraldillen" kasua. Beraz, ulertzen dut gutxiengoak Sanferminetako egunak jendaurrean agertzeko aprobetxatzen saiatzea. Ez dut esaten ados nagoenik. Baina ez zait ondo iruditzen, ezta ere, jendeak nola erreakzionatzen duen gutxiengo horien aurrean. Permisiboagoak izan beharko lukete. Festak gauza guztien gainetik egon behar du. Alderdi politikoen gainetik ere bai.

-Jarrai dezagun politikarekin, baina beste zentzu batean. Zuen enpresa zezenketen aurka dago, baina, paradoxikoki, zezena bera da zuen kamisetetako animalia enblematikoa. Kukuxumusuren sortzaile zaren aldetik, zein da zure iritzia Sanferminetako zezenketen inguruan?
Ni joaten naiz zezenak ikustera. Ia beti itzaletako tendiduetatik ikusten ditut. Zezenketak alde batetik astakeria iruditzen zaizkit, baina beste alde batetik asko gustatzen zaizkit. Badakit kontraesana dela, baina... Dena den, alde edo aurka bozkatu behar izango banu, aurka bozkatuko nuke. Baina hipokrita hutsa naiz, oso ikuskizun zirraragarria iruditzen zaidalako. Animaliak abeletxeetan haztea ere ikaragarria iruditzen zait, baina hala ere hanburgesak, amuarrainak eta abar jaten jarraitzen dut. Dena den, Kukuxumusu zezenaren alde dago beti.

-Zure enpresa zezenaren alde, eta zu zeu Iruñako festen alde. Behin baino gehiagotan aipatu izan den bezala, Sanferminak arrakastak hilko dituela?
Ez dut uste. Sanferminak beren maila gorenera iritsi dira, eta ez zait iruditzen oso gauza ezberdinak ikusiko ditugunik. Ziurrenik aldatzen joango dira, baina ez dakigu nola. Festa hauek, hiltzekotan, kanpoko faktoreengatik hilko dira, ez arrakastagatik.

-Bukatzeko, bota hiru desio festa hauetarako: bata zeuretzat, beste bat enpresarentzat, eta hirugarrena orokorra.
Orokorrarekin hasteko, eskatuko nuke jendeak, Sanferminak amaitzean, uztailaren 14tik aurrera, festak gogoan izaten jarrai dezala. Kukuxumusurentzat eskatuko nuke festaren zati bihur dadila. Eta, niretzat, gau mugitu igaro ditzadala, ezberdinak, eta entzierroaren argazki on bat lor dezadala. Bi desio dira, baina berdin du.

Mikel Urmeneta (Iruña, 1963)

Mikel Urmeneta Otsoa 1963ko Eguberri egunean jaio zen, Iruñan. Bere jaioterriko Jesusen Bihotzaren Misiolarietan eta Cristo Rey eskoletan egin zuen OHO, eta ondoren Ximénez de Rada eta Ermitagañako institutuetara joan zen. Baina batetik zein bestetik bota egin zuten, eta 2. BBB amaitutakoan, bere bizitza nola bidera zezakeen pentsatzen hasi zen.
Horrela, Dekorazioko lehen ikasturtea egin, eta freelance gisa hasi zen lanean, Nafarroako hiriburuko publizitate agentzia batzuentzako marrazkiak eta maketazioak egiten. Hortik ateratako diruarekin, eta kredituren bat tarteko, bost kontinenteetan barna bidaiatzen aritu zen. Pascuako uhartean, Polinesia frantsesean zein Iruñarekin senidetuta dagoen Yamaguchi hiri japoniarra bezalako leku exotikoetan egon da.
Mugitzeko eta gauza berriak ezagutzeko grinak, eta pertsona irekia eta kosmopolita dela kontuan izanik, beste zaletasun baterantz bultzatu zuten: argazkigintzara. Australian urtebete eta New Yorken sei eman ostean, eta handik eta hemendik bidaiatzen aritu ondoren, negatiboz beteta itzuli zen etxera.
1990. urtea giltzarria izan da beretzat. Oso konbentzituta egon gabe eta esperantza gutxirekin, lehiaketa batzuetara aurkeztu zen, eta, bere harridurarako, lau irabazi zituen: bi kartelenak, eta beste bi argazkigintzakoak. Zehazki, hauek ziren: Sanferminetako kartelarena, Nafarroako Jaialdikoak, Iruñako Udaleko Artista Gazteena, eta Burlatako Udalarena.
Bere izena gero eta entzutetsuagoa bihurtzen hasi zen, eta gainera sariak irabazten jarraitzen zuen, hala nola Baztandarren 1991ko Biltzarrakoa, eta Eusko Jaurlaritzako Turismo Saileko 1995eko kartelena. Bereak dira, halaber, iazko Pilotako Mundialetako logotipoa, eta Teniseko Open USAko eta New Yorkeko maratoiko kamiseta ugariren marrazkiak.
Baina bere arrakastarik handiena, inolako zalantzarik gabe, Kukuxumusu da, 1989an sortutako enpresa, jada hamabost denda dauzkana eta aurtengoan milioi bat kamiseta saltzekotan dabilena. Bere modernotasunaren lekuko, duela sei urte, 1997an, Interneten zabaldu zituen orriak ditugu: www.kukuxumusu.com eta www.sanfermines.com. Lehenengoak, hiru milioi bisita jasotzen ditu urtean, eta bigarrenak, egunean ehun mila inguru Sanfermin egunetan; hau da, mundu osoan ospea eman dioten bederatzi egun horietan zehar Iruñak jasotzen duen bisitari kopuru bera.


Argazkiak: Barrukoak: Larrion & Pimoulier. Kanpokoak: Mikel Melero


Euskonews & Media 217. zbk (2003 / 07 / 4-11)

Dohaneko harpidetza | Suscripción gratuita | Abonnement gratuit |
Free subscription


Aurreko aleak | Números anteriores | Numéros précedents |
Previous issues


Kredituak | Créditos | Crédits | Credits

Euskomedia: Euskal Kultur Informazio Zerbitzua

Eusko Ikaskuntzaren Web Orria

webmaster@euskonews.com



QUIENES SOMOSPolítica de privacidadAvisos LegalesCopyright © 1998 Eusko Ikaskuntza