Aramaioko
herriak omenaldi bat eskaini berri dio, eta baita bertako kale bati
"Lurgorri" izena jarri ere. Omenezko ekintza, hura fusilatua
izan eta hirurogeita bost urte eman ondoren iritsi da. Baina ziur
nago Jose Mari Azkarraga Mozo-ren izpirituak, gorputzarekin hil
ez zena, eskerroneko keinu bat egin duela herrikide izan zituenekiko,
pertsonalki ezagutu eta oraindik Aramaion bizi diren eta baita,
bera bezala, historiako pertsonaiak bihurtu zirenen ondorengoekiko
ere. Jose Mari Azkarraga "Lurgorri"-k Aramaio eta bere
herrikideak sakon maite izan zituelako, bertan jaio ez zen arren.
Gipuzkoarra zen jaiotzez, errenteriarra, 1916ko urriaren 29an munduratu
zelarik. Gurasoak, Jose Maria eta Juana zituen, Agurain eta Errenteriakoak.
Aitaren lan profesionala zela eta -Bilboko Hezkuntza Institutuko
idazkari izendatu zuen 1916an Madrileko Instrukzioko Ministerioak-
Bizkaiko hiriburura aldatu zen sendia, eta han egin zituen Jose
Marik lehen ikasketak, 1929ra arte. Urte hartan Ministerioak berriro
deitu zuen "Lurgorri"-ren aita Madrilera eta gurasoak
eta lau seme alabak hara joan ziren bizitzera.
Jose Mari Azkarragak Zuzenbideko Fakultatean ekin zien goi ikasketei
1930ean. Ordurako bere gogoa zeharo maitemindua zegoen euskal sentimenduaz.
Gurasoak abertzale eta euskaltzaleak zituen eta iturri horretatik
edan zuen Jose Marik bere bizitza osoan. Aita, hogeita bat urterekin
Agurainetik Madrilera lanera joan zena, espainiar hiriburuan euskaltzaletu
zen, bertako Ateneon euskarazko klaseak hartu zituelarik. Lagun
handiak izan zituen Odon eta Angel Apraiz gasteiztarrak, Abdon Gonzalez
de Alaiza musituarra, Zelestino Agirresarobe tenore zarauztarra,
Ignazio Busca Sagastizabal musika konposagile zumarragatarra eta
beste hainbat, eta Jose Mari seme gazteak ere giro hartaz kutsatu
zen.
 |
Aramaioko etxeko lorategian eginiko argazkia,
1932an. "Lurgorri" bere gurasoen artean agertzen dena
da. |
Bazen beste arrazoi bat, Jose Mariren baitan euskal kontzientzia
egunez egun sendotzen ari zena: 1925etik sendiak Aramaion ematen
zituen udako hilabeteak, eta inguru zeharo euskaldunarekin aritu
ahal izateko aukerak gazte haren baitan zutabe indartsuak eraikiarazi
zituen. Eta Aramaioko egonaldi haiek bilakaera naturala eragin zuten
gaztearengan, jaioterria ahaztu ez zuen arren bere burua aramaioartzat
hartzera eraman zuena. Hamabi urte iraun zuen, Aramaio eta Jose
Mari Azkarragaren arteko maitasun zintzoak. Tarte laburreko sentimendu
ederra, bala hiltzaileek etena.
Madrilen ikasten ari zela Euzko Ikasle Batza-an afiliatu zen eta
1933an lehendakari izendatu zuten. Madrileko ikasle euskaldunen
topagunea bilakaraziko zuen elkarte hartan buru belarri aritu zen
Azkarraga, euskal unibertsitatearen aldarrikapen jarraikian. Eta
iritziko artikuluak argitaratzeari ekin zion, garaiko aldizkari
eta egunkarietan, "Lur-Gorri" izengoitiarekin izenpetuta.
Bere luma arin eta konprometituak berehala erakarri zion gazteari,
politikagintza zein sindikalgintzako sektoreen arreta. Eta, ondorioz,
indar berriztatuaz ihardun zuen Euzkadiko askatasun demokratikoen
alde, Madriletik eta, noski, baita Euskal Herritik bertatik ere,
Aramaio bilakatu zuelarik horretarako txoko egokia
|
 |
Lau anai-arrebak, 1933an. "Lurgorri"
ezkerrekoa da. |
EAJ eta STV-ko kide zelarik, bere idazlanetan - "Amayur",
"Euzko Langille", "Gudari" eta "Euzkadi"n
batez ere argitaratuta- gai sozial, politiko, kultural zein ekonomikoak
landu zituen maisutasun bereziaz, eta horrezaz gain saiakera arloan
ere bere ekarpena utzi zuen, nahiz eta argitaratu gabe geratu zen.
"Lurgorri"-ren emaitza politiko eta sindikala Leintz ibarrean
eta Aramaiokoan hedatu zuen batik bat, aritu ahal izan tarte laburrean.
1936ko uztailaren 18an fazisten altxamendua eman bezain laster
EAJ-ren zerbitzuan jarri zen Aramaiotik eta Amayur batailoi izango
zenaren lehen zeluletako bat osatu zuen, Leintz bailara eta Aramaioko
gazteekin. Baina aurki, EAJ-k aginduta, gerrako korrespontsala gisa
aritu zen Euzkadiko frontean zein kanpokoan ere, Asturiasen. Ikusgarria
da zein nolako errealismo eta zintzotasunarekin deskribatzen dituen
fronteko jazoerak. Demokraziaren aldeko konpromisoa azkenetaraino
eraman zuen "Lurgorri"-k bere idazlanen bitartez, alde
horretatik ere goitasun paregabea erakutsiz.
Ariztimuño, lehenik -1936ko urrian- eta San Andres -1937ko
abuztuan- batailoietako komisario politiko izendatu zuten. Urte
hartako abuztuaren 28an, Santoñako errendizioaren ondorioz
atzeman zuten frankistek eta sasi epaiketa baten ostean heriotzara
kondenatu zuten bi hilabete beranduago. Larrinagako presondegira
aldatu ondoren, 1937ko abenduaren 16an fusilatu zuten, Derioko hilerriko
hormaren kontra. Bere azkeneko hitzak, "Gora Euzkadi askatuta"
izan ziren.
 |
Aramaiotik Sukarrietara eginiko txango batean,
Lekeitioko kaian. "Lurgorri" erdikoa da, paisanoz
jantzitakoaren ondoan dagoena. (Argazkiko oharra "Lurgorri"rena
da) |
"Lurgorri"-ren bizitza laburra, bere aberriarenganako
sentimenduen katea izan zen. Politiko, sindikalista, euskaltzale,
kultura eragile, kazetari eta literatoa izan genuen. Argitaratu
zuen azkeneko idazkia - hain zuzen Larrinagako presondegian ezkutuan
eskuz sortzen zuten "Espetxean" aldizkaritxoan- "Lauaxeta"
zenaren azken poemari buruzko glosa bat zen, "Lurgorri"-k
bere gogoa ere poesiarekin lerrotzen zela adierazi nahi izan balu
bezala. Eta zalantzarik gabe, Azkarraga gaztearen literatura ekarpena
aztertzen badugu, bertan poetaren izpiritua antzeman daiteke alde
guztietan.
Jose Mari Velez de Mendizabal,
idazlea |