Onomastika
izenak ikertzen dituen zientzia da. Bere bi atal nagusiak antroponimia
(pertsona izenak) eta toponimia (leku izenak) dira. Onomastikak
hizkuntza guztietan garrantzi handia baldin badu, zer esanik ez
euskararen kasuan. Bere balio sinbolikoa ukaezina da, kontuan izanik,
batez ere, Euskal Herriko eremu zabal batean euskara galduaren aztarna
bakarra izenak direla eta, hortaz, alderdi horiek euskaldunak izan
direla adierazten digun lekuko bakarra onomastika dela, hots, toki
izenak eta deiturak, gehienbat.
Euskal literaturaren
lehen liburuak XVI. mendea arte agertzen ez badira ere, izenak anitzez
zaharragoak ditugu, izenak baitira gure hizkuntzaren lekukorik zaharrenak,
pertsonenak (antroponimoak), jainkoenak (teonimoak) eta lekuenak
(toponimoak), I. eta II. mendeez geroztik Akitanian batez ere agertzen
direnak. Geroago X. mendetik aitzina Euskal Herriko agirietan agertzen
zaizkigu, Nafarroakoetan bereziki, baina Euskal Herritik kanpokoetan
ere bai. Eta esaera zaharrak dioen bezala, izena duenak izana
ere badu. Hortik, bada, gure herriaren izanaz mintzo diren izenen
garrantzia, onomastikarena alegia.
Garrantzi honetaz,
gure herriko idazle eta ikertzaileez gainera kanpokoak ere jabetu
izan ziren aspaldi, eta hor ditugu horien artean Wilhelm von Humbolt,
Arturo Campión, Julien Vinson, Sabino Arana, Henri Gavel,
Ramón Menéndez Pidal, Julio Caro Baroja, Koldo Mitxelena,
Joan Coromines, Alfonso Irigoien... –izen batzuk bertzerik ez aipatzeagatik–,
beren idatzi eta ikerketa lanetan euskal onomastikaz arduratu direnak.
Izenak ere arautu
behar al dira?
Hizkuntzaren gainerako
alorrak (gramatika, hiztegia, ortografia...) bezalaxe, onomastika
ere arautu behar da, izenen aldaera ofiziala emanez. Eta euskararen
kasuan, badaude begi bistako arrazoiak arautzea beharrezkoa dela
baieztatzeko:
- Euskara Administrazioaren hizkuntza
ofiziala inoiz izan ez zenez, eskribau eta funtzionarioek euskal
izenak erdal grafian idazten zituzten eta, anitzetan euskara ezagutu
ez eta nolanahi idazten zituzten, edo erdarara itzuli. Horrela
iritsi dira gureganaino hainbat eta hainbat izen, eta gaur egun
ere herriaren ahotan erabiltzen diren anitz, aldaera laburtu eta
desitxuratuak izaten dira.
- Erraza da ikustea gure bizitzan
izenen erreferentzia eguneroko gaia dugula. Pertsona guztiak izenei
lotuak gaude. Denak ditugu gure nortasuna adierazten duten izen-deiturak,
denak bizi gara izena duen herri edo hiri batean, izena duen etxe
edo baserri batean edo, gutienez, izena duen karrika bateko pisu
batean. Gure eguneroko bizitzan, segur aski, gehien erabiltzen
dugun erreferentzia izenena da. Zenbat pertsona eta leku izen
ez ote dugu aipatzen egunaren buruan?
- Euskal izenen erabilera ez da bakarrik
euskara dakitenetara edo hizkuntza honetan mintzatzen diretenetara
mugatzen. Erran beharrik ez dago:
- Euskara ez dakitenek ere egunero
entzuten, irakurtzen, idazten edota ahoskatzen dituzte izen
horiek.
- Euskal Herriko mugetatik kanpo,
gero eta hedadura zabalagoa hartzen ari dira gure ponte izenak
eta, egungo hedabideak eta informatika direla medio, gure deiturak
eta leku izenak munduko xoko guztietan ageri dira.
Izen anitz, ordea,
oraindik ere gaizki erabiltzen ditugu. Adibideetan ez luzatzeagatik,
bakar batzuk bederen aipatuko ditugu. Dokumentu ofizialetan ikusten
ahal dugu Itziar izena Itciar, Itxiar, Iciar, Iziar
eta Ytziar idatzia; Etxeberria eta Etxenike
deituren ordez Echeverria eta Cenique; toponimoen
xafla ofizialetan Plentzia edo Arraizko bentak
idatzi beharrean Plencia eta Arraitzko bentak; kale
izenetan berriz Nagusi kalea edo Lehendakari Aguirre,
Kale Nagusia eta Agirre Lehendakaria
jarri beharrean; etxe izenetan Artxea edo Izal, Arretxea
eta Irazabal jarri behar zen lekuan...
Hortaz, argi dago euskal
onomastika, hots, izana duen herriaren izenen aldaera arautua
–ofizialtzat hartua– ezartzearen garrantzia eta beharra, izen horien
erabilera zuzena izan dadin, gure hizkuntzaren prestigiorako eta
gure herriaren nortasuna behar bezala agerrarazteko. Onomastikaren
erabilera okerra edo finkatu gabea ez da gure herriaren nortasunaren
alde mintzo, ez eta gure hizkuntzaren osasunaren alde ere. Gramatika,
hiztegi eta ortografiaren alorretan bezalaxe, onomastikarenean ere,
erabilera zuzena hizkuntzaren osasunaren seinale da. Gainera, kontuan
izan behar da onomastika dokumentu eta kartel ofizialetan agertzen
denez, gure euskal izenak denek irakurtzen dituztela, bertako euskaldunek
eta erdaldunek eta kanpotik etortzen direnek. Horregatik, onomastikaren
erabilera, neurri handi batean behintzat, gure hizkuntzaren osasunaren
edo osasun ezaren adierazle da, eta begi bistakoa da alde handia
dagoela osasuntsu egotetik gaixorik egotera eta bertzeen aitzinean
bizkor agertzetik ahul agertzera. Beraz, hizkuntzaren zuzentasunak,
eta zuzentasun horren barruan onomastikarenak, garrantzi handia
du.
Euskaltzaindiaren Onomastika batzordea arautze
lan hori egiten ari da aspaldiko urteetan. Ponte izenak, deiturak
toponimo nagusiak eta txikiak, kale izendegiak etab. arautzea da
Akademiaren eginbeharra. Baina gertatzen dena da, hori ez dela
aski forma ofizialak gizarteratzea lortzeko. Herri erakunde eta
aginteei dagokie normalizazioa lortzeko beharrezko den gizarteratze
lana. Urrats hori lortzen denean, gure izanaren izenak dokumentu
ofizialetan, xafletan, hedabideetan eta, azken batean, erabilera
mota guztietan, behar bezala agertzen direnean, gure herriaren nortasunaren
alderdi garrantzitsu bat berreskuratuko dugu eta euskararen duintasunak
eta prestigioak bere lekua hartuko du.
Andres Iñigo, euskaltzaina |