Zerk
batzen ditu Marshall uharteko biztanleek XIX. mendean zuhaitz-abar,
maskor eta koralez egindako nabigazio mapak, Berpizkunde garaian
zabaldu zen Utopia uhartearen irudikapena edota Mercatorek egindakoaren
ondotik mundu guztira zabaldu diren munduaren proiekzioak? Guztiak
dira mapak, espazioaren irudikapenak,
euskarri eta material oso desberdinez egindakoak badira ere. Batzuk
bide eta norabideak adierazten dituzte, beste zenbaitzuk aldiz
inongo erresumetako ustezko geografia islatzen dute iruditan,
beste batzuk errealitate eta erronka geopolitikoen berri ematen
dute. Guztiek baina, uzten dute agerian munduan zehar toki eta
garai desberdinetan jendakien espazioa irudikatzeko beharra, bai
eta honi lotu izan zaizkion eginbide eta bestelako funtzioak.
Antzinatetik mapagintzak mendebaldeko gizarteetan berebiziko garrantzia
izan du. Lehenik eta behin ingurune fisikoa ezagutarazi, toki batetik
bestera joateko bide eta oztopoez jabetu eta ahalegin horretan ez
galtzeko tresna gisa irudikatu izan ditugu mapak. Historiari erreparatuz
gero, leku nabarmena izan dute antzinatetik hasi eta, mendebaldeko
gizarteei dagokienez Berpizkunde garaitik aitzina eremu berrien
aurkikuntzarekin lotura estua baitute, munduaren ikuspegi berriaren
adierazle gisa. Gerora, eta gaurdaino arte, esplorazio bidaien ondorengo
izan diren kolonizazio jarduerek nabarmen uzten dute ere maparen
garrantzia. Botere tresna izan da mendeetan, gerra eta konkistarako
bideak aldez aurretik marrazten zituen dokumentua. Horrez gain,
erabaki diplomatiko garrantzitsuak hartzeko erabilitako tresna,
erresuma, estatu eta inperioen botere eremua idatziz finkatzeko
erabili izan diren zirriborro eta azken emaitzak finkatzeko tresnak.
Menderakuntza erabat burutu gabe denean ere, hainbat lurralderen
gaineko sasi-menderakuntza aldarrikatzeko erabilitakoak, edota aldiz
menderakuntza bera ere salatzeko aldarrikapen sinbolo bilakatu direnak. Geografiaren garapena
dela eta diskurtso zientifikoaren itzalean mapari nolazpaiteko
dimentsio objektiboa aitortu izan zaio duela gutxi arte. Mapak
bestelako datuak ere gordetzen ditu bere baitan, besteak beste
mundu azaleraren zatiketa politiko eta administratiboaren berri
ematen baitu beste ezerk baino nabarmenago. Hasieratik mundu azalaren
irudikapen objektibotzat jo izan baitira geografia fisikoaren
mila atal eta xehetasunen berri eman eta errealitate geopolitikoa
deritzona paper gainean islatu duten mapak Hau alta, ez da beti
konplitzen den aldaera. Adibideak milaka dira maparen irudikapena
eta errealitate geopolitikoaren arteko tartea agerian uzten dutenak.
Honen adibide zenbait aipatzearren, historian guretik hurbil izanagatik,
Bidasoan XVI. mendean sinatu zen Pirinioetako Bakea deitutako
tratatuak erabilitako mapak kasu: Katalunia aldeko Cerdanya bailara
bitan banatzerakoan, muga naturalen irizpideari jarraiki, Pirinio
mendi lerroaren ustezko jarraipena irudikatu zuten bailaren erdi-erdian,
ordokiaren erdian menditzar lerroa emanez. Denboran hurbilagokoak
ere baditugu, noski, Falklands edo Malvina uharteen auzia dela
eta Hego Ameriketako hainbat mapek Argentinari atxikitzen dizkiote.
Pakistan eta Indiak gutiziatzen duten Kachemira lurraldea bi estatuek
mapetan bere egiten dute. Adibideak nonahi aurki ditzakegu. Bestelako eginkizunetarako
erabili izan ohi dira mapak ere. Besteak beste politikagintza
eta identitate nazionalen irudikapen eta estereotipoen zabalkunderako.
Bestelako mapekin alderatuz gero, itxura xelebrea hartzen diegu
horrelako mapei: komiki edo karikaturarekin gehiago lotzen ditugu
mapa berarekin baino. Orain artean arreta gutxi eskaini zaien
irudikapenak ditugu. Iraganean baina XIX. mendean bereziki sona
handia hartu zutenak eta Europan barna mapa serio-komiko izenaz
ezagutzen direnak. Bertan estatuak pertsonai itxuraz irudikatzen
dira, bata bestearekiko interesa, harremana eta lotura agerian
utziz. Honela, garaiaren arabera itxura desberdinez ageri zaizkigu
Europako estatuak, batzuetan lagun, bestetan etsai, argal-argal
edota potolo, emakume edo gizonezkoen irudia egoeraren arabera
hartuaz, agure moduan edota
aldiz jaio berriaren tankeran, Balkanetako herrien kasuan bezalatsu.
Gizaki itxurako estatuez gain badira ere abere itxura hartzen
dutenak, Errusiako hartza edota Eskandinaviar estatuak doberman
txakur beldurgarri moduan irudikatzen dituztenak. Komikigintzak
garatzen duen narratiba-irudikatuaren bidez estatuen arteko botere
harremanak, asmo eta gutiziak, elkartasun eta etsai egoerak ederki
asko islatzen dira.Umorez zipriztindutako mapa hauek ez dira ordea
itxuraz ematen duten bezain inozenteak. Garaiko egoera geopolitikoaren
berri ematen dute. Gehientsuenetan mapagilearen jatorriaren araberako
errepresentazioa mamitzen dute; hau da, estatu jakin baten interesen
araberako irudikapenak dira karikatura moduan ikusten ditugunak.

Mapagintza berezi
honen oinarrian dagoen printzipioa, lur azala eta irudiak lotzea
alegia, ez da ordea berria. Erdia Aroan arrunt zabaldua zegoen
Europa emakume itxuran irudikatzen zuen mapa antropoformea. Antzeko
mapak ere badira Asiaren kasuan, idi edo pegaso itxuran irudikatu
izan baitira. Ezin ahantzi espazioa eta bizidunen irudikapena
uztartzen dituzten errepresentazioak antzinatetik datozkigula,
Zodiakoaren konstelazioen irudikapenak erakusten duten moduan.
XVII. mendean, eta bereziki XVIII.ean joera hau biziki errotu
zen Ingalaterran, karikaturagile ospetsuenen eskutik, bertan ilustrazio
mota honek sona handia izan baitu betidanik, kritika politiko
eta sozial garratza hedatuz. Garai honetako adibiderik ezagunena
ezbairik gabe James Gillray karikaturagilearen lana dugu. Mapa
serio-komikoen hasiera garaiak ziren haiek. Geroztik XIX. mendean
zabalkunde nabarmena ezagutu zuten Europan barrena. Zenbaitzuk
hamar edizio baino gehiago izan zuten. Egun, euren funtzio politiko
nagusia anekdota soilera mugatu dela badirudi ere –hain zuzen
ere azken hamarkadetan ilustrazio "kurioso" gisa erabili
izan dira mapa hauek- garaian propaganda funtzioak bete ohi zituzten. Alde horretatik,
lotura handia dute komikigintza eta karikaturak historian zehar
bete duen lanarekin. Egun, aipatu gisako mapak urritu bazaizkigu
ere, funtzio hau betetzen duten bestelako bideak nagusitu baitira,
eguneroko bizitzan mapa inoiz baino gehiago dago presente. Ikusi-entzutekoen
garaian bete betean gauden honetan, mapa ongi zehaztutako ikuskera
zehatz baten adierazle dugu. Honen adibide ditugu mapak aitzaki
harturik azken garaietan gertutik ezagutu ditugun gorabehera eta
ika-mikak. Mapa ez baita inoiz irudikapen mezurik gabea. Esanahiz
beteriko irudikapena da, erreakzio kontrajarriak pizteko gai dena.
Nazio identitateen aldarrikapenekin estuki lotutakoa dugu, bandera
edota himno nazionalekin gertatu ohi den moduan, oraindaino halakorik
gutxitan aitortu bazaio ere. Pentsa dezagun bestela Euskal Herriko
mapaz azken mendean egin den erabilera politikoa. Mapak irudikapen
bisualak dira lehenik. Boterearekin lotutako irudikapenak, hasieran
aipatu moduan. Mapak lurralde jakin baten eremua irudi finko eta
aldagaitz moduan finkatu ohi du. Horra hor honen adibide 2. Mundu
Gerraren amaieran Europako mapa etorkizunera begira erabat finkatua
zegoenaren uste zabaldua, gerra ondorengo akordioen ondorio nagusienetako
bat muga politikoen egonkortasuna izan baitzen. Europako Batasunaren
kasuan aldiz, zaila da beronen mapa begi-bistan berehalakoan irudikatzea,
hutsunez eta ñabarduraz josia baitago orain artean kolore
desberdineko piezez osatutako puzzle moduan ikustera ohituta gauden
Europa. Aurrera begira baina egunerokoan sartuko zaigu Europar
Batasunaren eremua, euro txanponei erreparatu besterik ez dago
maparen bisualizazioa bat-batean begi-bistan izateko. Egunerokoaren
txikikeriek laguntzen baitiote irudikapen mental moduan gizarte
mailan txertatu eta finkatzeari, XIX. mendean aipatu mapa karikaturen
moduan, edota eskola sistema finkatzean geografiaren irakaskintzak
egin zuen bezalaxe. Mapa ez dugu horretan asmakizun berria.
Aitzpea LEIZAOLA, 2000-01 Basque Visiting
Fellow Oxfordeko Unibertsitatean. EHUko Antropologia irakaslea |