Gaur
egun txalaparta izenarekin ezagutzen dugun soinutresna-ohitura honek
baditu Euskal Herrian antzeko itxura eta joera hartzen dituzten
beste aldaerak. Ikus dezagun orain eta hemen, denak batera azken
garaietan izan diren txalapartaren hiru bertsio nagusiak.
TXALAPARTA-TOBERA-KIRIKOKETA
Bere itxura eta funtzioa ikusiz, oso zaharra dela pentsatzera garamatza;
honela izango da, baina ez dugu antzinako berririk ohitura honen
gain.
Aita Donostia, Manuel Lekuona eta J.M. Barandiaran izan dira, nagusiki,
hiru izenekin (eta hiru modu desberdinetan) agertzen zaigun soinutresna
eta ohitura hauen antzinako aztarnak eta historiari buruz, berri
ematen dizkigutenak. Datu gutxi badira ere, horiei esker jakin dugu
garai bateko txalapartaz dakiguna.
Baina dakigun gehiena, ezagutu ditugun txalapartari zaharrengandik
guk zuzenean jasotakoa da.
Aipatutako ikertzaile horiek idatzitakoetan, ez da garbi ikusten
ez geografikoki ez sozialki, zenbateraino zabaldua zegoen eta esan
dezakeguna zera da: gure mendearen hirurogeigarren hamarkada bitartean,
kultura mailan, bazterturik egon dela eta ez zitzaiola eman beste
soinutresnei eman zitzaien garrantzia.
Ikus dezagun dokumentazio zahar eta zuzenean jasotako ikerketan
txalapartari buruz bildu ahal izan duguna.
Non erabili izan da?
Gipuzkoako Donostia-Urumealdea, Lasarte, Usurbil, Hernani, Ereñotzu,
Urnieta, Altza-Intxaurrondo, Astigarraga, Ergobia, Andoain, Oiartzun,
Orio, Bidania, Elduaien, Alkiza, Nafarroako Lesaka eta Bidasoa-Baztanaldea
izan dira garai batean ohitura hau ezagutu duten lekuak. Azkeneko
garaietan jasan duen atzerakada kontuan harturik, suposa dezakegu
lehenago beste zenbait tokitan ere ezagutuko zutela.
Beti baserritar inguru edo giroan agertzen da eta bere bizimoduarekin
erlazionaturik.
Hirurogeigarren hamarkadan, bikote gutxi geratzen ziren eta hauek
halako eskualdeetan: Donostia-Urumea inguruan: Lasarte, Hernani,
Astigarraga, Ergobia, Altza,...(txalaparta), Oiartzun, Lesaka (tobera)
eta Bidasoa-Baztanaldean (kirikoketa).
Toki guzti horietan ikasi dugu txalapartaz dakiguna, baina denen
artean, Lasarteko Sasoeta baserriko Migel eta Pello Zuaznabar eta
Astigarragako Erbetegi-Etxeberri baserriko Asentsio eta Ramon Goikoetxea
anaiak izan dira gure berriemaile eta irakasle nagusiak.
Noiz eta zertarako erabili izan da?
Bi ekintza sozial mota desberdinetan agertzen da: Auzolanetako eginbeharrekin
eta ezkontza ospakizunarekin lotua, hori bai, beti festa giroan.
Donostia-Urumealdean sagardoa egiteko auzolanaren inguruan ezagutu
dute bertakoek bizirik ohitura hau. Sagarra jotzearen ondotik, lanean
aritutakoek afaria eginez, festa bat ospatzen zuten. Batzutan afari
dotorea izaten zen, bestetan ez hainbeste. Ramon Goikoetxeak dioenez:"batzutan
makailoa, bestetan sardin zaharra", baina festa beti egiten
zen. Falta ez zena sagardoa zen, sagardoa edo zizarra (sagardo egin
berria).
Afaldu ondoren jendea piska bat berotzen zen, kargatu ere bai,
eta orduan, han bertan montatzen zuten txalaparta. Normalean atarian,
kanpoan, eta berehala txalaparta jotzen hasten ziren. Orduan hasten
zen festaren zati berri bat, ordurarte etxean zeuden afalkideekin
eta hortik aurrera txalaparta entzun ondoren inguruko baserrietatik
etortzen zen jendearekin, gazteak gehienbat.
Esaten dute txalaparta 5 kilometroko erradio batean entzuten zela
eta horren barnean bizi zirenetako asko inguratzen zirela festa
horretara.
Ramon Goikoetxeak dioenez:"Tolaretik sagarra jotzerakoan txalaparta
jotzeko aukeratzen genuen ohola bustia egoten zen, hezea, eta teilatuan
jartzen genuen lehortzeko, hots hobea eman zezan. Bide batez jendeak
ikusi eta jakin han aurki festa izango zela. Jendea erne egoten
zen, Erbetegi-Etxeberrin noiz antolatuko zuten festa hori jakitearren".
"Han
egoten ginen, saltoka, oihuka, sagardoa edaten eta txalaparta jo
eta entzuten eguna zabaldu arte". Ikusten denez, garai batean
ere gaupasak egiten ziren eta ez nolanahikoak, sasoi horretan gauak
luze eta gogorrak izaten dira eta. Hango festa giroa ulertzeko hona
hemen R. Goikoetxeak kontatzen duen beste bitxikeria: "Gure
aitona atzeraka okertuta, oholaren azpitik pasatzen zen anaia ta
biok jotzen genuen bitartean".
Migel Zuaznabarrek ere sagardoaren inguruko festa hauei buruz kontatzen
ziguna berdintsua zen eta txalaparta inguruko giroa ulertzeko beste
gertakizun bat kontatzen zuen. Behin, "kinto" afaria egin
omen zuten Lasarteko jatetxe batean eta afaria bukatutakoan txalaparta
jotzea okurritu zitzaien, baina han ez zeuzkaten txalaparta osatzeko
behar zituzten gauzak. Zer egin zuten? Donostia-Bilboko trenbideko
"Paso nivel"ean zegoen kaseta desmontatu eta material
horrekin txalaparta osatu eta segidan jo eta ke ihardun omen zuten
jotzen.
Joaldiaren inguruan Txalapartarekin batera beste osagai batzuk erabiltzen dira.
Lasarten esate baterako, joaldi guztien aurretik adarrak jotzen
zituzten.
Nafarroan ere, sagardoa egitearen inguruan berdintsu egiten zuten.
Han jaso zuen orain dela urte asko Aita Donostiak "Kirikoketa"
izenarekin ezagutzen den joera (oraindik zenbait herritan, zaharrek
gogoratzen dutena). Han ezagutu da jotzearekin batera lelo bat kantatzea.
Kolpe bakoitzeko silaba bat sarturik honela dio lelo horrek:
Alakiketa alakiketa
Alakiketa kiketa kiketa
Sagarra jo dela sagarra jo dela
Sagarra jo dela jo dela jo dela.
Joaldi honek garbi adierazten du baduela mezu baten kutsua. Mezu
bikoitza behar bada: alde batetik, sagarra jotzearen lana bukatu
dela eta bestetik festarako deia.
Karobietako inguruan ere askotan agertzen dira halako ekintza edo
ospakizunak. Karea egiteko elkartzen ziren eta gauez, karobien inguruan
suak pizturik, "karobi eztaya" izeneko festa ospatzen
zen. Hau, afaria, bertsolariak, irrintziak eta musikaz osatzen zen
eta txalaparta jotzen zuten.
Ezkontza inguruan eta modu desberdinetan, toki askotan erabili
izan da. Batzuetan ezkontza egunean, bestetan aurretik egiten den
"pregoi egunean".
Gazte kuadrila, gehienetan palanka bizkarrean harturik, andregaiaren
etxera inguratzen dira. Han, atari aurrean palanka lurrean sartzen
dute, askotan zinta eta lorez apaindurik eta jotzeko garaian, lurretik
atera, alderik alde bi muturretatik zintzilikaturik jotzen dute.
Ezkontzetako joaldietan, joaldiekin tartekatuz, koplak kantatzen
dira. Hauek hiru motatakoak izaten dira: zaharrak, egun horretarako
jarriak eta bapatean egindakoak. Horretarako trebea den norbait
aukeratzen da eta tarteka kuadrilak halako leloa kantatzen du:
San Martin de la Moja
Moja de San Martin.
Toberak jo ditzagun
Ordu onarekin;
Ordu onarekin ta
Birjin Amarekin.
Txalaparta toki batetik bestera mezuak bidaltzeko tresna izan delako
ustea ere oso zabaldurik dago eta jaso dugun informazio guztien
artean, hau da halako kutsua duen kasu bakarra, horrelakorik ez
baitugu beste inon topatu eta ezagutu ditugun txalapartari zaharrek
ez dute sekulan, beraien joaldietan inongo mezurik eman. Mezuak
ia jotzen zituzten galderari honela erantzuten zion R. Goikoetxeak:"Soinujoleak
nola jotzen dute Andre Madalen, ba, guk berdin, txalaparta jotzen
genuen".
Honekin ez dugu esan nahi sekulan ez zela erabiliko funtzio horretarako
eta ez zirela egongo kodigo desberdinak (kanpaien kasuan bezala)
abisuak pasatzeko. Alakiketa kasutik aparte, guk ezagutu ditugun
txalapartariek, jendea entretenitzeko eta soinutresna gisa, festa
giroan musika eta beti bapatekotasun puntu horrekin joku erritmikoak
egiteko erabili dute bakarrik.
Txalapartak badu beste berezitasunik. Idatzitakoetan eta zuzenean
guk ezagutu ditugun kasu guztietan, gauez jo izan dela azaltzen
da. Sagardoaren inguruko festak, karobi eztaiak eta ezkontza inguruko
ospakizunetan. Salbuespen bakarrak azkeneko urteetan, bere ingurutik
kanpo eta erakustaldi gisa txalapartari zaharrek emandako joaldiak.
Hau sakonki aztertu beharko da, ez baitzaigu iruditzen kasualidadez
ematen denik, mundu zabalean ezagutzen ditugun txalaparta antzeko
ohituretan gauza bera gertatzen da eta.
Txalapartarekin musika egiteko joerak Bi izaten dira joleak. Bien artean osatzen dute musika. Tokian
tokiko jole bakoitzak izen desberdina hartzen du:
ttakuna herrena
tukutuna urguna
bia pikatzailea / bata
Izen hauek adierazten duten bezala, jole bakoitzak bere funtzioa
du. Batek orden-oreka jartzen du eta besteak lagunak jarritakoa
hausten, desordenu-desoreka sortuz. Horrela, joaldian zehar erritmoa
egin eta deseginez, gero eta azkarrago orden-oreka hautsiezinezko
batera iritxi arte.
Gaurko egoera Gaur
egun, txalapartaren egoera asko aldatu da. Txalapartarien kopurua
handitu egin da eta zabalkunde geografikoari buruz, zera esan dezakegu,
Euskal Herriko eskualde guztietan antolatzen direla era bateko edo
besteko ikastaroak eta eskolak. Eskola horietatik txalapartari ugari
ateratzen dira eta non eta noiz nahi entzuten da hauek emandako
joaldiak.
Txalapartaren funtzioak, musikalki eta sozialki asko zabaldu dira
ere. Mota eta estilo ezberdinetako musika taldeetan agertzen da
beste soinutresnekin batera. Sortzaileek soinutresna honekin kontatzen
dute kasu askotan beraien lan berrietan. Ekintza edo ospakizun politiko,
familiko eta festakoetan maiz ikus eta entzuten dugu tresna honen
hotsa.
Joera aldetik asko aberastu egin da. Txalapartari berriek azken
urteetan egindako lan sakonen bidez, joaldi gero eta konplexuago
ematen dute.
Materiala aldetik lehen toki batzuetan zura eta besteetan burnia
erabiltzen bazen, orain, bi horiek gehi beste batzuk (harriak, beirak,
....) nahasturik edo bakarka erabiltzen dira.
Gero eta txalaparta talde iraunkor gehiago daude, lana sakonki egiten
dutelarik.
Guzti honengatik eta zalantzarik gabe, esan dezakegu txalapartari,
iragana eta oraina dituen bezala, geroa ere osasuntsua ikusten diogula.
Juan Mari Beltrán Argiñena,Herri Musikaren
txokoko arduraduna
Soinu edizio digitala: Elena Moreno Zaldibar |