Javier Díaz
Noci, Eusko Ikaskuntzaren Komunikabideak Saileko partaide eta Euskal Herriko
Unibertsitateko irakaslea
Traducción al español
Duela urte batzuk zerbait argitaratzeari buruz mintzo zenean –Euskonews bezalako aldizkari bat, adibidez- hasiera-hasieratik argi eta garbi zeuden gauzak oso gutxi ziren: lehenik eta behin, aurreko bertsio inprimatuko edukinak emate hutsaren aldeko apostua egin behar ote zen, erabat aldizkako izango zen produktu bat eskaini behar ote zen, edo etengabekoa (baita edukin metagarriko aldizkari bat); testu hutsa eskaini behar ote zen, edo garapen multimediaren aldeko apostua egin behar ote; dohainiko edukinak eman edo harpidetzaren baten bidez azaldu, bai ordainduz, bai datu batzuk eskatuz... Dena igerri, ezer jakin zer.
Gaur ere gauza asko kolokan daude, baina zerbait gehiago jakin badakigu, orduan ideia hutsak zirenak hau bezalako aldizkarietan gauzatu direlako. Neurri bateraino, zer dabilen eta zer ez dabilen jakiterik badago. Edozein argitalpen-egitasmotan agertzen diren kezkak alde batera utzita (berdin da egitasmo digitala edo materiala den), lehenik eta behin, gure aldizkaria mantendu ahal izateko irakurle nahikorik izango ote den, Interneterako jaio den guztia galderez josita dago, esperantzez ere bai ordea.
Adibidez, gaur badakigu push teknologia badabilela, eta adibidez interesa dakizkiokeen edukinak dituen webgune bat badagoela, astero berritzen dena, zain egon arte, irakurleari bidal diezaiokegu posta elektronikoaren bidez gure astekariaren lehen orrialdea (edo, hipertestuaren terminologia erabiliz, hasierako nodoa). Hortik hasita, irakurle edo erabiltzaileak begirada batez ikusi ahal izango du zer nahi duen.
Jakin badakigu Interneten gauzak ahalik eta laburren, hobe. Testuak, nahi eta nahi ez Sarean dagoen informazio gehiena, pantaila batean paperean baino askoz okerrago irakurtzen direla. Jakina, erabiltzaileak badu (eta horixe egiten du askotan) informazio hori inprimatzea. Izan ere, bertsio inprimagarri bat eskaini behar diogu. Kontuan har dezagun, baina, benetan interesatzen zaionean baino ez duela egingo, denbora zein dirua gastatzen baitu. Beste zera batzuk pantailan bertan irakurriko ditu, beraz diseinua eta marka zaindu behar dira, horixe baita mundu digitalean zein tradizionalean, ospea bermatzen duena.
Horregatik garrantzitsua da Eusko Ikaskuntza bezalako elkarteek berezko edukinekin esperimentatuz Sarera jauzi egin izana. Horregatik ere garrantzitsua da, kontrakoa ematen badu ere, aldizkari elektronikoek nazioarteko identifikazio zenbakia (ISSN) jaso ahal izatea. Mundu osoan jakinduria sailkatzekoa ezinbestekoa delako sistema estandarizatuak edukitzea eta, nolabait, zenbaki hori eskuratzea aldizkari izatearen aitorpena delako, liburu elektronikoek, harrigarria bada ere, lege aldetik lortzen ez dutena, ISBN delakoa inprimatuei baino ez dietelako ematen.
Inportantea ere bada beste eztabaida bat, urte hauetan konpondu ez dena: Internet-en jartzen dena dohainik behar al den edo, aldizkari inprimatu guztien kasuan bezala, kobratu behar al den. Zer esanik ez, produktu digital baten kostuak euskarri fisiko batean jarri, erreproduzitu eta zabaldu behar denarenak baino gutxiago dira, baina horrek ez du esan nahi gasturik ez egotea. Batez ere, produktu digitalarenak ekoizpen intelektualari dagozkio –autoreek kobratzen badute, baina haien informazioak dira aldizkarietan saltzen dena-, eta beste parte bat kudeaketari eta administrazioari, eta diseinu eta mantenimendu teknikoari dagozkie. Erreferentziako komunikabide batzuek, hala nola El Paísek edo Le Mondek, kobratzea erabaki dute irakurleak galtzen badituzte ere kalitatezko eta berezko produktu digitalak eskaini ahal izateko, baina oraindik ere badirudi gehienek nahiago dutela dohainikakoak izatea. Edo, behintzat, kontsumitzaileari ez kobratzea zuzenean, badagoelako publizitatea sartzea.
Aldizkari zientifikoei dagokienez, ospetsuenek Sarean eskaintzen dituzten zerbitzuen truke harpidetza kobratzen dute, baina badaude beste asko eta asko negozioa inportanteenentzat hartzen ez dutena –haien gastuak beste modu batez ordaintzen direlako: dirulaguntza publikoez, bazkideen ordainsariez, eta abar-, areago zientziaren zabalkundea dute garrantzitsuena; haiek dohainik eskaintzen dira Internet-en. Tarteko konponbideak ere asma daitezke, argitalpen-estrategia bikoitza. Adibidez, edukin pisuzkoenak, aldizkari zientifiko hutsak, taulak, figurak, oineko oharrak eta tesu luze eta zailak dituztenak badirudi paperean hobeto zabaltzen direla, gaurkotasunak bestelakorik ezartzen ez badu ere behintzat. Zabalkunde zientifikoak, ordea, Sarearen azkartasunerako moldatuagoa ematen du. Bestela, epe bat pasatutakoan, aurrekoak pasa daitezke artxibo digitalera, ahal bada bilatzaile batez hornitua komunitate zientifikoarentzat erreferentzia bihur dadin. Liburutegi digitalak, beraz, etorkizunean areagotuko direlakoan gaude. Etengabeko aurrerapenak formatuetan, bilaketa-sistemetan, web aurreko dokumentuen digitalizazioan, oso garestiak dira. Oso ideia garbiak eta diruak ziurtatuta dituzten erakundeek baino ez dute hori egiterik izango, urte batzuen buruan lan egingo bada gutxienez, artxibo hutsalak egin beharrean benetako gordeleku berrizaleak, moldakorrak eta bestelako ekintzei lotuak gainera egingo bada. Unibertso osoan onarturiko irizpideak geureganatuz lot daitezke han hemenka sorturiko ekintzabide berdintsuak, hipertestua erabiliz eta, aintzinatean bezala, Alexandriako biblioteka bat sortu ahal izateko, izakiek etengabe sorturiko jakinduria sailkatu, hierarkizatu eta eskaintzeko.
Ez dago esan beharrik unibertsalitate-handikeria hauekin batera –hala ere, teknikoki eta teorikoki posible dira- Sarea oso tresna indartsua dela kultura eta hizkuntza txikientzat. Inoiz ez bezala hizlari gutxidun hizkuntzak irten daitezke mundura. Jakina, hizkuntza handiek, ingelesak gero eta gehiago, merkatua betetzen dute. Aldi berean, txikiak ager daitezke munduko leiho horretan. Hizkuntza batzuk erabiltzea, norberarena(k) eta tokian tokiko kulturak plantea osoan jakinarazteko handienak, dudarik gabe etorkizunean garatuko da. Gaurko gizartea, areago etorkizunekoa, hizkuntza anitz erabiliko du.
Etorkizun hurbila, non ez den arriskutsuegia aurresentipenak egitea, gero eta hipertestualagoa izango da, gero eta erlazionatuagoa, egituratuagoa, multimediagoa. Euskal kantuen artxibo erraldoi bat eskaintzeko ideia, non hipertestu-loturen bitartez eskura daitezkeen letrak, partiturak eta soinuak, eta bilaketa-sistema batez hori dena ordenatu eta berreskuratzea, posible da klik batekin aldizkari honetan aurki daitekeen Euskal kantutegian. Halako gauzak ezin ditu eskaini inprimatutako aldizkari batek. Haraxe doa geroa. Zuhurtasunak diosku hori, oraingoz, profezia bat baino hobeto desideratum bat izatea, ziurtasuna baino hobeto apostu bat.
Aurrerapena apostuak onartzen dituztenen eskuetan dago, baina. Aldizkari honek urte dexente darama horixe egiten, atsero. Erromatarren esaldi zaharrak zioenez: Fortuna audaces juvet.
Al alcance de la mano
Comunicación Básica en euskara-castellano
À portée de main
Communication basique en euskara-français
Aurreko Aleetan |