Josemari Velez
de Mendizabal, idazlea
Traducción al español
Bai; bost urte eman dira lehen zenbakia sarera atera genuenetik eta oraindik bizirik gaude! Ez dakit esan behar ote dudan sasoitsuago gaudela, osasunari buruzko eztabaidak erlatibotasunaren kontzepzio irristakorretik eramango baikintuzke. Abiapuntuan bezain itxaropentsu, bai, behintzat. Baina orduan bezainbeste galdera eta zalantzarekin ari gara bost urteren bueltan, bideak nondik jo behar duen ikusten dugun arren bideko eragozpenak gainditzeko gai izango ote garen behin eta berriz galdetzen baitiogu geure buruari. Ez dira nolanahiko oztopo, ez horixe. Batzuetan geure eztrebeziari egotz lekizkioke. Beste askotan, ordea, kanpo eragile kontrolgaitzei leporatu beharko genizkieke langak.
Euskonews & Media euskal kulturaren erreferente bat bilakatu da bost urte hauetan. Eta hori, gehien bat, lankide-sare zabalari zor zaio. Plantillan egon direnei eta, zer esanik ez, munduko hainbat eta hainbat tokitatik euren ekarpena bidali diguten lagunei. Guztioi, aurrera baino lehen, mila esker.
Eusko Ikaskuntzaren laurogeigarren urtebetetzea ospatzen ari ginen 1998an, eta aspaldiko data hartan bezala, elkarteak aitzindaritza hartu zuen beste behin euskal kulturaren esparruan, aukera berri honetan hedabide elektronikoei zegokienez. Baina Euskonews & Media-k nondik abiatu behar zuen erabakitzea ez zen lantegi erreza gertatu. Zein zitekeen bere eskaintza eta zernolako edukiak jorratu behar zituen eta zein eratan plazaratu ez zen izan egun batetik bestera erabaki genuen gaia. Eusko Ikaskuntza-ko Komunikabideak Saileko kide batzuen laguntzarekin – ezin ahaztu Javier Diaz Noci orduko presidentea eta Iñaki Azkoaga- poliki-poliki joan ginen antzematen Internet sareko astekari bati iraupen duina emateak suposatzen zuena. Erronka ez zen, ez alajaina, ahuntzaren gau erdiko eztula. Ilusioarekin atera ginen, dena den, bidea ibiliaz egiten dela jakitun.
Lehen zenbakia sarean ikusteak eta bertan esandakoak beste hedabide batzuetan oihartzun zuela jakiteak morala jaso ziguten, nola gainera! Aurreneko urratsa emanda zegoen. Orduan, zutik irauteko gauza ginela erakutsi behar genuen. Bost urtetako ibilaldia izan da, gorabehera askorekin baina, esan daiteke, joerak goranzko norabidea markatu du beti. Lehen zenbaki haren gaineko estatistikek eta gaur egunekoek ez dute batere antzik. Gero eta irakurle gehiago genituela ezagutzeak kezka biderkatu egiten zuen, asteroko erantzunaren gaineko errespontsabilitatea handiagotuz. Jaio eta urtebetera Euskonews & Media-ri eskaini zioten Argia Sariak – Eusko Ikaskuntzari edozein kontzepturengatik aspalditik inork eskainitako lehen errekonozimendua- pozez bete gintuen.
Bost urteotako balantze txiki bat egin beharko bagenu, honako datu interesgarriak aterako litzaizkiguke:
Zehazkizun batzuk:
Bost urte hauetan gehien irakurritako elkarrizketa Jorge Oteizari aldizkariaren lehen zenbakian eginikoa izan da. Arrazoi bikoitza da: alde batetik, aldizkarira lehen aldiz iristen diren internautek ohitura dute, portzentaia handi batean eta jakin minez, lehen zenbakira jotzeko; horrek esan nahi du zenbaki horretako artikulu batzuk ere oso bisitatuak izan direla. Bigarren arrazoia, noski, artistaren heriotzan dago1. Aste horretako estatistikek garbi asko azaldu zuten oriotarraren ospea munduko bazter guztietara iristen zela. Maria Asun Landa eta Javier Sadaba izan dira irakurleen arreta irabazi duten bigarren eta hirugarren pertsonaiak.
Zer esan artikuluei buruz? Irakurleen eguneroko bilakaera aztertzen ahalegintzen garenontzat ustekabe argigarria izan da, aldizkarira jotzen dutenen portzentaia handi batek, aurrera begira sortutako artikuluak bilatzen dituela jakitea. Hots, gaurkotasun biziko idazkiak izan ditugu bisitaririk gehien jaso dutenak. Biologia, medikuntza eta natur zientzietako gaiak jarri dira gure hit-parade partikularreko lehen postuetan.
Erredakzio Batzordearen bilerara hurbiltzen garenon ustez, prospektikaren bideari segitzeak garrantzi handiko erronka eta helburua dira, zientzia eta kulturaren ildoen norakoak antzematen lagungarri gertatzen baitzaigu eta, iraganari uko egin gabe, etorkizunean dugu ezinbesteko xedea. Gurearen gisako kultura minoritario batek garbi eduki behar du norantz joan nahi duen. Eta horren haritik, esfortzu berezia egingo du Euskonews & Media-k baita aurrerantzean ere. Plataforma egokiak bilakatu zaizkigu horretarako zenbaki monografikoak, hilean behin argitaratzen ditugunak.
Argi bereziz nabarmendu den beste atal bat KOSMOpolita izan da. Aldizkariaren hasieratik garbi eduki genuen aparteko tokia eskaini behar zitzaiela, euskal esparru geografikoan bizi ez diren euskaldunei, beraiek azal ziezaguten euren esperientzia, alde guztietatik aztertuta. Eta formula erreza zen arren, kostatu egin zitzaigun praktikara eramatea, batez ere lankideen sarea osatzea. Urtebete osoko eskaintza izan da orain artekoa, eta jarraitzeko asmoarekin gaude, noski.
KOSMOpolita-tik euskal emigrazioaren historia jorratu dugu eta baita eguneko egoera ere. Zertzelada batzuk bakarrik izan dira baina kanpoko euskal giza kolektibitateen arteko harremana sendotzeko balio izan dute. Baita, jakina, kanpokoen eta Euskal Herriko hiritarren zubia elikatzeko ere gertatu zaigu tresna egokia. Irakurle mordoa duen atala da eta kopurua handitzen doa, iristen zaizkigun datuen arabera. Bide horretatik jarraitzeko asmoa dugu eta lankideen sarea handiagotzea espero dugu, Eusko Ikaskuntzak berez euskal gizartea artikulatzeko duen ahalmenaz baliatuta.
Baina, batez ere, KOSMOpolita atala prospekziorako talaia bilakatu nahi genuke, aurrera begira munduko euskal kolektibitate desberdin eta aunitzen errealitatea ahalik eta hoberen islatzeko. Gorago esan dudan bezalaxe, Eusko Ikaskuntzak ez du bere lanean atzera bakarrik begiratu nahi, ezta hurrik ere. Horregatik behar ditugu ariketa ausartak, etorkizuna diseinatzen lagungarri gerta dakizkigukeenak. Lagundu nahi genieke kanpoko kolektibitateei euren buruen gaineko hausnarketa egiten. Beharrezkoa dute, aurtengo uztailean Gasteizen izandako III Kongresuak agerian utzi duen moduan. Euskonews & Media-ko atal honek bitartekotza eskaini nahi die diasporako euskaldunei, talde gisa eta gizaki moduan garatu beharreko proiekzioan asmatzeko.
Euskonews & Media errealitate bikaina dugu, eta erronka gero eta zailagoa bilakatzen ari zaigu, aldizkariaren asteroko edukia diseinatu behar dugunoi. Bost urte hauetan mila artikulugile baino gehiago lortu ditugu. Kasu askotan Eusko Ikaskuntzarekin lehenago inoiz batere harremanik izan ez dutenak. Eta zirkunstantzia horrek eragin positiboa du gure lanean. Beste datu interesgarri bat, gainera, idazle horien bataz besteko adina da. Eusko Ikaskuntzako kideen adin maila 45 urtekoa da; Euskonews & Media-ko lankideena, berriz, ez da 40ra heltzen. Alde batetik, beraz, kolektiboa gazteagoa da eta, bestetik, esperientziaduna. Nahasi orekatua dugu adinari dagokiona, aldizkariaren edukiari kalitatezko maila exijitu ahal izateko.
Lehen bost urtetako zikloa itxi da eta berriari ekiten diogu orain. Ez litzateke emaitza txarra izango, egunera arteko abiadurari eutsiz, neurri bereko bigarren zikloa amaitzean gaur bezain itxaropentsu bageunde. Tartean beste 220 zenbaki eta milaka lagunen helbide elektronikoak ditugu zain. Euskal kultura da helburua, beste edozeren gainetik. Mila esker, ibilbidea geurekin egin nahi duzuen guztioi. Eta ongi etorri!
1 Nahiz eta beste elkarrizketatu batzuk ere hil diren eurekin egindakoa argitaratu ondoren (Chillida, Bernaola,...) ez zuten - heriotza dela eta- Oteizak beste irakurlerik erakarri.
Al alcance de la mano
Comunicación Básica en euskara-castellano
À portée de main
Communication basique en euskara-français
Aurreko Aleetan |