Kzguneak, interneten trebatu eta nabigatzeko guneakEscuchar artículo - Artikulua entzun

Juan José Mendizabal, KZgunea Proiektuaren zuzendaria
Versión original en español

KZguneak, Interneten trebatu eta nabigatzeko zentro publikoak dira. Sare hau Eusko Jaurlaritzak eta Euskadiko udalek jarri zuten abian, Informazioaren Gizarterako Euskadi Planaren harian.

Gure asmoa informazio eta komunikazioetarako teknologia berriak erabiliz aurrera egitea, garapen ekonomiko eta soziala bultzatzeko aukerez baliatzea, eta hauen eskutik datozkigun kohesio soziala eta elkartasuna sustatzea baldin bada, ezinbestekoa da hiritarrek teknologia berriak beren eguneroko bizitzan sartzea, eta hauek erabiltzeko gauza izatea.

Eusko Jaurlaritzak, euskal gizartean Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien (IKT) erabilera orokortzeko asmoz, KZgunea Programa sortzeko erabakia hartu zuen 2001eko udaberrian. Eusko Jaurlaritzako Informatika Elkartea (EJIE) arduratu zen Programa hau landu eta garatzeaz.

Programa honen helburu nagusia, hiritarrei teknologia berriak erabiltzen -batik bat Interneten nabigatzen- erakustea da, eta arreta berezia eskaintzen dio egokitzeko arazoak dauzkan jendeari. Asmo horrekin prestatu dugun Kalitatezko Planean, Programa honen bidez bete nahiko genituzkeen helburu orokorrak zehaztu ditugu, eta baita operatibo, adierazle eta neurketa sistemak ere. Gainera, KZguneetako prozesuak ere xehetasun guztiarekin zehaztu ditugu. Programaren ardatz nagusia kalitatea dugu; izan ere, horixe da arlo guztietan bilatu nahi izan duguna, eta gure egitasmoaren arrakasta bermatzen duena. Kalitatearen alde egin dugun apustua bide onetik doala ikusteko, esan beharra daukagu Programa abian jarri genuenetik urte bat besterik igaro ez denean, ISO 991/2000 ziurtagiria eskuratu dugula.

KZgunean, instituzioen arteko Programa bat izanik, garrantzi berezia daukate entitate lokalek: batetik, entitate hauek hiritarrengandik oso hurbil daudelako, eta, bestetik, erraztasun handiak ematen dituztelako hiritarrekin harremanetan jartzeko. Hori dela-eta, Programa hauek abian jartzeko, Lankidetza Hitzarmen bat sinatzen da EJIEren eta dagokion udalaren artean, oinarritzat Eusko Jaurlaritzaren eta EUDELen (Euskadiko Udalen Elkartearen) artean sinatu zen Hitzarmen Markoa hartuz.

Nagusiki bi dira KZguneetan eskaintzen ditugun zerbitzuak: trebakuntza eta nabigazio askea. Trebakuntzaren alderdian, oinarrizko maila hartzekoak irakasten ditugu; helburua Internet ezagutzea da, eta sareari lehendabizikoz hurbiltzen zaion jendeari dago zuzenduta. Edukiari dagokionez, alde batetik 20 orduko ikastaro bat daukagu, “Emaweb” izeneko aldaera daukana, eta baita ere 10 orduko beste ikastaro bat, hirugarren adinekoei zuzendua, “Nagusiweb” izena duena. Ikastaro hauek presentzialak dira, eta tutoreak arduratzen dira irakasteaz. Erabiltzaileek, oinarrizko eskaintza honetaz gain, tresna aurreratuagoetan sakontzeko materialak ere eskuratu ahal izango dituzte, eta baita Interneten murgiltzen lagunduko dieten eduki praktikoak ere. Ikastaro edo mintegi aurreratu hauek on-line edota modu presentzialean egin daitezke, eta aukera batean zein bestean ikasleek KZguneko tutoreen laguntza jasoko dute.

Internetez nabigatzeko aukerari dagokionez, gune hauetan dohainik eskaintzen dugu zerbitzu hau. Erabiltzaileek, betiere, arau batzuk errespetatu beharko dituzte nabigatzerakoan, eta tutore baten laguntza jasoko dute.

Aipaturiko zerbitzuen ezaugarriak aipatzerakoan, bi azpimarratu nahiko nituzke: batetik, hiritar guzti-guztiek jo dezaketela gune hauetara -betiere 16 urtetik gorakoak badira-, eta, bestetik, dohainekoak direla.

Programaren helburu nagusiak hiru dira: erabiltzaileen kopurua 185.000koa izatera iristea; 74.000 pertsona trebatzea; eta gizartearen %100arengana iristea, hau da, Euskadiko udalerri guztietan egotean KZgune bat. 2001eko urrian lehenengo gunea zabaldu genuenetik, 93.000 erabiltzaile baino gehiago izan ditugu, eta 45.000 lagunetik gora trebatu dira gurekin. Hedapenari dagokionez, berriz, Euskadiko %82an gaude presente. Guztira 165 gune operatibo dauzkagu.

Programa bere ekuadorrean dagoen une hauetan ikusten dugunez, gune hauek oso erabilgarriak dira hiritarrek teknologia berriez baliatzen diren zerbitzu publikoetara jotzeko. Hartara, KZguneak paregabeak dira trebakuntza sektoriala jasotzeko zein Administrazioak on-line eskaintzen dituen zerbitzuak erabiltzeko, besteak beste. Jada abian dauzkagu mikroenpresei eta merkatariei zuzenduriko trebakuntza programak, eta zerbitzu publikoekin lotuta dauden hainbat eskaintza ere badauzkagu. Oraingoz, esperimentatzeko asmoarekin ari gara hau guztia prestatzen, baina gerora sakonkiago lantzeko borondatearekin.

KZguneetan daukagun beste alderdi garrantzitsu bat, "Erabiltzaile Aktiboak" izenekoa dugu. Bere helburua, hiritarren artean maila lokaleko eduki eta zerbitzuak sortzea da. Dagoeneko hirurogei elkarte lokal baino gehiago sortu dira honen haritik.

Bukatzeko, esan KZgunea berebiziko azkartasunez ari dela garatzen. Gainera, kalitate zein kantitatearen aldetik hobekuntza handiak ekarriko dizkigun tresna eta zerbitzu berriak sartzen ari gara, bai teknologia berriak gizarteratzeko, eta bai euskal gizartea informazioaren gizarte berrian txertatzeko.

Lotutako artikuluak

Zure iritzia / Su opinión
euskonews@euskonews.com

Al alcance de la mano
Comunicación Básica en euskara-castellano

À portée de main
Communication basique en euskara-français

Within hand's reach
Basic communication in Euskara-English

Zum greifen nahe
Basiskommunikation Basquen zu Deutschen

GAIAK
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2003/09/19-26