Bizitza osoa Athletic-enEscuchar artículo - Artikulua entzun

Josu Urrutia Telleria, Athletic-eko jokalari ohia
Traducción al español

Izan eta sentitu, hori nahikoa pribilegio ez bada, nik, gainera, ATHLETIC CLUBen talde nagusian jokatzeko pribilegioa ere bizi izan dut.

Norberaren bizitzako etapa bat, futbolariarena, amaitzeko unea heldutakoan, eta nik legez halako zorte onarekin eta pozik egoteko hainbeste motiborekin eginda, gero nahitaez norberak ere jendaurrean esker ona erakutsi beharra sentitzen du.

Azken egunotan, beste betebehar bat ere banuela sentitu dut: nik ATHLETICentzat eta ATHLETICen jokatzeko neure ilusioa eta pribilegioa beteta ikustearren zuzenean nahiz zeharka euren ekarpenarekin parte hartu izan duten pertsonen zerrenda egitea.

Zerrendak erraz irteten zuen, izan ere, logikoa den legez, Ana, aita, ama, anai-arreba, senide, adiskide, lagun, teknikari edo Klubeko enplegatuengan pentsatzen hasi nintzen. Benetan, eta meriturik ez garrantzirik kendu barik, zereginik errazena zen, zeren haietako gehienekin harremanak atxikitzen baititut oraindik, estuak nahiz noizbehinkakoak, eta dagoeneko behin baino gehiagotan erakutsi izan diet nire esker ona.

Denbora gehitxoago behar izan nuen hainbesteko harremanik izan ez nuen beste pertsona batzuekin. Kasuren batean, gainera, haiek nirekin egon izana ahaztuta edo eurek garrantzirik gabekotzat jota geratu da, beharbada. Une horretan elkarrekin bizi izan genuen harako anekdota edo pasadizo hura gomutatu gura izan nuen, haiei neure barru-barruko esker oneko omenaldia egiteko.

Eta, ibilbide hau egiten ari naizela, gogoeta bat behin eta berriro: guztiok, eta beste askok, ATHLETIC izan eta sentitzeko pribilegioa dugu erkide. Badakit, xehetasunera jaitsita, ATHLETICen egunerik egunekoa bizitzeari dagokionez, bakoitzak kontu batzuetan bere ideiak ekarri ditzakeela. Baina, funtsezkoenean, izan eta sentitzean, denok gaude ados, hau da, kirol-helbururik handienak lortzen saiatzea ATHLETIC diren eta sentitzen duten jokalariekin, eta, emaitza bera garrantzitsua izanik ere, garrantzitsuena zelan lortzen dugun dela. Azken batez, funtsezko arrazoi horiengatik eta arrazoi historikoengatik, ATHLETIC, geuk halaxe nahi dugulako, eten gabe garatzen ari den egitasmo bat izan behar dela, indarra eta filosofia ematen dizkion gizarte horrekin konpromiso bat duen egitasmoa.

Argazkia
San Mamesen agurra.

Eta zerrenda osatzeko zereginera etorrita, euren bizi-erreferentzietako bat ATHLETIC bera eta horri datxekiona zuten eta seguruenez oraindik ere duten jende ugari horien artean, orain gogoratu nahi nuke pertsona-multzo berezi bat, nire prestakuntzan —pertsona gisa eta kirolari gisa— oso laguntzaile nabarmenak izandakoen zerrendan eskubide osoz agertzen diren zenbait gizonek eta emakumek osatutakoa.

Eta dira, hori argi dago, lehenengo garai haietan, 78tik 83ra arte, nire taldekideak izandakoak. Zoriak desberdin jokatu zuen; batzuek futbolean segitu zuten eta beste batzuk, futbola utzi eta zenbait lanbide eta ofiziotan, irakaskuntzan edo medikuntzan lan egiten hasi ziren, edo beste batzuek enpresa egiteari ekin.

Harako sasoi haiek gogoratzean, neure bizipenen xehetasun txiki asko datozkit burura. "Gure" lehenengo lesio larritik —tibia eta perone apurtuta, gaur gazteak prestatzen eta hezten diharduenari gertatu bezala— atezain baten zaletasun paregaberaino, izan ere, orain dela urte asko bere herritik kanpo bizi den arren, ez du aukerarik galtzen, behar izanez gero baita lan-plangintza aldatuta ere, bere bihotzeko taldearen denboraldiaurreko partiduetara joateko Europako kanporaketa-partiduren bat balitz bezainbesteko gogo eta leialtasunarekin.

  Argazkia
Urrutia lagun batekin gaztaroko urteetan.

Logikoa den legez, badaude zer kontatu triste batzuk ere, baina onak dira gehien-gehienak. Azken hauen artean, berraurkitze batzuk gogoratzen ditut; esate baterako, hogeita bost urte igaro ondoren, nire antzinako taldekide batzuk Lezamara itzuli dira, eurek lan egiten duten enpresek agindutako eginkizunetan. Oraingoan, instalazioetan konponketak egiteko edo mantentze-zerbitzuetan jarduteko. Edo, adibidez, haietako baten —hain zuzen ere, dagoen lekuan dagoela ere, ez du aukerarik galtzen nabarmen uzteko ATHLETICi dion jaiera— alabarekin batera protagonista izanda, dauden lehenengo jaunartzearen oroipenik bitxienetako batean parte hartzeagatik sentitu nuen poza.

Eta haiekin batera, euren gurasoak, aiton-amonak, edo adiskideak, zeintzuek, gauza bategatik edo besteagatik, entrenamenduetan eta zelaietarako joan-etorrietan auto-gidari eta tutore egiten baitzuten txandaka. Ilusioa ilusioaren gainean zen, gureak logikoak, futbolean jokatzeko eta ATHLETICen egiteko, eta gure nagusienak, Kluba, euren kluba, sendotzen parte hartzeko ohorea edukitzeagatik.

Guztiek ondo jakinda kasurik gehienetan ilusio hark ez zuela lortuko semea, ilobak, edo anaia ATHLETICen kamiseta nagusia jantzita jokatzen ikusteko saria. Baina hori ez zen oztopo euren dedikazio eta sakrifiziorako; aitzitik, euren Klubaren historian, denbora labur batez eta idatzita jaso gabe, parte hartzeko ohorea edukitzearen ahalegina eta ordainketa eskuzabala zen.

Jende-talde hark, mutilek zein nagusiek, bai zekiela argi eta garbi ATHLETIC izatea eta sentitzea zer den.

Niri dagokidanez, gainera, neure esker onik bero eta bereziena dute eta halaxe adierazten diet denei, zeren eurak euren ilusioarekin, euren eskaintza eta jardun eskuzabalarekin, neure pribilegioa posible egin zutelako.

Zure iritzia / Su opinión
euskonews@euskonews.com

Al alcance de la mano
Comunicación Básica en euskara-castellano

À portée de main
Communication basique en euskara-français

Within hand's reach
Basic communication in Euskara-English

Zum greifen nahe
Basiskommunikation Basquen zu Deutschen

GAIAK
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2003/10/17-24