Venezuela, “zaperoco”galantaEscuchar artículo - Artikulua entzun

Pilar Diez Arregi, Programa-País Venezuela. Caracas, Venezuela
programapais@cofavic.org.ve
Traducción al español

Familia eta lagunak kontatzen didatenez, Venezuelari buruz berri gutxi heltzen dira egun Euskadira. Komunikabideen isiltasuna dela eta, pasa den abenduan hasi eta bi hilabete t’erdi iraun zuen greba, gobernuaren alde edo kontra antolatutako kazerolazoak, zauritu eta hildakoekin bukatzen ziren martxa eta kontramartxak, ahazturik edukiko ditu jendeak Giroa pixka bat baretu den arren, gizartea bitan banandu duen krisialdi ekonomiko eta politiko batean murgildurik dago herrialde hau.

Lehendakaria gobernutik irten dadin konstituzio nazionalak erreferendum ezeztatzailea aurrera eramateko zehaztutako pausuak ematen ari dira momentu honetan. Prozesua luzea eta zehatza da eta polarizatutako bi taldeentzat -chavistak eta antichavistak- ez da erreza. Agintaria amorruz ikusten dutenek, egun batetik bestera Venezuelatik urrun ikusi nahiko lukete, baina ordezkoa nor izan litekeen ez daukate argi (“la cuestión es salir de Chávez y luego ya veremos”). Ofizialistentzat ordea, hitza eta protagonismoa eman dien politiko “bolibarianoa” da beren esperantza bakarra eta prozesu iraultzaileari fidelitate osoz jarraituko diote (“tendremos a Chávez hasta el 2021”). Venezolanoen arteko banaketa zorrotza da benetan. Kalean eta komunikabideetan, ezberdin pentsatzen duenarekiko errespetu falta sentitu daiteke eta elkar asmatutako nazio proiekturik egiteko borondaterik ez dagoela baieztatzera ausartuko nintzateke. Bakoitzak itsu segitzen dio bihotzak eta barneak esaten diotenari.

Ekonomia alorrean ere, gauzak zail xamarrak daude. Azken urteetan ekonomi informalean lan egiten duen kopuruak gora egin du eta orain, grebaren ondoren pairatutako galerei aurre egiteko beharrezkoa den hazkunde ekonomikoa lortzea, ez da erreza izango. Bestetik, kapitalen ihesa dela eta, otsailetik moneta kontrola dago. Dolarrak erosteko askatasuna murriztu da guztiz, baldintza zehatz batzuk eskatzen baitituzte. Bestalde, dibisak saltzeko orduan, bolibar kantitate fijo bat emango dizkizu banketxeak, merkatuaren gorabeherei kasu egin gabe. Kontrolaren atzetik deskontrola dator eta merkatu paraleloa berehala sortu zen, espekulazioa zabalduz eta herri honetan lotsagarria den ezberdintasun sozialak areagotuz.

Panorama ilun honekin gutxi dira Venezuelara etorri nahi dutenak. Caracas’eko Espaniar Kontsulatura gerturatutakoak ordea, zenbakaitzak dira. Europar pasaporte bat eskuratu nahirik, aiton-amonen jaiotza-agiria eskuan, ilara amaigabeak osatzen dituzte. Bere garaian arbasoek egin zutenen legez, bizitza egonkor eta lasaiago baten bila edonora eta edonola joateko prest daude.

Hemendik lanean gabiltzanoi, zer arraio egiten dugun galdetzen digute askotan. Eginbeharrekoak asko dira eta gauzak ez dira egun batetik bestera aldatzen. Giza alorrean mugitzen garenok, “zaperoco” (kakanahaste) honi aurre egin nahi diogu tokiko jendearekin batera. Ea zerbaiterako balio duen.

Lotutako artikuluak

Zure iritzia / Su opinión
euskonews@euskonews.com

Al alcance de la mano
Comunicación Básica en euskara-castellano

À portée de main
Communication basique en euskara-français

Within hand's reach
Basic communication in Euskara-English

Zum greifen nahe
Basiskommunikation Basquen zu Deutschen

GAIAK
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2003/10-31/11-07