A basque in OxfordEscuchar artículo - Artikulua entzun

Xabier Ezeizabarrena, Basque Visiting Fellow, St. Antony’s
Argazkiak: http://www.oxford.gov.uk/oxford/leisure.nsf/pages/parks.html
Español
English

Michaelmas Term 2003/04, week 1

Michaelmas term aroari hasiera ofiziala eman baino pixka bat lehenago heldu naiz Oxfordera. Eta, iritsi orduko, etxeko lanak ipini dizkiot nire buruari, esperientzia honi buruzko kontakizun labur batzuk idazteko konpromisoa hartu baitut. Esan dezadan burutapen hau Demetrio Loperena & Mr. Felix Dodds jaunena izan dela. Azken hau nirekin izan zen Donostiari agur esan nionean. Nazio Batuetako lobbysta britainiar ospetsu bat da eta, besteak beste, 6 Nazioen Txapelketan errugbi talde euskaldun batek parte hartzeko ekimenaren sustatzailea. Egitasmo horrek aurrera egingo balu, euskaldunekin guztira zazpi izango lirateke talde parte-hartzaileak; ikuspegi estetiko eta politikotik askoz ere kopuru interesgarriagoa.

Kasu honetan, abiapuntuak Oxford baizik ezin zuen izan. "Town & Gown"-en hiria. Esparru eta kolore guztietako akademiko zein intelektual britainiar, europar eta mundu osokoen topagunea. Roger Bannister Christ Church College-ren almenen pean lau minutu baino gutxiagotan egindako milia mitikoan bezala sentitzen naiz, baina Oxfordek Erresuma Batuaren eta Europaren baitan duen nortasun bereziaren ikuspegi bitxia hartuta. Hona hemen Oxfordeko nire egonaldi preziatuaren historia. Egia bihurtutako amets baten historia.

Oxforden, hiru sasoitan banatzen dute urte akademikoa: hurrenez hurren, Michaelmas term, Hilary term eta Trinity term dute izena. Garrantzi gutxi dauka egutegian zein egun zehatz hartzen dituzten, eta, gainera, ez dira sistematikoki hiruhileko jakin batzurekin bat etortzen. Benetan axola duena, hiri unibertsitario berezi honen barrualde eta kanpoaldean jazotzen dena da, ikasgelen barrualde eta kanpoaldean, tabernen barrualde eta kanpoaldean. Funtsean, tradizioa, formalismoa eta anarkia akademiko zein soziala txukun biltzen dituen espiritu arraro batek hartutako lurralde honetan bizi den pertsona bakoitzaren adimen bitxiaren barrualde eta kanpoaldean.

Larunbat goizean iritsi naiz Sant Antony´s College-ra. Monasterio erromanikoek izaten duten bezalako ate batetik sartzen da bertara, Woodstock road inguruan. Barrura sartutakoan, hasieran, besteak bezalako ikasle bat ematen nuen, baina, atezainak ezagutu nauenean, College-ren atarian bertan (Pigeonshole) dauden postontzietako batera zuzendu naiz, nire posta jasotzera. Handik gutxira, gure arraun taldearen plangintza eta entrenamenduak antolatzeko egin beharreko bileraren eguna eta data zehaztu dizkidate: igandean izango da, biharko egunean, gaueko hamarretan. Ordua, bitxia bederen bai. Dirudienez, interesgarria iruditu zaie nire jatorria, eta, hortaz jabetuta, hasiera batean behintzat St. Antony's-eko Hilda Besse-ko arraunlarien bilkurara agertuko naizela agindu diet. Minutu gutxi batzuk besterik igaro ez direnean izan dut bigarren ustekabea. Sant Giles bulebarretik barna, eliza musika eder bat iritsi zait belarrietara. Kantari gazteen abesbatza bat, dudarik gabe. Bertako eliza ttipian sartu orduko, eta adeitasun britainiarrari omen eginez, salmoen liburu eder batzuk luzatu dizkidate, esertzeko leku bat egin didate, eta, nola ez, ordu erdiz eurekin batera abestera gonbidatu naute. Eliztarrek pozik ziruditen ni beren artean ikusita, eta ahalik eta ondoen abesten saiatu naiz.

Michaelmas Term 2003/04, week 2

Oxforden igarotako bigarren aste hau nahikoa izan da dagoeneko ametsetan hasteko bertako kale, eliza, konbentu zein ubideen arimak eraginda.

Etxadi multzo berberean, Edmund Halleyk bere kometa begiztatu zuen etxera sar zaitezke; Britania Handiko museorik zaharrena den Ashmolean museoa bisita dezakezu; J.R. Tolkienek bere trilogia famatua idazteko inspirazioa jaso zuen tabernan bertan zure ezpain zein adimena busti; edo zergatik ez, Lutwidge Dogson matematikoak trigonometria lauaren formula zehaztu zuen ubidean bainu bat hartu ere. High Street barrena, batzuentzat Inglaterrako kalerik ederrena, Collegerako bidean Samuel Johnson, Adam Smith, Jonathan Swift, Roger Bacon, Oscar Wilde, Graham Greene edota Indira Gandhiren ibilerak berdindu ditzakezu.

Baina Oxford, historian zehar, hori baino askoz gehiago da. Aintzinako kronikek diotenez, XII. mendean erlijio ordenetako ikasle batzuk Parisera ikastera joateko asmoa erakutsi zuten, baina Enrike II Erregeak ez zuen asmo hura onetsi eta berehala debekatu zuen Frantziara aldegiteko ustea. Debeku horri erantzun bat aurkitu nahian ikasleak Oxforden biltzen hasi ziren, garai hartan Tamesi ibai gainean eraikitako hiri komertziala besterik ez zena, Londonetik 55 bat miliatara.

Michaelmas Term 2003/04, week 3

Duela egun gutxi jaso nuen Sant Antony’s College arraun taldearen lehenengo jakinarazpen ofiziala. Mezu elektronikoan Tamesis ibaira egingo genuen lehenengo irteera aipatzen zen. Zehazki esateko, hitzordua egiten zuen sei eta erdietarako Sant Antony’s-eko sarreran, hortik talde osoa ibaiaren alderik zabalenera joateko. Mezuak ez zuenez argitzen hitzordua goizez edo arratsaldez zen, badaezpada ere, entrenatzaileari galdetu nion ordua “AM” edo “PM” zen. Handik segundo gutxira, nire posta elektronikoan jaso nuen erantzun zehatza: hitzordua, nire Oxford-eko bigarren ostiral horretako goizeko 6:30etan zen. Hartutako konpromisoa nire egitea besterik ez zitzaidan geratzen eta hainbestetan desiratutako esperientzia bizitzeko, Oxford-en arraunlaria izatearena alegia, prestatzea. Inoiz ahaztuko ez dudan ostiral hartan, goizeko 6etan, bizikleta gogotsu hartu eta, gosari arin baten ondoren, pozik joan nintzen Banbury Road kaletik Sant Antony’s-eraino. Bizikletari giltzarrapoa jarri eta, nerabe nintzeneko saskibaloi, tenis, atletismo eta gainerako kirol zaletasunak utzi nituenetik, nire kirol hitzordu garrantzitsuenari aurre egitera abiatu nintzen, ilunpetan. Hain zuzen ere, goizeko sei eta erdiak ziren eta, ez College osoan ez Oxford iparralde osoan, ez zeuden Sant Antony’s-eko arraunlariak besterik, gure ezorduko zitari leial.

Sumatzen nituen oinaze-aukerek ez didate hutsik egin, izan ere hitzartutako orduan taldean korrika hasi gara “Boat club-erantz”; Woodstock Road kalearen bukaerara heldu, Sant Giles, Cornmarket, High Street, Sant Aldates zeharkatu eta, bukatzeko, Christ Church College-ra heldutakoan, mendebalderantz abiatu gara. Leku horretan, hain ospetsua den College-aren sarreran, Oxford lur zabal bihurtzen da, egokia nolanahi ere, kirol zein nekazaritza eta abeltzaintza xedeetarako. Behi batzuk bazkatzen dira eta besteek lo jarraitzen dute gu handik igarotzean. Zelaiak eta haritz nahiz pagodun zuhaizti izugarriak zeharkatu eta gero, Tamesisak Oxford-etik igarotzean duen zatirik zabalenera heldu gara.

Beroketa egokia egin eta lehenengo zailtasuna: hainbat ezkutu, zutoihal eta, nola ez, kolore eta tamaina guztietako arraunez betetako garaje estu eta luze batetatik batela ateratzea. Batelarekin garaje erdian jarri garenean, arraunlariok patroiaren aginduak jarraitu ditugu, dirudienez berak zuzentzen baikaitu bai uretan (Tamesis ibaian, edo Isis ibaian, Oxfordeko terminologian) bai hortik kanpo.

-“Now, guys, two inches up”;
-“On your legs at three”,
- “On your shoulders at four”,
- “Onto the water at three”.

Eskifaia, zalantzarik gabe militar jatorria duen patroiarekin batera, honakoek osatzen dugu: nire Tomsk-eko laguna, Göteborg-eko Marcus, Gales hegoaldeko Michael, Shasha izeneko iparramerikarra, Buenos Airesko Diego, Lurmutur Hiriko Jonatahan, Hamburgoko Ernst eta ni neu. Ez naiz gehiegi luzatuko “Isisko” uretan gertatu denarekin baina zortziok batera arraun egiten genuenean batelak hegan egiten zuela zirudien. Nola ez, korrika egiten bueltatu gara Sant Antony’s-era eta orain badakit “ arrauna sartzea “ esaeraren esanahia.

Etxeratzean, nire alaba Sofia ere konturatu da nire egoera penagarriaz: eskuak eta ipurdia jausteko puntuan, baina hori bai, barruan, oso barruan, askoz ere gazteago sentitzen naiz.

Lotutako artikuluak

Zure iritzia / Su opinión
euskonews@euskonews.com

Al alcance de la mano
Comunicación Básica en euskara-castellano

À portée de main
Communication basique en euskara-français

Within hand's reach
Basic communication in Euskara-English

Zum greifen nahe
Basiskommunikation Basquen zu Deutschen

GAIAK
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2003/11/14-21