Euskadiko Artxibo Historiko Nazionala: Talde-oroimena babesteko eta beraren ezagutza sustatzeko azpiegituraEscuchar artículo - Artikulua entzun

Borja Aginagalde, IRARGI
Traducción al español

Kultura Sailak (Irargi izenez ezagutzen den eta egoitza Bergaran duen Euskadiko Dokumentu Ondarearen Zentroaren bitartez) azken 10 urteotan garatutako artxiboen politika helburu eta egitasmo anitzek osatu dute, eta guztien amaierako xedea izan da Artxibo Zentro bat sortzeko baldintza egokiak eskaintzea hartara, zerbitzua bertan kokatzeko eta, batez ere, artxiboko funtsak gordetzeko zerbitzu bat antolatzeko, hainbat uztez izandako hutsuneari eta egindako eskariari erantzunez. Zentzu horretan, “Artxibo Nazionala” izeneko azpiegitura Artxiboen politikaren garapenari dagokion fase baten moduan ulertu behar da.

“ARTXIBO HISTORIKO NAZIONALAREN” (=EAHN) FUNTZIOA ETA ZENTROAREN FUNTZIOAK

“Artxibo Historiko Nazionalaren” funtzioa behar den bezala garatzeko funtsezkoa da lurralde-mailako eta alor anitzetan eskumenak dituen Administrazio batetik abiatzea. Euskadik hainbat erakunde propio sortu ditu dagoeneko, autogobernua osatuz, baina aipatutako funtzioa garatu gabe dago, egoera aproposa iristeko zain beti.

Oso garrantzitsua da EAHN sortzea, Herrialdeak berak izandako bilakaera historikoaren ikuspegitik. Azken hogei urteotan metamorfosi izugarri handia ezagutu du Euskadik administrazio- eta gizarte-mailan, bai eta politikoki eta historikoki ere. Gaur egunera bitartean premiazkoagoak ziren bestelako beharrei eman zaie lehentasuna Artxiboen politikaren bitartez, baina unea iritsi da Euskadiko oroimen historikoa kontserbatzeko, zabaltzeko eta etorkizuneko belaunaldiei ezagutzera emateko balioko duen azpiegitura egokiak eskuratzeko.

Artxibo Nazionala ezinbesteko elementutzat jotzen da, gaur egun eta etorkizunean, Herrialdeko balioen sedimentazioa lortzeko, besteak beste:

Euskadiren talde-identitatea sendotzeko, nortasun propioa eta Gobernu propioa dituen lurralde-entitate bat dela azpimarratuz,

Gizarte-kohesioa eta kultur kohesioa indartzeko, kohesioa sendotuko duten dokumentu-elementu objektiboak eskainiz

Taldeko Kultur Ondarea agiri-euskarrian jasotzeko hartara, Erkidegoak izandako bilakaera historikoa kontserbatzeko eta erakusteko

Eta errealitatea, iragana zein oraina izan, interpretatzeko dokumentazioa eskuratzea ahalbidetuko duen esparru fisikoa antolatzeko.

Artxibo Nazional edo Orokorrek hiru funtzio betetzen dituzte eta horiexek dira, hain zuzen, EAHNrekin lotuta ere aurreikusi direnak:

· Talde-oroimena gordetzea. Euskal Herriko talde-oroimena gordetzeko funtzioa dagokio artxibo nazionalari, Kultur Ondareari buruzko Legean xedatutakoaren arabera. EAHNan gordeko da Herrialdeari buruzko artxiboko informazio guztia -euskarri anitzetan-, eta EAHNren ardura izango da gure oroimena babestea eta kontserbatzea. Xede horrekin, EANak bere instalazioak utziko ditu erakunde eta partikularrek eduki ditzaketen Artxibo Funtsak, eta bestelako funts eta artxibotan Euskal Herriko historiari buruz jasotako edonolako informazio bertan gordetzeko.

· Herri Administrazioaren Artxiboen egituraren ardatza izateaz gain, Artxiboen Sistema Nazionalaren buru ere badira (guri dagokigunez, EKOLean diseinatua, 78. artikulutik 81.era); eta, ildo horretan, Administrazioaren beraren edo bere Organismo Autonomoen eta enpresa partaidetuen dokumentazio historikoa, balio izugarria duena, gordetzeko helburuarekin sortu dira.

· Autonomia Erkidegoko Kultur Zentro enblematikoa izatea lortu nahi da, ikerketa historikoaren zerbitzura lan egiteko eta kultur hedapenaren eta sorkuntzaren eragile garrantzitsu bihurtzeko.

EAHNren LAN-ARLOAK

Dokumentu Ondarea babestea, kontserbatzea eta berreskuratzea.

EAN artxibo-antolakuntzaren esparruko maila altuena da Euskadin eta, zentzu horretan, berari dagokio “Euskadiko oroimen historikoa” babesteko, kontserbatzeko eta eskaintzeko erantzukizuna. Eta hori guztia lortzeko, balio historikoa duten Artxibo Funtsak kontserbatzeko – hedatzeko zentro bihurtuko da EAHN.

Gero eta gehiago dira artxibo-funtsak gorde, utzi eta abar ahalbidetuko dituen azpiegitura baten beharra azpimarratzen duten mota guztietako partikular, elkarte eta erakundeak. EAHN da mota orotako artxibo-funtsak biltzeko esparrua: enpresen artxiboak, industria-krisialdiaren ondorioz asko eta asko desagertzeko arriskuan; edonolako elkarteren funtsak; berebiziko garrantzia izan duten politikariei buruzko funtsak (lehendakari zaharrak, adibidez); familien funtsak, gero eta gehiago baitira xede dugun zerbitzua eskatzen duten familiak; politika, artea eta kirola gisako esparruetako pertsona ezagunen funtsak. Gaur egunera bitartean egon den hutsunea bete nahi da eta, zentzu horretan, udal, fundazio, elkarte, eta abarretan sakabanatuta kontserbatu diren funtsak leku bakar batean gordetzea lortu nahi da.

Artxiboen Sistema Nazionalaren garapena

2 elementutan oinarrituta egingo da EASNren garapena: araudia (2000ko abendua), eta izaera historikoko artxibo-funtsak gordetzeko azpiegitura sortzea. Lehenengo fasean, Gobernuak berak kontserbatu dituen eta balio iraunkorra duten funtsek osatuko dute EAHN, eta esparruan nahastutako Sailen arteko elkarlana behar izango da berau garatzeko.

Bestetik, Sistemaren burua dela aintzat hartuta, EAHNren ardura izango da Euskadiko Artxibo Zerbitzuen Sarearen koordinazioa burutzea eta sarea zuzentzea.

Kultur ikerketa eta hedapena

Artxibo Nazionalak Herrialde bateko kultur jarduera islatzen duten elementuak dira. Kultur jarduera horren baitan mota orotako erabiltzaile-segmentuak aurkituko ditugu, historia eta inguruko modalitate desberdinekin lotuta interesa duten pertsona adituetatik hasita pertsona zaletuetara.

Zentzu horretan, oraindik aztertu gabeko jarduera-esparru zabala geratzen da Euskadin, eta berehala konpondu beharreko arazo bat da. Horrez gain, mota horretako Artxibo batek ematen duen Herrialdearen ikuspegi orokorretik abiatuta bakarrik lortuko da interes orokorreko ikerketa-proiektuak aurrera ateratzea, toki-mailako ikerketetara mugatzen diren ekimenen ugaritzea gaindituz.

Garapen teknologikoa

Aipatutako guztiaz gain, EANren bidez konponbidea aurkitu nahi zaio egitura-mailako arazo garrantzitsu bati: “masa kritiko” nahikoa duten erakundeek bakarrik dute gaitasuna, dagokien eragin eta ekintza-esparruan, inbertsio eta garapen teknologiko garrantzitsuak egiteko.

Ildo horretan, EAN da ikerketa-proiektuak eta garapen teknologikorako proiektuak aurrera eramateko esparru egokia, esate baterako “Euskadi 2000Hiru – Euskadi Informazio Gizartean” Lehendakariaren Ekimena eta antzeko Gobernu-planak. Horrela, Badator zerbitzua sortu du Irargik, bai eta mota horretako Artxibo baterako azpiegitura informatiko propioa ere (tamaina eta diseinuaren zati txiki bat aldatu besterik ez da egin behar). EANri dagozkion funtzioak abiapuntutzat hartuta, Irargi Euskadiko Artxibo Historiko Birtualaren hasiera dela esan daiteke.

Informazioa eta hedapena

Lanbide-heziketako ikastaroak eta mintegiak programatzeko instalazio egokiak eskaintzen ditu EAHNk, eta gure jarduera profesionalean nahastutako eta interes handia duten taldeekin -administratzaileak, irakasleak, ikertzaileak, kultur animatzaileak, eta abar- diziplina anitzeko lanak antolatzeko aukera eskaintzen du, era berean, EAHNk.

Lotutako artikuluak

Zure iritzia / Su opinión
euskonews@euskonews.com

Al alcance de la mano
Comunicación Básica en euskara-castellano

À portée de main
Communication basique en euskara-français

Within hand's reach
Basic communication in Euskara-English

Zum greifen nahe
Basiskommunikation Basquen zu Deutschen

GAIAK
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2003/12/12-19