Liburutegi digitalerako bideaEscuchar artículo - Artikulua entzun

Teresa Agirreazaldegi, Joana-Albret Bibliotekonomia Mintegiko kidea eta EHUko irakaslea
Traducción al español

Liburutegia izango da, beharbada, ekipamendu kultural eta hezitzaile zaharrenetarikoa eta hedatuena. Liburutegia, ordea, ez da gauza soila, zenbait motatakoak baitaude. Liburutegi nazionalak, adibidez, herrialde baten bibliografia osatzeaz gain, biblioteka sistema osoaren gidaritzaren oinarri dira; liburutegi publikoak, berriz, herritarrok kulturara hurbiltzeko dugun eskubidean oinarrituta, instituzio publikoen ardurapean daude; unibertsitateetako liburutegiak ikerkuntza eta hezkuntza gorenen ardatz ditugu; eskoletako liburutegiek ikasleen trebakuntzan eta irakasleen pedagogian leku garrantzitsua bete beharko lukete; bestalde, erakunde zehatzei lotutako liburutegi eta dokumentazio-zerbitzuak ditugu, erakunde horien informazio beharrari erantzuteko sortuak; eta liburutegi eta dokumentazio-zentro espezializatuak, gai espezializatuak jasotzen dituztelako edota publiko zehatz bati zuzenduta daudelako.

Liburutegiak eta dokumentazio-zerbitzuak bi zutabetan oinarritzen dira: bildumetan eta zerbitzuetan. Batetik, ondareen aberastasuna eta egokitasuna dago, eta, bestetik, erabiltzaileen beharretara egokitzeko duten gaitasuna. Biblioteketako zerbitzuaren ardatza katalogoa da, hau da, liburu bakoitzaren deskripzioa, klasifikazioa eta indexazioa jasotzen dituen fitxa-bilduma; liburua aurkitzeko ezinbesteko giltza, alegia. Eginkizun horretarako arautegia finkatzea izan da, dudarik gabe, XX. mendean liburuzainen erakundeen kezka eta lorpen nagusietako bat. Deskripzioaren normalizazioa gauzatuta, katalogoen informatizazioa izan zen hurrengo pausoa; hala, bada, lehengo kartoi mehe txikietako informazio-bilduma erreferentzien datu-base bilakatu da. Sareek eta, dagoeneko, Internetek katalogo horiek urrutitik kontsultatzeko aukera eman dute.

Hori guztia, baina, iraultza handi baten hastapena besterik ez da izan, aurretik aipaturiko bildumak eta zerbitzuak lotuko dituena. Dagoeneko, biblioteketan, liburu, egunkari eta aldizkariez gain, txostenak, diskoak, CD-ROMak, bideoak, disketeak eta beste hainbat material daude. Aldaketa handiena, ordea, beste eginkizun baten eskutik etortzen ari da: ezagutzaren digitalizaziotik, formatu digitalean soilik kudeatuko diren edukietatik. Jadanik apurtzen ari da informazioaren eta euskarriaren arteko ezinbesteko lotura, eta horri dagokion kokapen fisiko zehatzaren ideia. Prozesu hori argi ikusten da egunkarietako dokumentazio-zerbitzuetan, non barruko informazio guztia eta kanpotik heltzen den gehiena formatu digitalean jaso, hautatu, analizatu, bildu, berrerabili eta banatu egiten den. Eta ildo beretik doaz irratietako eta telebistetako dokumentazio-zerbitzuak ere.

Liburutegi digitala zer den adierazteko, hainbat definizio daude, haren ezaugarriak, funtzioak edota osagaiak kontuan hartzen dituztenak. Hona hemen Tramullas-ek proposatutakoa: “Informazio digitala eskuratzeko, bidaltzeko eta modu teknikoan tratatzeko sistema bat da [liburutegi digitala], eta sistema hori dokumentu digitalen bildumak irauten duen denboraren inguruan egituratuta dago; orobat, dokumentu digital horien gainean erabiltzailearentzat oso baliagarriak izan daitezkeen zerbitzu interaktiboak eskaintzen dira”1.

Liburutegi digitalen gaiak profesionalen arreta eta inplikazio handia jaso du, IFLA (International Federation of Library Associations and Institutions) elkarte ospetsuaren webguneak erakusten duen legez. Ikastaro eta kongresu askotako gaia ere izan da (azkena Liburutegi Digitalen IV. Jardunaldietakoa2, Alacanten egin dena, azaroaren 10etik 12ra). Jende xehearen interesa ere jaso du gaiak, Yahoo edota Open Directory Project Interneteko direktorio ospetsuetan begiratu besterik ez dago Digital Libraries atalean dauden baliabideen kopurua eta azpikategoriak (kongresuak, literatura elektronikoa, tesi elektronikoak, metadatuak, erakundeak eta proiektuak eta bildumak, lehendabizikoan; eta liburutegi digitalen garapena, testu elektronikoen artxiboak, eskuratze askeko baliabideak, zientziaren argitalpenen artxiboak, eta e-liburuak eta erosketak: argitalpenak: digitala, bigarrenean).

Asko dira, inongo egitura fisikorik gabe, dokumentu digitalen bildumak osatzen dituzten liburutegi berriak; baita sarean dauden dokumentuen gidak eta direktorioak ere, orokorrak zein espezializatuak. Bestalde, betiko liburutegiek beren ondare historikoak digitalizatu eta sarean jartzen dituzte, haiek kontserbatzeko eta zabaltzeko modu egokia baita. Copyright gabeko literatur lan ezagunak ere sartu dira digitalizazioaren prozesuan, eta, gaur egun, oso bilduma ederrak daude eskura Interneten (adibidez, Gallica, Athena, Biblioteca virtual Miguel de Cervantes eta Internet Public Library: Books).

Proiektu handi askoren atzean, liburutegi nazionalak eta unibertsitateak daude. Goi mailako hezkuntzan, digitalizazioa aldizkari zientifikoak kontsultatzeko modutik hasi zen. Enpresa editore eta banatzaile handien eskutik, aldizkari zientifikoak eta hainbat datu-base unibertsitateko Intranet edota Internet sareetan kontsultatzeko moduan dira jadanik; milaka eta milaka dokumenturen testu osoak eskaintzen dituzte zuzenean. Hala ere, harpidetza horien gehiegizko kostuak eztabaida berpiztu du, eta foroetan dei egiten dute ikerkuntzako emaitzak sarrera irekia (open access) duten baliabideen bidez zabal daitezela. Ildo horretan, urriaren 22an, Berlinen, informazio zientifiko eta teknikoaren sarbide askearen aldarrikapena sinatu zuten Europako ikerketarako aktore garrantzitsu batzuek, batik bat alemaniarrek (Max Planck elkartea eta Ikerketarako Alemaniako Fundazioa) eta frantziarrek (CNRS eta INSERM)3. Bide beretik doaz AEBetako ARL (Association of Research Libraries) eta SPARC (The Scholarly Publishing and Academic Resources Coalition) erakundeak; eta, diru publikoarekin finantzatutako ikerketen emaitzak jabari publikoan jartzea da herrialde horretako Kongresuan aurkeztu den Public Access to Science Act lege proiektuaren helburua.

Ikusten denez, Internet batik bat edukiak da, eta liburuzainak eta dokumentalistak, beste profesionalekin batera, edukien industria horren kudeatzaileak. Testuinguru horretan, liburutegia, gero eta gehiago, modelo hibrido bat izango da. Katalogo informatizatua izango du ardatz, katalogo kolektiboetan integratuko dena, eta, Z39.50 moduko protokoloaren edo beste batzuen bitartez, hormarik gabeko liburutegi batera eramango gaitu. Katalogo horrek erreferentzi eta testu osoko hainbat dokumentutarako sarbidea eskainiko du, ondare propioetarako sarbidea barne. Liburuzainaren betebeharra baliabide horien antolamendua, katalogazioa eta mundu fisiko eta birtualerako sarrera eskaintzea izango da.

Eta Euskal Herrian zer? Egia esaten badugu, arlo honetan atzerapen handia daukagu. Biblioteka arloan ez dago politikarik, eta sakabanaketa, planifikaziorik eza, heziketarako zailtasunak eta baliabide gutxi dira egoeraren ezaugarri nagusiak.

Lehenik eta behin, katalogo kolektibo baten premia dugu, kalitatezkoa eta elebiduna; Euskal Herriko liburutegien ondareak jasoko dituena eta gure hizkuntza ofizialetan egongo dena. Eleaniztasunaren auzian, Azkue, Habe, Koldo Mitxelena edota Mondragon Unibertsitateko liburutegien esperientziak aprobetxatu behar ditugu, eta baita nazioarteko beste herrialde batzuetako liburutegiena ere bai; adibidez, Belgikako Bibliothèque Royalerena.

Euskal Herriko bibliografia nazionala osatzea da beste premietako bat, hau da, Euskal Herriko sorkuntza eta herri honen inguruan argitaratzen dena jasoko duen bibliografia. Alde horretatik, lege-gordailuaren erregistroa ez da nahikoa, eta, Joan Mari Torrealdaik eta Jon Bilbaok landutako bideak jorratu behar dira. Ikerkuntzarako oinarriak eta horren emaitzak bildu eta zabaldu behar dira, dudarik gabe; horretarako, Catàleg de Tesis Doctorals de Catalunya-ren moduko proiektuen falta sumatzen dugu (nazioarteko Ndltd-ren barruan ); edota UEUk euskaraz egindako ikerketa lanen datu-base moduko egitasmoaren zabalkundea (Inguma. Euskal Komunitate Zientifikoaren Datu-basea ). Pentsatzen dugu, halaber, gure erakundeek ere inplikatu beharko luketela open access (sarbide irekirako) egitasmoan.

Euskal Herriko ikuspegitik osatutako bilduma hemerografikoak behar ditugu, eta horien ustiapena eta kontserbazioa ziurtatzeko proiektuak. Liburutegietako ondareak digitalizatzeko politikak premiazkoak dira, ondare historikoen kontserbazioa eta zabalkundea bermatzeko. Eta ez hori bakarrik, gaur egun, Internet dugu hedabide nagusia, eta informazio asko bide horretatik soilik hedatzen da; horrenbestez, berandu baino lehen, artxibistikaren ikuspegiak erabili beharko dira informazio hori guztia behar den moduan gordetzeko.

Bestalde, bada garaia herriko liburutegiak kultura, hezkuntza eta aisialdirako lehen mailako egituratzat hartzeko. Eskatu behar zaie zerbitzu elebiduna, herriko bilduma aberatsa eta konpromisoa izatea gizarteko sektore guztiekin. Eta hori bermatzeko, baliabide ekonomikoak (bildumak erosteko eta lan baldintzak hobetzeko), teknikoak (katalogazio lanak agentzia batek ziurtatzeko) eta langileen trebakuntza eskaini behar zaizkie.

Hori guztia ezinezkoa da biblioteka eta erakunde bakoitza bere aldetik joaten bada, orain arte egin den bezala. Ezinbestekoa da biblioteken arteko sare sendo bat (edo batzuk) eta beren gainetik bide estrategikoak, politikoak eta teknikoak markatuko duen erakunde autonomo eta indartsu bat, nahikoa baliabide eta gizarte onarpena izango duena. Batzuek azken horri Biblioteka Nazionala deitzen diogu.

Badago beste faktore bat gaur egungo egoera amai dadin ezinbestekoa dena: hezkuntzarena. Euskal Herrian, bibliotekonomia, dokumentazio eta artxibistika alorretan ez dago unibertsitateko ikasketarik. Gazteek kanpoan ikasi behar dute, eta horrek zailtasunak ditu; baina ez hori bakarrik, unibertsitateko ikasketek sortzen dituzten sinergiak eta ikerketak behar-beharrezkoak ditugu gaur egun teknologia berriek eskatzen dituzten profesionalen trebakuntza handia eta jarraitua bermatzeko. Horren garrantziaz jabetzeko, Kataluniara begiratzea besterik ez dago.

1 Tramullas Saz, Jesús. “Propuestas de concepto y definición de la biblioteca digital”. In III Jornadas de Bibliotecas Digitales (JBIDI 2002).

2JBIDI 2003. Aurreko jardunaldien txostenak kontsultatzeko III Jornadas de Bibliotecas Digitales. JBIDI 2002.

3Conference on Open Access to Knowledge in the Sciences and Humanities, 20 - 22 Oct 2003, Berlin.

Lotutako artikuluak

Zure iritzia / Su opinión
euskonews@euskonews.com

Al alcance de la mano
Comunicación Básica en euskara-castellano

À portée de main
Communication basique en euskara-français

Within hand's reach
Basic communication in Euskara-English

Zum greifen nahe
Basiskommunikation Basquen zu Deutschen

GAIAK
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2003/12/12-19