Zuriñe
Velez de Mendizabal
Traducción al español
Oliver Twist pertsonaia 1839.urtean sortu zen Charles Dickens idazle eta kazetari ingelesaren eskutik. Dickens Portsmouthen jaio zen 1812.urtean, eta 1870.urtean hil zen. Adituek, Oliver Twist idazlearen lan kuttun bezala sailkatu dute behin baino gehiagotan. Eleberrian oinarritutako lehen musikala 1960.urtean sortu zuen Lionel Bartek, eta urte hartan estreinatu zuen komedia lana Londresen. Broadway-era ere iritsi zen ikuskizuna, besteak beste; munduko txoko guztietan lan arrakastatsua.
Bergarako Orfeoiak Oliver! lana euskaratzeko baimena jaso zuen 1999.urtean. Ordutik egindako lan gogorraren ondorioz, euskarazko musikalaz gozatzeko aukera izan dute Euskal Herriko gazteek. Guztira hamahiru ekitaldi eskaini dituzte bergararrek Bilbo, Iruñea, Gasteiz eta Donostian, eta jasotako kritikak oso onak izan dira. Valen Moñux izan da eszena zuzendaria Oliver! musikalean.
Bergarako hainbat taldek hartu dute parte ikuskizunean; Bergarako Orfeoia, Gabero abesbatza eta Bergarako Musika eskolako ikasleak. Azken emanaldia Donostiako Kursaalean eskaini zuten, eta arrakasta handia lortu zuen euskaraz eginiko saioak. David Azurzak zuzenduta, doinu misteriotsuarekin eman zitzaion hasiera obrari, eta lehenengo momentutik hara gerturatutakoen arreta guztia bereganatu zuten.
Dekoratuak etengabe aldatzen zituzten: hospizioa, Ingalaterrako hiriburuko kaleak, ehorztetxea... Guztia XIX.mendeko idazlearen obrak iradokitzen duenaren antzera. Liburuan, garai hartako giroa sumatu daiteke: pobrezia da nagusi, eta horren adibide da Oliver bera, txirotasunetik irteteko lapurretan egin behar duen pertsonaia gaztea. Baina Industria Iraultzak sortutako burgesia ere azaltzen da bai nobelan, baita musikalean ere, Bumble jauna, esaterako, protagonista jaio zen hospizioko jabea.
Musikaren garrantzia
“Guztira ehun pertsona baino gehiago igo ziren eszenatokira euskarazko musikalak irauten zuen bi ordu eta erdian”, dio zuzendariak. Aurrez azaldu bezala, musika funtsezkoa da lan honetan. Begiak itxiz gero eszenatokian jende gehiago dagoela ematen duen arren, 15 musikarik osatzen dute Oliver!en Orkestra. David Azurzak zuzendutako musikariei esker, ikuslea istorioaren zirrikituetan eta giroetan murgiltzen da.
Baina instrumentuen soinuarekin batera, abesbatzako 25 partaide aurki daitezke eszenatoki gainean, hauek ere orduko janzkera dutelarik. Istorioaren narratzaile lana egiten dute, musikaren bidez azaltzen dizkiete ikusleei gertaerak.
Bai musikarien eta baita abeslarien konpasera, zazpi dantzarik hartzen dute parte Oliver!-en. Hauen koreografia Alicia de Cesar eta Ion Aranbarrik osatu dute. Beraz, lan honetan musikaren garrantzia oso handia dela nabarmen geratzen da.
Aktoreak bikain
Hilabete askotako saiakerek kritika bikaina jasotzeko balio izan zuten. “Benetan lan gogorra egin genuen denok, bai gazte eta baita nagusiagoek ere”, dio Isabel Juldain, Corney alargunak. Bere pertsonaia gustuko duela dio bergararrak. “Eszena komikoak bizitzen dituen pertsonaia, baina gaiztoa den emakumea de Corney alarguna”, dio Isabelek. Umeekin nahiko zakarra da, baina hospizioko zuzendariarekin ligatzen saiatzen da lehenengo ekitaldian, eta berarekin oso goxo jokatzen du. “Hitz batean definitu beharko banu, emakume diruzalea dela esango nuke”, adierazi du Corney alargunak. Taula gaineko esperientziari buruz galdetzean asko gustatu zaiola erantzun du Isabel Juldainek, “horrenbestetan entseiatuta banekien ez zitzaidala testua ahaztuko, nahiz eta urduri egon”. 47 urteko bergararra 15 urte zituenetik ari da Bergarako Orfeoian, beraz, esperientzia handiko emakumea.
Baina Oliver!en gehien bat haurrak dira protagonista, Oliver kasu. Hamar urteko Aritz Oteizak interpretatu zuen eleberrian 12 urte dituen mutikoa. Bergararra da antzezle gaztea, eta taularen gainean jartzea atsegin duela dio Aritzek, “oso ongi pasatzen dut eta”. Pertsonaiari buruz honakoa dio, “Oliver pixka bat bihurria da, eta horrek erakartzen nau”. Oteiza gaztea Bergarako musika eskolan ari da. “Abestera joateko esan zidaten, eta ondoren protagonistaren papera eskaini. Nik ez nekien nor zen”, dio. Bideo zinta bat utzi zioten pertsonaia nor zen jakiteko, eta ondoren erabaki zuen proposamena onartzea. Nahiz eta lan gogorra egin gauzak behar bezala irten zitezen, Valen Moñux-ekin oso gustura aritu dela esan du. “Nire ustez oso ongi atera zen Donostiako emanaldia, nahiz eta huts teknikoren bat edo beste izan”, adierazi du, “eta hilabeteetako lanak merezi izan du”.
Al alcance de la mano
Comunicación Básica en euskara-castellano
À portée de main
Communication basique en euskara-français
Aurreko Aleetan |