Europako hizkuntza gutxituen status ofizialaEscuchar artículo - Artikulua entzun

Eduardo J. Ruiz Vieytez, Deustuko Unibertsitatea. Giza Eskubideen Institutoaren zuzendaria
Traducción al español

Europan (Kaukaso aldea sartuta) gaur egun berrogeita zortzi Estatu independente ditugu, Vatikanoa barne. Esparru horretan hitz egiten diren hizkuntzak, berriz, askoz gehiago dira. Errusiako Federakundeko lurraldean soilik ehun hizkuntza baino gehiago erabiltzen dira. Horiek guztiak komunikatzeko ohizko tresnak dira.

Gauzak horrela, hizkuntza asko egoera txikituan aurkitzen dira euren estatuen barnean. Normalean, zuzenbidearen arabera hizkuntza ofizialak eta hizkuntza gutxituak ezberdintzen dira, baina zenbait faktore direla eta, euren arteko mugak ez daude beti hain garbi. Hizkuntza ofiziala zer den definitzea ere ez da lan erraza, estatu batetik bestera legediak eta kontzeptu politikoak aldatzen baitira. Dena dela, Espainiako Konstituzio Auzitegiak 1986. urtean egindako epai batean emandako ofizialtasunaren definizioa har dezakegu eredu gisa. Auzitegiaren arabera, “Es oficial una lengua, independientemente de su realidad y peso como fenómeno social, cuando es reconocida por los poderes públicos como medio normal de comunicación en y entre ellos y en su relación con los sujetos privados, con plena validez y efectos jurídicos” (Espainiako Konstituzio Auzitegiaren epaia, 82/1986, Ekainaren 26koa, Euskararen erabilpena arautzeko oinarrizko legearen aurka jarritako helegitea aztertzen duena, bigarren legezko oinarria). Definizio horretan oinarrituta, Europako berrogeita zortzi estatuetan indarrean dauden oinarrizko hizkuntzei buruzko xedapenak aztertuko ditugu ofizialtasun hori zein kasutan eta nola erabiltzen den jakiteko asmoz.

Europako berrogeita zortzi estatuetako konstituzioak hartuta, honako ondorioak atera ditzakegu. Zortzi konstituziok ez dute hizkuntzei buruz inolako aipamenik egiten: Danimarka, Islandia, Luxenburgo, Erresuma Batua, Vatikanoa, San Marino, Serbia eta Montenegro, eta Herbeherak. Hala ere, horietako batzuek badituzte hizkuntzari buruzko xedapenak beste goi mailako arauetan (Erresuma Batua, Luxenburgo edota Danimarka, besteak beste). Europako beste hogeita hamabi estatuek badute euren konstituzioetan hizkuntzei buruzko azalpenik. Zentzu honetan hizkuntza bat edo gehiago aldarrikatzen dituzte konstituzio mailan. Normalean, konstituzioek zenbait hizkuntzen ofizialtasuna aldarrikatzen dute. Egoera hori hogeita hiru kasutan gertatzen da, Espainiakoa barne. Beste sei herrialdetan, ordea, hizkuntza ofiziala aipatu ordez, “estatuko hizkuntza” esamoldea erabiltzen da. Frantziako kasuan, berriz, “errepublikako hizkuntza” aipatzen da. Edozein kasutan, hizkuntza ofiziala, estatuko hizkuntza edo errepublikako hizkuntzaren aldarrikapenek esanahi berbera dutela ulertu behar dugu. Gauza bera gertatuko litzateke Finlandia eta Moldaviako kasuetan, nahiz eta aberri horietan erabiltzen den “hizkuntza nazionala” izan.

Guztira, aipatutako hogeita hamabi konstituzio horietan, hogeita hamabi hizkuntza ofizialak aurki ditzakegu. Hizkuntza ofizial horiek espreski berariaz aipatzen dira konstituzioetan eta gutxienez estatuko lurralde osoan ofizialak dira. Hala ere, beste hamasei estatuetan ba dituzte ere de facto izeneko hizkuntza ofizialak. Adibidez, Alemanian alemanera hizkuntza ofiziala dela argi dago, goiko definizioa harturik. Gauza bera gertatuko litzateke Erresuma Batuko kasuan ingelesarekin edota Grezia, Italia eta Suediako kasuetan, besteak beste. Batzuetan, hizkuntza horiek eta aurreko hogeita hamabi estatuetako konstituzioetan aipatu direnak berberak dira, baina beste kasu batzuetan ordea hizkuntza ezberdinetaz ari gara. Hortaz, beste zortzi hizkuntza gehitu beharko genizkioke goian aipatutako zerrendari. Guztira, orduan, gaur egun esan dezakegu berrogei hizkuntza egon badaudela, bederen estatu bateko lurralde osoan estatus ofiziala dutenak.

Bestalde, ba daude ere ofizialtasuna jasotzen duten hizkuntzak, baina estatu bateko lurralde mugatu baterako bakarrik. Normalean, horrelako “ofizialtasun partzialak” ez dira konstituzioetan ezartzen, baizik eta garatzeko legedietan edo erregio bateko autonomia politikoa ezartzen duten arauetan. Hau da adibidez euskararen kasua Erkidego autonomoan eta Nafarroako eremu euskaldunean. Egoera horretan hogeita hamaika hizkuntza daude Europa mailan, Errusiako kasu berezia eta anitza ez badugu kontutan hartzen. Hogeita hamaika hizkuntza horietatik hamasei, estatuetako hizkuntza ofizialak dira jadanik (adibidez, Italiako Hego Tirolen ofiziala den alemana), beste hamabost hizkuntzak, zentzu honetan berriak direlarik. Beraz, Errusiakoak salbu (beste hogeita zazpi bat izan daitezke Errusiako Europako aldean nolabait ofizialtzat hartuta direnak), berrogeita hamabost hizkuntza dira ofizialak kontinente honetan, esparru geografiko eta politiko ezberdinetan.

Zuzenbidearen ikuspuntutik, bai hizkuntza aniztasuna bai eta ofizialtasuna ere modu ezberdinetan kudeatu daitezke. Aurrerantzean bost aukera ezberdin aztertuko ditugu, beti estatuetako legedietan oinarrituta:

1) Lehen eredua: Bi (edo hiru) hizkuntza ofizialak daude estatu osoan. Hortaz, estatuko edozein lekutan, hiritarrak bere harreman publikoetan gutxienez bi hizkuntza erabiltzeko aukera izango du. Eredu hau jarraitzen duten herrialdeak sei dira: Malta, Txipre, Finlandia, Irlanda, Bielorrusia eta Luxenburgo (azken kasu honetan hiru dira ofizialak diren hizkuntzak).

2) Bigarren eredua: Hizkuntza ofiziala bat baino gehiago daude, baina estatuko lurralde zati ezberdinetan dute ofizialtasuna. Kasu honetan, estatuko toki bakoitzean hizkuntza ofizial bakarra dago normalki, nahiz eta leku ezberdinetan hizkuntza ofizial ezberdin ere egon. Lurraldetasun printzipio hau erabiltzen duten estatuak Suitza, Belgika eta Bosnia-Herzegovina dira gaur egun.

3) Hirugarren eredua: Estatu osoan hizkuntza batek du ofizialtasuna, baina zenbait erregio edo lurralde autonomotan beste hizkuntza ofiziala ere badago, aurrekoarekin parekatuta. Hau, Espainiako erresumako kasua dugu, bai eta honako zazpi herrialdetakoa ere: Danimarka, Italia, Ukrania, Moldavia, Errusia, Erresuma Batua eta Georgia.

4) Laugarren eredua: Estatu osoan zehar hizkuntza ofiziala dago, eta aldi berean legedietan beste hizkuntza gutxituen aldeko xedapenak aurreikusten dira. Kasu batzuetan hizkuntza horien aldeko babesa zabala da. Beste kasu batzuetan, ordea, murriztuagoa. Normalean babes maila udal edo eskualde eremuan ezartzen da. Eredu horretan sartu ahal izango genituzkeen herrialdeak hauexek lirateke: Suedia, Noruega, Mazedonia, Eslovenia, Kroazia, Serbia eta Montenegro, Hungaria, Portugal, Txekiar errepublika, Austria, Herbehereak, Alemania.

5) Bosgarren eredua: Azken eredu honetan, estatuak hizkuntza bat besterik ez du aitortzen ofizial gisa. Kasu batzutan hizkuntza-gizarte egoerak justifikatzen du aukera (Vatikanoa, San Marino, Monako, Liechtenstein, Islandia). Beste batzuetan, ordea, eredu horrek oso egoera ahulean uzten ditu herrialdearen hizkuntza gutxituak: Frantzia, Grezia, Turkia, Armenia, Bulgaria, Albania, Polonia, Andorra, Letonia, Lituania, Estonia, Eslovakia, Errumania eta Azerbaian.

Egun, Europa mailan “Eurogutuna” dugu hizkuntza gutxituak babesteko dagoen nazioarteko tresna juridiko bakarra. Nazioarteko itun horrek Erregio zein Gutxiengoen hizkuntzei buruzko Europako Karta du izena eta Europako Kontseiluak (ez Europako Batasunak) dauka ezartzeko eta garatzeko ardura. Testu hori indarrean jartzeko estatuek berretsi egin behar dute kasu bakoitzean. Orain arte, Europako karta berretsi duten estatuak honako 17ak dira: Norvegia (1993), Finlandia (1994), Hungaria (1995), Herbehereak (1996), Kroazia (1997), Liechtenstein (1997), Suitza (1997), Alemania (1998), Suedia (2000), Danimarka (2000), Eslovenia (2000), Erresuma Batua (2001), Espainia (2001), Austria (2001), Eslovakia (2001), Armenia (2002) eta Txipre (2002).

Kide diren hamazazpi Estatuez gain, Kontseiluko kide diren beste 13 herrialdeek sinatu dute Karta, nahiz eta oraingoz berretsi ez duten. Hona hemen Estatu horiek: Frantzia, Azerbaijan, Txekiar Errepublika, Malta, Errusia, Mazedonia, Errumania, Polonia, Moldavia, Ukrania, Luxemburg, Islandia eta Italia. Orain arte emandako hamazazpi berrespenak ikusita, esan dezakegu gaur egun Kartaren III. atalaren bidez herrialde batean ala batzuetan babesturiko gutxiengoen hizkuntza kopurua hogeita hamaseikoa dela guztira. Kartaren II. Atalak, babesturiko hizkuntzei dagokienez, lehenik eta behin, gogora ekarri behar dugu bigarren artikulua hitzez hitz hartuz gero, tresna hau berretsi duten Estatuetan mintzatzen diren erregioetako zein gutxiengoen hizkuntzez ari dela, Estatu jakin horrek onartu ala ez onartu. Berrespen tresna ezberdinek zuzenean nahiz zeharka aipaturiko hizkuntzetara mugatzen baldin bagara, esan behar dugu Kartaren II. atalaren bidez Estatu batean ala batzuetan babesturiko gutxiengoen hizkuntza kopurua hamabikoa dela. Hamabi hizkuntza horietatik hiru III. atalaren bidez babesturik daude era berean kide diren Estatu batzuetan.

Kartaren III. atalean oinarrituta bereganatutako betebeharrak direla eta hizkuntza gehien babestea erabaki duen Estatua Eslovakia da, bederatzi hizkuntza babesten dituela, hurrena Kroazia zazpi hizkuntzarekin eta hurrena Hungaria seirekin. Babesturiko hizkuntzen artean, hungariera eta samia dira III. atalean aldarrikapen kopuru handienean agertzen direnak, bakoitza lau Estatuek izendatu baitu. Euren atzetik italiera, alemanera eta kroaziera daude, parte diren hiru Estatuko aldarrikapenetan aipatzen direlako.

Azkenik, estatu bakoitzak, estatu barnean Europako Karta aplikatzeko betebeharra dauka. Aplikazioa kontrolatzeko helburuarekin adituen komite batek herrialdeak bisitatu eta hizkuntza gutxituen egoerari buruzko txostenak prestatzen ditu. Hain zuzen, urte honetako apirilean, adituen komiteak Espainiako kasua aztertuko du. Horretarako bai Estatuko gobernuak, bai gobernuz kanpoko zenbait erakundeek, bai eta bestelako erakundeek ere emandako informazioaz baliatuko da adituen komitea. Urtea bukatu baino lehen adituen komiteak txosten bat prestatu beharko du. Txosten hori Europako kontseiluko ministroen komiteari igorriko zaio. Jadanik aztertu diren beste herrialdeen kasuetan, baliagarriak izan dira oso bai Estrasburgoren gomendioak bai eta salaketak ere. Behintzat hizkuntza gutxituei buruzko egoeraren ezagupena zabaldu da bai erakundeetan bai eta gizartean bertan ere.

Lotutako artikuluak

Zure iritzia / Su opinión
euskonews@euskonews.com

Al alcance de la mano
Comunicación Básica en euskara-castellano

À portée de main
Communication basique en euskara-français

Within hand's reach
Basic communication in Euskara-English

Zum greifen nahe
Basiskommunikation Basquen zu Deutschen

GAIAK
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2004/02/20-27