Zuriñe
Velez de Mendizabal
Argazkiak: Zuriñe Velez de Mendizabal
Traducción al español
Urtero, Ezpeletako (Lapurdi) kaleak jendez betetzen dira urtarrileko azken astearte eta asteazkenean. Aurten 27 eta 28 egunetan izan da hitzordua. Urtero ehunka pertsona biltzearen arrazoia berdina da: animalien azoka.
Abere desberdinak aurki ditzakete bisitariek egun horietan bertan: pottokak, ardi eta akerrak, zaldiak, behiak… Herrira gerturatzen den jendea, hara eramandako animaliak erostera joandakoa izaten da. Toki desberdinetako laborariak eta egun pasa joandakoak biltzen dira Lapurdiko herritxo horretan duela urte mordoxkatik: Hego eta Ipar Euskal Herrikoak, eta inguruko herrialdeetatik ere, espainiar eta frantziar estatuko lurralde urrutitatik etorritakoak ere zirelarik… Animaliak erosteaz gain, baserrirako tresneria ugari aurki zitekeen aurtengo azokan: belarra mozteko eta lurra lantzeko erruberadun makinak, eskuzkoak…
Bi egunetan zehar burutzen den ekimenean, animaliak ere bi egun desberdinetan sailkatzen dira. Asteartean pottokak egon ziren Ezpeletako kaleetan barrena, pottoka basati zein heziak. Euskal Herriko txoko horretako ikono den animaliak berezitasun batzuk ditu.
POTTOKAREN EZAUGARRIAK
Zaldien familiako ahaide txikiak, beraien altueragatik oso ezagunak dira. Aspalditik bizi dira gure herriko mendietan. Pottokak kontrabandorako erabiliak izan ziren, esaterako. Bere tamaina txikiak eta kolore ilunak, gauez ez bereizteko eta arretarik ez deitzeko baliagarri zitzaien kontrabandistei.
Euskal Herrian aurki daitezkeen pottoka gehienak aske bizi dira, eta horrek berezitasuna ematen dio arrazari. 1970. urtetik nazioartean ezaguna da pottoka, eta sailkapen bat egiteko liburu bat sortu dute “stud book” deiturikoa. Bi pottoka bereizten dira liburuan: A mailakoak, batetik. Hauek benetako pottokak, puruak, direla diote adituek. B-koak, aldiz, pottoka bera eta arabiar edo “wells” arrazaren arteko nahasketa da.
A mailakoak oso zaldi bereziak dira. Belarri txikiak dituzte, buru gainean aurrerantz ezarriak; begi biziak; lepo laburra eta bizkarrerantz ilea hazten zaie… Gehienak mendian bizi dira, eta 1,32 metro neurtu dezakete. B liburukoak Akoak baino handiagoak izaten dira normalean.
Jean Bordaxarrek, pottoketan jantzia, Euskal Herriko mendietan A-ko bi mila bat pottoka daudela aipatu digu, eta “urtean 6-7 hilabetez mendian egon behar dute”. Eta B motatako 200 pottoka egongo dira Ipar Euskal Herrian Bordaxarren iritziz. Zaldi txiki honen behar bezalako errekonozimendua lortu nahi dutela adierazi du Jeanek, eta mikrotxipa jarri nahi dietela, kontrol hobea izateko. Bere ustez, Euskal Herriko zaldi ikur bihur daiteke herrialde honetatik kanpo. Hala ere, pottokak heziz bakarrik ezin dela bizi-iraun aitortu digu. Horren adierazlea da sei hilabeteko pottoka baten prezioa: 50 euro! gehi beste 40, beharrezko paperak lortzeko, kalitatearen ziurtagiria eta zirkulatzeko baimena barne.
AZOKAREN BIGARREN EGUNA
Bigarren egunean oraindik hainbat pottoka saltzeke zeuden Ezpeletan. Baina neguko egun hotz horretan ardiak, behiak eta zaldiak ziren nagusi. Baserritar ugari elkartu ziren herrian ganadua ikusi eta erostera. Hala ere, hara hurreratutakoen ahotik gauza berdina entzun zitekeen, aurtengo azokara animalia gutxi ekarri zituztela, alegia. Eta oso salmenta gutxi egin ziren bi egunetan.
Al alcance de la mano
Comunicación Básica en euskara-castellano
À portée de main
Communication basique en euskara-français
Aurreko Aleetan |