Esperantoaren historia Hego Euskal HerrianEscuchar artículo - Artikulua entzun

Rafael Blanco Arbe
Traducción al español

Nazioarteko hizkuntza artifizial honen historia langai duen artikulu honetan, lehenik eta behin esan dezadan Euskal Herri penintsularra hartuko dudala aintzat Pirinioz haraindiko Euskal Herriaz denaz bezainbatean daturik bildu ezin izan dudalako.

Esperantoaren abiapuntua Varsovian 1887. urtean gertatu zen eta Lazaro Ludoviko Zammenhof sendagilea izan zen proiektuaren sortzailea. Urte gutxitan zabalpen bizkorra izan zuen hizkuntza berriak Europan zehar, batik-bat Polonian, Errusian, Alemanian eta Suedian. Zabalpen hau gizarte maila, ideologia eta erlijio diferenteen kideen artean gauzatu zen.

Horiek horrela ez da batere harrigarria Sestaon, 1905ean eta langile giroan “Fido, scienco kaj tradicio” izeneko esperanto-elkartea sortzea. Taldeko presidentea Florencio Eskibela zen.

Sestaokoaren ostean 1906an, Bilbon, Portugaleten eta Donostian sortu ziren taldeak eta 1910ean Iruñekoa (Grupo Esperantista de Pamplona) San Nikolas karrikan egoitza zuelarik. Halaber, 1909an Bilbon “Nova Sento” izeneko aldizkaria hasi ziren argitaratzen.

Argazkia
Iruñako Esperantista Taldea, 1912.

Nabarmentzekoa da hastapeneko aro honetan zeinen aise ugaldu ziren esperantozaleak gurean. 1911ko Espainiako esperantisten urtekarian Bilbon 300 inguru eta Donostian 100 inguru izen agertzen dira. Esperantistak hiri handietan ezeze hiri kozkorretan (Algorta, Tafalla, Santurtzi, Tolosa...) eta zenbait herri txikitan ere (besteak beste Leza, Beizama, Arrona edo Kaseda) baziren. Zerrenda hauetan izen ezagunik ez da falta, esate baterako José Félix Lequerica eta Isaak López-Mendizabal.

Urte oparoak dira gerra handien artekoak mugimendu esperantistarendako, bai munduan,bai Euskal Herrian. 1924an Bilbon 2. Esperanto Biltzar Iberiarra eta Espainiako 4. Esperanto-Biltzarra antolatu zuten.

1935ean Teodoro Elizondok Esperanto-Slosilo izeneko ikasliburutxoa euskaratu zuen mendebaldeko euskalkian. Ikasmaterial honetan hiztegiaz gain esperantoaren hamasei oinarrizko arauak eta egoki ahoskatzeko aholkuak biltzen dira.

Espainiako gerra zibilak eta bigarren munduko gerrak debekua eta jazarpena ekarri zizkien esperantogintzari zein esperantistei. Hitlerrek eta Stalinek egin zuten bezala, Frankok debeku gogorra ezarri zuen hainbat urtetan. Oraingoz bizirik dagoen Eduardo Larruy esperantista bilbotarrak gogoan ditu esperanto taldearen jardunbidea debekatu zuten urteak eta frankistek egoitzako bost puntako izarra zakarretara bota zutenekoa (baita ere, nola berreskuratu zuten). Garai latzak,beraz, beste hainbat eta hainbat arlotan bezalaxe esperantoaren biziraupenerako.

50. hamarkadan frankismoak uzten zituen zirrikituez baliaturik pitteka-pitteka jarduerak hasiko dira berriz. Bilbon Barrenkale Barrenako egoitzan klaseak antolatzeari ekin zioten, Gasteizen Federación Esperantista de Álava sortu zuten eta Daubagna jaunak esaten zuenez klaseetara batzuetan polizi-ikuskariak joaten ziren eta ez gramatika ikastera, hain justu.

60. hamarkadan Gipuzkoan garatzen da gehien esperantogintza. Eibarren eta Ordizian ikastaroak ematen dituzte eta langileen giroan ezagutza zabaltzen da. Ordizian, hain zuzen, 1964an esperanto biltzar bat egin zuten, zenbait lurraldetako esparantistek parte hartu zutela.

Bilbon jardunbideak ez du etenik, konparazio baterako, Juan de Juanesek Método Bilbao ikasliburua apailatu zuen. Liburu hau behin baino gehiagotan berrargitaratu dute eta ikasle anitzek hizkuntzaren oinarriak beretu dituzte haren bitartez. Era berean urte hauetan Gabriel Arestik bere ahaide bati “Fido kaj Espero” olerkia eskaini zion, eta izenburua esperantozkoa bada ere euskarazko poema da. Guk dakigunez, Aresti, hizkuntza ugari jakin arren, ez zen esperantoduna, baina sobra ere, bere inguruan esperantistak ez ziren falta.

70.hamarkadan gertaera bitxi bat gertatu zen. Euskaraz ez bazekien ere, gaztelaniaren bidez, gaur egun Universala Esperanto Asocioko buru den Renato Corsetti italiarrak euskal kantu batzuen hitzak esperantora eman zituen. Marcela kantariak Kataluniako eta Galiziako beste kantu batzuekin batera disko batean argitaratu zituen eta ekoizpen honen bidez Laboa eta Artzeren Txoria-txori ezagun samarra da esperantisten artean “Se giaj flugiloj mi tondus for, gi flugi ne povus plu...” berbekin.

80. hamarkadaren erdian Gasteizen gazte batzuek hizkuntza ikasten hasi eta fite lotu ziren esperantogintzari. Hauxe da Alava Esperanto Asocio elkartearen ernamuina. Egoitza Zapateria kalean zegoen eta bertan ekitaldi mordoa burutu zen (hitzaldiak, liburutegi txiki baten eratzea, ikastaroak, bidaien prestakizunak...). 1987koa da elkartearen sorrera eta urte berean hasi zen Kvodlibeto aldizkariaren argitarapena. Halaber, 1990an Asociación Esperantista de Navarra sortu zuten Iruñeko esperantistek.

Urrats nabarmena egin zen hamarkada amaiera horretan eta 90. hamarkadan argitarapenei dagokienez. 1989an Eusko Esperanto Asocio sortu zen eta harekin batera bere agerkaria Kuspe, hasieran esperantoz eta euskaraz, baina denborak aurrera egin ahala soilik esperantoz. Esperantoaren berri emate aldera Internacia Lingvo egin zen zenbait urtetan, euskaraz eta gaztelaniaz eta euskal kultura esperantisten artean aurkezteko asmoz Euska Kverko aldizkaria argitaratu zen, osoki esperantoz eta hein handi batean Europako herrialdeetan banatu zen.

Liburuei dagokienez ere aurrerapena ez da batere makala izango. 1990ean Aitor Arana euskal idazleak Esperanto Ikasgai argitaratu zuen, nazioarteko hizkuntza euskaratik ikasteko egiten zen lehen ekoizpen didaktikoa, Esperanto-Slosilo liburutxoaren ondoren. Sobra ere, Legazpiko idazlea ez zen horrekin ase eta norabide bikoitzeko itzulpen-lanari lotu zen. Horrela Atxagaren “Behi euskaldun baten memoriak” esperantozko jantzian eman zuen: “Memorajoj de euska bovino” eta literatura esperantistaren klasiko bat euskaratu zuen, Louis de Beaucaire frantsesaren “Vivo de Bervala sentaugulo”, alegia , “Bervalen gertatuak” euskaraz.

1999an Alava Esperanto Asociok, Istvan Ertl, Inaxio Lopez de Arana, J. M. Sarasua eta J. M. Fernandez idazleen lan xume bezain txukun bat argitaratu zuen “Omage al Ignacio Aldecoa” bilduman. Bertan Ignacio Aldecoa idazle gasteiztarraren bi ipuinen esperantozko eta euskarazko itzulpenak jasotzen dira. 2001ean bestalde, Fonto argitaletxe brasildarrak Jon Miranderen “Haur besoetakoa” (La Baptofilino) argitaratu zuen. Itzultzailea Jose Mari Sarasua izan zen.

Bitartean euskal hiri batzuetan ikastaroak eman dira edo ematen ari dira, adibidez Gasteizen, Bilbon, Altsasun edo Iruñean. Aipagarria da oso Euskal Herriko Unibertsitatean 2001ean Bilbon antolatu zen ikastaro ofiziala.

Honetaz guztiaz gain ezin aipatzeke utzi gure inguruan azken urteetan egin diren jardunaldi eta topaketak, hala nola Bilbon 1989an egin zen Espainiako Esperanto Biltzarra eta Gasteizen egindakoak, hots, 1989an HEJS Renkontigo (Espainiar estatuko gazte esperantisten topaketa) eta 1999an TEJO-KER Seminario (Europako gazte esperantisten lantegia, Giza eskubideak lanbide izan zuena).

Zerrenda, ordea , ez da amaitzen eta abuztuan Europar Esperanto Biltzarra egitekoa da Bilbon. Dagoeneko 150 esperantista inguruk eman du izena. Geroak zer ekarriko duen ez dakigu baina hurrengo hitzordua gertu dago eta aukera ederra izango da kultura esperantistaz gozatzeko.

Zure iritzia / Su opinión
euskonews@euskonews.com

Al alcance de la mano
Comunicación Básica en euskara-castellano

À portée de main
Communication basique en euskara-français

Within hand's reach
Basic communication in Euskara-English

Zum greifen nahe
Basiskommunikation Basquen zu Deutschen

GAIAK
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2004/04-30/05-07