50 urte Québec-en… eta beti euskaldun ! (1/2)Escuchar artículo - Artikulua entzun

Maitane Arizti, Naroa Azurmendi, Adur Basurko Pérez de Arenaza, Etor Garat, Xabier Harlouchet, Haritz Mazizior, Urko Rodriguez, Michel Usereau
Traduction au français

Euskaldunak (www.euskaldunakquebec.com), Québec-eko euskaldunen elkartea duela 8 urte sortu zen. Elkarte horren kideen artean, Euskal Herritik duela 50 urte baino gehiago ateratuak diren pertsona batzu badira !! Dudarik gabe, goraipatzekoa da 50 urteren buruan sortherriarekin harremanak oraino atxikitzen dituzten pertsonaia hoien bizitza ! Harrigarria da ere ondorengo bi artikuluetan aurkeztuko dizkizuegun kideen esperientzia. Denak duela 50 urte baino gehiago Québec-era etorri ziren… eta hiruek gaur egun ere euskaraz hitzegiten dute!

Testo honetan Hélène Bidegain anderearen ezagutza eginen dugu eta « 50 urte Québec-en… eta beti euskaldun ! 2/2 » testoan Jean Ospital Ortzaiztarra eta Jules Candau Lukuze Altzumartarraren esperientziak ezagutuko ditugu !

Artikulu hauen irakurleak Québec-en gaindi pasatuko direlarik, Euskaldunak elkarteko ekitaldi batean parte hartzera gomitatzen ditugu ! Horri esker, gure hiru pertsonaiekin zuzenean euskaraz hitz egiteko parada ezin hobea ukanen dute eta, behar bada, gainezka aipatu ditugun zonbait atal osatzen ahalko dituzte !

Sar hitza

Hélène Bidegain andereak 2003ko abenduko egun hotz baina eder batean haren etxera gonbidatu gaitu. Montréaleko Jean-Talon auzoan, haren biziari buruz euskaraz elkarrizketa egin dugu. Bere etxera sartzean Euskal Herrira bueltatu garela iruditu zaigu, asko baitira Bidegain andereak ormetan dituen Euskal Herriko argazki eta oroigarriak. Kasik 81 urte dituen andere bizi biziak gogotik erantzun die, Montréaleko Euskara Ikastaldietako erakasleek egin dizkiogun galdeei !

Hasiera batean Bidegain-en bizia aurkeztuko dugu eta ondoren 52 urtez atzerrian egon den euskal herritar baten harremanak euskara eta Euskal Herriarekiko ikertuak izanen dira !

Hélène Duhalde

1923ko otsailaren 8an, Milafrangan (http://www.infobasque.com/villes/vilacc-f.htm), sortu da Hélène Duhalde, ezkondu ondoren Bidegain bilakatuko dena.

Haren buruasoak, XIX. mende bukaeran sortuak ziren. Hélène-en ama, Jeanne Durcudoy izenekoa zen eta 1950 hamarkada bukaeran, 75 urtetan zendu zen. Aita, berriz, 1886an sortu zen. Lehen Gerla Mundialean jaurtikiak izan ziren gasengatik erabat gaixotua itzuli zen etxera eta 1939an, 53 urterekin, hil zen.

Hélène Bidegain familiako azken haurra da eta bi anai baditu.

Lehena, René, 1910an sortua eta 94 urterekin oraino bizi dena Biarnoan, etxezain egon zen Bigarren Gerla Mundialean eta gero, luzaz etxaldeaz arduratu da.

Bigarrena, Jean, 1917an sortu da eta 2004 urte hasieran zendu 87 urte egitekotan zelarik. Jean, Bigarren Gerla Mundiaelean 2 urtez gerla egin ondoren ia 5 urtez preso egon zen Alemanian. Errusiarrek askatu ondoren... Errusiara eraman zuten eta han 8 hilabetez familiari berriak ezin emanez egon zen. Hélène eta haren ama egunero joaiten ziren Baionako tren geltokira jakiteko etortzen ziren preso ohiek ea berririk bazuten Jean Duhalde anaiataz. Egun batez, Hélène-ek geltokian bertan jakin zuen ba omen zela Duhalde bat Bordalen eta gutti barne Baionara etorriko zela. Hélène, segidan, etxera berri ona ekartzera joan zen eta haren amak erakutsi zion ukan berria zuen Jean-en telegrama !

Argazkia
Hélène Bidegain eta haren 3. alaba.

Hélène Bidegain

1946an, Milafrangako Behereko Auzoko besten karietara dantzaldi bat antolatua zen. Hélène-en familia guzia hor zen eta txistuak eta akordeoiak fandangoa animatzen zuten. Mutil gazte batek Hélène dantzara gomitatu zuen eta harek ez zion baiezkoa eman…Ondorengo dantza itxoiten zuelarik, beste mutil gazte bat hurbildu zitzaion, Jean Baptiste Bidegain, hain zuzen ere ! Ohiturazko prozedurak erabat ahanztuz, Hélène-ek ez zuen ondorengo dantzaren hasiera itxoin eta biak segidan dantzan sartu ziren ! Bi urte barne ezkontzen ziren... Milafrangako Itxuia (musikari itsua) et Gérard Luc musikariek animatzen zituzten herriko bestetan untsa parte hartu ondoren ! Gaur egun bezain bizia zen Hélène garai hartan ere. Adibide bezala Milafrangako Itxuiak bere ibiltzeko eragatik ezagutzen zuela esan dezakegu!

Jean-Baptiste Bidegain, Bidarraien sortua zen. Bigarren Gerla Mundialan espainian preso sartu zuten Mirandan eta handik Marokora joan zen. Gerla amaitu ondoren, Baionan, St-Esprit auzoan, zilargin eta sarrailagile zen eta maiz inguruetako herriko bestetan (Milafrangakoetan bezala) parte hartzen zuen!

1948-an, Hélène eta Jean-Baptiste, ezkondu ziren eta Baionara bizitzera joan ziren. Lehen haurra 1948an ukan zuten eta 1950an bigarrena.

Hélène Baionan, “Pâtes Alimentaires Etchevers“-en lan egiten hasi zen.

Senar emazteek bizibide eta molde onak baldin bazituzten ere, egunkarietako publizitateek, Québec-eko lan eta bizi baldintzei buruz, haien interesa haunditu zuten. Gero hobeago baten menturan eta abentura izpiritu pixka batekin Ipar Amerikan zonbait urteko esperientziaren bizitzera joaitea erabaki zuten. Bordalen espediente administratiboa bete ondoren 2 hilabete barne beren etorkin dokumentazio guzia lortu zuten. Hélène-k dion bezala garai hartan, gerla ondoko giroa utzi zuten, esperantzaz beterik, ofiziozko langileen behar gorria zuen kontinente berri baten atxemaiteko !

50 urtez Québec-eko Bidegain bakarrak !

1951ko irailan, Jean-Baptiste Bidegain joan zen lehenik Québec-era etxebizitzaren aurkitzera eta lanean hastera. Azaroaren 10an, Hélène-ek, bere bi haurrekin, Frantzia iparraldetik itsasontzia hartu ondoren, 14 eguneko bidaia hasi zuen. Oraindik ere, garai hartan horrelako bidaia bat egiteko izan zuen ausardiaz harritzen da Hélène. Beste bi euskaldunek,Martikorena eta Larretegi jaunek, bidaia egiten lagundu zuten. Denak, azaroaren 24an Montréal-era heldu ziren !

Hélène-k beste bi haur ukan ditu Québec-era heldu eta ondorengo urteetan. Ondorioz, Bidegaindarrek, 4 haurrekin Euskal Herrira itzultzeko proiektoak atzeratu eta erabat baztertu zituzten.

Bestalde, Jean-Baptiste-ek poliki poliki fama bildu zuen zilargin gisa Québec-en. Hara nola Québec-eko eliza askotan bere obrak ikusten ahal diren : Ste-Anne-de-Beaupré-ko aldarearen baldakina, Montréaleko Katedralaren aldare eta tabernakulua, besteak beste...

  Argazkia
Eskerretik hasiz :
Michel Usereau, Hélène Bidegain, Adur Basurko eta Urko Rodriguez.

Bere aldetik, Hélène-ek 4 haurrak zaindu ondoren, 51 urtetan etxetik kanpoko lan bat hartu zuen. 11 urtez Hopital Notre-Dame-ean gaixoentzat janarien preparatzen arizan zen. Desafio berri horrez gain 60 urtetan erabaki zuen ere autoa gidatzen ikastea.

1990 hamarkadan, erretretan zirela, Hélène eta Jean-Baptiste-ek, urtero 6 hilabete Floridan iragaiten zituzten Québec-eko neguari ihes eginez !

Azkenik, 1999-an, Jean-Baptiste Bidegain, 82 urterekin, zendu zen !
Azpimarratzekoa dena da mende erdi batez Montréalen aurkitzen ziren Bidegain-darrak Hélène eta Jean-Baptiste eta haien haurrak zirela ! Aurten Venezuelatik etorkin berri bat agertu da...Bidegain izenekoa !

50 urte goiti atzerrian… eta beti euskaldun !

1 / Euskara atxikitzeko moldeak :

Lehen lehenik, Hélène-ek dio, Jean-Baptiste-ekin, heien artean, 53 urteko elkar bizitzan, euskara asko erabili dutela.

Bestalde, Bidegaindarren etxea laster Euskal Etxe bilakatu zen zeren etorri berriak ziren euskal herritar askok lehen ganbara han aurkitu zuten ! Hélène eta Jean-Baptisten Montréaleko etxea pentsione edo opor gune mota bat zen.

Adibide bezala, hara zonbait izen urte diferenteetan pasatu diren euskaldunen lekuko :

1950 urteetan :

* Luro eta Lagourgue, xuberotarrak, Sept-Îles-en lanean ari zirenak eta oporrak Bidegaindarren etxean pasatzen zituztenak.
* Inchauspe Donapaleukoa, xingar egile ona zena.
* Ourkia, Haltsukoa, garajeko langilea.

1960 urteetan :

* Christian Darraspe, Urketakoa, eta haragina zena.

1970 urteetan :

* Jean-Léon Zuburu, Bidarraitarra, ostalaritza munduan lanean ari eta Sao Francisco-ra joan zena.
* Léon Lucu, Bidarraitarra, ostarlaritzan ari zena ere.

Bestalde, errex pentsatzen ahal da hainbeste euskaldunekin harremanak ukaiteak kantatzeko parada ezin hobeak ekarri dizkiola Hélène Bidegaini... Hara nola, gaur egun ere gustora kantatzen dituen ondorengo kantuak : Iruiten ari nizun, Ikusten duzu Goizean, Trukean Keinuarekin, Bizi niz Munduan, Haurrak Ikas, Boga, Boga, Gernikako Arbola, etab...

Azkenik, Euskal Herrira egin dituzten bidaiek ere euskararen erabiltzeko hainbat aukera izan dira.

2 / Bidaien balioa Euskal Herriarekin harremanak atxikitzeko :

Hasieran Euskal Herriarekilako harremanak karten bidez bakarrik egiten ziren eta telefono dei batzurekin. Horrela 15 urte pasa ziren lehen itzulera Euskal Herrira 1965an egin zutelako Bidegaindarrek.

Geroztik 2 urtetarik behin Euskal Herrian hilabete oso bat pasatzeko ohitura hartu zuten. Euskal Herrian, Bainonan dituzten Hiriart lagunen etxean egoiten ziren.

3 / 50 urtez atzerrian bizi ondoren Euskal Herrian atxemaiten diren aldaketak :

Lehen oharra, eta garrantzitsuena, gaur egun euskara ikasteko eta erabiltzeko diren hiztegiak eta medioak askoz haundiagoak direla azpimarratu du Hélène-ek.

Bigarren oharra, anekdotikoa bada ere, Hélène-ek gogotik aipatu digu ! Haien azken bidaian, Irisarrin zirela eta, % 10-eko beherakada lortu zuten euskaraz galdegin zutelako beren ahate gibela !!

4 / Konparaketak Québec eta Euskal Herriaren artean :

Hemen jendeekin harremanak errexagoak dira eta molde batez traba edo trakaskeri guttiago bada jendeen artean. Hala ere, Euskal Herritik Québec-era etorri nahi duten jendeei emeki emeki arizaitea kontseilatzen die... ametsak ez direlako beti egunetik biharamunera gauzatzen ! Hélène-en arabera, Québec herria, lan egiteko eta elkartasun berezi baten senditzeko gune ona izan da. Azken mende erdian askotan senditu ditu Québec-tarrak esku ukaldi baten emaiteko prest ! Tenperatura kanpoan hotza bada ere... barnean (bai etxetan eta bihotzetan) goxo da !

Azkenik, Hélène Bidegainen datorren proiektua da Mario eta Bruno bere seme ttipiekin Euskal Herrian gaindi bidaia baten egitea !

Zure iritzia / Su opinión
euskonews@euskonews.com

Al alcance de la mano
Comunicación Básica en euskara-castellano

À portée de main
Communication basique en euskara-français

Within hand's reach
Basic communication in Euskara-English

Zum greifen nahe
Basiskommunikation Basquen zu Deutschen

KOSMOPOLITA
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2004/05/14-21