Angela Figuera hogei urte ondorenEscuchar artículo - Artikulua entzun

Jose Ramon Zabala
Traducción al español

  Argazkia
Angela Figuera.
A pirilaren 2an Angela Figuera idazle bilbotarraren heriotzaz hogei urte bete egin dira. Bilboko zabalgunean jaiotako olerkariak Bilbo, Donostia eta Gasteizeko kale banari ematen dio izena dagoeneko, bere idazlanak berrargitaratu egin dira, omenaldiak (azkena Granadako Ficciones aldizkariak eginikoa) eta irakurketa poetikoak egin dira haren laudorioz... Esan daiteke gure artean Angelaren obra eta pertsonalitatea ez dagoela ahaztuta, orain urte batzuk aurre ikusten zen ahanzturaren prozesua ez dela inolaz ere bete. Dena dela, Angela oraindik ezezagun bat dugu euskal irakurle normalentzat, eta, idazlea gogorarazteko beharrezkoa ikusten dira hau bezalako lan xumeak. Helburu horrekin ezinbestekoa da haren inguruko oinarrizko lau zertzelada ematea, nahiz eta behin baino gehiagotan errepikatuak izan.

Bilbotik Madrilera

Esan dudanez Angela Bilbo berriaren Espartero kalean jaio zen 1902.urtean. Kanpotik etorritako nahiko familia dirudun baten alaba, bederatzi anai-arreben nagusia. Azken datu horrek hasiera-hasieratik bere izaera markatuko du eta, ondorioz, amatasunaren garrantzia hasierako poemetan haietan ikusiko dugu, bere poesia osoaren ezaugarri nagusietariko bat izan arte. Lehenengo irakaskuntza bukatuz gero, Angela institutora doa. Ikasketetan jarraipen hau, egun hain normala izanda, garai hartan ez zen batere arrunta, berea izan baitzen, hain zuzen, Penintsulan batxilergoa egiten zuen nesken lehengo promozioa. Urte haietan jada nabaria zen Angelaren literatura eta letrekiko zaletasuna, baita ere oztopoei aurre egiteko indarra: 1924an Filosofia eta Letrak ikasteko asmoa azaldu zuen etxean, aitaren gogoaren aurka; ondorioz, bi urtetan, Angelaren ikasketak geldirik egon ziren, azkenik bere asmoarekin atera arte. Zoritxarrez, ikasketak hasi eta gutxira aita hil egin zen, familia oso egoera ekonomiko larriaz utzirik.

Diru ezak eraginik eta ikasketak burutzeko, Angelak haren lehengusu zen Julio Figueraren familiaren laguntza behar izan zuen. Helburu horrekin Madrilera joan zen urtebeterako. Denbora horretan, bide batez, Juliorekin zuen harremana handitu zen eta karrera bukatu zuenerako ezkongai ziren biak. Bilbon bueltan, orduan ere arazo ekonomikoek berean jarraitzen zuten familian eta horrek bultzatu zituen Madrilera bizitzera joateko; une hartan idazleak hogeita zortzi urte zituen. Behin Espainiako hiriburuan gauzak ez ziren errazak izan baina poliki poliki lan desberdinetan aritu ziren Angela eta besteak. 1932an institutuko oposizioak gainditu zituen Angelak eta Huelvara destinatua izan zen. Bere lantoki berrira joan baino lehen Juliorekin ezkondu egin zen. Huelvako urteak zoriontsuak izan bide ziren, gertaera lazgarri bat ezagutu arte: 1935an, haurdun gelditu eta gero, erditzeko unean umea hilik jaio zen. Gertaera honek erabat markatuko du idazlea.

  Argazkia
Angela Figuera eta senarra.

Figueratarren bizimodua erabat aldatuko zen 1936ko estatu kolpearen ondorioz. Bikotea Madrilen zegoen eta Juliok errepublikaren aldeko ejertzitoan alistatzea erabaki zuen. Garai gogorrak izango ziren haiek, “años durísimos y amargos” idazlearen hitzetan. Baina dena ez zen ezkorra izan, urte horren abenduan Juan Ramon semea jaioko baitzen. Haurrarekin Angelaren asmo handienetariko bat bete egin zen. Bitartean Julio destino desberdinetan penintsulan zehar ibili zen, bere emaztea Madrilen gelditzen zen bitartean. 1938an, azkenik, hirurak Murtziako Molina de Segura herrian biltzeko aukera izan zuten. Gatazkaren azkeneko hilabeteak bereziki gogorrak izan ziren, zeren eta Julio, komunistatzat jota, espetxeratu izan baitzen. Paradojikoki, frankistarren garaipenak askatasuna berreskuratzea ekarri zion Juliori.

Gerra zibilaren amaieran Figuera familiaren egoera ez zen batere ona: titulazioak eta lanik gabe, galtzaileen bandoan, familiaren ondare guztia galduta, Julio paludismoaz gaixotuta, espetxeratuta izateko beldurrez. Egoera hartan Madrilera itzultzea egokiena izan zezakeenez, hara joan ziren eta bertan zerotik hasi ziren berriro ere. Urte horiek aztarna nabarmenak utzi zituzten Angelaren poesian.

Lohizko poesia

Berrogeita hamar urtetan Figueratarrak errealitate berrian, hau da, gerra ondorengo frankismo latzean, aurrera aterako dira, ekaitza ondoren modu batez lasaitasunean. Testuinguru horretan Angelak idazteari ekingo dio. Aktibitate hau ez zen berria izango, ezen gazte garaietatik poesia egiteko zaletasun handia baitzuen, baina oraingoan aldaketa handi bat gertatuko da: bere poemak argitaratuko ditu. Liburuak Mujer de barro (1948) izenburua izango du eta ondorengo Soria pura (1949) lanarekin berreskuratutako bizitza horren isla izango da. Bi liburu hauek Angelak “etapa subjetiva” bezala definitu egin zituen. Hauetan elementu herritarrez betetako poesia aurkitzen dugu. Gaien aldetik, erotismoa, amatasuna, paisaia eta honen inguruko sinbolismoa. Aldi berean, orokorrean idilikotzat jo daitekeen irudi horretan, beste errealitate gordinagoaren susmoa antzeman dezakegu, adibidez Antonio Machadoren errebindikazioa, euskal itsasoaren nostalgia edota hiri handien errealitate oldarkorraren kontrastea.

Argazkia
Pio Barojaren urtebetetzea (1952 aldera).

Hurrengo liburua 1950an agertu zen, Vencida por el ángel, eta horretan aurrekoekin haustura erabatekoa da, idazlearen hitzetan errealitatearen atea ireki egin da eta horrekin batera bere poesiaren etapa berri bati emango dio hasiera, konpromisoarena alegia, “etapa preocupada” idazlearen hitzetan. Prozesu horretan eragin berezia izango dute bai Blas de Oterok eta baita Gabriel Celayak; hiruron artean adiskidetasun handia sortuko da. Urte horietan ere, opor garaietan, Angela Bilbora itzuliko da. Hemen anaia bat gelditzen zitzaion, Rafael Figuera margolaria, Bizkaia inguruan aktibitate kultural handia aurrera eramaten zuen gizona hain zuzen. Rafaelen eskutik Bilboko idazle eta artista esanguratsuak ezagutuko zituen Angelak: Angel Ortiz Alfau, Mario Angel Marrodan, Jorge Oteiza, Gregorio San Juan, Rafael Zarco, Federiko Krutwig, Rafael Morales eta beste asko. Urte batzuk geroago modu berean Gabriel Aresti ezagutu zuen. 1950 urte horretan ere bai Angelaren poema garrantzitsu bat ikusi zuen argia, “Exhortación impertinente a mis hermanas poetisas”, benetako deklarazio feminista, nahiz eta idazleak inoiz ez zuen horrelako definizioa bere gain hartu : “Eva quiso morder en la fruta. Mordedla./Y cantad el destino de su largo linaje/dolorido y glorioso”.

Hurrengo liburuak gero eta gehiago irekiko dira errealitatearen kezkei. Hasiera batean arazo metafisiko eta erlijiosoekin nahastuta, ikuspegi existentzialistatik. Horrela El grito inútil (1952), Los dias duros (1953) eta Víspera de la vida (1953) agertuko dira. Poema horietan olerkariak oso garbi azaltzen du beste mundu baten aldarrikapena eta horren aldeko lan egin beharra: “No podemos siquiera esperar a mañana./ Hay que buscar, hermanos, que buscar enseguida”. Eta hauetan Celaya eta Oteroren planteamenduetatik Angelaren poesia bereiztuko duen ezaugarria: gure idazleak badaki mundua poesiarekin bakarrik ezin dela aldatu. Beste bi idazleen bakuntasunaren aurrean Angelak beste gizarte horren errebindikazioan praktikoago ikusiko du kalean egiten den lana. Horrela dio poema batean: “Mejor fuera callarse. Licenciar la metáfora./ Y ver si a duras penas o a duras alegrías / abrimos un camino al cabo de la calle”. Alferrikako garrasia beraz poesiarena.

 

  Argazkia
Mujer de barro.

50.urtetako hamarkadaren bigarren parteak jarriko du Angela zurrunbiloaren erdian. Urte horietan bere iritzi disidenteak jarrera erradikalagoak hartuko ditu. Batetik, 1956an Parisera joango da ikasketa batzuk egiteko asmoz. Bidaia aprobetxatuz Pablo Nerudarekin elkarrizketatuko da. Angelaren bidez poeta txiletarrak penintsula bizi zen egoera berria ezagutu zuen eta, ondorioz, Espainiako poetei zuzendutako gutun bat idatzi zuen, penintsulan ezkutuan zabalduko zena. Bestetik, urte berean bukatutzat ematen du liburu berri bat, Belleza cruel, baina Angelak garbi du zentsurak ez diola osoa argitaratzen utziko. Azkenik, bere liburu ezagunena eta polemikoena izango dena Mexikon agertuko da, 1958an, erbesteratutako Unión de Intelectuales Españoles delakoak sarituta eta Leon Felipe idazlearen hitzaurre garrantzitsu batekin. Beraz, Belleza cruel zentsuraren baimenik gabe atera zen eta, ondorioz, klandestinoki zabaldu beharko zen frankismopean.

Belleza cruel liburuarekin lortutako protagonismoak ez zuen gehiegi iraun. Julio Figuerak lana lortu zuen Asturiasen eta hara joan zen Angela ere bai. Behin Madriletik kanpo idazlea poliki poliki inguru literario eta artistikoetatik deskonektatuta geldituko da. Hala ere oraindik beste liburu bat argitaratuko du, 1962an, Toco la tierra, baina nekea nabarmena da berarengan. Idazlea gero eta ahaztuagoa aurkitzen da eta hari buruzko erreferentziak urritzen doaz. 1979ra arte itxoin beharko da bere beste liburu bat ezagutzeko, hau haurrei zuzenduta eta Julioren eraginez argitaratuta: Cuentos tontos para niños listos. Azkenik, gaixondo luze baten ondoren 1984eko apirilaren 2an hil zen, komunikabidetan kasik aipamenik izan gabe. Angela hil ondoren bere azkeneko liburua agertuko zen, hau ere haurrei zuzenduta, Canciones para todo el año.

Ezetz esateko ausardia

Angela Figuerari buruzko balorazio orokor bat egiterakoan garbi dago hark utzitako obra ez dela oso handia, apenas hamar liburu eta zenbait itzulpen lana. Dudarik gabe poesia honen baliorik handiena ez datza kantitatean, sakontasunean baizik. Angelaren poesia guztiz egiatia da eta, segur aski, hori da bere ezaugarri nagusia. Bestalde, Angelak oso une gogorretan idatzi zuela esan beharra dago, frankismoko urte gordinetan, alegia. Une historiko hartan benetako erro bihurtzen da bilbotarraren figura: emakumea gizonen artean idazten, ama eta amona emakumearen paper aktiboagoa errebindikatzen, Euskal Herriko alaba Madrilen… Haren inguruan frankismoaren disidenteen figura eta taldeak konektatzen dira, kanpo eta barruko erbesteratuak. Hori guztia idazle handi baten aurrean gaudela ahaztu gabe. Zalantzarik gabe Angela Figueraren poesia eta oroimena behar dugu.

Idazlearen bibliografia:

*FIGUERA, Angela: Obras completas, Hiperión, 2.edizioa, Madril, 2000.

Idazleari buruzko oinarrizko bibliografia:

*BENGOA, María: La poeta Angela Figuera (1902-1984), Bizkaiko gaiak, 336-337.zenbakia, BBK, Bilbo, 2003.

*EVANS, Jo: Moving Reflections: Gender, Faith and Aesthetics in the Work of Angela Figuera Aymerich, Tamesis Books, London, 1996.

*ZABALA, José Ramón: Angela Figuera (1902-1984): una poesía en la encrucijada, Mundaiz, Deustuko Unibertsitatea, Donostia, 1994.

Zure iritzia / Su opinión
euskonews@euskonews.com

Al alcance de la mano
Comunicación Básica en euskara-castellano

À portée de main
Communication basique en euskara-français

Within hand's reach
Basic communication in Euskara-English

Zum greifen nahe
Basiskommunikation Basquen zu Deutschen

GAIAK
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2004/05/21-28