Juan Lucas Juan Lucas

Amnesty International-eko Espainiako presidentea

"Azken 50 urteotan nazioarteko legedia ez da gaur egun bezain mehatxatuta egon"Escuchar artículo - Artikulua entzun

Usoa Otaño Unzurrunzaga
Itzulpena: Usoa Otaño Unzurrunzaga
Argazkiak: Amnesty International
Versión original

2003ko apirilean izendatu zuten Juan Lucas Espainiako Amnistia Internazionaleko Lehendakari, hain justu, erakundeak giza eskubideen krisi eta atzerakadari sendo aurre egitea erabakitzen zuenean. Hamarkada bat AIn lanean eman du eta Gaztela eta Leongo lehendakari ere izan zen. Gaur, bete-betean dihardu 2004ko kanpaina nagusian lanean: emakumeek familiartean sufritzen duten bortxakeria gelditu nahian.

Non aurki dezakegu zure kontzientziazio eta militantziaren jatorria?

Txikitan gustoko nuen herrialde urrunei buruz irakurtzea, banderak marraztea eta ohiturak ezagutzea. Koskortzen nintzela, bidaiatzen eta pertsonak ezagutzen hasi nintzen, era horretan, “munduko hiritarra”-ren nortasuna finkatuz. Amnistia Internacionalek ateak ireki zizkidan pertsonen giza eskubideen alde lan egiteko.

Eragin al daiteke terrorismoaren aurkako gerra bat, segurtasunaren izenean? Ze segurtasun motaz ari gara?

Terrorismoaren aurkako borrokak ezin du nazioarteko zuzenbidearen araudia urratu. Muga hori igaro ezkero, ezingo dugu legea ezarri bere helburu politikoak indarkeriaz lortu nahi dituztenen aurrean. Lege-eremuan kokatu behar da estatuek hiritarrei zor dieten segurtasuna, hortik kanpo, legitimitate osoa galtzen du.

Juan LucasIrak eta Afganistango gerren ondoren... zein da segurtasunaren ikuspuntutik lortu den emaitza? Eta askatasunari dagokionez?

Ipar Amerikako Estatu Batuetatik datozen alde bakarreko erasoen ondoren ezin da esan agindutako giza eskubide horiek nagusitu direnik. Sadam Huseinen jarduteak leku berdinetan errepikatu dira. Gizarte zibila segurtasun ezean murgilduta bizi da, bai koaliziotik bai talde matxinatuetatik datozen erasoaldiak direla eta. Askatasun hitzak ez du zentzurik gaur eguneko testuinguruan.

Zein da segurtasun eta norbanako eskubideen arteko oreka?

Gaur egun, terrorismoaren kontrako borrokan, segurtasuna eskubideen gainetik ezarri dela dirudi. Potentzia handiek eta atzetik etorri diren gobernu askok pertsonen eskubideak alde batera utzi dituzte, esaterako, bidezko epaiketak, bermedun atxiloketak edo kartzelaratzeko baldintza egokiak.Estatu askotan disidentziaren aurkako borroka terrorismoaren kontrako lehian bihurtu da, ezberdin pentsatzen dutenen errepresioaren justifikazio zaila bilatu nahian.

Zer nolako eraginkortasuna du nazioarteko zuzenbideak? Ze erronka ditu?

Nazioarteko egoera zailean elkarbizitza bermatu dezaketen oinarrizko arauen bilduma da nazioarteko zuzenbidea. Gaur egun, arau hauek azken 50 urteetako arrisku gordinena jasaten ari dira. AEBren aldebakarreko jokaerak aurrekaria ezartzen du, atxilotuen eskubideak urratzen edo eraso gerrak bultzatzen. Era horretan, bertan behera uzten ditu etorkizunerako egiten diren ahaleginak, non bete beharreko legeak indarrean egongo liratekeen.

Zer iritzi duzu NBEren Giza Eskubideen Batzordearen jardueraz?

Behar beharrezkoa eta premiazkoa da NBEren Giza Eskubideen Batzordearen funtzionamenduaren erreforma, bere sinesgarritasuna berreskura dezan. Ezin dugu ezer esan gabe jarraitu. Interes politiko ilunak ezin dute erabakigarri izaten jarraitu, estatu batzuek giza eskubideen bortxakeri nabarmenak isilarazten. Premiazkoa da batzordearen kontalarien gomendioak aintzat hartzea eta gauzatzea.

Zein gabezi dira nabarmen, giza eskubideen alorrean, estatu espainolean? ¿Eta Euskal Herrian?

Ondoko hauek dira AIk espainiar gobernu berriari azaldu dizkion kezka batzuk: Etorkinen eskubideak ez onartzeak dakarren egoera; tratu txar eta torturen salaketak behin eta berriro errepikatzea, askotan kutsu arrazistaz beteak; emakumeen kontrako genero indarkeria gelditzeko neurriak hartzeko premia, lege orokor bat prestatuz, non beharrezko baliabide guztiak jaso beharko liratekeen, funtzionarioen hezkuntza barne; eta armen esportazioa kontrolpean jartzearen beharra.

Euskal Herrian kezka sortzen jarraitzen dute ETAk arma eta lehergailuz burututako atentatuek sortu dituzten heriotzak. Adierazpen eta biltze eskubidea murriztea, bai alderdi politikoetako hautagaiak mehatxatzeagatik, eta baita ere Alderdi Legearen alor batzuengatik.

Juan Lucas

Jazoera xenofoboak bizitu ditugu S11 eta M11ko gertakarien ondoren. Nola erabiltzen dira herritarren beldurrak?

Onartezina da ordezkari politikoek immigrazioa delinkuentzia edo terrorismoarekin lotzen dituzten mezuak botatzea. Milaka pertsona izan dira kargurik gabe atxilotuak bere jatorri etniko, nazional, erlijioso edo errepresiotik alde egiteko asiloa eskatzeagatik. Segurtasunaren aldeko borroka mundiala, babes berezia behar duten taldeen baztertzea eta diskriminazioa areagotzen ari da.

Prozedura Kriminaleko Legea bezalakoek, ba al dute disuasio-ondoriorik?

AIk aurre egin die lege honen alderdi jakin batzuei, esate baterako inkomunikazio denboraldiaren luzapenari, hamahiru egunez aukeratutako abokatu edo medikuarekin egoteko aukera gabe. Testuinguru honetan gertatzen dira tratu txar eta tortura salaketa gehienak Espainian. Gobernuak nazioarteko erakundeen oharrak jarraitu beharko lituzke, atxiloketa denbora hauek murriztearren eta galdeketak kontrol judizialpean bideoz grabatu beharko lituzke. Neurri hauek eta beste batzuk lagunduko lukete salaketa faltsuak atzematen eta atxilotuen osotasuna babesten.

Zeintzuk dira ezkutuan jarraitzen duten giza eskubide urratzeak?

Dudarik gabe, etxe esparruan gertatzen direnak, non maiz senitartekoak konplizeak izaten diren eta emakumeak eta neskatoak biktimak. Hainbat diskriminazio nahasten diren heinean, adibidez pobrezia eta gutxiengo etnikoak, komunikabideen eta iritzi publikoaren ikusezintasuna bortitzago da.

Zeintzuk dira Giza Eskubideen urraketen ezaugarri nabarmenenak gaur egun?

Gatazka armatuetan gizarte zibila bihurtu da talde armatuen eta gobernuen jomuga. Era berean, eskubide ekonomiko, sozial eta kulturalak munduko gehiengoari ezeztatzen zaizkio, giza eskubideak nekez lortutako ameskerian bihurtzen direlarik. Aldi berean, ikusi dugu nola herritarrak ernatu diren, kalera irten dira Madrileko atentatu bortitzen kontra protesta eginez, gatazka armatuan irakiarren alde eskatuz edo Porto Alegreko Foro Sozialean parte hartuz, mundu hobeago bat lortzeko bideak bilatuz. Horrek baikortasunerantz bideratzen gaitu.

ELKARRIZKETA
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2004/05-28/06-04