Segurtasunaren mitoaEscuchar artículo - Artikulua entzun

Andrés Krakenberger, Amnesty International
Itzulpena: Koro Garmendia
Versión original

Segurtasuna, Gobernu anitzek ulertzen duen moduan, kontzeptu ustel bat da, segurtasun gabezia areagotu baizik egiten ez duena.

Zuetako batzuek, aurreko esaldia irakurri orduko, “gaupasan ibilitako aurrerakoi” bat naizela pentsatuko zenuten beharbada, eta litekeena da batek baino gehiagok hortxe bertan utzi izana artikulua irakurtzeari. Beraiekin hitz egiteko aukera izango banu, emango ditudan azalpenak entzuteko pazientzia apur bat izan dezatela eskatuko nieke. Aspaldi honetan, hainbat lagun kezkatuta gabiltza, Gobernuak beren nazio zein nazioarteko segurtasun programak nola interpretatzen eta aplikatzen ari diren ikusita. Askotan –gehiegitan-, errudunari mina eragitearekin nahikoa ez, eta errugabeei ere, errudunaren ingurukoak izate soilagatik, kalteak sortzen dizkiete. Buruzagi politikoek herritarren beldur eta aurreiritziak puztu eta suspertzera jotzen dute, beren ekintzengatik inori konturik eman beharrik ez izateko, eta euren interesak bultzatzeko.

Giza eskubideak, aintzatetsi ziren une beretik urratu dira, horretan ez izan zalantzarik. Baina, era berean, ukaezina da azkenaldian segurtasunaren ikuskera guztiz berezi bat ari dela mundu osoan zehar zabaltzen, eta indar handiz gainera. Kontzeptua ez da berria, baina, irailaren 11 tamalgarri hartaz geroztik, inoiz baino gaurkotasun handiagoa hartu du, eta, data horretako gertakizunen zein “antiterrorismoaren” izenean, ekintza asko eta asko burutu dira, azken berrogeita hamar urteetan giza eskubideen arloan egindako lorpenak narriatu besterik egin ez dituztenak.

Argazkia
(Foto: www.epub.org.br/cm/n14/opinion/terrorista.html)

Segurtasun ezaren klima beldurgarri honetan, askorentzat ez da horrenbestekoa askatasunen arloan –eta neurri batean- amore ematea. Nolanahi ere, kontua da urte asko daramatzagula horrela, eta, atzera begiratuz gero, ez genukeela ziurtatuko jokabide horrekin segurtasunaren aldetik ezer irabazi dugunik. Egia esatera, arriskuz inguratuta bizi gara, bai hemen, bai Moskun, bai Burundin... edonon. Segurtasunaren hainbat alderditan tematzeak ez du mundua seguruagoa bihurtu; alderantziz, lehen baino arriskutsuagoa da: batetik, giza eskubideak murriztu egin direlako, eta, bestetik, nazioarteko zuzenbidearen inperioak gainbehera egin duelako. Gobernuek babestu eta estali egiten dute beren burua ikerketa ororen aurrean, handitu egiten dituzte fede zein jatorri ezberdineko herritarren arteko ezberdintasunak, eta desbideratu egiten dute gatazka garrantzitsuen zein segurtasun gabeziaren beste hainbat iturriren gaineko arreta.

Segurtasun ezaren mailak inoiz baino handiagoak diren uneotan, Gobernuek ez-ikusiarena egiten diote nazioarteko zuzenbideak ezartzen duen segurtasun sistema kolektiboari, eta muzin egiten diote. Gobernu demokratiko eta autokratikoek esku-hartzeko eta interbenitzeko, eta pertsona susmagarriak atxilotu eta epaitu ere egin gabe espetxeratzeko neurri drakoniarrak aplikatzen dituzte, eta baita jendea Estatutik kanporatzeko ere, geroak ekarriko dienari garrantzirik txikiena ere eman gabe. Gisa horretako neurriek nabarmen ahuldu dituzte giza eskubideei eta nazioarteko zuzenbidea osatzen duten arauei zor zaien errespetua. Ameriketako Estatu Batuek, nazioarteko zuzenbideari muzin eginez, preso dauzkate oraindik ere Afganistango gerran atxilotutakoak, eta bere agente zein aliatuei leporatzen zaizkien tortura eta tratu txarren gaineko akusazioen aurrean beste alde batera zuzentzen dute begirada. Gainera, aldebiko akordioak eginez, Nazioarteko Auzitegi Penalaren esku-hartzea txikitzeko ahaleginak ere egin dituzte. Eta, jarrera horrekin, larriki makaldu du mundu osoan zehar giza eskubideak urratzen dituzten ekintzen aurrean ahotsa altxatzeko daukan ustezko autoritate morala ere.

Gizabanakoak segurtasunik gabe sentiarazten dituen neurri bat bera ere ezin daiteke gizarte edo Estatu seguruak sortzeko baliozkotzat hartu. Izan ere, gutxi batzuren jardueraren ondorioz –jarduera hori benetakoa edo ustezkoa izan-, susmoak arraza, erlijio zein jatorri nazional bereko erkidego osora zabaldu ohi dira, eta horrelakoek gero eta artegatasun eta ziurgabetasun handiagoak eragiten dituzte herritar askoren artean. Hainbat neurrik areagotu egiten dute estigmatizazioa; hala nola, Ameriketako Estatu Batuetan “irizpide arrazialak” aplikatzean eta immigranteak atxilotzean, eta Europan, berriz, errefuxiatuak eta babes politikoa eskatzen dutenak “terrorista” modura hartzean. Arrazismoa eta xenofobia gora egiten ari diren garaiotan, babes politikoaren eske datozenak kanporatu egiten dira eta kartzela, tortura edo heriotza izaten dituzte aurrean, eta, aldi berean, gero eta ugariagoak izaten dira talde minoritarioetako kideen aurka zuzentzen diren bortxazko erasoak. Oso negozio arriskutsua da interes politikoei edota hauteskundeetako epe laburreko onurei begira hiritarrek dauzkaten beldurretan eragitea. Iazko urtean, India, Nigeria eta Boli Kosta bezalako herrialdeetan gertatutakoek agerian utzi zuten zeinen larria izan daitekeen tentsio etniko eta erlijiosoak piztea, hiritarren eta etorkinen arteko ezberdintasuna azpimarratzea, sinesmen ezberdineko pertsonen artekoa, aberatsen eta behartsuen artekoa, Iparraldearen eta Hegoaldearen artekoa.

“Antiterrorismoaren” aldeko nazioarteko klimari etekina atera nahirik, Gobernu askok, nazio mailan, gogortu egin dituzte euren politikarekin bat egiten ez duten eta leialtasunik adierazten ez dieten pertsonen aurkako neurriak, tartean sindikalistak, kazetariak, gutxiengo erlijioso zein arrazialak eta giza eskubideen defendatzaileak direla. Horrelako kasuen adibide ugari aurki ditzakezue gure erakundeak herrialde jakin batzuen gainean prestatzen dituen txostenetan; besteak beste, ikusiko duzue Gobernuaren indarrek, nazioaren segurtasunaren izenean, zigorgabetasun osoz hiltzen, bortxatzen, torturatzen eta bahitzen dutela.

Ez naiz hemen Gobernuek indarkeria kriminal eta politikoaz baliatzen diren norbanako zein talde armatuen aurka borrokatzeko daukaten eskubidea zalantzatan jartzen ari; alderantziz baizik: gizaki guztiak legeak xedatzen duenari jarraiki babes ditzatela eskatu nahiko nieke. Behin betiko eta gartsuki gaitzetsi behar dira zibilen aurka zuzentzen diren erasoak, larriki kaltetzen dituztelako beren giza eskubideak. Talde armatuei eta hauei beren babesa ematen dietenei gogorarazi behar diegu, inguruabarrak edonolakoak izanik ere, ezin dituztela beren ekintzak zibilen aurka zuzendu. Nolanahi ere, garbi utz dezagun talde armatuek giza eskubideak zapaltzeak ez diela Gobernuei beren obligazioak bete behar ez izateko baimenik ematen.

Gobernuek ez daukate izuari izuaren bidez erantzuteko eskubiderik. Uneoro nazioarteko zuzenbide gizatiarraren esparruan jarduteko betebeharra daukate, eta, giza eskubideen arloari dagokionez, berriz, nazioarteko zuzenbideari jarraiki. Tel Aviven bonbekin autobusen aurkako atentatuak antolatzen eta burutzen dituztenak, edota diskoteka baten aurka Balin, Burundin zibilen aurkako segadak prestatzen dituztenak, eta heriotzak sortu, edota Moskuko antzoki batean bahituak hartzen dituztenak, guztiak Justizia administrazioaren esku jarri behar dira, justizia prozesalari buruz dauden nazioarteko arauei jarraiki. Eta epaileen aurrera eraman behar dira, halaber, Lurralde Okupatuetan legezkanpoko gizahilketak egiten dituzten soldadu israeldarrak ere, Aceh eta Papuan torturatzen aritzen diren polizia indonesiarrak, Txetxenian emakumeak bortxatzen dituzten segurtasun indar errusiarretako kideak, eta abar. Justiziaren aurrean begiak ixtean eta zigorgabetasuna betierekotzean, Gobernu askok muzin egiten diete giza eskubideen arloan nazioarteko zuzenbidean dauzkaten betebeharrei, eta segurtasun gabezia, indarkeria eta giza eskubideen urrapena bezalakoak sustatzen dituzte.

Gobernu gehienak nazio segurtasun programa zorrotzetan buru-belarri sartu izanaren ondorioz, gizartea ez da konturatu milioika pertsonaren bizitza arriskuan jartzen duten mehatxu larri batzuen garrantziaz. Jende askorentzat, segurtasun gabeziaren benetako iturriak honelakoak dira; besteak beste, arma txikien etengabeko joan-etorriari bukaerarik ez ematea, muturreko pobrezia eta gaixotasun ekidingarriak ez baztertzea, HIESa ez zabaltzeko neurririk edo tratamendurik ez aplikatzea, eta globalizazioaren alderdi sozialak ez artatzea. Herrialde askotan, benetako segurtasuna ameskeria izango da beti -bereziki behartsuentzat- poliziak, auzitegiek eta Estatuko erakundeek ezgauzak eta ustelak izaten jarraitzen duten bitartean. Emakume askok batere segurtasunik gabe sentitzen jarraituko dute beren etxean indarkeriaren aurkako babesik jasotzen ez duten bitartean. Amnesty International-ek Errusian barna abian jarri duen kanpainan ikusi ahal izan denez, Parlamentua ez da etxeko indarkeria delitu gisa aurreikusteko legeria egokia onartzeko gauza izan, nahiz eta herrialde horretan 14.000 emakume hiltzen diren urtean beren senar edo senitartekoen erruz, eta dagoeneko 50 egitasmo aurkeztu diren gai honen inguruan.

Segurtasun gabeziaren iturri hauei guztiei konponbidea emateko, behar-beharrezkoa da Gobernuek eta nazioarteko erkidegoak giza eskubide guztiei (ekonomikoei, sozialei, kulturalei, zibilei eta politikoei) banan-banan begira jarri eta konpromiso irmoak hartzea. Funtsezkoa da giza eskubide horiek guztiak babestuko dituzten erakunde berriak sortzea, edota jada existitzen direnak indartzea. Kontuan izanik segurtasunerako poliziei eta terrorismoaren aurkako agentziei gero eta baliabide gehiago zuzentzen zaizkiela, non dago, bada, giza eskubideak babesteaz arduratzen den NBEko makinaria sustatzeko behar den dirua, zeinak urteak eta urteak baitaramatzan infrafinantziatuta? Non dira herrialdeei justizia eta polizia sistema eraginkor eta zuzenak sortzen lagunduko dieten baliabideak? Non da behartsu eta baztertuen behar sozialei erantzun bat emango dien dirua? Non dira emakumezkoen aurkako indarkeriari aurre egiteko behar diren borondate politikoa eta sentiberatasun publikoa?

Segurtasun gabezia globalak ez ditu giza eskubideak indargabetu; ondorioa bestelakoa izan da oso: giza eskubideak errespetatu egin behar direla jarri du agerian. Mundua bera seguruagoa bihurtu nahi badugu, derrigorrezkoa da segurtasunaren kontzeptua bera aldatzea, Estatuek giza eskubideak modu eraginkorrean babestu eta errespetatzen dituztela erakutsiko diguten keinuak ikustea, urratzen ez direla ikustea. Hori da segurtasun gabeziari eta indarkeriari aurre egiteko modurik onena. Gisa horretako aldaketarik gertatzen ez baldin bada, segurtasuna kontzeptu ustela izango da, segurtasun gabezia besterik ekarriko ez duena.

Iazko urtean zehar, Amnesty International-ek aukera paregabeak izan ditu segurtasun programa hauek zeinen ikusmira meharrak dauzkaten frogatzeko. Gure erakundeko kideek behin eta berriro eskatu diete gobernuburu, talde armatu, nazioarteko enpresa zein beste hainbat eragileei giza eskubideak beren osotasunean babesteko ahaleginak egin ditzatela; izan ere, pertsonen bizitzan benetako aldaketak gertatu ahala lortzen du gure erakundearen xedeak arrakasta. Txosten honetan, lorpen zein hutsegiteak agertzen dira, guztiak. Gure kideek aldaketak lortzeko, justizia eskatzeko, erretolika politikoaren atzean dagoen antzerkia salatzeko, eta Gobernuak kontuak argitzeko egindako esfortzuak islatzen dira. Eta, batez ere, beste edozeren gainetik, estatistika bakoitzaren atzean dagoen historia azaltzeko, ahotsik ez daukatenei mintzabide bat eskaintzeko.

Giza eskubideak ez dira garai oparoetako luxu bat; giza eskubideak uneoro eta etengabe errespetatu behar dira, baina, bereziki, arrisku zein segurtasun gabezia egoeratan, Gobernuek ez dezaten neurri kaltegarririk hartu. Horrela neurtzen da zenbateraino eska daitezkeen kontuak. Pertsonei ahalmenak ematen dizkiete, erantzukizunak ere bai, eta beren patua aukeratzeko, taxutzeko eta zehazteko aukera ematen diete. Giza eskubideek Gobernuen eta herrialdeen artean elkarrizketa konstruktiboak izateko esparru bat finkatzen dute. Mundua seguruagoa bihurtu nahi badugu, nahitaezkoa izango da xede horretan giza eskubideak izatea gure iparrorratz.

GAIAK
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2004/05-28/06-04