Landa garapena eta gizarte zerbitzuak: Hurbiltzen programa (Gipuzkoako Foru Aldundia)Escuchar artículo - Artikulua entzun

Jon Iribar Goenaga, Gizarte Politikarako Departamentua
Traducción al español

Landa garapenaren helburu orokor bat bertako biztanleak hiri edo kaleko biztanleak dituzten eskubide berdinak bermatzea da. Gizarte zerbitzuak sistema publiko bat diren aldetik, ardura hori gure gain hartu beharra daukagu, osasun edo hezkuntza zerbitzuak egin behar duten bezalaxe.

Ezagunak dira landa eremuak gure arloan dituen eskasia eta behar nagusiak, eta egin diren ikerketa guztiak azpimarratzen duten ideia nagusia zerbitzuen EGOKIPENA LANTZEA DA. Hau da, eremu horrek eta bertako bizimoduak dituen ezaugarri bereziak kontuan hartuta planifikatu eta eskaini behar ditugu gure zerbitzuak, kaleko beharrei aurre egiteko sortu diren zerbitzuak besterik gabe landa eremura eraman gabe. Bide hau jorratzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gizarte Politikarako Departamentuak ekimen berezi bat dauka martxan: HURBILTZEN programa.

Errezil (Gipuzkoa).
Errezil (Gipuzkoa).

1. AURKEZPENA

Hurbiltzen planaren helburua da herri txikien gizarte zerbitzuak indartzea, kontuan izanik herri hauek dituzten berezitasun eta zailtasunak. Planaren oinarrian bi zutabe ditugu:

. ELKARLANA ETA PARDAITZETZA. Batetik, udalen eta aldundiaren arteko elkarlana. Gizarte zerbitzuak ez dira aldundiaren eginkizuna soilik. Legez, udalek badituzte eginbehar garrantzitsuak, eta beraz, bi administrazio mailak dute zer esana arlo honetan, hiritarren eskubideak berdinak izan daitezen, herri txikian nahiz handian bizi. Bestetik, gizarte zerbitzuetatik kanpo dauden beste erakundeekin elkarlana, herri txikiak dituzten zenbait ezaugarrik guztiongan dutelako eragina (hala nola sakabanaketa, garraio arazoak, udal aurrekontu txikiak, udal langile gutxi, bizimoduko zenbait berezitasun, informazio arazoak, zerbitzu garestiagoak, etab.).

. EGONKORTASUNA ETA MALGUTASUNA. Honelako plan batek malgua izan behar du, oso arazo eta egoera desberdinei egin behar dielako aurre. Aldi berean, ordea, abian jarritako ereduak egonkorra izan behar du, unean uneko gorabeheren eta unean uneko arduradunen irizpide aldaketen mendean egon ez dadin.

2. PLANAREN EREMUA

Nori zuzendua: 2.000 biztanle baino gutxiago dituzten Gipuzkoako 44 udalak.

Zein arlotan: Oinarrizko gizarte zerbitzuen indartzea. Adineko pertsonak, ezintasuna dutenak eta beraien familiak.

Xehetasunak: Planaren txosten osoa www.Gizartekintza.net helbidean daukazue.

3. ABIAN DAUDEN EKIMENAK

3.1. MANKOMUNITATEEN SUSTAPENA

Oinarrizko gizarte zerbitzuei dagokionez, Aldundiaren ustetan aurrerapausoak eman behar dira gaurko egoera gainditzeko, eta bide horretan udalen benetako elkartzea proposatzen du hainbat arrazoiengatik. Gaur egun, 3 mankomunitate bakarrik ditugu, guztira 12 herri biltzen dituztenak. Beste 32 herri txikiak

2003an Foru Aldundiak laguntza dekretu bat onartu zuen, gizarte zerbitzuen mankomunitateak sustatzeko. Aldundiaren helburua legealdi honetan 3 mankomunitate berri sustatzea eta urtero pare bat bideragarritasun ikerketa egitea da. Horretarako urtero argitaratuko du laguntza hauen deialdia.

Argazkia
Garagarza, Mendaro (Guipuzkoa).

3.2. LANDA ZENTROEN HEDAPENA

Landa zentroak hiru zerbitzu mota eskaintzeko diseinatu dira:

Tokian tokiko beharren arabera, topagune edo gizarte zentro bezala era erabili daitezke zentro hauek (ikus aurrerago). 2004 urtean bi zentro martxan jarriko dira (Errezil eta Zegaman). 2005ean beste hiru irekitzeko asmoa dugu: Elgeta, Mendaro eta Bidegoianen. Legealdiaren amaierako gutxienez beste hiru izatea da gure helburua, eta horietako bat behintzat Goierrin kokatuko litzake.

Aldundiak, alde batetik, inbertsiorako laguntzak eskaintzen dizkie udalei, eta bestetik, funtzionamendurako laguntza eredu berezi bat jarriko du indarrean berehala.

3.3. ETXEZ ETXEKO LAGUNTZA PROGRAMAREN INDARTZEA

Aldundiak oraintxe bertan onartu du 2004rako etxeko laguntzarako orduak banatzen dituen Dekretua. Gaur egun, menpekotasuna duten pertsonei eskaintzen zaien laguntzaren kostea bere gain hartzen du Aldundiak, eta horretarako, bere aurrekontuaren arabera, Gipuzkoako udal bakoitzari urteko gehienezko ordu kopuru bat aitortzen dio.

Orain onartu den banaketa berriarekin, Aldundiak herri txikiei honako ordu kopuruak ordainduko dizkie:

BIZTANLEAK URTEKO ORDUAK
700 arte 1.600
700 eta 1200 artean 2.000
1200 eta 2.000 artean 2.400

Gainera, 2003an egindako ordu guztiak onartuko dira, eta tope hauen gainetik dauden udaleri 2004an ordu horietxek onartuko zaizkie, hau da, arlo honetan aurretik doazen udalek ez dute 2.400 orduko topea izango, iaz benetan egindakoa baizik. Esan beharra dago ordu banaketa hau udal ertain eta handientzat egin dena baino mesedegarriagoa dela herri txikientzat.

Argazkia
Amezketa (Gipuzkoa).

4. 2004AN MARTXAN JARRI NAHI DITUGUN EKIMENAK

4.1. ATSEDEN PROGRAMA BERRIA

Asteburuetako familiarentzat atseden programa batekin hasi nahi dugu, gaur egun zentroetan uneko egonaldien programa osatzeko. Horrela, etxean bertan adineko pertsona zaindu eta aldi berean familiari atseden hartzeko aukera emateko, etxez etxeko laguntza programa berezia sortu nahi dugu herri txikietan. Lehenengo urtean 100 familiari zerbitzua ematea nahi dugu.

4.2. DINAMIZAZIO PROGRAMA BESTE ERAKUNDEEKIN ELKARLANEAN

Landa garapenean eskumena duten beste erakundeekin eta zenbait udalekin batera, dinamizazio programa bat jarri nahi dugu abian, dinamizatzaile soziokulturalen figura hedatuz. Hasiera batean, mankomunitate diren herrietan ezarriko litzake programa hau (3 programa eta 12 herri).

4.3. TOPAGUNEAK SORTZEKO AUKERA

Interesa duten udalekin TOPAGUNEAK sortzeko laguntza emateko prest gaude. TOPAGUNEAK landa eremuko jendea biltzeko lekuak dira, eta toki bakoitzean forma eta ekintza desberdinak hartu ditzakete. Adibide bat Berastegin dagoeneko martxan dagoena da, landa zentroaren barnean. Mahai gainean daukagun hurrengo proiektua Orendainen kokatuko da.

4.4. SENDIAN PROGRAMAREN ZABALPENA.

SENDIAN programa menpekotasuna duten adinduez arduratzen diren eta haiekin bizi dien sendiak laguntzeko programa zehatz bat da. Bere baitan zenbait zerbitzu eskaintzen zaizkie senide hauei: laguntza psikologikoa, prestakuntza, laguntza taldeak, asteburuko edo oporretako atsedena, laguntza teknikoak, etab.

Gaur egun 2.000 biztanletik beherako 32 udalerrietara iristen da programa hau. Legealdi honetan beste 12ak sartzeko helburua daukagu, herri txiki guztiak izan dezaten baliabide hau.

Argazkia
Orendain (Gipuzkoa).

5. BUKATZEKO

Asko dago egiteko, eta erakunde desberdin askok parte hartu behar dute ekimen hauek aurrera ateratzeko. Aldundiak serio heldu dio gaiari, eta zenbait udalek ere bai, baina oraindik asko dira esnatu beharrean dauden herri txikiak, gizarte zerbitzuak behar diren mailan eskainiko badira. Ez da legealdi batean amaitzen den lana, baina benetan gustatuko litzaiguke gutxienez norabide aldaketa bat nabaritzea, gero bakoitzak ahal duen martxan jarrai dezan.

Lotutako artikuluak

GAIAK
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2004/06/11-18