Québec-en sortu eta bizi diren euskaldunak ! (2/2)Escuchar artículo - Artikulua entzun

Maitane Arizti, Naroa Azurmendi, Adur Basurko Pérez de Arenaza, Etor Garat, Xabier Harlouchet, Haritz Macicior, Urko Rodriguez, Michel Usereau
Traduction au français

Euskal Herrian, duela aspaldi, jende askok zer nahi arrazoi aurkitzen dituzte euskara ez dakitela justifikatzeko. Euskal Herriko erdaldunak, euskal hizkuntzari lotzen laguntzeko, « Québec-en sortu eta bizi diren euskaldunak ! 1/2 » testoan jada bi Québec-tarrek euskaldun bilakatzeko egin zuten bidea erakutsi ginuen. Ondoko elkarrizketekin beste bi Québec-tarrek erakutsiko digute nola eta zergatik euskara ikasi duten bai eta ere nola atxikitzen dituzten harremanak Euskal Herriarekin !

Iazko argazkia !
www.euskaldunakquebec.com

Irakurketa on bat opatzen dizuegu !

Marc Sardi :

Elkarrizketa osoa euskaraz bakarrik izan zen, bai entrebistatzailearen galderak eta bai Marc-en erantzunak.

Aurkezpena

Marc SardiMarc Sardi euskara ikasi duen beste Québectar bat da. Bere familiak Mediteranneo itsasoaren inguruan ditu bere erroak (Libanoan, Grezian, Sirian, Italian), baina Marc Québec hirian jaio zen, eta hiru urteekin Montréalera bizitzera etorri zen bere burasoekin.

Landare eta abereen biologia ikasi du, txorientzako interes berezi batekin : haien ohiturak, bizi-moduak, eta abar.

Frantsesa dauka ama-hizkuntza bezala, baina badazki ere inglesa eta italiarra, lehena kalean ikasita eta bigarrena, ikastetxean. Orain, hogeita bederatzi urteekin, beste hizkuntza bat badaki : euskara !

Nola ikasi duzu euskara ?

Lehenik, bakarka ikasi dut, gutxi gora behera urte batez, bi metodo ezberdinekin. Lehena frantsesez idatzita dagoen metodo bat da, «Assimil : Le basque unifié». Egunero, metroan, kafetegietan edo etxean, ikasgai baten zati bat egiten nuen. Bigarren metodoa ingelesez idatzita dago, Alain Kingek idatzita : «The Basque Language» deitzen da. Biak oso metodo ezberdinak dira, baina biak egokiak niretzat. Hori egin eta gero, laguntza ukan dut, lagun batzuengandik. Alabaina, haiek euskara kurtso bat antolatu zuten Montréalen, eta parte hartu nuen. Kurtsoan, garai honetan, baziren bi klase : bat euskara ikasi nahi zutenentzat, eta bat euskaldun zahar eta berrientzat, haiek praktika zezaten. Bietan parte hartu nuen. Kurtso hauetan irakasten zuten lagun hauekin mintzapraktika neukan : Xabier eta Uhainari (irakasleei) galderak egiten nizkien, eta haiek niri, eta hala, poliki-poliki, hitz egiteko ohitura hartzen nuen, eskerrak haiei. Kurtso honetan egona naiz azken urte eta erdian, gutxi gora behera. Bitartean, «Irakurmendi» bildumako hamar liburu irakurri nituen. Bilduma hark euskarazko itzulpenak euskaldun berrioi aurkezten dizkigu, sei urratsetan. Hirugarren urratseraino irakurtzea iritsi naiz. Beraz, orokorki, azken bi urte eta erditan euskara ikasten arizan naiz.

Zergatik euskara ikasi duzu ?

Nahiz eta euskara oso hizkuntza interesgarria iduritzen zitzaidan, ez nuen ikasi nahi, Euskal Herrira joan baino lehen, zaila zela ematen zuelako. Baina Euskal Herria bisitatzean, herria interesgarria iduritu zitzaidan, eta bere kultura oso aberatsa. Gero, bisitatu ditudan leku askotan entzuten zen hizkuntza : Baionan, Urepelen, Donostian. Leku batzuetan, ez. Organbidexkan txoriei buruzko ikerlan batean parte hartu dut, eta han ez zen entzuten (edo oso gutxi), adibidez. Hizkuntza entzuten duzu, beraz ikasteko gogoa sartzen zaizu. Lagunak egin ditut, musika ezagutu dut, eta handik aurrera ikasi nahi izan nuen. Montréalera itzultzerakoan, hitz batzuk bakarrik ezagutzen nituen, baina ikasteko gogoa neukan, eta egin dut, kontatu dizudan bezala.

Zer ekarri dizu euskarak ?

Nire munduari buruzko gauzak ikasi ditut, hau da Euskal Herria eta bere kultura. Beraz munduko kulturei buruz orain lehen baino gehiago ezagutzen dut. Horregatik kultura guztiak garrantzitsuak dira : gauzak irakakasten dizkigute munduari buruz. Gero, ezagutu ditudan musikalari edo musika talde asko ez nituzkeen inoiz ezagutu euskararik gabe : Ken Zazpi, Bide Ertzean, Mikel Laboa, Xabier Lete, Aire Ahizpak, eta abar.

Zer gustatzen zaizu Euskal Herrian eta zer ez ?

· Euskal Herria eta Québec-en arteko desberdintasunak ?

Québeceko historioa Euskal Herrikoa baino gazteagoa da. Euskal Herria herri zahar bat da, eta bere kultura aberatsagoa da, nire ustez. Gero, ba, Ipar-Amerikan bizi gara, eta hori ikusten da bazter guztietan : negozioetan aurkitzen dena ezberdina da, janaria ezberdin samar da ere. Hizkuntzari buruz ere ezberdina da. Hemen, dena frantsesez da : seinaleztapena, legeak, hezkuntza. Frantsesa Québeceko bazter guztietan dago. Horrelako egoera lortzeko Euskal Herrian, lan asko egin beharko da : euskara bazter guztietan egon behar dela jendeari azaldu, hizkuntza ez dakitenei irakatsi, eta abar...

· Euskal Herria eta Québec-en arteko berdintasunak ?

Bi herriak oso kultura txikiak dira, kultura handien artean, eta kultura haiek babesteko, bi herri hauek haien independentzia nahi dute.

Euskaldun egoiteko zer molde dituzu Québec-en :

· Euskal herria eta Québec-en arteko harremanak (bidaiak, internet-a, Euskal Herri-tik bisitak, etab...).

Ba, lagun euskaldun asko ditut, eta Montrealera etortzen direnean, niretzat euskara ikasteko aukera bat da. Gero, emailak idatziz praktikatzen jarraitzen dut ere. Gainera, «Irakurmendi»ko liburuak irakurtzen segitzen dut. Eta euskal musika entzuten dut !

· Euskal Elkartea eta Euskara Ikastaldiak Montréal-en laguntzen al zaituzte ?

Elkartean badira Euskaldunak eta Québectarrak. Haietako gutxik euskaraz hitz egiten dute. Horregatik euskara ikasteko kurtso hura sortu zuten. Niretzat, ezinhobea da : euskaldunez inguratuta egotea pilo bat gustatzen zait, euskara entzuteko eta lagun onak ikusteko oso aukera ona delako.

Éric Barrette :

Aurkezpena

Erick Barrette 35 urteko gazte quebectarra da. Dekoratzaile du ogibide. Militante umezurtz bat konsideratzen da Quebecken dagoen mugimendu independentista faltarengatik. Beste herrienganako duen interesa dela eta herrien hurbiltasuna bilatu du beti, Irlanda, Mexiko, Panama, Korsika... eta nola ez Euskal Herria. Montrealeko egun hotz batean elkartu gara berriketa egiteko, eta Erickek bere euskarari hautsa astintzeko aukera izan du.

Nola Ikasi duzu euskara ?

Orain dela 8 urte liburu kaxkar bat erosi nuen, “Zer tenore da?“ eta horrelako esaldiak ikasi nituen, gero inoiz entzun ez ditudanak. Hilabete bateko bakarkako lana egin ondoren Euskal Herrira joan nintzen, sekula entzun eta hitz egin ez nuen hizkuntza bat erabiltzen zuten herrialde batera. Urepeleko barnetegian izan nintzen 2 astez, baina lehen astea eta gero asetuta nengoen. Halere hizkuntzaren egitura nolakoa zen ikusteko baliagarria izan zen.Lehen bidai hartan 2 hilabetez izan nintzen eta egindako lagunekin euskara erabiltzen saiatzen nintzen. Hurrengo urtean aldiz zurgintza ikastaro bat egitera joan nintzen ipar Euskal Herrira 3 hilabetez. Gizonarekin tarteka euskara eta frantsesa erabiltzen nuen. Azken finean euskara kalean ikasi nuen. Batez ere Hegoaldean frantsesez hitz egiteko tentazioa ez baitnuen. Arrazoi horregatik ez nuen gaztelera ikasi joan aurretik, tentazioaren aitzakia ez izaiteko. Beste barnetegi batean ere izan nintzen 3 urte geroago, 2 asteko epeaz. Hirugarren mailan jarri ninduten baina gehiegizkoa izan zen niretzat. Hortik aurrera Bakarka Metodoarekin jardun dut euskara ikasten. Halere ez naiz batere metodikoa hizkuntza bat ikasteko orduan eta nahiago dut belarria egin kalean, jendearekin hitz eginez.

Zergatik Ikasi duzu Euskara?

Beste herriek bizi duten zapalketa egoera bertatik ezagutzeko asmoa nuen. Baina nire lehen hautua Irlanda zen. Halere gaelikoa ikasteko aukera gutxi zeudela konturatu nintzen, beraz Euskal Herria hautatu nuen. Quebecen gainera sensibilidade berezi bat dago kanpoko hizkuntzekiko. Beraz ezagutu nahi nuen lurraldean hitz egiten duten hizkuntzaz mintzatu nahi nuen. Baina euskararekin dudan harremana ez da ikuspuntu linguista batetik izan dezakezun interesa baizik eta hizkuntza ezagutzeak herria hobeto ezagutzeko aukera ematen dizun zihurtasuna.

Zer ekarri dizu euskarak ?

Lehen esandakoaren arira, Euskal Herria hobeto ezagutzeko aukera izan dut. Eta batez ere harremanak egiteko orduan gauzak asko erreztu dizkit. Nire ustez Euskal Herrian harremanak egitea apur bat zaila da, beharbada generalizazioa da esaten ari naizena, baina abertzale munduan behintzat bai. Eta euskarak asko lagundu zidan. Beno, hasiera da zaila, behin tokia egin eta gero besoak zabalik jaso ninduten. Bestalde Euskal kantariak eta musika ezagutzea eta ulertzea plazer bat izan da niretzat. Irakurri aldiz ez dut gehiegi egin eta beraz euskal idazle asko ez ditut ezagutzen.

Zer gustatzen zaizu Euskal Herrian eta zer ez ?

Euskaldunak kalean, plazan bizi dira. Kalean ikusten den bizitza ikusgarria da, beraz alde horretatik euskaldunen arteko harremanak beroagoak dira quebectar gizarte indibidualista baino. Honen ondorioz gizarte arazoei kolektibitatean aurre egiten zaie. Arrotasun osoz onartzen dira euskal kulturaren elementuak (euskara, musika, dantza...) baita jateko ohiturak ere. “Shock“ bat izan zen neretzat nola taberna barruan belaunaldi desberdinak elkartzen diren, eta nola euskal gazteak musika eta kanta herrikoiak gustuz kantatzen dituzten.

Euskaldunek duten harrotasun horren ondorioz dira nahiko itxiak. Ez bakarrik harreman berriak egiteko orduan baizik eta mundura irekitzeko orduan. Beste kulturak, hizkuntzak, jakia, musika... ezagutzeko ez dute esfortzu haundirik egiten.

· Euskal Herria eta Québec-en arteko desberdintasunak ?

Quebecen aldiz ez dago harrotasun kultural hori eta horregatik besteak beti dira hobeak. Ondorioz askoz irekiagoak gara beste kulturekiko, gure kultura guztiz mesprezatzen baitugu. Adibide moduan Quebecen ezin dugu aurkitu quebectar sukaldaritza eskeintzen duen jatetxerik. Hizkuntzarekiko ere konplexua dago, jendeak ez du onartu nahi hizkuntz bereizi bat denik eta frantziako frantsesa hitz egitea omen da ondo adieraztea. Hausnarketa pertsonal bezala, quebectar gizartearen alineazioa zanpaketaren asimilazioaren ondorioa da eta euskal gizartearen harrotasuna zapalketaren aurkako erantzuna. Nik alineazio osotik harrotasun osora nire tarteko bidea bilatu nahi nuke.

· Euskal Herria eta Québec-en arteko berdintasunak ?

Ez dakit, beti errazagoa egiten zait desberdintasunak nabarmentzea. Beharbada zapalketa nazionalaren afera hori, baina ez dira konparagarriak bi errealitateak.

Euskaldun egoiteko zer molde dituzu Québec-en :

Euskara ikasteko moldea batez ere Euskal Herrira joatea da. Azkeneko 8 urtetan 6 aldiz joan naiz Euskal Herrira, egonaldiak 2 hilabete eta 5 hilabete tartekoak izan direlarik. Hortik aparte liburuekin aritzen naiz apur batean. Baina oso zaila egiten zait Euskal Herritik kanpo euskara ikastea. Niretzat euskara osotasun baten parte da eta horregatik Euskal Herrian nagoenean sentitzen dudan beharrarengatik ikasten dut. Hizkuntzarekiko baino herriarekiko maitasun sentimendua dut, baina bata bestearekin doazenez horregatik ikasten dut euskara. Ez baita posible Euskal Herri bat euskararik gabe.

KOSMOPOLITA
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2004/06/11-18