Gipuzkoako Batzar Nagusiak etorkizunean. Europarekiko loturaEscuchar artículo - Artikulua entzun

Javier Retegui Ayastuy
Traducción al español

1.- SARRERA
2.- ALDAKETA IRAULTZAILEAK – SISTEMA-ALDAKETA
3.- EUROPAREN ERATZEA - DINAMISMO ERREGIONALA
4.- ERREGIOETAKO KUDEAKETA ETA LEHIAKORTASUNA - ANTOLAKUNTZA-ALDAKETA
5.- BATZAR NAGUSIEN BETEBEHARRA - ETORKIZUNARI BURUZKO IKUSPUNTUA
6.- LABURPENA ETA AZKEN IRUZKINAK

 

1.- SARRERA

Etorkizuna igartzea-ren eta prospektiba-ren arteko desberdintasuna. Prospektiba ez da etorkizuna iragartzea eta ezagutaraztea, etorkizuna zerbait aurrefabrikatua balitz bezala. Prospektibak etorkizuna eraikitzen laguntzen digu. – Prospektiba jarduera-programa bat baino gehiago etorkizunarekiko jarrera bat da.

Prospektibaren erabilera “Gipuzkoa 2020”. Lau egoera.

a) Partaidetza handia.

b) Hausnarketa- edo erronka-arloak: gizarte zibila, gobernaketa, hezkuntza, lurraldea eta ekonomi jarduera.

c) Faktore giltzarrien eta egoera txikien eratze sistematikoa.

d) Egoeren eratzea. Gipuzkoa kikildua, Gipuzkoa gogorik gabe, Gipuzkoa paradoxikoa, Gipuzkoa berritzailea (etorkizun posible desberdinak).
(arlo askotako 200 parte-hartzaile).

Hasiera ona da etorkizuna bideratzeko.

Alderdi hauek garatuko ditut jarraian:


(AURKIBIDEA)

2.- ALDAKETA IRAULTZAILEAK – SISTEMA-ALDAKETA

Etorkizunari buruzko ikuspuntu desberdina, pixkanakako bilakaera-aldi batean egon edo aldaketa iraultzaileen aurrean egon.

Iraultza “egituren bat-bateko aldaketa” da eta iraultzak, benetakoa izan dadin, txanponaren bi aldeak edo aurpegiak hartu behar ditu aintzat: ekonomia-iraultza eta gizarte-iraultza(morala).

Gure bizimoduan eta erakundeetan funtsezko aldaketak eragingo dituen benetako aldaketa iraultzaile baten aurrean gaude.

Aldaketaren eragileak edo faktoreak:

- Globalizazioa.- (Merkatuak, pertsonak eta ideiak).

- Informazioaren eta ezagutzaren gizartea
(Jakintza eta informazioa gizarteratzea).
(Erakunde-mota guztietako boterea eta hierarkiak demokratizatzea).

- Aldaketak hezkuntza-arloan
(Ezagutzak, gaitasunak eta baloreak).
(Partaidetza aktiboa ikaste-prozesuetan).
(Etengabeko prestakuntza).

- Genero-berdintasuna. Emakumezkoak ordaindutako lanetan hastea. Generoaren araberako eginkizunak pixkanaka kentzea. (Kultura-
-aldaketa sakona).

- Aldaketa demografikoa
(Adin-piramidea, migrazioak, familia-egituraren aldaketa, gizarte- eta kultura-aniztasuna).

- Iraultza zientifiko-teknikoa.- (Biziaren zientziak, nanoteknologiak eta abar).

- Garapen eramangarria.- (Ekonomia, energia, gizartea, ingurumena)

- Europako Batasuna.- (Ekialdeko herrialdeetara zabaltzea. Horren ondorioak).

Sistema: Egituren multzo koherentea. Egitura bat aldatzea, sistema egokitzea. Egitura-multzo garrantzitsu bat aldatzea, sisteman aldaketa iraultzailea eragitea. Ezezaguna eta aurretik jakiterik ez dagoen sistema-aldaketa bat izango dugu seguru.

Etorkizunari ezin zaio begiratu iraganaren estrapolazio bat balitz bezala. – Aldaketa iraultzaileek gure erakundeetan aldaketa sakona egitera behartzen gaituzte.

Etorkizunari aurpegi emateko lehen urratsa sistemaren haustura- eta aldaketa-egoera honen aurrean ipintzea da.

IGAROBIDE batean gaude, etorkizuna jadanik iraganaren estrapolazioa ez den egoera batean. Egoera hau iraganaren oinarrizko egituren aldaketa sakon baten emaitza da, eta aldaketa horrek LINEALA EZ DEN SISTEMA DINAMIKO bati emango dio bidea.

AURRETIK JAKIN EZINA aintzat hartu beharreko faktore iraunkor bat da; horregatik da ezinezkoa etorkizuna kontrolatzea.

Hauek dira garai hauen ezaugarriak: aldaketa, konplexutasuna eta ziurtasunik eza. Horrek ziurgabetasunean bizitzera eraman behar gaitu. (AURKIBIDEA)

3.- EUROPAREN ERATZEA - DINAMISMO ERREGIONALA

Globalizazioaren fenomenoak aldaketa sakonak eragin izan ditu duela gutxi arte estatuetan biltzen ziren botere-mekanismoetan. Botereak bere eragina galdu egiten du, bai estatuen kanpo-kudeaketan bai barneko gaietan:

- Zenbait gai, hala nola, ingurumenaren hondamena, klima-aldaketa, IKTak, migrazioak, terrorismoa, finantza-fluxuak… modu globalean ukitzen dira, estatuen kontrolpetik at. (munduan barrena argi eta garbi dabiltza, estatuen kontrolik gabe).

- Estatu-barrutietan ere nortasunaren inguruko elkartasun-fenomenoak eta lankidetzarako mekanismoak berpiztu egiten dira, lehiakortasunari begira; erregioen fenomenoa indarrarekin agertzen ari da.

Erregioen garapena nazioarteko testuinguaren baitan gehiago dago, estatuetako testuinguruen baitan baino.- Erregioak moldatzen ari dira beren gobernuen eta elite enpresarialen bultzadari esker, erregio-erakundeen eta erregioa oinarri duten enpresen artean lankidetzarako sareak eratuz; erakunde eta enpresa horiek funtsezko diagnostiko, balore eta helburu berdinak dituzte. Oinarrizko planteamendu berdinekin aurrera egiten duten hainbat eta hainbat erregio aurkez daitezke.

Kultura-nortasunen inguruan ere erregioek bi bide hartzen ari dira, argi eta garbi: “kultura global berdintzaile bat” bereganatzen eta ezartzen ari dira batetik, eta “norberaren baloreetan eta tradizioetan finkatutako nortasunen edo kulturen” erroak indartzen eta bilatzen ari dira bestetik.

Pixkanaka, informazioaren arloan gertatu den eztandaren ondorioz unibertsal bihurtutako kultura-eredu bat sortzen ari da; gizartean sartzen den kultura-eredu bat, hain zuzen. Gaur egungo gizarteak, ordea, erreakzionatu egiten du kanpoko kultura horren aurrean, berezko kultura-erroak dituen nortasuna bilatuz eta indartuz; erro horiei esker, nortasunezko elkartasun-sentimenduak sortzen dira.

Globalizazio-bide hau nabarmenagoa da Europako Batasunean, non egiturak sakon ari diren aldatzen.

Estatuek oinarrizko eskumenak Batasuneko erakundeei ematen dizkiete; esaterako,

Politikaren arloan, interdependentzia gero eta handiagoa da (kanpo-krisiak, Europako Kontseilua…).

Aldi berean, nazioarteko panorama lehiatsuan berezko hitza eta nortasuna duten erregioak ari dira nabarmentzen, oso finkatuak dauden nortasunezko elkartasunak sortuz. Erregio horiek gero eta eskumen gehiago doaz bereganatzen, eta horrek ahalbidetzen die enpresa- eta gizarte-dinamismo indartsu bat garatzea.

Subiranotasunaren kontzeptu klasikoaren aurka beste kontzeptu berri bat ari da indarra hartzen; kontzeptu berriak “ordena eta agindua” oinarri izan duen subiranotasun baztertzailearen kontzeptuarekin hautsi egiten du. Orain arte subiranotasuna zatiezina, mugagabea, baztertzailea eta betikoa izan bada ere, gero eta indar gehiago du estatuz gaindiko, estatuetako eta erregioetako botereen artean banatutako subiranotasun partekatuak, LANKIDETZA oinarri duen subiranotasunak alegia.

Europako Batasunaren eratze-bidean ez dago aginte gorena duen organorik; erabakiak estatuen eta Batasuneko estamentuen artean negoziatzen dira.

Antolakuntza politikoaren eredu berri bat ari da agertzen (Europako Konstituzioa), eta eredu horren arabera zehaztuko da subiranotasun partekatua erabiltzeko prozesu dinamikoa.

Ez dago dudarik mendetako ikusmoldeari buruzko aldaketa sakonen aurrean gaudela eta, aldaketa horietan, erregioek nortasunaren eta garapenaren inguruko protagonismo berri bat ari direla bere gain hartzen; aldaketa sakon horiek erregioei dituzten aukeren aurrean jarrera bat hartzera behartzen diete.

Argi dago Euskal Herria Europako erregio bat dela, eta horren barruan Gipuzkoa berezko ezaugarriak izateaz gain agertzen ari den gizarte berrira egokitzeko gaitasun handia duen lurralde bat da. Dituen ezaugarri bereziak direla eta, Gipuzkoak ekarpen handiak egin ditzake. Izan ere,

Gipuzkoako Batzar Nagusiek erantzukizun eta protagonismo handia hartzen dute gure lurraldearen bilakaeran, alternatiben aukeraketan parte hartuz eta behar den bultzada emanez. (AURKIBIDEA)

4.- ERREGIOETAKO KUDEAKETA ETA LEHIAKORTASUNA - ANTOLAKUNTZA-ALDAKETA

Hona hemen, hitzez hitz, Gurutz Jauregiren lan bikain bateko paragrafo bat:

“Gipuzkoaren etorkizuna ez dago esanahi klasikoan oinarritutako politikan (ahalik eta botere politiko gehien lortzea), agertzen ari diren gizarte eta botere politikorako modu berrietara egokitzeko bere gaitasunean baizik. Beste hitz batzuetan esanda, botere politikoa lortzearen ideia klasikoa (aberrigintza) herria eraikitzearen ideiak (herrigintzak) ordeztu behar du, kosta ahala kosta.

Gurutz Jauregik, bere lanean, “ordeztu” hitza zehazten du esanez kontua ez dela instituzionalizazio politikoaren prozesua alde batera uztea; aitzitik, prozesu hori indartu egin beharko litzateke, erakunde politikoak oso tresna garrantzitsuak direlako Gipuzkoako gizarte-ehunaren garapenerako.

Gipuzkoaren etorkizuna planteatzerakoan, ikusten dugu benetako erronka herria eraikitzea (herrigintza) kontzeptua behar bezala garatzea dela; kontzeptu horrek, gainera, aldaketa garrantzitsuak eragiten ditu politika ulertzeko eta egiteko moduan. Gure herriaren bilakaera ikuspegi berri horri ekiteko dugun abileziaren baitan dago, neurri handi batean, eta, beste erregioetan aplikatutako adibideak izan arren, bilakaera hori gure errealitateetara egokitutako berezko formak eta ereduak aintzat hartuz garatu behar da.

Asko aldatzen ari den gizarte batean herria eraikitzea gizarte horretako kideek hartzen duten jarreren baitan dago, hein handi batean.

Gertatzen ari diren gizarte-aldaketen aurrean, hainbat modutan erreakziona daiteke:

Gizarte heldu eta kontziente batek aukera bakarra du: aldaketa gidatzea, nazioartean baztertua geratu nahi ez badu. Gertatzen ari diren aldaketa sakonek aukera bikain bat ekar diezagukete, gure desoreka eta arazo zaharkituak gainditu eta gizarte aurreratu, justu eta solidario batera iristeko. Baina aldaketa gidatzeaz eta kudeatzeaz gain, erregioetako kudeaketa-prozesuei eta lehiakortasuna bilatzeari ere ekin behar zaie; lan hori, ordea, ezezaguna da, neurri handi batean, eta, horretarako, politika egiteko ditugun moduak aldatu egin beharra dauzkagu. Kontuan izan behar da gizarte-aldaketa orok, benetakoa izan dadin, bi gauza osagarri lortu behar dituela:

Lurralde edo erregio bat kudeatzea eta lehiakor bihurtzea ez da lan erraza: oso desberdinak diren erakunde publiko nahiz pribatuetako hainbat eta hainbat eragilek parte hartu behar dute eta, horrez gain, sektore publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetzarako bideak edo sareak antolatu behar dira. Beste erregioetako esperientziei begiratuz gero, antolatzeko eta elkarlanerako era asko ikus ditzakegu, tokian tokiko indarrak eta lidergoak nola banatuta dauden.

Hauek izango lirateke lurralde-kudeaketa aurreratu baterako urratsak:

a) Erreferentziazko egoerak edo ereduak definitzea

Izango ditugun egoerak eta izan nahiko genituzkeen ereduak pixkanaka zehazten joan behar dugu. Nola egoerak hala ereduak handinahikoak eta itxaropentsuak behar dute izan.

b) Borondateak bideratzea- Partaidetza

Herria eraikitzeko lanek eta aurre egin beharko diegun erronka handiek oinarrizko adostasunak lortzea eskatzen dute, indar politikoen artean eta baita ere gizarte zibileko eragile ekonomiko garrantzitsuenen artean. Sektore publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza ezinbestekoa da, gizarte guztiak parte har dezan, eta parte hartu borondateak modu bateratuan bideratzeko gai izango den proiektu batean.

c) Baloreak partekatzea

Etorkizuneko gizarte aske, justu, solidario, eramangarri, anitz… baten baloreak arazorik gabe beregana ditzakete indar politikoek, eta gizarte zibilarentzat erreferentzia bat izan daitezke (aldaketa morala).

d) Lidergoak sortzea

Era askotako lidergoak sortu behar dira, eta lidergo horiek denek erabiliko dituzten oinarrizko proiektuak partekatuko dituzte eta gai izango dira pertsonak eta erakundeak mobilizatzeko, horiek beren jarrerak aldatu eta guztien zereginean parte har dezaten.

e) Etengabe kudeatzea, epe luzera begira

Egoera aldakorrez jabeturik, etengabe jardun behar da adostasunak eta konplizitateak bilatzen, prozesu politikoetan ohikoak diren epe motzeko (lau urteko) politikak gaindituz.

Barneratzen goazen gizarte berriak erakundeen aldaketa sakona ere eskatzen du. Izan ere, “behin betiko boterea” eta gainerako erakundearen “ekarpen ordenatua” oinarri zituen eskema zaharra “sareko erakundea” izeneko kontzeptu bihurtzen doa; kontzeptu horretan, kide guztien partaidetza itxaropentsua bilatzen da, polo askotako erakunde-zirkuluak sortuz.

Ezagutzaren gizarte berriak horko kideen ezaugarrietara egokitutako antolamendu-eredu berri bat eta pertsona prestatuak eta informatuak eskatzen ditu; pertsona horiek arrazoia eta emozioak erabiltzen dituzte, beren adimena eta lanerako gaitasuna emanez.

Aldaketa guztietan, “egitura mentalak” izaten dira aldatzen zailenak; hala, hamarkadetan edo mendetan funtzionatzeko modu jakin batzuk sortu dituzten erakundeen aldaketa sakona behar izaten dute eta aldaketa horiek, aldi berean, erresistentzia sakonei egin behar izaten diete aurre.

Aldaketa oro mingarria da, eta bidegabekeria eta disfuntzio handiak sortzen dira kolektibo garrantzitsuentzat; egitura egonkorretan finkatuta egonik zalantzazkoa eta segurua ez den ingurune batean berritze-prozesuei ekitera behartuta egoten diren kolektiboentzat, hain zuzen.

Beharrezkoa da konturatzea izango dugun gizarte berriak horrelako prozesuak eragingo dituela eta eredu berri bat eraikitzea bezain garrantzitsua dela aldaketarako eta eredu zaharrak desarautzeko prozesuak antolatzea.

Sistema-aldaketa orok krisi bat eragiten du aurreko egituretan, eta krisi hori bi eratan ager daiteke:

Erdietsi nahi diren helburuak ezagutzen direnean, borondateak elkartu egiten dira, horiei aurre egiteko, eta prozesu ebolutiboa aldez aurretik programatzen da (krisi proaktiboa). Horrelako krisiak kanpoko gertaerek modu traumatikoan eragindakoak baino errazago gainditzen eta onartzen dira.

Gizarte-aldaketa proaktibo hau guztia pentsaezina da, baldin eta aurrez adostasun edo akordio zabal bat eta lidergoak partekatzen diren lurralde-kudeaketaren inguruan eredu bat ez badaude (aldatzen oso zailak diren egiturak daude).

Gipuzkoak etorkizuna izango du, bere garapenerako eredu bat geureganatzen eta abian ipintzen badugu, zeregin horretan aintzat hartuz “Gipuzkoak entitate politiko bereizi gisa balioko badu, baztertzailea ez baizik gerturatzailea den botere politiko bati eusteko gai izan behar duela; beste entitateekin edo organo politikoekin harremanak estutzea eta, egonez gero, botereak eta eskumenak partekatzea urrezko arau duen botere politikoari, hain zuzen” (Gurutz Jauregi). (AURKIBIDEA)

5.- BATZAR NAGUSIEN BETEBEHARRA - ETORKIZUNARI BURUZKO IKUSPUNTUA

Gipuzkoa lurralde orekatua eta homogeneoa da, etorkizunean garatuko diren proiektu berritzaileak partekatzeko tamaina eta kultura egokiarekin.

Erakundeen bilakaeran, merkatuak eta horren arauek berebiziko eragina dute. Entitate ekonomikoak (enpresak) eboluzionatzera eta aldatzera behartuta daude, merkatuan jarraitu nahi badute.

(ustiapen-kontuen tirania). Dena den, zenbait gizarte-erakundetan (ekonomikoak ez diren erakundetan) ez dago merkatuko lege beldurgarririk eta, hala, erakunde horiek aldatu gabe iraun dezakete denbora luzez. Horrelako erakundeak, ordea, anakroniko bihurtzen dira (lehiakortasunerako oztopoa).

Neurri handi batean, erregio edo herrialde baten lehiakortasuna “talde-lehialmena”-ren baitan dago: erregio edo herrialde bat lehiakorra izango bada, horko erakunde eta egitura guztiak lehia-bide berean egon behar dute.

Helburu hori lortzeko, ezin da fidatu merkatu libre batean diharduten unitate isolatuek sortutako orekaz; aitzitik, konfidantza osoa lehiakortasunaren eta gizarte-garapen orekatuaren analisi eta ikuspegi integratu batetan eduki behar da (jarrera pasiboa edo jarrera proaktiboa). Egiturazko aldaketen inguruan berezko dinamika bat sortu behar da.

Batzar Nagusiak gipuzkoarren borondate politikoa eratzen den organoa da. Ezinbesteko entitatea da egoera prospektiboak aztertzeko eta ikertzeko, ikuspegiak ez ezik gizarte-baloreak eta -ereduak partekatzeko, gizarte zibilaren integraziorako eta partaidetzarako mekanismoak bilatzeko eta gaur egungo erakundeetan egiturazko aldaketak bultzatzeko.

Batzar Nagusiek beren betebehar tradizionalak zabaldu behar dituzte, etorkizunari “herria eraikitzeko” ikuspegiaz aurre egiteko.

Sakon aldatzen ari den mundu honetan, ezin dugu pentsatu irmo eraikitako gizarte batean gaudenik, horren zimenduak pitzatzen ari direlako. Beharrezkoa da gizarte lehiakor bat beste modu batera diseinatzen eta eraikitzen azkar-azkar hastea; merkatu globalean lehiakorra izateaz gain desio ditugun justizia eta elkartasuna baloreak dituen gizarte bat, hain zuzen. (aldaketa ekonomikoa eta aldaketa soziala).

Betebehar berri hori konplitzeko jarrera eta jarduera bat baino gehiago daude: etorkizunerako adostasunak eta akordioak bilatzea, epe luzera (20 urtera) begiratzea, gizarte zibila integratzea, egiturazko aldaketa sakonen inguruko arazo zailenei aurre egitea… Azken baten, Gipuzkoaren eraldaketaren bide-erakusle nagusi eta eragile bihurtzea, aldaketa-prozesu honetan.

Gaur egungo betebeharrei (arauak garatzea, gobernua kontrolatzea, izendapenak egitea…) “etorkizuna aztertzea” gehitu beharko litzaieke. Nahi litzateke Batzar Nagusiek “ETORKIZUNEKO BATZORDEA” izeneko batzorde espezifiko bat eratzea. Batzorde horrek kontzeptu eta laneko modu berrien arabera jokatuko luke, epe motzeko borroka politikoetatik urrun, gizarte zibilaren adostasuna eta konplizitatea bilatuz eta proiektu partekatuei aurre egiteko lidergoak sortuz. Batzordea “Oasi” moduko bat izango litzateke: bertan debate politikoan betidanik izan diren haserreen ordez analisi eta debate lasaiak egongo lirateke.

Nahiko argi daude etorkizuneko batzorde horrek izango lituzkeen betebeharrak:

- Gipuzkoa 2020aren barruan aurreratutako lana aztertzea eta horren inguruko iritzia ematea;

- lurraldeak modu integratuan kudeatzeko mundu-mailan dauden ereduak aztertzea (indar politikoak eta gizarte zibila konbinatzea);

- geure funtzionamendu-eredua diseinatzen hastea;

- bere iritzia eta jarrera zein gai giltzariren inguruan eman behar duen definitzea (hezkuntza, lurraldea, gobernaketa…);

- lidergoak bultzatzea eta partekatzea; eta

- gure garapenari lagun liezaiekeen antzeko kanpo-entitateekin itunak edo aliantzak eratzea.

Batzorde hori eztabaidarako izango litzateke, funtsean, eta Batzar Nagusien eta gizarte zibilaren arteko lotura-euskarria izango litzateke, Foru Aldundiko gobernuarekin izango lukeen lotura estuarekin batera, etorkizuneko erronkei aurre egiteko. Batzordea mugimendu zabal baten muina bihurtzen joan liteke; hainbat lidergoren ekintza anitzetan oinarrituta ikuspegi politiko-sozial eta integratu baten arabera antolatuko litzatekeen mugimendu baten muina, hain zuzen. (AURKIBIDEA)

6.- LABURPENA ETA AZKEN IRUZKINAK

Gipuzkoako gaur egungo politikaren testuingurua kontuan izanik, atomizatutako “gizarte zibila”-rekin konektatuz guztiok egin beharreko hausnarketa batetaz hitz egitea utopia izan liteke.

“Gizakiak jakinaren gainean eta arduraz eginiko ia ezer ez edo, beharbada, ezer ere ez da izan lehenengotik ideia dotore bat, besterik gabe” (Arizmendiarrieta).

“Kooperatiba-mugimendua posible izan zen ez genekielako egiezina zenik”. (kooperatibista bat).

“Ilargirik ez balego, asmatu egin beharko litzateke”; izan ere, ilargira iristeko utopiak gizarteari oso aurrerapen handia ekarri dien berebiziko ahalegin teknikoak egitea eskatu zuen.

Batzar Nagusien etorkizuna baldintzatu dezakete une hauetan burutu daitezkeen jarduerek batetik, eta bizi ditugun egiturazko aldaketa sakoeni aurre egiteko moduak bestetik.

Gure bilakaera beste era guztiz desberdin batean planteatzea ezinbestekoa da, hark erakundearen etorkizunean eta, batez ere, Gipuzkoaren garapenean eta ongizatean eragiten duelako.

Beharrezkoa da borondateak ilusionatzeko eta mobilizatzeko gai izango diren egoera berriak sortzea, indarkeriaren arazo larria eta oinarrizko giza eskubideen urratzea gaindituz.

“Herria eraikitzea” oinarri duen politika egiteko, gizarte zibileko entitateekin eta pertsonekin lotura estua eduki behar da.

Gaur egun, iraultza partaidetza da. (AURKIBIDEA)

Lotutako artikuluak

GAIAK
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2004/06/18-25