Campion, Nafarroako lehenbiziko euskal idazleaEscuchar artículo - Artikulua entzun

Joxemiel Bidador
Traducción al español

  Arturo Campionen Gramática
Arturo Campionen Gramática.
C ampionen ekarpena Nafarroako euskal letretan itzela izan zen, eta neurri batean XVII. mendean Axularrek Lapurdin, XVIII.ean Larramendik Gipuzkoan, edota XIX.ean Mogel-Astarloatarrek Bizkaian bezala, hemeretzi eta hogeigarren menderen arteko tarte hartan Campionek Nafarroan burutu lana garai berri baten hasiera izan zen, hala nola, komunzki deitzen den berpizkundea, herri literatura guztietan noiz edo noiz gertatzen den hura. Campionen kasuan, eta garai bertsuan Nafarroan ere ibili zen Bonaparte printzearekin gertatu ez zen bezala, poligrafoa Iruñeko gizartean gorki erroturiko pertsona genuen, hainbat dendaren jabea, bertako prentsan maiz kolaboratzen zuen idazlea, eguneroko politikan eskua sartzen zuenetakoa, eta finean, Nafarroako giro kulturaletan mardoki sarturik, bere aitagoitasuna ezin ukatuzkoa genuen.

Nafarroan egin zen euskal literaturaz denez bezainbatean, berau izan zen aro berri baten hasmena, orakulo eta maisua. Gazterik ikasi zuen euskara, geroagoko euskaldunberrien eredu bilakatu zela. Hizkuntzaren ikerkuntzan nabarmendu zen arnas handiko lanak idatzi zituela, euskara bera defendatu eta bultzatu zuten zenbait elkarteren sorreran egon zen, euskararen inguruko hainbat eztabaidetan parte hartu zuen, baita eredu literarioaren zein batasunaren hika-mika garrantzitsuetan ere, eta gutxi bazen ere, asmo literarioko zenbait lan utzi zizkigun.

Campionen lehen lan literarioa euskaraz 1877ko abenduan tajuturiko Orreaga balada epikoa izan zen, Garay Monglavek mende erdi bat lehenago egin zuen Altabizkarko kantua-ren aldaera pertsonaltzat har litekeena. Institut Historique erakunde frantziarraren idazkaria zen Eugène Garay de Monglave kazetari baionarrak artikulu luze bat eman zuen argitara 1834an non Orreagako gatazkaren garaitik beretik, ahoz aho belaunaldiz belaunaldi gorde zen euskal eresi zaharraren berri ematen zuen. Halaber, kanta hura jasotzen zuen papera Garat kontearen etxean ikusi zuela zioen. Errealitatea, ordea, bestelakoa izan zen. Monglavek euskaldunen bilkura batean parte hartzen zuen Parisen, eta bertan kantatzeko Orreagarena sortu zuen erdaraz. Ezpeletako Luis Duhalde tertuliakidea izan zen jatorrizko frantsesa euskaratu zuena. Iruzurra agerian utzi zuen lehenbizikoa Saran zegoen Wentworth Webster artzain protestantea izan zen, Madrilgo Boletín de la Real Academia de la Historia aldizkarian 1883an publikatu zuen artikulu batean hain zuzen. Ez da Monglaverena euskal letretan dugun faltsifikazio kasu bakarra. Hortxe ditugu, esate baterako, Xahoren Anibalen kantua, Arakistainen Alosko kantua, Hiribarrenen Heren-suge eta Beltzuntzeren kantua, Michelen Abarkaren kantua, edota Otaegiren Beotibarko kantua, guztiak Macpherson eskoziarraren eraginpean, berak sorturiko Ossian bardoaren Fingal lanaren bidetik. Bada, Websterrek Altabizkarko kantua-ren marroa salatu aitzin agertu zen Campionen Orreaga, geroantzean askotan berrargitaratu den testua, duen balio linguistikoarengatik zein ideologikoarengatik.

Campionen testua, gaztelerara eginiko itzulpenarekin batera, Euskara aldizkariaren lehenbiziko zenbakian agertu zen 1878an. Ondoren, Mariano Mendigatxa Bidankozeko nekazariak erronkarierara aldatu zuen, eta aldizkari berean agertu zen, hutsune zenbaitekin baina, ondorengo zenbakietan Bonaparte printzeak zehaztasunez zuzendu zituenak. Honek guztiak animatu zuen Campion bere Orreaga-ren testua ikerketa dialektologiko zabalago baten abiapuntu hartzeko. Horrela, eta jatorriz gipuzkeraz jatutu zuen testuarekin batera, gainontzeko euskalki literarioen aldaerak bilatu zituen, hau da, Duvoisinek egin lapurterarena, Intxauspek zubererarena, eta Iza Agirrek bizkaierarena. Jarraian Nafarroa Garaiko hemezortzi hizkeretara eginiko aldaerak erdietsi zituen: Olazti, Dorrau, Arbizu, Betelu, Osinaga, Auza, Saldias, Eratsun, Legasa, Bera, Urdazubi, Arizkun, Luzaide, Biskarreta-Gerendiain, Orotz-Betelu, Aria, Otsagi eta Bidankoze. Hiru arrazoi eman zituen Campionek honako lana egiteko: alde batetik berau ere nafarra zelako; bestalde Nafarroa Garaiko dialektoak ez zuelako berezko literaturarik, eta hortaz, beste euskalkiak baino ezezagunagoa zen; eta azkenik, penintsulako Nafarroan egiten zen euskararen lekuko zehatza jaso nahi zuen, izan ere, noizbait hango euskararen ikerketa historikoa egin nahi bazen, xumea izanik ere ikerlariek dokumentu bat gutxienez eduki zezaten. Campionek jakin bazekien zeinen ezberdinak ziren Nafarroako hizkerak, orobat Nafarroa Garaian ez zela euskalki bakarra egiten. Azkenik, Orreaga-ren 22 euskal aldaera eta erdarara eginiko itzulpena, ohar gramatikal eta lexikoak zituen sarrerarekin Iruñean karrikaratu zuen 1880an liburu formatoan.

Guztiarekin, Campionen ekarpenik garrantzitsuena 1884ko Gramática de los cuatro dialectos literarios de la lengua euskara dugu, Tolosan Eusebio López lodosarrak inprimatu zuena. Aurretik ere, euskararen inguruko beste lanen bat publikatua zuen Campionek. Euskara aldizkariaren bigarren alean, 1879an beraz, “Gramática vasca” entsegua hasi zen argitaratzen atalka, bere ustez Larramendi zein Lardizabalen gramatikak zaharkituegiak zeudelako. Gramatika honen azken zatia, zortzigarrena, 1882ko zenbakian atera zen, eta osotara 60 orrialde betetzen zituen. Aldizkari berean “Geografía lingüística del euskara” agertu zuen 1881ean, eta bi urte beranduago, Donostiako Barojarenean Ensayo acerca de las leyes fonéticas de la lengua euskara izenburukoa inprimarazi zuen. Alabaina, lan guzti hauek txiki geratu ziren bere gramatika erraldoiaren parean, 800 orrialdeko liburutzarra, atalka banatu zena harpideen artean, azken faszikulua 1886ko Donibane egunean moldizkiratu bitartean.

Campionek bi sarrera idatzi zituen bere libururako. Lehenbizikoan ikerketa linguistikoen garrantziaz zein euskararen balioaz ikerketa historikorako jardukitzen zuen, eta halaber, bertako egile eta kanpoko euskalarien berri zabala eman zuen. Bigarren sarreran hizkuntzen sailkapena ekartzen zuen, euskararen lurraldetasuna eta euskalkien berri maratza, eta amaitzen zuen geure hizkuntzaren apologia eginez. Liburuaren gaian sarturik, lehenbiziko atalean sufijazioaz aritu zen hamar kapitulotan: fonetika, fonologia, artikulua, izena, izenordea, deklinabidea, aditzondoa, konjuntzioa eta interjekzioa. Bigarren atalean lau euskalki literarioen aditza aztertzen zuen hamazazpi kapitulotan. Amaieran, hiru gehigarritan, Lardizabal, Axular, Intxauspe eta Mogelen testuez osaturiko krestomatia, eta aditzen taulak jasotzen zituen bibliografiarekin batera.

Beste lan askorekin gertatzen den bezala, Campionen gramatika da ia ezagutu gabe askotan aipatzen den liburu horietakoa. Euskal idazle eta literaturarekin horren zekena den Jon Juaristik, bere El linaje de Aitor klasikoan, "obra cimera de la vascología decimonónica" deitzen zuen Campionen liburua. Urte batzuk lehenago, 1984ko irailaren 25etik 29ra bitartean, Euskaltzaindiak Gramática de los cuatro dialectos literarios de la lengua euskara honen mendeurrena ospatu nahi izan zuen Iruñean berariazko jardunaldiak antolatuz. Orduan Nafarroako lehendakaria zen Urralburu jaunaren hasierako mintzaldiaren ostean beste komunikazio interesgarriagoak egin ziren, besteak beste, Granja Pascualen “La Gramática de Campión y Luis Luciano Bonaparte” edo Mitxelenaren “Campionen Gramatica eta beste”. Guztiarekin, Campionen liburua edizio bi baizik ez ditu izan, 1884ko lehenengoa eta 1977an La Gran Enciclopedia Vasca-koek egin zuten faksimila, eta hortaz, liburua nahikoa kontsultagaitza daukagu egun.

Aipaturiko lan filologiko hauez landara, Orreaga testuaren lehenbiziko asmo literarioei jarraikitzen zioten beste lan batzuk ere idatzi zituen Campionek. Elizondon 1879an ospatu ziren Lore Jokoetan Agintza izenburuko lana aurkeztu zuen Iputza ezizenaren azpian, eta L.L.I. hasmenta hizkiez sinatu zuen beste egile nafar ezezagun batekin ohorezko aipamena jaso zuen. Elizondoko hauek, bestalde, Hegoaldean eginiko lehenbiziko Lore Jokoak izan ziren, eta sariketa literarioan gailendu zen poeta Arrese Beitia bizkaitarra izan zen. Ezin oharkabean utzi Orreaga-rekin dituen antzekotasunak. Hura bezala, Agintza testu laburra da, bata zortzi puntutan banatuta eta bestea bederatzitan. Orreaga-ren hasiera honakoa da: "Gaberdia da. Karlomano Errege Auritz-berrin dago bere ekerzito guziarekin..."; Agintza-rena ordea, "Gaba da. Aitor ingurutua dago bere illobatxo maitetaz...". Bestalde, Aitor pertsonaiak garrantzi berezia du Agintza-n; Xahoren sorkuntza Navarro Villosladaren bitartez iritsi zen Campionenganaino. Kantabriako dukea zen Pelayo, arabiarren aurka Guadaleten galtzetik ihesean Euskal Herrira iritsi zenean abegi onez hartu zuen Aitorrek bere etxean; eskerdun, berera joan aitzin Pelayok hitza ematen zuen bere menekoek beti errespetatu eta maitatuko zituztela euskaldunak. Kanpotarrak alde egin ondoren, Aitorrek erne jartzen zituen bilobak honakoa esanez: "Erdaldunaren agintzak gezurrak dire".

Denbora antxiñakoen ondo-esanak 1881ean Donostian egin ziren Lore Jokoetako lehiaketa literariora igorri zuen Campionek, Aldundiak eskaintzen zuen idazmahiarekin saritu ziotela. Oso originala ez zen beste "Gaba zan" batez hasten bada ere, luzeagoa den testu hau interesgarriago dateke ikuspuntu literario batetik. Lehenbiziko pertsonan idatzia, narratzailearen negar kontsolaezinak eraginda, antzinako denboretako aingeruak aurrekoen bizitza ikustera eramaten du egilea, eta Oktabiano enperadorearen mezulariek kantabriarrei Erromako indarraren aurrean makurtzeko gomendatzen zietenean ematen dio akabera bidaiari. Kantabroen herriak, hau da, euskaldunen aitzindariek, ez dute amore ematen, banaturik daude baina, eta Utxin-Tamaiok negar egiten du horregatik. Gerrak, ordea, Lekobide eta Zararen arteko bakea ahalbidetzen du azkenean, eta euskaldunek baturik, erromatarrei aurre egiten diete borroka irabazi arte. Campionen testua Aitorren alabaren kantuarekin bukatzen da.

Okendoren eriotza Donostiako Lore Jokoetan ere aurkeztu zuen Campionek, 1883an hain zuzen, eta zilarrezko koroa batekin sariztatu zioten. Aurreko biak bezala, honakoa ere lehenbiziko Euskariana-n argitaratu zuen 1896an. Hiru zatitan banatua, holandarren aurka borrokatu ostean Antonio Okendoren La Capitana untzia Donostiara arribatu zenekoa jasotzen da. Hurrengo egunean, eta larriki zauriturik egon arren, Okendo A Coruñara abiatzen da erregearen agindua beteaz, bere heriotza ziurra dena. Galizako hirian sartutakoan Okendo hiltzen da besta-berri egunean Gabriel Henao historialari jesuita ondoan duela.

GAIAK
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2004/06-25/07-02