Arabako Mendietako emakume ikazkinakEscuchar artículo - Artikulua entzun

Usoa Otaño Unzurrunzaga*
Argazkiak: Usoa Otaño
Itzulpena: Juanmari Zurutuza
Versión original

50eko hamarkadan petrolioa eta ekonomika izeneko sukaldea ailegatu ziren arte, Arabako Mendietako herrietan, esaterako Lagran eta Pipaonen, bizitza egur-ikatza, egurgintza eta bestelako artisau lanetan oinarritzen zen. Gizaseme helduek ikaztobiak prestatzen zituzten, batzutan ezkutuan, baina keak berak salatzen zituen.

Argazkia
Argazkia: Museo Etnográfico de Pipaón.

Ikazkinen lanean mutikoak ere 11 edo 12 urterekin hasten ziren laguntzen. Emakumeek hornigaiak eramaten zituzten mendira, arropa eta janaria; laguntza eskaintzen zieten eta Errioxako herrietan ikatza saltzen zuten, Herrerako mendatea zeharkatuz, bide aldapatsua benetan.

  Argazkia
Adela Sáenz.
Berez, 82 urteko Adela Saenz-ek dioen bezala, “pertsona bakar batek ezin du ezer ere egin, ez gizonak ezta emakumeak ere”. Berak 6 ikatz zama mando gainean jartzen zituen; neguan gomazko oinetakoak, beroki potoloa eta eskularruak janzten zituen eta buruan zapi bat besterik ez zuelarik lanari ekiten zion, gabardina edo euritakorik gabe, lana urte osoan zehar burutzen baitzen.

Bidaiari ekiteko beste 3 emakumeekin ados jartzen zen eta, bakarrik joatekotan, betiere norbait topatzen zuen bidean zehar, ikatza edo erratzak saltzera zihoan beste norbaitekin alegia -“mendian, azkenean, herri osoa zebilen”­-. Lau ordu ematen zituzten oinez Eltziegora jaisten zirenean eta horretarako goizeko 4etan edo 5etan abiatzen ziren. Adela beste herrietara ere joaten zen, esaterako San Vicente edo Briones-era, baita Cenicero-ra ere. Zaldiaren isatsari heldu eta animaliak gauaren iluntasunean bidea erakusten zion. Kandelak eta kriseiluak luxuzko tresnak ziren garai haietan, ilargi beteak benetan laguntza handia eskaintzen zuen. Garai hartan 20 urte zituen eta ikazkintzari 35 urte bete arte ekin zion. Nahiago izan zuen herrian bertan geratzea Arrasatera zerbitzatzera joatea baino. Herrira ailegatu ostean, kaleetan barrena ibiltzen ziren “ikatzaaaa, ikatzaaaa!” oihukatuz, baina gehienetan bazekiten zeinek erosten zuen eta zeinek ez. Ohiko bezeroek hurrengo egunetarako ere enkarguak egiten zizkioten. Ikatzak asko pisatzen ez badu ere, zenbait kasutan bezeroen etxeetan sartzeko bi edo hiru pisu igo behar izaten zituzten ikatza lepoan hartuta. Salmenta egiten zen bitartean, beti neskatoren bat mandoak zaintzen geratzen zen. Adela pozik dago bezeroengandik jaso zuen tratuaz.

Argazkia
Zama eramateko euskarria.

Jateko, ogi pusketa eta txokolate-ontza bana. Ikatza saldu eta gero, toki ezagun batean batzen ziren itzultzeko bideari ekitearren. Egindako erosketak eramanez bueltatzen ziren: ogia, bakailaoa, tomatea, piperrak, olioa, zahagiren bat -mendian ikaztobia zaintzen zutenek benetan eskertzen zuten hau-, eta batzutan soinekoak egiteko oihalak. Bi ikatz-zamen bitartez, Adelak bere alaba guztiek erabili zuten Lehen Jaunartzerako soinekoa erosi zuen. Bueltako bidea atsegina izaten zen, arratsaldeko 4ak edo 5ak aldean irteten ziren, taldeka; barrezka ibiltzen ziren eta kantak ere abesten zituzten giroa alaitzeko.

Esaten dutenez, emakume batek Pipaongo La Culanca izeneko parajean umea izan zuen. Orduz geroztik umeari el culanques goitizena jarri zioten.

  Argazkia
Argazkia: Museo Etnográfico de Pipaón.
Anastasia Saenz de Urturi-k ez zuen ikatza saltzen, aitzitik garia eramaten zuen ogiaz trukatzeko, eta gehienetan ikazkintzan aritzen ziren neskatoekin ibiltzen zen. 89 urte ditu eta memoria aparta dauka. Natura eta animaliak gogoko ditu eta sendabelarrak primeran ezagutzen ditu. Berak dioenez, Logroñora joaten zirenean -8 ordu behar izaten zituzten-, goizeko ordu batetan jaikitzen ziren eta gau osoa Kantabriako mendilerroa zeharkatzen ematen zuten. Gerri aldean zaku bat jartzen zuen berotzeko eta arropa ez zikintzeko; euriagatik babestearren, aterkia eramaten zuten, benetan garrantzitsua zelarik. Mendatea zeharkatzen genuenean, negu partean, izaten genituen izozte handien eraginez, hostorik gabeko zuhaitzak aparteko itxura zeukaten antzigarrari esker.

Joateko bidean Anastasiak bere lagunen urduritasuna sumatzen zuen, argi zutelako herrira ezer gabe itzuli behar zirela. Bere lehen bidaia 11 urterekin egin zuen: giro ona geneukan, jende apala ginen, batak bestarekin topo egin eta elkarrekin bizi ginen. Inoiz ez zen ezer gertatzen, jendea nahikoa formala baitzen.

Gerta zitezkeen arriskuei aurre egiteko hainbat estrategia zeuzkaten. Esaterako, Gerra Zibila garaian, Anastasiak eta honen lagun batek bi militar italiarrak euren atzetik zihoazela ikusi zuten. Laguardiara zihoazen. Bertara askotan joaten ziren herri horretan denda asko zeudelako eta produktuak saltzek aukera gehiago zituztelako. “Beldur pixka bat pasa genuen, aldamenean inor ez zegoen eta nire laguna oihuka hasi zen: -Gabriel jaunaaaaa! Zure zain gaude!!!!!. Gure ondotik igaro eta aurrera jo zuten, gu baino bizkorrago zihoazen eta ez genuen inolako arazorik izan. Beste egun batean, militar horiek bere laguna ezagutu eta erlijio-liburu bat oparitu zioten.

Argazkia
Kantabriako mendikatea.

Orain naturaltasun osoz hitz egiten digute euren bizitzaz, baina neskato horiek garai hartan euren herrietako egitura ekonomiakoa eusteko funtsezko lana burutu zuten ikatza salduz, eta aldi berean etxeko lanetan, nekazaritzan eta euren seme-alabak hezten aritzen ziren.

*Honako lagun hauen laguntza eskertu nahiko nuke: Isidro Saenz de Urturi, Antxon Aguirre Sorondo, Vitoriano Marquinez, Pilar Alonso, Adela Saenz, Anastasia Saenz de Urturi eta honen seme-alabak, eta Unai Berrospe.

Lotutako artikuluak

GAIAK
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2004/07/23-30