Oskia
Ugarte Abarzuza eta Elisabeth Eskisabel Azanza
Traducción al español
Done Jakue bidea, arlo ekonomiko, erlijioso eta noski artistiko-kulturalaren garapenerako ezinbesteko fenomenoa izango da Europa osoan zehar, eta ikusiko dugun bezala, Nafarroa ez da salbuespen bat izango. Santiagorako Bideak eta sainduaren erlikien gurtzeak susperraldi ikaragarria izan zuen batik bat Erdi Aroan, IX. mendetik aurrera erromesen presentzia handituz joan baizen. Arte mailan ere garapen honen ondorio zuzena ikusiko da, berrikuntzarako momentu hoberenean gorpuztuz. Erdi Aroa izan zen garairik oparoena eta emankorrena eta garrantzi hau XVI. mendea arte iraun zuen. Mende hauetan eman ziren estilo artistikoen barnean, Erromanikoak lortuko du arrakasta eta garapena gehienak, baina noski ez dugu zergatik Gotikoa baztertu behar, estilo artistiko honek zenbait hiriguneetan bere loraldia ezagutuko duelako.
![]() |
Klikatu irudia haunditzeko. |
Erromanikoa Europa osora zabaldu zen baina Nafarroan lortu zuen arrakasta izugarria izan zen. Arrakasta hau erregetzaren parte hartzeari esker eman zen. Azken hauek, garai hartako gizarte feudalaren parte eta buru ziren eta elizarekin batera, arte bultzatzaile eta sustatzaile garrantzitsuetan bihurtu ziren. Bi dira erregerik aipagarrienak, alde batetik Antso III Nagusia eta bestetik Antso VII Azkarra. Lehenengoak, eraikuntza aktibitate handia bultzatzeaz gain, Done Jakue bideak Nafarroan duen nazioartekotasun zentzua eta arrakasta ulertzeko beste eragile bat izan zen. Bestalde aipatu behar da Nafarroan barna Done Jakue bidea bete betean igarotzen zela eta faktore honi esker ere Erromanikoak garapen handia ezagutu zuela Nafarroan. Bi dira Nafarroatik igarotzen diren bide nagusiak; bata, Aragoitik datorrena eta bestea Orreagatik Pirinioa zeharkatzen duena, agian azken hau ezagunena. Erromes gehienek bide hau aukeratzen zuten bere azpiegitura garatuek eskaintzen zuten babesa zela eta. Baina ez da ahaztu behar bi bide hauetaz gain, beste bide batzuk ere egon zirela (Kostaldekoa, Erriberakoa, Sakanakoa, etab.). Baina, esan bezala, bide nagusiek eskaintzen zituzten azpiegiturak hobeak izatean, eta erromesek hauen babesa nahiago zutenez, bide garatuenetan bihurtuko dira, bai arlo ekonomikoan baita honek suposatuko duen gizarte alor ezberdinen loraldian ere.
![]() |
Gares. Nafarroa. Portada erromanikoa, 1200 urtea ingurukoa, Santiago elizan. |
Erromanikoaren garapena bideari esker eman zela esan ohi dute zenbait autorek, baina teoria hau baztertua izan da azken urteotan. Hala ere, ikusiko dugun bezala, bidearen garrantzia azpimarratu behar da zenbait elementu artistikoen hedapenean.
Erromanikoaren barnean arkitektura da nagusi eta eraikin erlijiosoak dira hauen artean adierazgarrienak. Hala ere, Nafarroan bertan salbuespen bat aurkitzen dugu: Lizarrako Erregeen Jauregia. Nafarroako eraikuntza erromaniko zibilaren adibide bakarra dugu. Erromanikoarekin erromes-elizetan eta katedral handietan nabaritu zen benetako loraldia, Compostelako Santiagoko katedrala honen eredurik bikainena dugularik. Eliza hauetan badaude amankomunezko ezaugarri batzuk. Ezaugarri hauek, bideari eta erromesei esker sortu ez baziren ere, nolabaiteko jarraikortasun eta harremana ezartzen dela dirudi. Adibide argi bat girola dugu, erlikien gurtzea probesten zuena. Iruñeko katedralean argi eta garbi ikusten da elementu artistiko hau, bai ikusten den tenplu gotikoan, eta baita ere indusketen ondorioz argira atera zen tenplu erromanikoan ere. Oinplantek ere aldaketak jasango dituzte, gurutze-latindarraren itxurako oinplantak hedatuko dira, alboko nabeak kaperaz beteko direlarik. Tribuna regia (Karolinjiar artetik ekarritako elementua), alboko nabeen gainean hedatuko da, agian erromesentzat logela funtzioa betez.
![]() |
Estella-Lizarra. Nafarroako erregeen jauregia. (Gaur egun Maeztu museoa). |
Bestalde, badaude bideari esker hedatu ziren beste elementu artistiko batzuk, hala nola lonbardar arkuteriak edota berez erromaniko estilokoak ez ziren elementuak, islamiarrak adibidez. Honen zergatia garai hauetan bidean zehar zenbiltzan tailer ibiltarietan bilatu beharko genuke, arrakasta izugarria izan zutenak. Tailer hauei esker bideko artea, erromanikoa alegia, zabaldu eta garatzeaz gain, aipatutako elementu horien hedapenean lagundu zuten.
Nafarroan, erromanikoaren barne bi gune ezberdindu behar dira. Alde batetik landa estiloa dugu. Erromanikoa landa estiloa dugu berez baina bidean zehar aurkitzen diren hiriak sortu edo birpopulatzean ere erromanikoak toki bat izango du.
![]() |
Leyreko monasterioa. |
Landa estiloa den heinean, Leireko mendizerraren gainean dagoen Salbatzailearen monastegia dugu erakusle argiena. Nafarroako lehen erregeen panteoia dugu monastegi hau eta Antso III.aren sustapenik gabe ezin da monastegiaren handitasuna ulertu. Indusketek erakutsi duten moduan badago aurrerromanikoa den lehenengo fase bat, baina fase erromanikoa izango da garrantzitsuena, lehen erromanikoaren ezaugarri estilistikoak biltzen baitira eliza honetan. Eraikinaren zatirik azpimarragarriena elizaren burualdearen azpian aurkitzen den kripta sendoa eta monumentala da. Sendoa, lurrean zegoen zulo bat ekiditeko eraiki zelako eta abside osoaren pisua jasaten duelako.
![]() |
Eunateko eliza, Muruzabal. Nafarroa. |
Nafarroako erromanikoan landa estilo horren barnean beste bi eraikuntza bitxi eta bereziak aipatu behar dira, Torres del Rio eta Eunateko elizak hain zuzen ere. Nafarroan aurkitzen ditugun eraikinen artean, ika-mika gehien sortarazi dituztenenak dira. Bere oinplantek eliza hauek bereziak egiten dituzte, oinplanta zentralizatua dute, oktogonala. Oinplanta zentralizatua izateagatik pentsatu izan da beti hilobi kaperak izan direla. Torreseko adibidea argia da baina Eunatekoa berriz ez. Eunaten, ikerketa asko egin ondoren jakin izan da ez zuela hilobi kaperaren funtzioa, kofradia baten menpe egondako eliza izan zela baizik. Oso bereziak dira eraikin hauetan aurkitzen ditugun kupulak. Alde batetik eragina argia delako: islamiar artea. Bestetik Frantziako Saint Blais hospitalean kupula bera topatzen dugulako.
![]() |
|
Torres del Rio, Nafarroa. Hilobi Santuaren eliza, erromanikoa eta oinplano oktogonalekoa. XII. mendea. |
Iruñean katedrala da Erdi Arotik hoberen mantendu den eraikina. Bai katedrala eta baita klaustroa ere eraginez beteriko artelanak dira. Gaur egun ikusten dugun eliza gotikoa bada ere fase erromaniko bat izan zuela badakigu, eraiki zen garaian bidean aurkitzen zen tenplurik handiena izango zen Compostelako katedralarekin batera. Erromanikoko katedral handien moduan eraikitako katedral hura aldaketa nabariak somatuko ditu gotikoaren etorrerarekin, gaur egun ikusten dugun tenplua eraiki zenean. Adibide gotiko bikainenen artean kokatzen den klaustroa, Inglaterrako eraginez beterik dago eta modu berean Lizarrako Santo Sepulcrorekin duen harremana nabaria da.
Zangozako kasuan adibidez, berpizkunde epe honen barne Santa Maria eliza eraikiko da. Eraikina eliz erromaniko arrunten artean kokatzen badugu ere, atariko eskultura multzoa aipagarria da. Atari eskultoriko hau Bideko tailer ibiltarien garrantziaren erakusle argia dugu, bertan eragin frantziar argiak ikusten baitira. Bestetik, Nafarroan aurkitzen ditugun artisten sinadura gutxi horien artean bat hemen dugu. Atariko arkiboltak sostengatzen dituzten sei irudien artean batek eskuetan daraman liburuan artistaren sinadura erakusten digu: Leodegarius me fecit edo Leodegariusek egin ninduen.
![]() |
Gares, Nafarroa. Arga ibaian zubi erromanikoa. XI. mendea. |
Gares, Nafarroatik pasatzen diren bi bide nagusien elkarketa izango da, hortaz, garrantzi izugarrizko gunea izango da erromes guztien elkarketa emango baita bertan. Benetan aipagarria dena bere zubia da, hiri honi izena ematen diona eta beste hainbat eliza agertzen zaizkigu, guztiak Erromaniko garaian eraikitzen hasitakoak eta eraikuntza fase ezberdinak jasan dituztenak denboraren poderioz.
![]() |
|
Lizarra-Estella. 1328ko aurrealde gotikoa, Hilobi Santuaren elizan. |
Eskultura mailan, harreman estu hau agerian gelditzen da, artelan eskultoriko askoren parekotasuna lekuko delarik. Honen adibide aipagarrienak, Zangozako Santa Maria la Real dugu. Zangozakoa, atari erromaniko monumental ikaragarria dugu eta gauza bera gertatzen da, Lizarrako San Miguel atariarekin. Esan genezake, Nafarroako Erromanikoaren eskulturaren adibide nagusienak direla.
Atari eskultorikoei dagokionez, beste adibide bitxia dugu Nafarroan (ez bakarra), Gareseko Santiago Elizan, Ziraukiko San Romanen eta Lizarrako San Pedroko atarietan. Hauetan guztietan eragin mudejarra argia da, atari polilobulatuak dira hirurak. Aipagarria da hirurak zonalde berean daudela kokatuta, eta beraz esan daiteke artista edo tailer berdinak egingo zituela hiru atari hauek. Hauek adibide bakar batzuk besterik ez dira baina argi dago Done Jakue Bidean zehar, eragin eta harreman artistikoak alde batetik bestera ibili zirela.
![]() |
|
Zirauki, Nafarroa. San Roman parrokiaren aurrealdea. |
![]() |
Aurreko Aleetan |