Santiago bidea Euskal Herritik: ondorio sozio-ekonomiko eta kulturalakEscuchar artículo - Artikulua entzun

Hegoi Urcelay Gaona, Erdi Aroko, Aro Modernoko eta Ameriketako Historiaren Saila (UPV/EHU)
Itzulpena: Koro Garmendia
Versión original

Santiago apostoluaren hilobia IX. mendearen hasieran Konpostelan lekutu zenaren albisteak denbora bat behar izan zuen penintsularen iparraldeko kristauak haranzko erromesaldiak egitera bultzatzeko, eta XI. mendera arte ez zuen espero bezalako arrakastarik lortuko. Asturiar monarkia zinez arduratu zen Trumoiaren Semea bere lurretan hartzeak zeukan erakargarritasuna eta propaganda politikoa behar bezala kudeatzeaz. Ildo horretan, Clavijoko borrokan (c. 859) emandako laguntzagatik eskerrona azalduz, zaldun estatusa aitortu zion Apostoluari, ezpata eskuetan, zaldi zuri baten gainean jezarrita, kristau fedearen -eta, beraz, baita asturiar Errege-erreginen- etsaiak menperatzen.

Argazkia  
Roncesvalles. Capera.
Esan bezala, Konpostelarako erromesaldiak XI. mendearen etorrerarekin ezagutu zuen bere loraldia, aurreko gizaldietan mendebalde guztian zehar hazkunde ekonomiko eta demografikoa kontsolidatu izanaren ondorio zuzen gisa. Nafarroako Antso III.ak ibilbidea zehaztasunez finkatzeko egindako ahalegina ere lagungarria izan zen, noski, ibilbidean zehar mugimendua areagotzeko. Eta zer geratu zen Apostoluarengana zeramaten gainerako bideekin? Kaltetu egin al zituen Bide frantsesaren atarramentuak? Ulertzekoa da guztien artean jendeztatuena Arabatik igarotzen zena izatea, musulmanen hurbiltasunak beldurra ematen baitzien erromesei. Kostaldean barna zihoan bidearekin ere beste hainbeste gertatzen zen, normandiarrek maiz egiten ziotela eraso; edonola ere, itsasertzeko bide bihurgunetsu eta malkartsua ez zen bidaiarientzat erosoa, eta are gutxiago bertan erabiltzen zuten hizkuntza erromantzeekiko hain ezberdina zela kontuan izanez gero. Bidea Orreagatik Iruñearantz zuzentzen zen, eta, lur arabarrak zeharkatu ondoren, Briviesca, Monasterio de Rodilla, Sasamón, Carrión de los Condes, Grajal de Campos eta Ardónerantz jotzen zuen; III. mendeaz geroztik Astorga eta Burdeos lotzen zituen galtzada erromatarrean barna joaten zen beraz, Antoninoren Bidetik.1 Araba eta Gipuzkoa XIII. mendean Gaztelako Koroari atxiki zitzaizkionean, indartu egin zen lurralde hauek Gaskoniarekin lotzen zituen bidea, bi probintziak San Adriango tunelaren bitartez uztartzen zituena. Prozesu hau, Alfontso X.ak hiriak garatzeko politika bultzatzearekin batera eman zen.

Antso III.ak Bide frantsesa delakoa zehaztasunez finkatu zuenez geroztik, Erdi Aroko gizarteko estamentu pribilegiatu guztiek (Koroatik hasi eta nobleziara bitartekoak, kleroa ahaztu gabe) Done Jakueren bidearen inguruabarrei ahalik eta etekinik handiena ateratzera zuzendutako elementuz hornitu zuten ibilbidea. Faktore hauek guztiak, hortaz, Santiago Bidearen ondoriotzat jo ditzakegu:

· Frankiziako foruak: Pirinioez bestaldetik etorritako bidaiarien -gehienak, bidean harat-honat zebiltzan negozio-gizonak, merkatariak, artisauak zein diru-trukatzaileak- egonaldia erosotzeko xedearekin, Nafarroako eta Gaztelako Errege-erreginek foru batzuk onartu zituzten. Gehientsuenek Jacako foruaren ereduari jarraitzen zioten, eta gerora Lizarrara (1090) eta Logroñora (1095) ere zabalduko ziren. Hauen bitartez, hiribilduetako biztanleei jauntxoen instantzien aurrean askatasuna aitortzen zitzaien, etxebizitzaren bortxaezintasuna aldarrikatzen zen, merkataritza askatasuna ezartzen, eta salbuespen fiskal mordo bat aurreikusten. Hori guztia, biztanle berriek Erresumen probetxurako izango zen hazkundea susta zezaten. Jacako forua, Nafarroan geroztik sortzen joango ziren frankoen bilgune guztien foru izatera igaro zen; hala nola, Lizarrakoa (1090), Iruñeakoa (1129), Gareskoa (1122), Monrealekoa (1149), Atarrabiakoa (1184), etab.2 , eta baita Gipuzkoako itsasertzeko hiribilduetakoa ere. Guztiek txit fisionomia berezia zeukaten, eta, hainbatetan, Bidearen beraren luze-zabalean garatzen zuten beren hazkundea.

Argazkia
Lizarra. Hilobi Santua.

Erdi Aroko gizartean nekazaritzak garrantzi handia izan bazuen ere, artisautza zein merkataritzak ezohiko gorakada ezagutu zuten, Bidearen inguruetan kokaturiko hirietan merkatua nabarmen kontsolidatzen hasia zela sumatu bezain laster. Hiribilduak, horrela, indartzen, inguruko herrixken gaineko eragina handitzen, eta gero eta konplexuagoa bihurtzen ari zen merkataritza bideen sarean murgiltzen hasi ziren.

Maiz baieztatu izan da nagusiki Santiago Bideak bultzatu zuela penintsulako iparraldeak bizitu zuen hiritartze prozesua. Honi dagokionez, argitu beharra dago Bideak bilakaera horri bultzadarik eman bazion ere, lehenagotik ekin zitzaiola hiribilduak eraldatu eta handitzeari, nekazaritza giroan zenbait mende lehenago jarri baitzen abian. Gehiegitan egozten zaio Santiago Bideari -zenbaitetan, baita neurriz kanpo ere- iragaten zen lurraldeetan jazotako aldaketa guztien eragile izatea.

  Argazkia
Leire.
· Abegia eta tresna lagungarrien horniketa: Ibilbide guztian zehar, eta baita Euskal Herrian ere, bidaiari-erromesak anparatzera zuzendutako etxe ugari aurki zitezkeen; hots, monasterio eta ospitaleak -azken hauek, maiz, lehenengoen eskuetan egoten ziren-. Ospitaleen zeregina bikoitza zen: batetik, ebanjelioak zabaldutako karitatezko mezuari erantzutea, eta, bestetik, beren egoera fisiko, ekonomiko zein moralengatik gizartetik baztertuta zeuden taldeak eraginkorki kontrolatzea3. Bidean, mendez mende, ostatuen sarerik onena antolatu zuen ordena erlijiosoa, beneditar klunitarrena izan zen; nafar lurrei dagokienez, Iratxekoa eta Leirekoa azpimarratu beharko genituzke, gerora zistertar ordenaren baitan sartuko zirenak. Badira, bestetik, San Agustini zuzendutako ospitaleak (Orreagakoa adibidez), edota premontretar fundazioak (Urdaxekoa kasu).

Araban, XV, XVI eta XVII. mendeetan, honako ospitale edo abegi-etxe hauek guztiak zeuden dokumentatuta: Aguraingoa, Albenizekoa, Ameyugokoa (Constanza de Ayala andreak eratua), Arbulokoa, Argandoñakoa, Argantzunekoa, Audikanakoa, Buradon Gatzagakoa, Egilazekoa, Estabillokoa, Estibalizkoa, Galarretakoa, Guebarakoa, Herediakoa, Iruñeakoa, Kutxokoa, Luzuriagakoa, Mendijurrekoa, Ribabellosakoa eta Ordoñanakoa. Vitoria/Gasteizen, Santiagorena, San Pedrorena, San Jose eta San Lazarorena, eta Magdalenarena zeuden; eta Zalduendon eta Zanbranan ere baziren. Lekuotan, hankak garbitzeko, lo egiteko zein jateko lekua eskaintzen zitzaien erromesei, sendagile baten zerbitzuak eta laguntza espirituala ere bai, eta, heriotza kasuan, beren arimagatiko otoitzak eta lurra non eman4.

Argazkia
Zalduendo. San Julian.

· Gizartean piztutako gatazka: euskal gizartean liskar dezente sortu zen bertakoen eta Pirinioez bestaldetik edo hurbilagotik etorri berriak ziren kanpotarren artean; batetik, ez zelako gauza erraza jende berri hau gizarte feudalean txertatzea -ez ziren ez nobleak, ez gudariak, ez nekazariak, eta are gutxiago kleroko kideak-, eta, bestetik, herrialdeetara iritsi orduko egoera pribilegiatuan kokatzen zirelako. Hiru ordenatan banatuta zegoen gizarteak mesfidantzaz hartzen zituen bidean joan-etorrian ibiltzen ziren burges (burgoetako biztanle baitziren), artisau eta merkatariak, eurek inolaz ere lortzerik ez zeukaten etekin ekonomikoarekin nola aberasten ziren ikusita. Hain zuzen ere testuinguru honetan kokatu behar ditugu Nafarroan, 1276 eta 1277 artean, "bertakoen" eta "frankoen" artean izandako gertakari bortitzak.

Hasiera batean, noble eta nekazariek ez zeukaten Bidearen inguruabar berriak eskaintzen zituen abantailak aprobetxatzeko aukerarik, bai ordea kleroak, ederki kudeatzen baitzituen ospitaleen azpiegiturak. Baina hiribilduetan gero eta leinu noble gehiago finkatzen hasitakoan, eta merkataritzak eskaintzen zituen etekinei arreta handiagoa zuzendu ahala, egoera hau aldatzen joan zen.

· Kultur aztarnak: klunitar ordena hedatzearekin batera, arte erromanikoa ere zabaltzen joan zen, eta, erreforma pontifizioa zein errito erromatarra indartzen zihoazenez, gailendu egin zitzaion mozarabiar hispaniarrari: “[Bidean,] Mendebaldeko arte eta pentsamenduaren alderdirik onenak eta Ekialdeko ekarpen baliotsu ugari batzen zirenez, mende luzetan zehar Bidea bera izan zen Europako tailer, ikastetxe zein liburutegirik garrantzitsuena”5. Bidea norantza batean zein bestean egiten, harginak, artisauak, arkitektoak eta abar ikus zitezkeen.

  Argazkia
Astigarraga. Santiago Erromesa.
Kulturari dagokionez, euskal lurraldeetan agerikoa zen oso Done Jakueren presentzia. Gipuzkoan ugariak dira Santiagori eskainitako ermitak; Hondarribiakoa, Zumaiakoa edo Astigarragako Santiagomendi adibidez. Bizkaian, berriz, Zenarruzako eliza aipatu beharko genuke, erromesekin oso lotura handia izateaz gain, garai batean ospitale bat ere bazeukana. Gernikako eliza nagusian antzina apostoluari eskainia zegoen erretaula ere, Done Jakueren Bidean zeukan garrantziaren erakusle zen. Bilboko eliza nagusia, halaber, Santiagori eskainita zegoen, eta geldileku esanguratsua zen Bidean6. Arabari dagokionez, Vitoria/Gasteizko San Pedroren elizan Ekialdera ematen duen Atea aipatu beharra dago, non apostoluaren hilotza itsasoz Hispaniara eraman eta Galizian hilobiratu zutenekoa deskribatzen zaizkigun. Kristautasunaren hiru erromesgune nagusiak eliza bakar batean bilduta agertzen dira hemen: Lurralde Santua (Jesu Kristo bizi eta hil zenekoa), barrualdean; Erroma (San Pedro hilobiratu zutenekoa), bere deituran; eta Santiago apostoluaren hilobia, atean bertan. Vitoria/Gasteizko Santa Mariaren katedraleko hegal oso bat, bestalde, Jesusen dizipulu kutunari eskainita dago.

1 MARTÍNEZ SOPENA, Pascual: El Camino de Santiago en Castilla y León, Junta de Castilla y León, Salamanca, 1993; 31. or.

2 MARTÍN DUQUE, Ángel J.: Camino de Santiago en Navarra, Caja de Ahorros Municipal de Pamplona, 1991.

3 MARTÍNEZ SOPENA, Pascual: El Camino de Santiago en Castilla y León...

4 GONZÁLEZ MÍNGUEZ, César y BAZÁN DÍAZ, Iñaki: “La medicina en la Álava medieval. Entre la metafísica y la superstición”, Historia de la medicina en Álava, Pedro M. Ramos Calvo (zuz.), RSVAP, Vitoria/Gasteiz, 1997; 79-164 orr.

5 MARTÍN DUQUE, Ángel J.: Camino de Santiago en Navarra, ... 69. or.

6 BARRIO LOZA, José Ángel: “El patrimonio artístico y monumental a la vera del Camino de Santiago a su paso por Bizkaia”, Euskonews, 44 (1999)

Lotutako artikuluak

GAIAK
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2004/07-30/09-03