Erromesek Euskal Herriaz duten irudiaEscuchar artículo - Artikulua entzun

Jorge Pérez Calvo
Itzulpena: Koro Garmendia
Versión original

Santiago Bideak indarberritze garaiak bizi ditu azken urteotan, bai sinestun ibiltarien kopuruak nabarmen egin duelako gora, bai ikertzaile zein jakin-mindunek agertu duten interesa areagotu izanaren ondorioz ugaritu egin direlako Bidearen inguruko azterlan, monografia zein kongresuak1. Susperraldi hori, neurri handi batean, Santiago Bidearen lagunen elkarteak Europa guztian barna sortu izanari zor diogu, Bidea non-nahi hartzen ari den garrantziaren ispilu. Horren lekuko, Euskonews&Media aldizkariak uztaileko hilabete honetan Santiago Bideari eskaintzen dion alea. Hain zuzen ere eskaintza hori osatzera datoz irakurtzen ari zaren lerro xume hauek.

Santiago Apostoluaren ustezko gorpuzkiak IX. mendean aurkitu zituztenez geroztik, etengabeak izan dira erromesaldiak. Eta hainbestekoa izan da hauek harturiko garrantzia, ezen penintsulako Erdi Aroko Historiako gertakaririk azpimarragarrienen artean kokatu behar ditugula. Kristauen erromesaldi nagusia bihurtu da, eta mota guztietako ondorioak eragin ditu: erlijiosoez gain, kulturalak, ekonomikoak eta sozialak ere bai. Bidearen inguruetan, ospitaleak, monasterioak, ostatuak eta bide-sare kaskarra nabarmen hobetzen zuten zubiak eraiki zituzten, erromesaldia arintze eta errazte aldera. Erromesak artatu eta Bidearen egoera konpontzeko langintza hauetan aritutako guztien artean, bi gizon azpimarratu nahiko genituzke: Santo Domingo eta bere dizipulua, Ortegako San Juan. Lehendabizikoaren ekimenari esker, zubi bat, ospitale bat eta eliza bat eraiki zituzten Ozkabarten, eta, oro har, Bidean hainbat konponketa egin ere; eta, tradizioak dioenez, Ortegako San Juanek ostatu bat, San Nikolasi eskainitako kapera bat, Nájera eta Burgosen arteko galtzada bukatzeko lanak, eta hainbat zubi -besteak beste, Santo Domingo eta Beloradokoak- egin omen zituen. Santiago Bidearen ibilbidean zehar hainbat eta hainbat kokaleku zein hiribildu sortu zen.

  Argazkia
Andre Navagero.
Milioika dira Done Jakueren Bidean barna ibili diren erromesak. Batzuek, ibilbidean topatzen zituzten herritarrekin harremanetan jarriz, garrantzi itzeleko elkarbanaketa kulturala eragin zuten. Erromes hauetariko batzuek bidaia-liburuak idatzi zituzten behin erromesaldia amaitutakoan, Bidearen inguruko alderdirik aipagarrienak eta lur-eremu ezberdinetan ezagututako ohiturarik bitxienen berri emateko. Erromes multzo horien guztien artean, eta kontuan izanik zein den eskuarteko azterlan honen gaia (Erromesek Euskal Herriaz duten irudia), gutxi batzuk azpimarratu nahiko genituzke, datu gehien eskaintzen dizkigutenak izateagatik: Aimerico Picaud, Alonso de Palencia kronikaria, León de Rosmithal y Blantna eta bere bi laguntzaileak (Tetzel eta Shaschek), eta, azkenik, Andrés de Navagero.

Bidaiari horiek guztiek aparteko erreferentziak utzi zizkiguten beren idatzietan, besteak beste euskaldunen abegiaz, hizkuntzaz, elikaduraz zein janzkeraz. Jarraian, alderdi horiek guztiak aztertuko ditugu, banan-banan.

Ez zeukaten idazleok iritzi bateraturik euskaldunen abegikortasunari dagokionez. Bakoitzaren ikuspegia, jaso zuten trataerarekin lotuta zegoen, zuzen-zuzenean, eta, beraz, erabat subjektiboa zen. Kasu honetan Aimerico Picaud nabarmendu nahiko genuke. Bidaiari frantses honek Erromesaren eskuliburu edo gida informatibo moduko bat idatzi zuen, Liber Sancti Jacobi edo Codex Calixtinus izenekoa -ziurrenik, Kalisto II.a aita sainduak agindutako lana izanagatik deitzen zaio horrela-. Bada, euskal lurraldeak zeharkatzean, bere jaioterriko irudiarekin zerikusirik ez zeukan errealitatea topatu zuen, bizimoduen arteko sekulako kontrastea: bere jatorrizko eskualdea guztiz hiritartua zegoen, hiriez gainezka, eta Euskal Herria, berriz, nekazarien lurra zen. Beraz, ez liguke harridurarik sortu beharko XII. mendearen lehen erdialdean lur hauetan ikusi zituenak honela deskribatzeak, erdeinu printza batzuekin baina: "herri barbaroa da; beren errito eta izaerak ez dauka beste inongo jendearekin zerikusirik; maltzurrak dira; beltzaranak; aurpegi zakar, oker eta zitalekoak, fede gutxi eta usteldukoak, mozkorrak, indarkeria basatizaleak, biziotsu eta gaiztoak, lotsagabe eta zakarrak, bortitzak, ezjakinak; bizio zein doilorkeriatan jakitunak, maltzurkerian godo eta sarrazenoen parekoak, gure galiar jendearen etsai. Nafar zein euskaldunak txanpon batengatik galiar bat hiltzeko gauza dira, aukera badute behintzat. Eskualde batzuetan, Bizkaian edo Araban adibidez, nafarrek, berotzen diren bitartean, hankarteak erakusten dizkiote elkarri, gizonak emakumeari, eta emakumeak gizonari. Eta, gainera, nafarrek ganaduarekin jotzen dute larrua. Nafarrek beren mandeme edo behorraren hanketan babesgarri bat ipintzen omen dute, berak bakarrik jo ahal izateko. Eta lizunkeriaz musukatzen dituzte emaztearen eta mandemearen aluak. Horregatik guztiagatik, pertsona jantziek ezin dute nafarrak gaitzetsi baizik egin”2. Pentsa zer-nolako artegatasun eta ezinegona sentituko zituzten horrelakoak irakurri ostean eusko-nafar lurrak zeharkatu behar zituzten erromesek.

Dena den, esan beharrik ez dago euskaldunen abegiari buruzko iritzi guztiak ez zirela mota horretakoak, hain konnotazio negatibokoak. Alonso de Palencia kronikariak, adibidez, euskaldunek erromesei harrera adiskidetsua egiten zietela aipatzen du, eta zuzen betetzen zutela behartsuari, bidaiariari zein limosna eskean zetorrenari laguntza eman beharra ezartzen duen agindu erlijiosoa. Izan ere, jokabide horiek hil osteko salbamena bermatzen zuten orduko pentsamoldearen arabera, eta zigor purgagarriengatiko betiereko kondenazio eta sufrimendutik askatzen. Ikusiko dugun legez bidaiari bakoitzak oso iritzi pertsonala osatu zuenez, ez daukagu euskaldunen abegiari buruzko ikuspegi estandarizatu bat eskainiko digun baieztapen orokorrik egiterik.

Bidaiarien arreta deitzen zuen elementuen artean, hizkuntza zegoen. Gauza jakina da zeinen ezberdinak diren euskara eta inguruko lurraldeetako mintzairak. Hipotesi ugari aipatzen dira gaur egun bere jatorri eta antzinatasunari buruz. Picaud ere jabetu zen mintzairaren berezitasunaz. Bere iritzian, orduko kulturarik garatuena okzitaniarra zen, berea alegia, eta, euskaldunek erabiltzen zuten hizkuntzak berearekin zerikusirik ez zeukala ikustean, berehala kalifikatu zuen barbaro gisa: "zakurren zaunkak gogorarazten ditu, hain da barbaroa"3. Beste bidaiari batzuk, eta, horien artean, Veneziako Errepublikako enbaxadore zen Andrés Navagero adibidez -zeina 1524-26 artean ibili baitzen iberiar penintsulan-, erabat ezezaguna zen hizkuntza bat erabiltzen zutela eta ezagutzen zituztenekin inolako antzekotasunik ez zeukala adieraztera mugatu ziren.

Argazkia

Bidaiariek idatzitako kontakizun hauek Euskal Herriari buruzko argibide gehiago ere eskaintzen dizkigute. Eta dagoeneko ondo baino hobeto dakiguna berresten digute; hots, euskal lurraldeak beti eskasak izan direla nekazaritza baliabideei dagokienez, eta elikagaiak kanpotik ekarri behar izaten zirela. Honela idatzi zuen Andrés Navagerok gai honen inguruan: "eskualde honetan ez dute ardorik egiten, eta zerealak, berriz, gutxi dauzkate. Espainiako beste lurralde emankorretatik ekartzen dituzte, itsasoz edo lurrez”4. Nahiko eskualde behartsua zela ematen digute hitzok aditzera. León de Rosmithal y de Blatnaren laguntzaileetako bat zen Tetzel-ek, zeina euskal lurretan 1465-67 artean ibili baitzen, xehetasun hauek eskaintzen dizkigu: "ondoren, are behartsuagoa zen beste herrialde batera joan ginen zaldiz. Herri gaizto eta giza-hiltzailea zen, eta Biskein zuen izena. Han ez daukate zaldien beharrik; ez daukate ez belarrik, ez lastorik, ez zalditegirik. Gainera, ostatu txarrak dauzkate. Ardoa ahuntzen larruan eramaten dute, eta ez daukate ogi, okel zein arrain onik. Fruta jaten dute gehienbat"5. Eskualde honetan, beraz, ez zen mahatsondorik, nahiz eta ardoa, garai hartan, oinarri-oinarrizkotzat jotzen zen elikaduraren barnean. Horren ordez, sagarrondoz betetzen zituzten zelaiak, sagarrekin egiten baitzuten sagardo deitzen duten ardo bat, batez ere eskualdeko jendeak edaten duena. Argia da, ona, zuria, bizitasun apur batekoa, osasungarria ohituta dagoenarentzat, baina digeritzeko zaila eta urdailerako astuna ohituta ez dagoenarentzat. Andrés Navageroren hitzetan, sagardo hau ona zen, eta egokia egarria kentzeko. Ikus dezakegunez, bidaiari hauek datu interesgarriak ematen dizkigute euskal elikadurari buruz. Sagardoa nola egiten zuten ere azaltzen digute: prentsa erraldoietan egiten dute, guk mahatserako erabiltzen ditugunak bezalakoetan. Baina indar handiagoa egin behar da eta zama gehiago ipini behar dute6.

  Argazkia
Bidaiariei harrigarria iruditu zitzaien beste alderdi bat, gizon-emakume euskaldunen janzkera izan zen, eta, nagusiki, emakumezkoen orrazkera. Saschek -aipatu dugun bezala, León de Rosmithal y de Blatnaren beste laguntzailea-, zeina 1465-67 urteetan ibili baitzen inguruotan, harrituta gelditu zen "bizitzan lehenbizikoz, emakume eta neskatila kaskamotzak ikustean; ile luzearen ile-xerlo gutxi batzuk bakarrik uzten dituzte". Dakigunez, orrazkera hori birjinek eramaten zuten, eta horrela jarraitzen zuten harik eta ezkontzeko adinera iristen ziren arte. Soinekoak ere bitxiak iruditu zitzaizkion: ez dugu antzekorik ikusi beste inolako eskualdetan7. Etxekoandreek, gainera, kapelu luzexkak eramaten zituzten, eta hauek ere deigarriak iruditu zitzaizkion bidaiariari: "Eskualde honetako emakumeek oso orrazkera berezia eramaten dute: ilea oihal batean biltzen dute, turkiarren estiloan ia-ia, baina ez durbante moduan, baizik eta txano bat bailitzan, gora egin ahala mehetzen doana. Punta okertu egiten diotenez, kurrilo baten papar, lepo eta mokoaren antza hartzen du. Kapelu hau bera Gipuzkoan ere erabiltzen dute, eta, esaten dutenez, Bizkaian ere bai. Emakume guztiek berdina eramaten dute; aldatzen den bakarra, bakoitzak ematen dion itxura da, milaka modutakoa izan baitaiteke"8. Bidaiariek euskal emakumeen ezaugarriei buruz eskainitako deskribapen hauek dagoeneko ezagutzen genituen alderdiak are ziurtasun handiagoz berrestera garamatzate.

Laburbilduz, zertzelada hauen bitartez, ingurune hauetara hurbildu ziren bidaiariek Euskal Herriaz, euskaldunen abegiaz, hizkuntzaz, elikaduraz eta janzkeraz jaso zituzten inpresioak ezagutu ahal izan ditugu, kontuan izanik pertsona bakoitzak, nola begiratzen zuen, irudi bat edo beste jasotzen zuela.

BIBLIOGRAFIA:

BAZÁN DÍAZ, I.; MARTÍN MIGUEL, Mª A., “Asistencia hospitalaria al peregrino en el Camino de Santiago por el País Vasco”, III Congreso Internacional de Asociaciones Jacobeas. Actas del Congreso celebrado en Oviedo del 9 al 12 de octubre de 1993. Oviedo.

GARCÍA MERCADAL, José (ed.), Viajes de extranjeros por España y Portugal, I. liburukia (XVI. mendea), Madril, Aguilar, 1952-1962.

Guía del peregrino medieval (Codex Calixtinus), Sahún, Centro de Estudios Camino Santiago, 1991.

Guía del viaje a Santiago (Libro V del Códice Calixtino), Madril, Real Academia de la Historia, 1927.

Viaje a España del Magnífico señor Andrés Navagero (1524-1526). Embajador de la República de Venecia ante el emperador Carlos V, Valentzia, Castalia, 1951.

1 Done Jakueren Elkarteen Nazioarteko III. Kongresua, Oviedon 1993ko urriaren 9tik 12ra bitartean izan zen; Bastidan (Arabar Errioxa) ospatutako beste kongresu bat. Bertako aktak argitaratuta daude: SANTOS YANGUAS, Juan (ed.), “La Rioja, el vino y el Camino de Santiago. Actas del I Congreso Internacional de la Historia y la Cultura de la Vid y el Vino”, Vitoria/Gasteiz, Antso Jakitunaren Fundazioa, 1996 (artikuluetako batean aipatzen denez, ardoa elikagai eta botika modura erabili ohi zuten Santiago Bidean zeuden ospitaleetan). Badira, baita, Bidearen inguruko herrixketan kontatzen zituzten elezahar zein mirarien berri ematen duten beste zenbait argitalpen ere, besteak beste Nafarroan jazotakoak: ATIENZA, Juan G. Leyendas del Camino de Santiago. La ruta jacobea a través de sus ritos, mitos y leyendas, Madril, EDAF, 1998; Iaona Domne Iacue. El Camino de Santiago en el País Vasco. Donejakue Bidea Euskal Herrian, Industria, Merkataritza eta Turismo Saila. Eusko Jaurlaritza, 1999; eta, obra berri bat aipatzearren, duela astebete eskas kaleratutako hau: MARTÍNEZ GARCÍA, Luis. El Camino de Santiago, una visión histórica desde Burgos, Cajacírculo, Burgos, 2004. Aipamen bibliografiko labur honek, zehatz-mehatza izateko asmorik ez duena, Done Jakueren gaiak oraindik ere sortzen duen jakin-mina handia dela erakusten digu.

2 Guía del viaje a Santiago (libro V del Códice Calixtino), Madril, Real Academia de la Historia, 1927; 40-41 orr.

3 Guía del peregrino medieval (Codex Calixtinus), Sahún, Centro de Estudios Camino Santiago, 1991.

4 Viaje a España del Magnífico señor Andrés Navagero (1524-1526). Embajador de la República de Venecia ante el emperador Carlos V, Valentzia, Castalia, 1951; 103. or.

5 BAZÁN DÍAZ, I.; MARTÍN MIGUEL, Mª A., “Asistencia hospitalaria al peregrino en el Camino de Santiago por el País Vasco”, III Congreso Internacional de Asociaciones Jacobeas. Actas del Congreso celebrado en Oviedo del 9 al 12 de octubre de 1993. Oviedo, 83. or.

6 Viaje a España del Magnífico señor Andrés Navagero (1524-1526). Embajador de la República de Venecia ante el emperador Carlos V, Valentzia, Castalia, 1951; 103. or.

7 García Mercadal, José (ed.), Viajes de extranjeros por España y Portugal, I. liburukia (XVI. mendea), Madril, Aguilar, 1952-1962; 245. or.

8 Viaje a España del Magnífico señor Andrés Navagero (1524-1526). Embajador de la República de Venecia ante el emperador Carlos V, Valentzia, Castalia, 1951; 102. or.

Lotutako artikuluak

GAIAK
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2004/07-30/09-03