Patxi
Gaztelumendi
Traducción al español
M
Mikel Zarate. (Argazkia: mikelzarate.com) |
Mikel Zarate plaza bat da bere jaioterrian. Bertsolariak arituko dira bertan, edo jaia ospatuko dute. Taberna bat zegoen plazaren aldamenean eta umeak bertan jolasten ziren. Hori guztia da Mikel Zarate Larrabetzun edo Lezaman edo Txorierriko beste txokoren batean. Mikel Zarate toki bilakatu dugu denboraren poderioz.
Baina Mikel Zarate joan zenetik 25 urte igaro behar izan dira, nor zen, zer egin zuen jakiteko. Asko gara, Mikeli buruz orain lehen baino gehiago ikasi dugunok. Asko gara, orain lehen baino gehiago irakurri dugunok, orain lehen baino gehiago ezagutu dugunok.
25 urte beranduago aukera izan dugu Lezaman jaiotako idazle, irakasle, euskaltzale, abade eta pentsalaria ezagutzeko. Bere heriotzaren 25. urteurrenak aukera eman digu, Mikel Zaraterengana hurbilpen bat egiteko. Bere testuetara, bere idatzietara, bere girora. Horretan lagungarri izan zaizkigu, bere obra bezala, bere ingurukoen esanak.
Urte osoan zehar, ekitaldi ezberdin ugari burutu dira Lezaman, bere jaioterrian. Ekitaldi xumeak eta handiak tartekatu dira, ekitaldi apalak eta jendetsuak. Baina guztietan espiritu bera izan da nagusi, ondorio horretara heldu naiz ni behinik behin, Mikel Zarate presente egon dela guztietan. Zaila izaten da 25 urte igarota giro hori lortzea, eta Lezaman behintzat hori lortu da, eta ez da gutxi.
Ilusioa zer den ikusi dugu kaleotan, gogoa berrindartu da. Euskaldunagoa izan gura duen giroa ikusi dugu, harrotasun bat. Egiteko gogoa. Kezka azaldu da, eta ez da gutxi. Liburuak publikatu dira urteurrenaren aitzakian, herriko toponimiaren azterketa egin da, inoiz batu bako jendea batu dute hitzaldietara, bai hizlariak eta baita entzuleak ere. Puntako pilota partidak edota bertso saioak, poema errezitalak eta musika ekintzak. Lezama piztu egin da. Lezamak arnas berri bat hartu du.
Atzera begira jarrita, sorkuntza lanekin egin du topo batek baino gehiagok. Eta horretan itzela da Mikel Zaratek utzi zuena. Zenbat poesia lana, zenbat alegia liburu, narrazio eta nobela. Beharbada hori izango da bere altxorrik preziatuena, utzi zuen obra. Sortu eta sortu ibili zen, nahiz eta gazte hil. Eta sorkuntza guzti horri erreparatu diogu orain, 25 urte beranduago.
mikelzarate.com
Jardunaldi, ekitaldi, omenaldi eta mota honetako ekitaldi hauetan unean unekoa bizitzea izaten da garrantzitsua. Unean bizitakoa batzuetan biharamuneko egunkarietan agertzen da, edo ez, edota baten batek argazkiak atera eta handik urte batzuetara ikusten dituzte. Orain, teknologia berriak gizarteratzen ari direla eta... bideoz ere hartzen dira irudiok.
Lezamarrek baina, asmo guzti horiek, luzarora begira batu dituzte, teknologia berrienak uztartu gura izan dituzte beraien gogo eta ilusioarekin batera. Mikel Zarateren omenaldia burutzeko, bera lanak batzen dituen webgunea eta ekitaldi guztien bilduma izango den DVDa atontzen ari dira.
Mikelzarate.com da horren islada. Bertan batzen dira, Mikel Zarate idazlearen literatur lan guztiak. Eta hor konturatu gara, zer eta zenbat idatzi zuen Lezamakoak. Zenbat poema, zenbat narrazio, zenbat dibulgazio liburu -gaur egun ere gomendagarriak dira bere literatura ikastaroak- alegia, Haurgintza minetan nobela. Webgune batean eduki asko sartzen da, baina ez dago egun idazlerik, horrenbeste liburu gune bakar batean batuta duenik. Ez dut nik ezagutu bederen.
Balio handiko gunea izango da Mikel Zaraterena. Bere testuak irakurtzeko, bere lanak aztertzeko. Euskara hobetzeko edo garaiko poesia eta literaturari begirada sakona emateko. Askorako ematen du. Leiho ireki bat da gune hori, mundu guztiak ikusteko moduan.
Orain Mikel Zarate ez da soilik kale bat, edo plaza bat. Mikel Zarate hobeto ezagutzeko parada izan dugu. Mikel Zarate Interneten irekitzen zaigun leihoa ere bada. Ez da gutxi gero.
Aurreko Aleetan |