Mari
Jose ARANGUREN, 1
Traducción al español
Berrikuntza da azken aldian herrialde garatuen hazkunde ekonomikoen desberdintasunen oinarrian jartzen den ezaugarri nagusietakoa. Izan ere, epe luzeko ekonomiaren hazkundeak ekoizkortasunaren hazkundean oinarritu behar du eta horretarako ezinbesteko zutabea da berrikuntzarena. Berrikuntzarekin batera, hazkunde ekonomiko jarraitua lortzeko, bai maila akademikoan eta bai industri politikak definitzerakoan, herrialde garatuetan behin eta berriro azpimarratzen da erronka bat: ekintzailetasunarena2. Barne Produktu Gordinaren hazkundean faktore askok eragiten badute ere, ikerketa desberdinek ekintzailetasunak hazkunde ekonomikoan eragin nabarmena duela diote3. Esate baterako, Audretsch et al (2002) lanean ondorioztatzen denez, azken urteetan Amerikako Estatu Batuetako (AEB) eta Europako Batasuneko (EB) hazkundean ikusten ari garen desberdintasunak ekintzailetasunak AEBetan duen bizkortasun handiagoari loturik daude.
Hazkundearen bi zutabe horiek, hots, ekintzailetasunak eta berrikuntzak, elkarrekin lotura handia dute, besteak beste, ekintzailetasuna berrikuntzaren eragile delako. Artikulu honetan Euskal Autonomia Erkidegoko ekintzailetasunaren azterketara hurbilduko gara4.
Ekintzailetasunaren eta hazkundearen arteko erlazioa aztertzen duten lanek ekintzailetasuna neurtzeko zailtasunekin egiten dute topo. Askotan, ekintzailetasuna neurtzeko Industri Ekonomiako enpresa demografiaren alorreko adierazleak erabiltzera jotzen da, baina adierazle horiek badituzte bere desabantailak.
Oro har, egile guztiek onartzen dute enpresa berriak ekintzailetasunerako agente garrantzitsuak direla. Izan ere, unitate sortu berriek merkatuan berrikuntzak sartzen edo zabaltzen dituzte eta, gainera, enpresa sortu berriak dagoenekoz merkatuan diharduten enpresetan eragiten du, horiek ere berrikuntzak sortzera edo bereganatzera behartuz. Baina, aldi berean, argi dago enpresa berrien artean oso ezaugarri desberdinetakoak aurki ditzakegula eta batzuek eta besteek eragin desberdina dutela berrikuntzan eta hazkunde ekonomikoan. EAEko ekintzailetasunera hurbiltzeko, batetik, Eustaten Jarduera Ekonomikoen direktorioa erabiliz, enpresa berrien sorrerak aztertuko ditugu, eta bestetik, INEren Berrikuntza Teknologikoko Inkesta erabiliz, sortzen diren enpresen artean berritzaileak eta ez berritzaileak bereiziko ditugu.
Bestalde, ekintzailetasunaren iturri bakarra ez da enpresa berrien sorrera: merkatuan diharduten enpresak jarduera berriei ekitean ere sor daiteke. Hain zuzen ere, lehen aipatu dugu Europako Batzordeak ekintzailetasuna honela definitzen duela: enpresa berri batean edo bai dagoeneko merkatuan diharduen enpresa batean jarduera berri bat sortzeko prozesua. Horrenbestez, ez da nahikoa enpresa sortu berriak aztertzea: merkatuan diharduten ekonomi unitateetan gertatzen diren jarduera aldaketak aztertu beharko lirateke. Azterketa hori egiteko Eustaten Jarduera Ekonomikoen direktorioa erabiliko dugu.
Besteren artean, enpresen dinamikotasuna aztertzeko erabiltzen diren ohiko adierazleak Sarrera eta Irteera Gordinak (SG eta IG) eta Sarrera Garbiak (SGa) dira. Lehen biek jarduera jakin batean sartzen diren eta bertatik irteten diren enpresa guztiak adierazten dituzte. Sarrera Garbiek, aldiz, Sarrera eta Irteera Gordinen arteko diferentzia adierazten dute. Gainera, hiru adierazleak bai termino absolutuetan eta bai erlatiboetan (diharduen enpresekiko ehunekotan) neur daitezke.
Azken hamarkadan batez bestean EAEn urtero zeuden 100 enpresako 13 inguru sortu eta 11 inguru itxi ziren. Beraz, urteko Sarrera Garbiak %2koak izan ziren. Datu horiek beste herrialdeekin alderatzen baditugu, Europako Batzordearen “Business Demography in Europe” lanean ematen diren datuen arabera, EAEko Sarrera Gordinak Espainiakoaren antzekoak, Alemania eta Irlandan baino txikiagoak eta Europa Mendebaldeko gainerako herrialdeetan baino handiagoak dira. Sarrera Garbietan, ordea, Espainiaren pare, baina Europa Mendebaldeko herrialde gehienen atzetik gaude (Erresuma Batua, Belgika, Finlandia eta Italia izan ezik). Beraz, EAEn enpresen Sarrera Gordinetan oso ondo gaude, baina Sarrera Garbietan ez hain ondo, sortzen diren enpresen hilkortasun tasa oso handia baita. Horrenbestez, datu horien arabera, badirudi gure erronka enpresa gehiago sortzea bultzatzea baino gehiago, sortzen direnek bizirik irauteko eta hazteko bideak jartzean dagoela.
Enpresen dinamikotasuna tamainaren arabera bereizten badugu, enpresa txikienak, hau da, 20 langile baino gutxiagokoak dira sartzen eta irteten direnen artean ugarienak. Desberdintasun hori batez ere sarreretan ikusten da, eta horren ondorioz, enpresa txikien Sarrera Garbiak ere gainerako enpresenak baino handiagoak dira. Enpresa txikienen dinamikotasun handiagoa bat dator Industri Ekonomiako lan teoriko eta enpirikoek diotenarekin. Esate baterako, Geroskik bere lanean fenomeno hau esplikatzerakoan dio sortzen diren enpresa asko inmigranteak baino gehiago turistak direla. Alegia, merkatuan sartzen dira, nola joaten zaien probatzen dute eta ondo badoakie, lehiatzen jarraitzen dute eta gaizki badoakie, berriz, jarduera hori alde batera uzten dute. Autore honek dioen bezala, proba hori egiteko tamaina txikiak abantaila garbiak ditu tamaina handiarekin alderatuz.
Enpresen dinamikotasuna jarduera ekonomiko batzuetatik besteetara ere asko aldatzen da. Horrela, EAEn, azken hamarkadan sektoreen sailkapen desberdinen arabera honakoa ondoriozta daiteke:
. Sektore teknologikoetan ez teknologikoetan baino sarrera eta irteera gehiago gertatu direla.
. Zerbitzuetako sektoreetan industriakoetan baino sarrera eta irteera gehiago gertatu direla.
. Sarrera eta irteerak bereziki oso handiak izan direla Informazioko eta Komunikazioko Teknologia berriei loturiko sektoreetan.
Emaitza horiek bat datoz enpresen dinamikotasuna eta sektoreko berrikuntza erlazionatuta daudela dioten lanekin, hots, sektore berritzaileenetan enpresa dinamikotasuna handiagoa dela eta enpresa dinamikotasunak sektoreko berrikuntza bultzatzen duela diotenekin. Enpresen sorrera eta ixtearen eta berrikuntzaren artean antzematen den harreman horren norabideaz ezer ezin dugu esan. Baina ondorio garbi bat ikusten da: EAEn enpresa gehien teknologi maila ertain eta handiko sektoreetan sortzen eta ixten dira. Sektore horietan sarrerak handiagoak izatea sektore horien erakargarritasun handiagoak azal dezake; irteera handiagoak izateak, berriz, merkatura sartzen den enpresa berriak beregain hartzen duen arriskua sektore teknologikoetan ez teknologikoetan baino handiagoa izateagatik uler daiteke. Dena den, Sarrera Garbiak ere handiagoak dira sektore teknologikoetan, beraz, badirudi eskari berria sortzeko eta merkatuan lehiatzeko tokia egiteko probabilitatea handiagoa dela era honetako sektoreetan.
Sortzen diren enpresak berrikuntzan izan dezaketen eraginari dagokionez, oso desberdinak izan daitezke. Esate baterako, Geroskik sarrera berritzaileak eta imitatzaileak bereizten ditu. Sarrera imitatzailea unitate ekonomiko batek dagoeneko merkatuan diharduten enpresak imitatuz mozkinak lor ditzakeenean gertatutako da; sarrera berritzailea, aldiz, eskaria aldatzea edo kostuak murriztea lortzen denean. Autore honek dioenez, lan enpirikoetatik ondoriozta daiteke herrialde garatuetan soilik sarrera guztien %10 inguru direla berritzaileak. Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan, INEren Berrikuntza Teknologikoko Inkesta erabiliz bereizketa honetara hurbildu gaitezke. Iturri horren arabera, 90eko hamarkadaren bukaeran EAEn sortutako enpresa guztien %12 lirateke berritzaileak, hain zuzen ere Geroskik beste herrialde garatuentzat eskaintzen digun ehunekoaren antzekoa. Enpresa berritzaileen ehuneko hori, ordea, asko aldatzen da sektore batzuetatik besteetara. Izan ere, sortutako enpresen %30 litzateke berritzailea manufakturetan eta %5 besterik ez zerbitzuetako sektorean.
Azkenik, goian aipatutako bigarren adierazlea aztertuko dugu: merkatuan diharduten enpresetan gertatu den jarduera aldaketa. Izan ere, hori ere berrikuntzaren adierazgarri izan daiteke. Azterketa hori egiteko, bi adierazle erabiliko ditugu: jarduera berri bati ekiten dioten enpresen ehunekoa eta batez bestean enpresa bakoitzak hasi dituen jarduera berrien kopurua. Euskal Autonomia Erkidegorako bi adierazleak handiagoak dira enpresa txiki eta ertainetan handietan baino eta teknologi maila handiko sektoreetan gainerakoetan baino; aldiz, txikiagoak dira enpresa mikroetan (10 langiletik beherakoetan) eta teknologi maila txikikoetan.
Bukatzeko, lerro hauetan azaldu dugun azterketan oinarrituz, hazkunde ekonomikoaren zutabe garrantzitsu den ekintzailetasunari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoan:
· Badirudi ahultasuna enpresen sorreran baino gehiago haien hazkundean dagoela eta honetan dugula erronka. Gauza bera gertatzen da Europa Mendebaldeko beste herrialdeetan ere. Europako Batzordearen “Liburu Berdea. Enpresa espiritua Europan” lanean jasotzen den bezala, enpresen sorrera Europan ez da AEBetan baino txikiagoa, baina sortu ondorengo urteetan enpresa berri horiek izaten duten hazkundea AEBetan Europan baino handiagoa da.
· Enpresen Sarrera Gordinak eta Garbiak enpresa txikietan handiagoak direnez, ekintzailetasuna bultzatzera zuzenduriko egitasmoetan enpresa txikiengan arreta berezia jarri beharko dugu, beraien ezaugarrietara egokituz.
· Teknologia ertain eta handiko eta Informazioko eta Komunikazioko Teknologietako sektoreetan Sarrera Gordinak eta Garbiak handiagoak direnez, ekintzailetasuna sustatzeko egitasmoetan sektore horiek oso kontuan izan beharko ditugu.
Bibliografia
AUDRETSCH et al. (2002): “Understanding entrepreneurship across countries and over time”, Audretsch et al. Entrepreneurship: determinants and policies in a European-US comparison lanean. Kluwer Academic Publisher.
EUROPAKO BATZORDEA (2002): Observatory of European SMEs, nº 5. Business
Demography in Europe. Luxembourg: Office for Official Publications of
the European Comunities.
EUROPAKO BATZORDEA (2003): Libro Verde. El espíritu empresarial
en Europa. Brusela.
GEROSKI (1991): Market Dynamics and entry. Cambridge. Blakwell.
NAVARRO eta BUESA (2004): Sistema de Innovación y Competitividad en el País Vasco. Eusko Ikaskuntza.
1Itziar Navarrorri eskertzen dizkiot euskarari eta edukiari dagokionez eginiko gomendio baliagarriak.
2Europako Batzordearen “Liburu Berdea. Enpresa espiritua Europan” lanean ekintzailetasuna honela definitzen da: bai enpresa berri batean edo bai dagoeneko merkatuan diharduen enpresa batean jarduera berri bat sortzeko prozesua.
3Ikus Europako Batzordearen “Liburu Berdea. Enpresa espiritua Europan” lana.
4Hurbilpen honetarako erabiliko ditugun adierazleak Navarro eta Buesa (2004) laneko lehen kapituluko 4.2. zatian landu nituen Iñaki Peña eta Francisco José Olarterekin.
Aurreko Aleetan |