Josemari
VELEZ DE MENDIZABAL AZKARRAGA
Traducción al español
Martin Ugalderen heriotzak nire oroitzapenetako otarrean jo du bortizki. Albisteak ustekabean harrapatu ez nauen arren, dardaran jarri ditu nire sentimenduak, lagunak betiko desagertzen zaizkigunean gertatzen den moduan. Berri txarrerako gertu bazaude ere zenduaren hutsuneak inguratzen zaitu, eta badakizu jakin hura nola betetzen asmatzen saiatu arren ahalegina ustela izango dela. Horixe bera suertatu zait Martinen bizitzaren itzaltzearekin.
Ezin dut esan Martinekin izan dudan adiskidetasuna luze izan denik. Baina tarte laburra sakontasunez apaindu genuen. 1977an ezagutu genuen elkar, aurretik, gutunen bitartez, batak bestearen berri bagenuen ere. Iokin Zaitegiren biografiarekin ari nintzen garai hartan eta arrasatearraren gaineko bere iritzia bidali zidan nire libururako. Beti bezain zorrotza. Ugaldek eta Zaitegik erbesteko behazuna dastatu zuten eta biek lumaren bidez egin zioten aurre etsipenari. Literaturak lagundu zien biei, urruti, lur arrotzetan, bizitza berri bat eraiki beharreko zigorrari musurik hoberena jartzen.
![]() |
1983. Carlos Garaikoetxearen lehen jaurlaritzako partaide, Euskarazko Arazoetarako Zuzendaria. Argazkia: "Martin Ugalde, kazetariz idazle" Gipuzkoako Foru Aldundiak argitaratutako CDtik. |
Martin eta nire arteko harremana estutu egin zen handik gutxira, DEIA egunkaria izango zen proiektuaren inguruan. Bere betiko ametsari eutsiz eta Aitzol zenak gerra aurretik aldarrikatutako erronkari helduz- egunkari berri baten zuzendarikidetza onartu zuen Ugaldek, euskarazko atala berak zuzenduko zuelakoan. Eta proiektuan sinetsi zuelako euskal prentsaren balizko sorrerarekin liluratuta geunden batzuk lantegi hartara bildu gintuen Martinek. Ez genekien nola aterako ginen aurrera, ezta aterako ote ginen ere. Kazetaritzaren oinarrizko kontzepturik xumeenek ihes egiten ziguten, ofizio eta formazio desberdinetatik Martinen deiari jaramon eginez elkartu ginenoi. 1977ko apirila-maiatza zen eta Eibarko Azitainen biltzen ginen, ekainean argitaratzen hasiko zen egunkariari itxura ematen ikasteko. Hasberri haien artean Martin ahalegintzen zen ordena pixka bat jartzen. Egunkariak bere ibilbideari ekin zion... eta Martinek etsipenaren mingostasuna edan zuen ostera. Traizionatua sentitu zen. “Gure lurraren deia”-k ez bide zuen promesa bete.
Baina ez zuen amorerik eman eta enkarguzko proiektu batzuekin jarraitu zuen, jo eta ke, gazteleraz idatzi bazuen ere. Sarri ikusten genuen elkar, Euskal Idazleen Elkartea martxan jarri baikenuen eta idazkaritzako lanak suertatu zitzaizkidalako Martinengana jo behar izan nuen sarri, bere iritziaren bila. Gizon orekatua zen, finezia askorekin gauzak esaten zekiena. Primeran etorri zitzaizkidan bere aholkuak. Eta aitorpen bat egin zidan: euskarazko ipuinak idazteari ekin nahi zion. Baita, gero frogatu nuenez, ongi hasi ere. Eta hori diot, hain zuzen, 1983an “Mantal Urdina” bere ipuinarekin Ignacio Aldecoa Ipuin Saria irabazi baitzuen, nire “Zeu zara, Carmen” bigarrena geratu zelarik. Elkarri zoriondu genion eta baita ipuin haiekin osaturiko liburu bana eskaini ere.
Handik urtebetera, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburuordea nintzela, Euskararen Arazoetarako Zuzendaria izendatu behar nuela eta, nor hobeto Martin baino? Hondarribiara joan nintzaion, eta kargua hartzera konbenzitzeko nire arrazoi pertsonalak atzera botako ote zituen beldur, Joseba Azkarragari eskatu nion laguntza politikoa. Irabazi egin genuen. Eta, noski, baita euskarak ere, handik aurrera Lakuako bere langelatik egundoko ilusioarekin aritu baitzen, utzi ziguten bitartean. Zenbat ordu inbertitu genituen geure ametsak diseinatzen!
![]() |
1999. Euskal Herriko Unibertsitateak Honoris Causa. Argazkia: "Martin Ugalde, kazetariz idazle" Gipuzkoako Foru Aldundiak argitaratutako CDtik. |
Garaikoetxea lehendakariaren erorketarekin batera gure proiektu hari agur esan behar izan genion. Oraindik ikusten ari natzaio Martini, gobernu berriko bi Sailburu erdaldunek aurrekoaren Kultura Saileko arduradunak bilera batera deitu gintuztenean. 1985eko jardunerako aurreikusitako programak eskatu zizkiguten eta bana banan aurkeztu genizkien. Jauntxo eta jainkotxo berri haien “¿Pero cómo es posible que en este Departamento, que no produce ingresos, se gaste en euskera más que el año anterior? ¿Qué dirán en Hacienda? ergelkeria gehiegi iruditu bide zitzaion Martini eta zegoen aulkitik jaiki ondoren “¿Saben lo que dirán? –erantzun zien irmoki- Que eramos abertzales!” Eta gelatik irten zen ate danbada ozen batekin. Hura izan zen biok lanean elkarrekin aritu ginen azken eguna.
Hogei urte eman dira ordudanik eta elkarren berri izan dugu beti. Telefonoz mintzatu gara maiz eta, azken urteotan, Eusko Ikaskuntza izan dugu hizpide gure solasaldietan. Lagun bat galdu dut urriaren lauan, baina Martinen oroitzapenak nirekin segituko du, nigan sentimenduak sortzeko gaitasuna agortzen ez den bitartean. Izan zoriontsu, Martin!
![]() |
Aurreko Aleetan |