Martín
IBARBIA, Euskadiko Filmategiaren presidentea
Traducción al español
Loiolako Santutegiko Artxiboan Zeuden bildurik eta 1932 eta 1935 urteen artean egin ziren.
Gordailuan utzitako materiala zaharberritua izango da. Aipamen berezia merezi du dokumental sorta batek: "Magia Euskal Herrian" izenaren pean, garai hartan egiten ziren sendaketa moduak erakusten dira lanotan.
Donostia-San Sebastián, 2004ko uztailaren 23an. Jesusen Lagundiak Jose Antonio Laburu Olaskoagak (Bilbo, 1887- Erroma, 1972) egindako ehun bat lan utzi ditu gordailu moduan Euskadiko Filmategian. Bere garairako aurreratua zen jesuita hau Farmazian lizentziaturik zegoen eta Biologia, Antropologia ea Karakterologian irakasle emeritua Erromako Unibertsitate Gregoriotarrean; gainera, egile emankorra eta hizlari aparta ere izan zen. Filmategiak bere gain hartu du ondare garrantzitsu hau kontserbatu eta zaharberritzeko ardura: argazkiak, diskoak, eta hainbat ohar dira, azken hauek Aita Laburuk berak idatziak, 1932 eta 1935 urteen artean 11mm.ko formatuan grabatu zituen hainbat sekuentzia definitu eta deskribatzeko.
José Antonio Laburu Olascoaga. |
Filmategian gordailuan utzitako material honek garrantzia handia dauka, beste gauza batzuen artean, garaia haietako sendaketa ohiturak erakusten dituelako. “Magia Euskal Herrian” izenburuaren pean, Aita Laburuk aerofagiak, sabeleko minak, zornatutako zauriak, umeen buruko zahia, sugeen horzkadak eta beste hamaika osasun arazo sendatzeko modua grabatu zuen, eta, era berean, gaixotasun horietako bakoitza sendatzeko erabiltzen zen erritua. Gainera, gure egunetara iritsi diren testuetan, Laburuk ohiko zeremonia horiek egiten zituzten pertsonak, denak ere baserritarrak, identifikatu zituen, eta, horrekin batera, jesuitaren ezagupen eta prestakuntzari esker, erabilitako formulei buruzko azalpenak eta beren antzinatasuna eman zituen.
Sendaketak. |
Laburuk hizlari moduan munduan zehar bidaiatu izan zuen. Gainera, eta hainbat erakunde eta zientzia elkartetako partaidea zenez eta Hego Amerikako hainbat unibertsitatetan (“honoris causa” doktore izan zen Txileko Unibertsitate Katolikoan) irakasle izan zenez, berak egindako materialaren bildumak garrantzi handiagoa dauka oraindik ere. Izan ere, Txile, Río de Janeiro, Buenos Aires edota Erroma kokaleku duten dokumentalak filmatu zituen Laburuk, betiere bere ikerketekin loturikoak.
Bestalde, animaliei buruzko dokumentalek ere arreta berezia merezi dute. Zoologikoetara eta beste hainbat eratako natura gunetara egin zituen bisitaldietan oilar-jokoak, hartzak, azeriak, zerriak, hipopotamoak, fokak, zikoinak, arkumeak eta beste hainbat animalia ikuspegi antropologikotik grabatu zituen eta irudien kalitatea bikaina izatea ere nabarmentzeko modukoa da.
Sendaketak. |
|
EZKIOKO AZTARNAK IKERTZEN
Euskadiko Filmategiari kontserbaziorako eta zaharberritua izateko gordailuan emandako materiala Loiolako Santutegiko Liburutegiko Artxiboan zegoen bildurik. Baina deigarria da Ezkioko (Gipuzkoa) mendian Amabirjinaren “agerkundeak” zirela eta biltzen zen jendetzari buruzko dokumentu bat bera ere ez agertzea; izan ere, Gerra Zibilaren aurreko urteetan gauero 30.000 lagun inguru biltzen ziren bertan.
Ezkioga. |
Beti pentsatu izan da, ziurtasun osoz gainera, erlijio superstizio zehatz honen inguruan gertatu zen guztia Aita Laburuk filmatu zuela. Areago, Manuel Gutiérrez Aragónek, “Visionarios” izeneko bere film luzean, kontu honi ere tartea egiten dio, eta gertakari haiei buruz grabatu ziren hainbat pelikula jesuitarenak direla azaltzen du. Baina ez dugu halako materialik batere jaso; sei argazki besterik ez Ezkioko kontzentrazioei buruz.
Beraz, kontu hau argitzeko asmotan, Euskadiko Filmategia material horri buruzko informaziorik eman dezaketen datuak ikertzen hasi da, non dagoen jakin ahal izateko. Litekeena da Erroman egotea. Edonola ere, helburua jesuita honek grabatu zuen ikus-entzunezko obra guztia biltzea da, bere hitzaldiak biltzen zituzten hainbat disko ere grabatu zituelako. Hainbat argazkik garbi asko uzten dute haren hitzen indarra eta arrakasta, pilotalekuak eta antzokiak jendez gainezka ageri baitira 30eko hamarkadako Bilbo hartan.
Laburu, 1933. Frontoia. |
Aurreko Aleetan |