Ainhoa
ALUSTIZA GALARZA, Ikertzaileak prestatzeko bekaduna. Eusko Jaurlaritza
Itzultzailea: Ainhoa ALUSTIZA GALARZA
Versión original en español
Gaur egun EAEn ezintasunen bat duten pertsonak 146.000tik gora dira; hots, populazioaren %7,21.
Sarritan ezintasuna dependentziarekin lotzen dugu. Lotura hau dela eta, pertsonok etengabe era guztietako zainketak eskatzen dituzten kolektibo gisa ikusteko joera izaten dugu. Datuen arabera, berriz, ezintasunen bat duten pertsonen erdiak baino ez du behar nolabaiteko laguntza (pertsonala nahiz teknikoa)2.
Hurrengo lerroetan azalduko ditudan datuetan ezinduen ezaugarriak eta beharrizanak zein diren esateaz gain, zein eratan konpontzen diren ere azalduko dut; hau da, eskatutako laguntza nork ematen duen. Era berean ikusiko dugu, familia-giroan, jasotako zainketek dutela indarrik handien.
Populazioaren zein zatik du nolabaiteko ezintasunen bat?
Lehen esan dugun bezala, EAEko populazioaren %7k du eguneroko bizimoduko aktibitateak burutzea nolabait ere eragozten dion ezintasunen bat. Ezintasunak biztanle guztiei ez diela era berean eragiten kontuan hartu beharreko puntua da. Zaharren artean ezintasunak garrantzia handiagoa du. Urteetan gora egin ahala, nolabaiteko ezintasunen bat duten pertsonen kopuruak ere gora egiten du, gizon eta emakumeen artean desberdintasun handirik gabe. Honen arabera ikus dezakeguna ondoko puntua da, ezintasunen bat duten emakumeen kopuru absolutua altuagoa dela gizonezkoena baino; gizonezkoen hilkortasuna handiagoa izanik, urteetan aurrera egindako emakumeen kopurua handiagoa da.
Aitzinean esandakoa erakusten dute ondoko bi grafikoek. Lehenengoan ezintasunaren eragina adinaren arabera ikus dezakegu; hots, ezintasunen bat dutenen proportzioa beren adin-taldearen barruan. Bigarrena, berriz, ezintasunen bat dutenen errepresentazioa da adin-piramide bat erabiliz. Beti ere gizon eta emakumeen arteko bereizketa eginez; baita laguntza jasotzen dutenen eta ez dutenen artekoa ere.
Urteetan aurrera egindako emakumezkoen ezintasunak dira populazioan gehien eragiten dutenak. Ezintasunon artean nagusienak, ondokoak: etxeko lanak egitea eta etxebizitzatik ateratzea (edo etxebizitza barruan mugitzea, neurri txikiagoan bada ere) eragozten edo zailtzen dutenak. Ezindutako pertsona hauen artean daude ondoko aktibitateak egin ezin dituztenak edo egiteko zailtasunak dituztenak: erosketak egiteko zailtasunak dituztenak, etxebizitza eta arropak garbitzeko, altxatzeko, oheratzeko, zutik nahiz eserita egoteko…
Lehenengo grafikoa:
Ezintasunaren eragina adin eta sexuaren arabera |
Bigarren grafikoa: Ezindutako
populazioaren piramidea |
Iturria: EDDES99 (INE) |
Ezintasunaren3 jatorria hutsune edo urritasunen bat izaten da. Oro har ezintasunaren jatorrian hutsune bat baino gehiago egon ohi da. Ezintasuna sortzen duten hutsuneen artean garrantzitsuenak hezur eta artikulazioei dagozkienak Ezintasun hauek gehienetan hanketako zati ezberdinengan (oinetan, belaunetan...) eta bizkarrezurraren gain eragin ohi dute (eskoliosia, lordosia, traumatismoen ondorioak, erreumatismoa, hernia diskala bezalako minak...).
Entzumen eta ikusmen organoei dagozkien ezintasunak ere oso ohikoak dira. Oro har entzuteko eta ikusteko arazoak dituzten ezinduak izaten dira; erabateko itsu eta gorrak, berriz, gutxi.
Ondoren datozenak adimen-urritasunak dituzten pertsonak. Urritasun hauen artean nagusi, erotasuna. Honen atzetik letorke bestelakoak (autismoa, eskizofrenia, fobiak, atzerapen mentalak…).
Ezintasun arruntenen tipologiatik atera dezakegun ondoriorik nagusiena zera da, funtzioen galerarik gehienek adinarekin harreman zuzena dutela. Urteetan aurrera egin ahala pilatutako osasun-arazoak direla, alegia.
Lehenago esan dugun moduan, ezintasunak ez du derrigor dependentzia esan nahi. Izan ere, 2. grafikoan ikus dezakegun bezala, ezintasunen bat duten pertsona gehienek ez dute inolako zainketarik jasotzen. Proportzioan zainketarik gehiena jasotzen dutenak gazteenak eta zaharrenak dira (3. grafikoa). 14 urtetik beherako haurren %70 inguruk eta 85 urtetik gorako zaharrek jasotzen dute nolabaiteko zainketaren bat. Zainketarik gutxien eskatzen dutenak, berriz, 30 urtetik 65era bitarteko gazte eta helduak dira. Adibide bat ipintzearren, 45 eta 54 urte bitarteko ezinduen %17k baino ez du eskatzen (eta jasotzen) nolabaiteko zainketa bereziren bat.
Nolabaiteko laguntza eskatu eta jasotzen ez dutenek ezinduen %31 osatzen dute. Izaera teknikoa duten eskaerek jasotzen dute ezezkorik gehien; hots, instrumentu eta produktuak. Hala nola, gurpil-aulki, audiofono, etab. (ezezkoen %eko 28a). Aipatu instrumentuon funtzioa ezintasunaren efektuak arintzea eta konpentsatzea izaten da, eta laguntza pertsonalen eskaeren %5 baino ez dute baztertzen (gehienetan instituzio publikoek4).
Datuok erakusten digutenaren arabera, beraz, ezin esan dezakegu pertsona ezinduek menpeko kolektibo bat osatzen dutela, nahiz eta eguneroko bizimoduko aktibitateak burutzeko ezintasunak dauzkaten. Haurtzaro eta zahartzaroan laguntza eta babes beharra handiagoa da. Kontuan har dezagun, ordea, bizi-aro hauetan ezintasunik izan edo ez, laguntza beharra handiagoa izaten dela.
3. grafikoa: Nolabaiteko
laguntzaren bat jasotzen duten pertsonen proportzioa |
|
Iturria: EDDES99 (INE) |
Nor arduratzen da laguntza pertsonala behar duten pertsona ezinduez?
Ezintasuna duen pertsonaren familiartekoa, 60 urte ingurukoa eta oro har gaixoaren etxe berean bizi den emakumea izaten da zaintzaile nagusia5. Ekonomikoki jarduerarik gabekoak izaten dira zaintzaileok gehienetan; etxekoandre izan direlako eta direlako, nahiz erretiraturik daudelako. Egiten duten lana dela eta ez dute inolako ordainsaririk jasotzen eta astean 7 ordutik 14 ordu artean lan egin ditzakete. Kasu askotan, zaintzaileak 8 urtetik gora darama aipatu lana burutzen.
4. grafikoan ikus dezakegun gisan, zainketa lanak oraindik ere, emakumeei dagozkie. Zaintzaileen %73 emakumezkoak dira. Kontuan hartu beharreko beste datu bat, ondokoa: zaintzailerik gehienak (emakumezko nahiz gizonezkoak) adin larrikoak dira, 50 eta 70 urte bitartekoak. Kasu askotan larriak eurak dira beren gurasoez arduratzen direnak, bestela, ezkonlaguna bera izaten da bere bikotekideaz arduratzen dena. Bataz beste gizonezko zaintzaileek 56,6 urte dituzte; emakumezko zaintzaileek, berriz, 54,8.
Zeregin honetan aritzen diren emakumezkoak gehiago diren arren, kontuan hartu beharreko datu bat hauxe da: zaintzaile lanak egiten dituzten gizonezkorik gehienak 65-80 urte bitartekoak direla (beren belaunaldian kontuak bestelakoak izan arren). Beren ezkonlagunei modu esklusiboan laguntza ematen dieten gizonezkoak dira. Aipagarria da, era berean, 40-50 urte bitarteko gizonezkoen kopuru altua. Gizonezko hauen artean ezkongabe direnek beren gurasoei (amei, batez ere) eskaintzen diete arreta, eta bizi ere, beraiekin bizi dira.
4. grafikoa: Pertsona
ezinduen zaintzailerik nagusienak adin eta sexuaren araber |
5. grafikoa: Zaintzailearen
eta ezinduaren arteko ahaidetasuna |
Iturria: EDDES99 (INE) |
6. grafikoa: Pertsona
ezinduen zaintzaile nagusiak adin, sexu eta aktibitatearekiko harremanaren
arabera |
|
Iturria: EDDES99 (INE) |
Ezintasun kasuek sortzen dituzten beharrizanen %75 modu informalean konpontzen da6. Orain arte esandakoaren haritik ematen zaie aurre ezinduek izan ditzaketen oztopoei; senitarteko hurbilenek konpon ditzakete ezinduak etxeko lanekin izan ditzakeen arazoak, esaterako. Ezkonlagunak eta alabak dira, kasurik gehienetan, behar diren laguntzak ematen dituztenak (5. grafikoa). Bakarrik bizi direnen kasuan ere seme-alabak, edo izan ezean hain hurbileko ez diren senitartekoak izaten dira ezinduei laguntza ematen dietenak. Senitarteko hauek ezinduari ematen dioten laguntza, eta ezinduarekin bizi den laguntzaileak ematen dion laguntza proportzio berekoa da. Langile pribatuek (eta ez gizarte zerbitzuek) bakarrik bizi diren pertsonei proportzio handiagoz ematen diote laguntza. Dena den, sistema formalak ematen duen laguntza (alor publikoak batik bat) oso eskasa da oraindik ere.
Emakumezkoek jarraitzen dutela zainketa lanak egiten azpimarragarri litzateke. Azpimarragarri da, era berean, aipatu laguntzak ematen dituztenen pertsonen artean, jarduerarik gabeko (aktibitateari gagozkiola) eta zaharren portzentaia altua. Zaintzaileen %70 lan aktibitatetik kanpo dago (erretiratuta dagoelako, etxekoandre delako edo balio-ezintasun pentsioa jasotzen dutelako).
Bi kolektibo daude, beraz. Alde batetik 50-70 urte bitarteko emakumeak. Pertsona ezinduak zaintzen dituzten talderik garrantzitsuena osatzen dute. Zaintzaileen artean hauek nagusi. Beren semeei, ezkonlagunei eta adinean aurrera egindako beren gurasoei eskaintzen diete laguntza. Bestetik 65 urtetik gorako gizon erretiratuak. Talde honen jarreran nolabaiteko aldaketa suma daiteke, urteetan zehar eta tradizionalki izan duten rola kontuan hartzen baldin badugu. Izan ere beren ezkonlagunek laguntza behar dutenetan beraiek izaten dira ematen dietenak.
Iturriak:
1Artikulu
honetan aurkeztutako datuak INEk 1999. urtean burutu zuen Encuesta sobre Discapacidades,
Deficiencias y Estrado de Salud (EDDES 99) kontuan hartuta ateratakoak dira.
Estatu osoan egindako inkesta da. EAEri dagokionez 10.705 elkarrizketa pertsonal
egin ziren 3.526 etxebizitzatan. Beraz, laginetik at geratzen dira zentro
kolektiboetan instituzionalizatuta dauden pertsonak (zahar egoitzetan, etab.).
Eustatek argitaratutako datuen arabera (Estadìstica de servicios Sociales,
www.eustat.es-en)
) egoitzetan edo zentroetan 12.000 pertsona zeuden 1999. urtean.
Bestalde, INEren arabera ezintasuna, inkesta egindako garaian nolabaiteko
muga Larica izatea da. Mugok, jasalearen aktibitateari modu iraunkorrean eragiten
diote, eta urritasunen batean dute jatorria. Pertsonaren adinak eragin garbia
duten prozesu degeneratzaileak dituzten ezintasunak ere barne.
2Laguntza
pertsonala: Eguneroko aktibitateak burutu aldera beste pertsonek eskaintzen
duten babesa. Laguntza hau informala nahiz formala izan daiteke. Informala
familia-ingurunetik, lagunengandik, bizilagunengandik datorrenean izango da,
formala, berriz, langile pribatuak zein instituzio publikoak direnean.
Laguntza teknikoa: Ezintasuna berdindu aldera ezinduei zuzendutako instrumentu,
produktu nahiz sistema teknikoak. Konparazio batera, gurpil-aulkiak, audifonoak,
etab.
3Ezintasuna: Organo baten edo beronen funtzioen galera edo anomalia.
4Atzera botatako %5 honen %82ri, instituzio publikoek ematen diote ezezkoa laguntzei. Etekin asmoz lan egiten duten hornitzaile pribatuek (zainketa lanak egiten dituzten enpresak) %1i baino ez dio ezezkoa ematen. Familia ingurunean, berriz, laguntza eskatzen duten kasuen %7ri besterik ez zaio ezetz esaten laguntza emateko orduan.
5Ezinduaren zainketa lanik handitxoenak egiten dituen pertsonaren ezaugarriak baino ez daitezke ezagut aztertu diren datuei esker. Honek ez du esan nahi zaintzaileak bestelako laguntzarik jasotzen ez duenik. Izan ere zerbitzu sozialen partetik laguntza jasotzen duten pertsonen kopurua handixeagoa da kontuan harturik bestelako laguntza osagarriak ere jasotzen dituztela, eta laguntza hauez batez ere etxekoak arduratzen direla.
6EDDES 99ren arabera, Gizarte Zerbitzuek kasuen %8 hartzen dute beren gain. Senitartekoek, lagunek eta bizilagunek, berriz, kasuen %77. Gainerako kasuetan, berriz, (%15) ezezagun zaigu zaintzailea eta ezinduaren arteko harreman.
Aurreko Aleetan |