Unai
MARTÍN, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa
Sailak emandako Ikertzaileak Prestatzeko Bekaduna
Traducción al español
Egungo euskal gizartea, mendebal gizarte gehiengoak bezalaxe, aldaketa sakoneko prozesu batean murgilduta dabil azkenengo hamarkada hauetan. Izan ere, giza errealitatearen arlo gehienak aldatzen ari dira, besteak beste, lana, politika eta erlijioaren garrantzia.
Familia ere, aurrekoen modura, aldakuntza handia pairatzen hasia da, bai bere egiturari bai partaideen artean ematen diren erlazioei dagokienez. Hala ere, honako eraldaketa ez da maiz aditzera ematen den bezain sakona, gero azalduko den lez.
Zentzu honetan, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) familiak aurreko ereduaren islada direla esan genezake, orain dela hogei urtetik honainoko bilakaera ukaezina izan arren, zenbait ezaugarrik berdintsu irauten baitute.
Hasteko eta egiturarekiko aldakuntza garrantzitsuenez jabetzeko, hurrengo taulari begiratu besterik ez dugu egin behar:
I. Taula: EAEko etxebizitza moten eboluzioa, 1981etik 2001era (%Etan): | |||||
Etxebizitza mota | 1981 | 1986 | 1991 | 1996 | 2001 |
Pertsona bakarra | 7,73 | 8,35 | 11,65 | 15,39 | 20,3 |
Konposatua | 3,4 | 2,49 | 2,79 | 2,87 | 3,4 |
Gunea seme-alabarik gabe | 15,05 | 13,92 | 15,77 | 16,84 | 18,5 |
Gunea seme-alabekin | 62,87 | 63,37 | 57,22 | 51,48 | 44,4 |
Guraso bakarra (aita) | 1,11 | 1,18 | 1,46 | 1,78 | 2,2 |
Guraso bakarra (ama) | 5,93 | 7,14 | 7,84 | 8,97 | 8,6 |
Gune anitzekoa | 3,91 | 3,58 | 3,27 | 2,66 | 1,7 |
Iturria: 1981, 1986, 1991, 1996 eta 2001eko Biztanleriaren eta Etxebizitzen Zentsu eta erroldetatik egina. |
Ikus dezakegunez, pisu gehien irabazten ari den etxebizitza mota pertsona bakarrekoa da. 1981ean, etxebizitza guztien % 7,73ko errepresentazioa izatetik 2001ean %20,3a izatera igaro da, hau da, bere pisua hirukoiztu egin du hogei urteotan. Epe honetan, gorakadarik handiena azken hamar urteetan gertatu da, 1991an bakarrik bizi ziren pertsonen kopurua 73.748koa bazen, 2001ean, aldiz, kopuru hau bikoitza baino gehiago baita, 151.855 biztanlekoa, alegia.
Guraso bakarra bere seme-alabekin osatutako familiek ere handitu egin dute haien presentzia. Euskal Autonomia Erkidegoan, aita batek osatutako familiak izan dira gehien hazi direnak, kopuru urria izan arren bere pisua bikoiztu egin baitute azken urteotan.
Bestalde, indarra galtzen ari diren famili motak ere badira. Hauen artean, gune anitzekoez aparte, aipatzekoak dira oso bikote batek bere seme-alabekin osatutako familiak. Familia tradizionalaren eredua irudikatzen duen mota honek, %62,87ko ordezkapena izatetik %44,4a izatera pasatu da hogei urteotan. Kasu honetan ere, pertsona bakarreko etxebizitzekin gertatzen zen lez, aldaketarik handiena azken hamar urteetan eman da, epe horretan zehar familia honen kopuruak 29.086 behera egin baitu.
Orain arte azaldutakoa bakarrik hartuko bagenu kontuan, gure ondorioa argia izango litzateke: familiak norabide garbiko erabateko aldaketa jasaten ari dira: familia tradizionalak bere nagusigoa galtzen duen heinean familia mota berriek indarra irabazten omen dute. Hala ere, planteamendu honi eutsiz, errealitatearen zati bat baino ez genuke kontuan hartuko.
Era honetan, hurrengo grafikoak familia mota berri hauen garrantzia erlatibizatzen du. Bertan, adin bakoitzeko kohorteak zein motako etxebizitzetan bizi diren azaltzen da. Hau da, adin bakoitzean familia mota ezberdinak jasotzen duen pisua (portzentajeetan) agertzen da.
Iturria: 2002ko Inkesta Demografiko datuekin eginda
Grafikoan suma daitekeenez, famili mota bakoitza adin-kohorte konkretu batekin erlazionatuta dago kasu askotan. Pertsona bakarreko etxebizitzei dagokienez, esate baterako, hauen garrantzia adin helduenetan da bereziki esanguratsua, jasaten duten igoera garrantzitsua gizartearen zahartze prozesuarekin erabat loturik baitago, eta ez horrenbeste bakarrik bizitzea bikotearen aurreko benetako alternatiba bihurtu delako.
Guraso bakarrekoei dagokienez, kasik familia guztiak bikote baten apurketaren ondorio zuzenak dira, kasu gehienetan senarra edo emaztearen heriotzagatik eta maiz, gero eta gehiago, bikotearen banaketa edo dibortzioa dela eta. Azkenengoak, gaur eguneko familiaren ezegonkortasunari buruzko berri ematen digu, ziurrenik familian gertatutako aldaketarik nabarmenetarikoa delarik.
Laburki, zera azpimarra genezake: familia tradizionalak ez diren etxebizitzen kopuruaren garrantzia handituz doala ukaezina da. Aitzitik, jendeak bere familia sortzean eredutzat hartzen jarraitzen duen erreferentea bikotearena da, goiko grafikoak azaltzen duenez, hau baita gaztaroan bizitzeko erarik hedatuena.
Dena dela, egun sortutako bikote horiek oso ezberdinak dira orain dela hogei urte zeudenekin alderatuz. Alde batetik, eta arestian esan dugun lez, gaur eguneko bikoteen partaideek elkarrekiko bizitza hastean ezkontza behin betikoa izan ez daitekeenaz jabe dira. Haien gurasoek ziurrenik sekulan pentsatu ez zuten errealitatea.
Beste alde batetik, emakume eta gizonen arteko genero harremanak txit bilakatu dira. Duela urte gutxi arte, familia barnean sexu bakoitzak atxikituta zeukan betebeharrak eta espazioen banaketa argiak ziren, gizonak arlo publikori ekiten zion bitartean emakumeari arlo pribatua zegokion. Hain urrun ez den iragan horretan, aipatu banaketa, gehiegizko arazorik gabe onartua zen, gaur, ostera, negoziazioa nagusitu delarik familia barruan. Gizabanakoen biografia, gizarteak eragindutako produktua izatetik norberak erabakitako ibilbidea izatera igaro baita.
Honegatik guztiagatik, eta parte hartu duten beste faktore batzuei esker (hala nola, emakumearen lan merkaturako ateraldia, azkeneko hogeigarren mendeko feminismoaren borroka) emakumeen eta gizonen arteko botere harremanak gero eta berdintsuagoak omen dira.
Halere, eta berdintasunaren aldeko baloreak gero eta hedatuagoak badaude ere, gaurko gizartean, paradoxikoki, egiazko berdintasuna ez da gertu ikusten. Hortaz, generoan oinarritutako banaketa ahulduz badoa ere, bikoteen barnean dagoen desoreka nabarmena da egun.
Etxeko-lanen banaketa adierazgarririk onenetarikoa da egoera honetaz jabetzeko. EUSTATen arabera, 2003an emakume batek 3 ordu eta 31 minutu ematen zuen batez beste egunero etxeko lanetan, gizon batek, aldiz, ordu bat eta 10 minutu igarotzen duten bitartean.
Desoreka hau ahulduz doa azken urteotan erabilitako denbora parekatzen hasia delako. Dena den, parekatze prozesu hori ez da lana gizon eta emakumeen artean banatzen ari delako lortzen, baizik eta emakumeak etxeko lanetan gero eta denbora gutxiago erabiltzen duelako.
Bada, 1993an gizonek ordu bat eta 3 minutu enplegatzen zuten etxeko-lanetan, emakumeen lau ordu eta 16 minutuen aurrean. Horrenbestez, aldea handiagoa zen orduan, baina adierazgarriena hamar urtetan gizonaren partehartzea 10 minututan bakarrik handitu dela izango litzateke.
Halaber, ikerketa askok ziurtatu duenez, nahiz eta gizonek gero eta etxeko lan gehiago egin, antolaketa lana eta azken finean etxearen eta etxekoen ardura emakumeari dagokio oraindik. Honek sekulako zama suposatzen du emakumearentzat, bai osasunaren aldetik bai bere bizi antolamenduaren aldetik (lana, aisialdia... )
Lan merkatuari so eginez, ondorioa berbera da, emakume eta gizon gazteen egoera orokorra erakusten duen taulan ikusten denez. Somagarria da, lan merkatuarekiko emakumearen presentzia kaxkarragoa dela, txikiagoa baita diru truke lan egiten dute emakumearen kopurua, langabeziaren tasak ere altuagoak direlarik. Era berean, etxeko-lanak bere ekintzarik nagusientzat jotzen duen emakume kopurua dezente handia da gizonarenarekin alderatzen badugu, batez ere gazteei buruz hitz egiten ari garela kontuan harturik.
II. Taula “Lan merkatuaren egoera sexu eta adinaren arabera EAEn 2001ean, portzentajeetan” | ||||||||||
Adina |
Ikasten |
Lanean |
Lan
gabezian |
Etxeko-lanak |
Beste
batzuk |
|||||
? | Giz. |
Emak. |
Giz. |
Emak. |
Giz.
|
Emak. |
Giz. |
Emak. |
Giz. |
Emak. |
20-24 |
35,29 |
43,08 |
50,91 |
38,74 |
11,27 |
13,83 |
0,12 |
2,01 |
2,41 |
2,34 |
25-29 |
6,72 |
7,79 |
79,77 |
68,65 |
10,24 |
14,82 |
0,16 |
5,86 |
3,11 |
2,88 |
30-34 |
1,22 |
2,38 |
87,74 |
66,79 |
7,49 |
13,19 |
0,27 |
14,58 |
3,28 |
3,06 |
35-39 |
0,52 |
1,82 |
88,70 |
61,99 |
6,38 |
11,07 |
0,35 |
21,77 |
4,05 |
3,51 |
Iturria: 2001eko Zentsutik eginda. |
Azken hau da, azken finean, familietan gutxiago aldatu dena, eta, beraz, azaltzen beharrezkoa egiten zaiguna: zergatik berdintasunaren aldeko giroan hezitako gazteen belaunaldiak ez diren gai izan desorekan oinarritutako harremanekin bukatzeko.
Desoreka honetaz jabetzea eta salatzea ezinbestekoa da gaur egun. Emakundek burututako ikerketa batek zioenez, egun, eta batez ere emakume eta gizon gazteen egoeraz mintzatzean, garrantzi itzela ematen diogu aldatzen ari denari eta mantentzen ari dena, ordea, ezkutuan geratzen da, generoren arteko desoreka estrukturala mantenduz.
Konklusio gisa esan genezake familiak aldatu direla azken hogei urteotan, bai familia sortzeko bideak gehiago direlako, bai senideen arteko harremanak aldatu direlako. Lehenengoari dagokionez, familia mota berri asko agertu dira, gizartearen legitimitatea lortu dutenak, egun posiblea delarik familia tradizionala ez den etxebizitza batean (bakarrik, sexu bereko bikote batekin...) bizitzea ezkutatu beharrik gabe.
Hala ere, familia nuklearra deritzona nagusi da gaur egun, bai gure erreferentea delako, bai materialki jende gehienari bikote barik gurasoen etxea uztea oso zaila egiten zaiolako (azken finean, egia delako oso, askotan esaten den moduan gure herrian ez zarela pertsona batekin ezkontzen baizik eta hipoteka batekin).
Senideen arteko harremanei dagokienez, egia da familiak gero eta demokratikoagoak direla (bai senar eta emazteen artean eta bai seme-alaba eta gurasoen artean) baina neurri bateraino, eredu patriarkalak egungo gizartean, oraindik ere, indar handia daukalako eta, nola ez, familien antolamenduan.
Bibliografia:
- ARREGI, B (2004) “Estrategias reproductivas en áreas de muy baja fecundidad: el caso vasco” (Ikerketa txostena, ez dago argitaratuta)
- BARRON, S (2001) Transiciones familiares: la monoparentalidad femenina por divorcio. EHUko Soziologia 2 Sailan aurkeztutako Doktorego Tesia
- BECK, U BECK-GERNSHEIM, E. (2003) La indiviudalización. Paidos, Madril.
- EMAKUNDE (2001), Modelos y referentes de los comportamientos masculinos y femeninos en la juventud vasca, Gasteiz, Emakunde.
- GIDDENS, A; (1995) La transformación de la intimidad: sexualidad, amor y erotismo en las sociedades modernas. Catedra, Madril
- GOÑI, E; (2000) “Familiak eta etxeguneak” Eustaten (ed.) Euskal AEko Ikuspegi Soziala, Gasteiz (49-99)
- MARTIN, U (2004) “Continuidad y cambio en las familias vascas: pluralidad de familias y uniones” VIII Congreso Español de Sociología, Alacant.
- MEIL, G (2003) Las uniones de hecho en España CIS, Madril
?
![]() |
Aurreko Aleetan |