XXIX. Nazioarteko Antzerki Jaialdia. Vitoria-GasteizEscuchar artículo - Artikulua entzun

Itziar REKALDE
Traducción al español

Vitoria-Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdia bi ekintzekin hasi zituen aurtengo emanaldiak: Albert Boadellari ongi merezitako omenaldiaz eta kaleko espektakulu bitxi batez: Puja Teatro de Altura eskainitako K@osmos erakustaldia.

Albert Boadellari buruz ezer gutxi berri esan dezakegu. Bartzelonako Institut del Teatre eta Estrasburgoko Centre Dramatique de l’Est-en egin zituen bere ikasketak eta ondoren Italo Riccardiren konpainiako kidea izan zen. Els Joglars taldearen sortzaileetarikoa, aktore, eszenografoa, zuzendari, dramaturgoa eta antzerkiaren irakasle Institut de Teatre de Barcelonan, telebistan eta zinean aritua, idazlea ere dugu: El rapto de Talía, Memorias de un bufón, Franco y yo, besteak beste.

K@osmos erakustaldian, dantza akrobatikoa, goi altueretako kirola eta musika zuzenean eta argi jokoak nahasten dira espektakulu ahantzi ezina lortuz. Baina ez da teknika hutsa miretsi genuena, zeruan txintxilikaturik pendulu biribil bati lotuta, aktoreek poztasuna, grabetasunaren garaipena, ahulezia eta beldurra adierazi ziguten dantza poetiko baten bidez. Zuzeneko musika, bikaina gertatu zen. Beraz, Puja taldekoei zorionak.

Argazkia
k@osmos.

Aurtengo emanaldietan klasikoen erreferentzi eta egoitzapen ugari ikusi ditugu: El retablo de las Maravillas (Els Joglars), La tempestad (Ur Teatro, W. Shaekespeare-ren obraren egokitzapena), El Decamerón (Ados teatroak, Boccacciorena), Don Juan & Moliere (Eifman Ballet Theatre).

XX. mendeko klasikoen lekukotasuna ere izan dugu: Graves-en Yo Claudio (Pentación espectáculos), Thomas Bernhard-en Maestros Antiguos (Teatre Romea), Eugène Ionesco-ren El Rey se muere (Teatro de la Abadia). Publiko handiarentzat oso ezagunak ez diren beste autore interesgarriak ezagutzeko aukera izan dugu: Jerome Kiltyk argitaratutako Bernard Shaw-en eta Stella Campbellern arteko gutunak egokitu eta antzeztu dituzte Norma Leandrok eta Sergio Renan-ek Mi querido embustero-n. Kresman Taylor-ek 1938.an argitaratutako Paradero desconocido antzeztu du Tanttaka taldeak eta William Nicholson-en La retirada de Moscú, Nacho Artime-ren bertsioan.

Triciclek 14 urtez gordeta izan du Exit bere lan ospetsuenetarikoa eta aktore berriekin kaleratu du berriro. Tricicleren ezaugarri izan den umore intenporalaz berriro gozatu dugu.

Los Ulen taldeak, El mundo de los simples lanaren bidez, “erokeria salbazioa, ikuskera berria, askatasunaren karikatura (Pepe Quero zuzendaria)” dela adierazi nahi digute, taldearen ezaugarria den umore absurdoa erabiliz.

Oro har, autore onak eta talde ezagunak berriro ikusteko aukera izan dugu. Bakoitzak bere gustukoak ditu eta nik neuk ere, noski. Halaz ere, aitortu behar dut aktoreen lana izan dela aipagarriena.

Nire gustukoenak:

- El Joglars taldeak, Albert Boadellaren zuzendaritzapean, Cervantesen entremes ezagunetatik abiatuta, orduko eta gaurko gizarte egoerak berdintsuak direla begi bistan jartzen digu: artea, erlijioa, politika, gastronomia eta, azken finean, boterea. Ez hori bakarrik, fartsaren estiloaren erakusketa fina egiten dute aktoreek lan honetan. El teatro de la Comedia edo zuzenago Fartsaren muinetaraino sartu dira, XV. mendeko teatroaren formei eutsiz, tipologiak ondo gordez eta funtsa galdu gabe. Orduko egoeratik abiatuta gaurko gizartean barneratzen da ironiaz, kritikaz eta humorez beteriko istorioa. Boadellak, ohi bezala, ur arriskutsuetan sartu, zubia egin eta maisuen oreka erakutsi digu.

Argazkia
El retablo de las maravillas, Boadella.

- Paradero Desconocido. Bi lagunen harremanak, konfliktoak, Alemaniaren III. Reicharen igoera, Estatu Batuetan juduek bizi izan zuten egoera, besteak beste, jartzen digute aurrean Tanttakako antzezleek kredibilidade osoz. Eskertzekoa, zuzenean entzuten dugun Iñaki Salvadorr-ek konposatutako musika (Pello Ramirez, chelo; Iñaki Salvador, pianoa). Kressmann Taylor-ek idatzitako lan hau irakurtzeko irrikan jarri nau Tanttakak.

- Ados Teatroak El Decameron-en egoitzapenagatik. Freskotasuna, elementu gutxien etekina eta arintasuna lortu ditu Garbi Losadak [2002ko elkarrizketa http://www.euskonews.com/0185zbk/portada.html] bost aktore sinesgarriekin hainbat egoera ezberdinak azaltzeko. Hauez gain, aipatu beharrekoak: José Ibarrola (eskenografia), Olga Rego (jantzien diseinua), Carlos Salaberri (argiztapena), Joxan Goikoetxea (musika).

- Los Ulen. Duela bi urte Aguraingo “Humorezko Antzerki Jaialdia”n ikusi nuen Bar de lágrimas eta harrapatu ninduten mundua erakusteko euren ikuspuntu bereziagatik, humore beltzagatik.

- Animaziozko antzerkiaren arloan, The seed carraier/Los portadores de simiente txontxongilo ikuskizunak liluratu nau. Pertsonaien apaltasuna, ausardia, bakardadea, biziraupena eta solidaritatea argi sumatzen ditugu Stephen Mottran-ek eginiko txontxongiloetan. Panpinen egilea, manipulatzailea, eskenografoa eta obra onen zuzendaria dugu Mottran. Ederra eta hunkigarria.

Eta honez gero bukatu zaigu XXIX. Nazioarteko Antzerki Jaialdia. Datorren urtean, hogeita hamargarrena. Ordurako, apaltasun osoz, zera eskatuko nieke programatzaileei: hasierako emanaldietan izaten zuten ausardia. Egun, Euskal Herrian eta Estatu mailan ere antzerki garaikide egiten duten talde onak ditugu eta ikusteko aukera gutxi. Artikulu honetan ez ditut aipatu Dantza emanaldiak eta (ez dakit zergatik deitzen dioten) “familientzako antzerkia”. Aitortu behar dut hemen dantzan ez naizela batere aritua, eta familia-saila horretatik bakarren bat besterik ez ditudala ikusi, baina susmoa dut, “esperimentu guztiak” arlo hauetan egiten dituztela gure programatzaileek, adinekoek “betiko eran” bakarrik ulertzeko gai izango bagina bezala. Ikusitakoa, oro har, ongi egon bada ere, antzerki talde esperimentalak leku handiago izan dezaten espero dugu. Hala bedi.

GAIAK
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2004/12/03-10