Emeterio Arrese (1869 - 1954)
Joxemari ITURRALDE
Traducción al español
H
|
|
Emeterio Arrese. |
il baino pare bat urte lehenago, lagun batzuen bultzadaren ondorioz,
Emeterio
Arresek bere olerkien nolabaiteko antologia osatu behar izan zuen eta
hala kaleratu zen, “Olerki Berrizte” izenaz. Liburu horretan biltzen
da, beraz, Arreseren “summa poetica”. Berrogeita bat poema dira
guztira, lehendabizikoa kritiko eta adituek hainbeste famatu duten “Ama!”
ezagun horrekin hasten delarik. 1903an Habanan idatzitakoa da, Arresek 34
urte zituela, hantxe zegoenean jakin baitzuen Tolosan hil zitzaiola amatxo
maitea. Gizon sentibera, poema hunkigarria da benetan eta oso adierazgarria
ikusteko nolakoa izan zen bere bizitzaren eta pentsamenduaren bilakaera. Izan
ere, poema honen lehen bertsioan (“Nere bidean”, 1913) ez dago
Jainkoaren aipamenik eta azken bertsioan, ordea, bai: “Ama da leirik
onenak beti / ernarazten dizkiguna, / Jainko´ren urren ama guk ordu
/ zalletan aipa deguna...”. Emeterio Arrese mutilzahar hil zen 85 urte
zituela, eta beti izan zuen ama bere bizitzaren ardatz. Tolosako Eskolapioetan
ikasi zuen eta bertan apaizekin izandako esperientzia penagarriak zirela kausa
oso gizon anti-elizkoia izan zen beti... azken ordura arte. Azken unean Salbatore
Mitxelena apaiz eta idazleak, jakina denez, bideratu baitzuen Arrese elizarako
biderantz.
Bere poesia oso tradizionala da, post-erromantizismoan bete-beterik sar
daitekeena, nahiko lotuta, alde batetik, bertsolaritzaren ohiko kanonera eta,
bestetik, mota horretako poesigintzan erabili izandako gaietara: naturarekiko
debozioa, denboraren ihes egitea, gauzen eta bizitzaren egonkortasun edo oreka,
sorterriaren maitatzea urruntasunetik...
|
|
Lizardi eta Orixe Zaldibarren. |
Badago nolabait esatea poesia egiteko modu horren lekukoa Emeterio Arresek Lizardiri
pasa egin ziola eta honek, atal batzuetan bai behintzat, gainditu egin zuela
post-erromantizismo hori. Jakina da elkarri errespetu eta miresmen handia ziotela
Arresek eta
Lizardik,
adiskideak izateaz gain, eta bere azken urteetan Emeterio Arresek estimu handian
zeukala Lizardiren obra, nolabait hau poesia mailan bera baino pauso bat aurrerago
joan zela konturatu izan bailitzan.
Nik, dena dela, Emeterio Arreserengan bizitzarekiko izan zuen jarrera, ironia
puntu hori eta, bereziki, erabili zuen umorea da gehien maite dudana. Eta
adibide askoren artean bat aukeratzekotan “Olerki berrizte” liburu
horretan azaltzen diren azken hiru poemak irakurtzea besterik ez dago, eta
dauden ordenan gainera: “Gainbera” (“Larogei urte gaur bete
ditut, / zartzez alderoka nabil, / nai ta nai arren iñolaz ere / pausorik
zuzendu ezin...”), non ikus dezakegun nola ari diren ahitzen adineko
pertsona baten azken indarrak. Baina segidan, eta liburuari amaiera emanez,
bi poema umorezko datoz aurrekoan esandakoa ahaztu eta gainditu nahi bailuen,
“Patxi Begibakarra eta Joxe Konkor” eta “Kattalin”.
Hori da nik gehien maite dudan Emeterio Arrese.
Askotan hitz egin dut nik Tolosan Emeterio Arrese bere garaian ezagutu zuen
jendearekin eta artikulu hau amaitu baino lehen horietako batzuek esandakoaren
zatitxo bat sikiera ekarri nahi nuke orain hona. Horrela, Antonio Maria Labaien
idazleak kontatzen zidan berak oso ondo ezagutu zuela Emeterio Arrese. Emeterio,
umore handiko gizona omen zen, batere ez elizkoia, gaztetan behintzat, eta
sagardozale amorratua. Asko joaten omen zen sagardotegietara eta han azaltzen
omen zuen bere bertsozaletasuna. Pilota kontuekin eta negozioekin askotan
joan omen zen Ameriketara (aita Villasantek idatzi zuen 44 aldiz zeharkatu
zuela Atlantikoa; aita Onaindiak, 48 aldiz. Nik, ordea, askoz gutxiagotan
joan zela Ameriketara uste dut).
|
|
Salbatore Mitxelena. |
Familia onekoa izanik, hantxe gastatu omen zituen diru
guztiak. San Luis de Missouri-ra joan frontoiak zirela eta zentimorik gabe
atera omen zen handik, “San Luis de Mixeri-tik”. Emeterio Arrese
jatorra omen zen, pertsona baikorra, euskaraz bezain ongi gazteleraz ere hitz
egiten zuena. Oso ondo jantzita ibiltzea gustatzen omen zitzaion eta betidanik
elizaren eta apaizen kontrakoa izanik Tolosako lagun bat izan zela medio (Periko
Elosegi) aldatu eta sinestun egin omen zen. Behin topo egin Elosegirekin eta
honek Aste Santuko sermoietara zihoala esan omen zion, San Francisco elizan,
eta Arresek lagundu egin zion. Han etorri zen bere aldaketa, aitormena egin,
eta abar... Azkenean
Salbatore
Mitxelena trenez etortzen omen zen Tolosaraino Emeterio Arreseri laguntza
espirituala eskaintzera.
Lotutako artikuluak