Jesus TrincadoEscuchar artículo - Artikulua entzun

Josemari VELEZ DE MENDIZABAL AZKARRAGA
Traducción al español

Atzo Jesus Trincadorekin eman nituen lau ordu goxo, Montevideoko bere etxean. Besarkada zintzo batekin errezibitu ninduen hegoamerikar udaberriko igande arratsalde eguzkitsuan eta besarkada bero eta maitekor batekin despeditu genion elkarri, elkartzeko beste inoiz aukerarik izango ote dugun galdegai isila nuelarik, bihotza estu eta jauzika. Bera ere pentsamendu goibel berdinak artegatuko zuelakoan nago.

 
Josemari Velez de Mendizabal eta Jesus Trincado.
Jesus Trincado 96 urte luzeko arrasatearra da – 97 datorren urtarrilean- espainiar gerraren ondorioz erbesteko mikaztasuna hezurretaraino ezagutu duena eta 1950etik Uruguayko hiriburuan bizi dena. Tarte luze honetan, hots, ia-ia hirurogeita hamar urtez, konstante bat izan du bere bizitzak. Eta konstante hori, hain zuzen, bere mundrautasuna salgai eduki ez izana da. Nahiz eta mundu honetako bere igaroaldiaren bi heren baino gehiago atzerrian eman behar izan duen, Jesusek ez du BERE Arrasatearekiko atxikimenduaren izpirik galdu.

Trincadok eguneko beste edozein arrasatearrek baino hobeto irudikatzen du, betiko desagertu zitzaigun XX. mendearen lehen laurdeneko herri txiki haren bizimodua. Eta egunero – minuturo, esango nuke- amets egiten du, zorigaiztoko patuak bazter arrotzetara kondenatu zuen egun urruti hartako bere jaioterriaz, gu gehienontzat zeharo ezezaguna zaigun postaleko Arrasate harekin.

Zenbat malko, zenbat etsipen eta zenbat alperreko ahalegin gertatu dira Trincadoren bizitzan, bere herrikideen eta gizarte osoaren ongizatea eskuratzeko urrats ausart eta desberdinak eman behar zirela erabaki zuenetik! Eta Jesus Trincadoren baitan ilusio galduaren enbor lehorra antzeman dut azken urte hauetan.

Ongi ezagutzen dugu elkar, hogeita bederatzi urteko gure arteko gutundegiak adiskidetasun sendoa gorpuztu baitu. Maite dut Jesus eta berak ere sentimendu berarekin sariztatzen nau, nire ohorerako. Ezkutuko hamaika aitorpen egin dizkit gutunetan eta buruz buruko solasaldietan ere. Horrexegatik dakit, gerrako gertaera latzak zein 1934ko urriaren 5ekoak, haurren ipuintzat har genitzakeela geroan bizitzak eskaini dion aurpegi latz eta gupidagabearekin alderatuta. Eta erbestean bizi behar izatearen dramak indiferentziaren betarte ilun eta gaziarekin ordaindu du Jesusen eskaintza zabal eta oparoa.

Hirurogeita hamar urte beranduago, apustuan galtzaile izatearen sentsazioak betetzen du Trincadoren gogoa. Bere etxetik aldentzen ari nintzelarik, taxiaren jarlekuan abandonatuta, hausnarketa mingotsean bildu nintzen eta beste behin baieztatu diot nire buruari, Arrasateko herriak seme bat ahantzi zuela aspaldi. Beste hainbat herrikiderekin gertatu den moduan, esker txarrekoa azaldu zaigu gure komunitatea Jesus Trincadorekiko ere. Tragedia pairatu zutenen artean, tragikoena Jesusena izan zela uste dut, ez baitzegokion hildakoei eskainitako omena eta ez zitzaion bizirik iraun zutenentzako errekonozimendu eta itzulerako aukera iritsi ere.

Jesus Trincadok ez zuen merezi halako ordain ilunik. Gauza jakina da idealistek nekez irabazten dutela luzarora erronka. Eta Trincadoren gisako ameslariek ezer gutxi zuten egiteko, beraiena ez zen gizarte materialista eta giza balioz antzuan. Apustua galdu zuten. Eta orain dela hirurogeita hamar urtetik Trincado galtzailearen sinfoniarekin jaikitzen da egunero, hori bai- BERE Arrasateko bere oroitzapenekin inguratuta segitzeko. Oroitzapen horiek gaurko errealitatearekin zerikusi ez duten arren. Aintza zuri, Jesus adiskide laztana!

KOSMOPOLITA
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2005/01/05-14