Josemari VELEZ DE MENDIZABAL AZKARRAGA
Traducción al español
Aurtengo urtarrilak albiste ilun bat ekarri zigun Erromatik. Arrasateko herriak eskainitako musikaririk ospetsuenetako bat hil zen hiriburu hartan eta bere herrikide asko zinez goibeldu zuen berriak, lagun bat betiko desagertzea penagarria bada areago zendua bere jaioterriarekin hain sentimendu sakonez lotuta dagoen pertsonaia denean. Lerro batzuk bete nahi ditut, hainbat eta hainbat herrikideri moduan niri ere bere adiskidetasuna eskaini zidan gizon horren aipamen txikia egiteko. Julian Sagasta Galdos-i buruz ari naiz. Urtarrilaren 31n hil zen Erroman, 90 urte zituelarik.
Julian Sagasta, bere iloba Amaiarekin, haren heriotza
baino bi egun lehenago, Erroman.2005. |
Julian Sagasta “Olatxo” gaitzizeneko arrasatearra Giuliano Sagasta “il bascchi” bilakatu zen italiarrentzat, Italian eta konkretuki Erroman bizi baitzen azken hirurogeita hamaika urteotan. Don Giulianok, hain tarte luzea italiar hiriburuan eman arren, ez zuen sekula bere jaioterria ahaztu, eta ahal zuen guztietan hurbiltzen zen Arrasatera. Berak esan ohi zuenez, Udalaitzen argazki handi bat zeukan Erromako bere logelan, baina ez zegoen parekorik Udalaitz bera zuzenean ikusi ahal izatearekin. Txikitako bere lagunekin bildu ohi zen urtean behin, kintoen bazkaria ospatzen zutenean. Hantxe egoten ziren kontu kontari, “Olatxo” bera, David Arzamendi, Pedro Zumelaga, Angel Etxabe eta beste hamabost bat lagun, euren oroitzapenen soka luzearekin jolasten ari.
Julian Sagasta Erromako Santa Maria Nagusiaren organo jolea izan zen 1947tik 1989an jubilatu arte. Eta bere profesioak satisfakzio handiak eman zizkion, aukera guztietan aitortzen zuen moduan. Adibidez, Julian Sagasta Aita Santuentzat jo zuen sarritan. Gauza normala, guztiz, organo jole onaren ospeak laguntzen baitzion gazte gaztetatik. Bere ikasketa erlijiosoak 1914an Oñatiko Agustinoetan hasi ondoren Burgosen jarraitu zuen, Erromako “Angelicum” Teologia Institutuan amaitzeko. 1937ko maiatzaren 22an apaiztu zen, San Juan Letrango basilikan. Espainiako gerra eta, ondoren, Europakoa eragozpen gertatu zitzaizkion Arrasatera itzultzeko, 1942ko abuztuaren 6ra arte egin ez zuena.
Julian Sagasta, David Arzamendi eta Santi Etxebarria "Zurdo
de Mondragon"-en erdian, Arrasaten. 1995. |
Erroman ere musikako ikasketetan barrena egiteko aukera ikusi zuen. Santa Cecilia Kontserbatorio nazionalean aurrerapen bikainak egin zituen Fernando Germani irakaslearekin. Organo apaiz eta organo jolea izan zen, Erromako San Jose elizan eta Santa Maria Nagusian, hurrenez hurren.
Julian Sagasta “Olatxo”-k musika barrokoa maite zuen. Ikerketa lan sakon eta luzeak burutu zituen, besteak beste Antonio de Cabezón (1510-1566) Burgoseko musika konposagilearen lan osoa identifikatzen eta argitaratzen jardun zuen eta, XVII eta XVIII mendeetako espainiar organo joleen antologia prestatu zuen. Halaber, Pablo Bruna aragoar musikariaren (1611-1679) obra publikatu zuen Sagastak eta haren musikarekin zenbait disko grabatu ere. (Obras completas para órgano de Pablo Bruna (ed. Julián Sagasta Galdós), Zaragoza, Institución Fernando el Católico, 1979)
Bestalde, Italian ez ezik europar herrialde askotan eskaini zituen kontzertuak. Zer esanik ez, Arrasaten askok gozatu genuen Julian Sagastaren arteaz, parrokiko organoa jotzen entzun bai genion behin baino gehiagotan. David Arzamendi herriko organo jole trebe eta - gainera- adiskidea zuen konplize zuzena, emanaldi haietan.
Sagasta “Olatxo”-k edo Don Giuliano “il bascchi”-k Pio XII, Juan XXIII, Pablo VI, Juan Pablo I eta Juan Pablo II-aren aurrean jo zuen. Vaticano Kontzilioaren inaugurazioan ere eskaini zuen bere artea, Sixtina Aretoan entzulerik hurbilena Roncalli “Aita Santu Ona” deiturikoa izan zuelarik. Hala ere, berak errepikatzen zuenez, bere bizitzako egunik zirraragarriena 1954ko maiatzaren 29 gertatu zen, Pio X kanonizatu zuten eguna, alegia. San Pedro plazan jo zuen egun hartan Sagastak, zoragarrizko giro batean. Beste une gogoangarri bat – Pio XII-rekin ere- horrek arrasatearrari Batikanoko San Pio X Aretoko organoa – Italiako handiena, 16.000 hodi eta 5 teklaturekin- jotzea eskatu zionean izan zen.
Julian Sagastaren ustez, Juan XXIII izan zen – berak ezagututakoen artean- organo musika gehien maite zuen Aita Santua. Eta “Olatxo”-k hura Erromako Gotzain bezala izendatua izan zen zeremonian jo zuen, San Juan Letrango basilikan.
Julian Sagasta bere organoaren aurrean, Erroman. 1980. |
Julian Sagasta Erroman hil zen, urte honetako lehen hilabetearen azken egunean. Berarekin musikari handi baten garra itzali da. Eta arrasatear peto horietakoa betiko joan zaigu. Ezagutu genuenontzat beti geratuko da “Olatxo”-ren jatortasuna. Adio Don Giuliano! Agur, Don Julian!
Aurreko Aleetan |