Josemari VELEZ DE MENDIZABAL AZKARRAGA
Traducción al español
Duela hiru hilabete t´erdi esperientzia berri bati ekin nion, ekinean irauteak zer suposatuko lidakeen oso ziur ez nengoelarik. Dena hasi zen 2005 urtearekin batera, eguneroko albisteen bonbardeoarekin gogaituta nengoela ohartu nintzenean. Eta neure buruari haize fresko apur bat eskaini behar niola iruditu zitzaidan.
Zer egin? Pixkanaka-pixkanaka ohiko albistegietatik desengantxatzea otu zitzaidan. Manikeismoaren hurrena bihurtu zaizkidalakoan, ni ez nago bat ere ados filosofia horrekin. Nire inguruko guztia ez da Jainkoak egina ezta deabruak besteena ere. Beti defendatu dudan elkarrekiko begirunearen izenean, beraz, telebistak etengabe zekarzkidan eguneko berrien jarioa nola edo hala ekiditea osasuntsu gerta zitekeela pentsatu nuen. Pentsatu bakarrik ez baizik praktikan jarri ere; eta horrela urtarrilaren lehen astetik muzin egin nien teleberri, albistegi eta telediario guztiei. Guztiek daukaten konfrontazio-formatoan ez zitzaizkidan interesatzen.
Hurrengo urratsa irratiekin eman nuen. Bataz beste bi ordu pasatuxe ematen ditut egunero bolantean eta trafikoaren berezko zigorraz gain, normalean irrati kateek programatzen dizkiguten noticiario eta albiste buletinak sufritzea – tertuliak eta ahoberoen irainak kontuan hartu gabe, noski- gehiegi zela konbentzituta, musika klasiko bakarrik entzuteari lotu nintzaion. Pausu hori bigarren astean eman nuen. Eta urtarrilaren hirugarren astean orain arteko deliberamendurik gogorrena hartu nuen: egunkariak irakurtzeari utziko nion. Eta ordudanik ez dut bat ere leitu.
Hau da, geure bizitzak ordenatu nahian ari diren komunikabideen funtzionamenduko eskema itogarriak informazio orokorrekotzat ditugun albisteen ikusle-entzule-irakurle izateari uko egitera eraman nau. Benetan, esperientzia arras interesgarria gertatzen ari zaidalako, oraindik ez diot bukaera eperik ipini nire jarrera honi.
Badakit ezin dudala esan informazio uhinetatik guztiz kanpo nagoenik. Hori ezina da, gutxien espero daitekeen bidetik ailega baitaiteke albisteren bat edo beste. Baina gauza bat da albisteaz jabetzea eta beste bat – zeharo desberdina- horretan sakontzea. Eta, darabildan formula honen bitartez albisteen zaparrada kontrolagaitz bezain okagarritik libratu naiz. Adibide batzuk jarriko ditut: badakit Ibarretxe Madrilen egon zela – egun hartan lankide batek aipamena egin zuelako. Baina ez dut kontzienteki ezer entzun, ikusi edota irakurri nahi izan bisita hartaz. Ez dakit Iraken hauteskundeak izan ote ziren edota Reala futbol partiduak irabazten ala galtzen ari ote den. Badakit apirilaren 17an boto ematera joan behar dudala, egun horretarako programatua nuen batzar bat aurreratu behar izan dudalako, nik aldez aurretik aukeratutako data bertsuan hauteskundeak ditugulako. Ez dut munduko lau izkinetako ohiko desgrazia, gizarte bortizkeria eta kalamitateez hausnarketa gehiagorik egiten, nire bizitzan osoan horretan aritu naizelako eta zer irabazi (galdu) dudan garbi dudalako. Ez dakit ekonomia gaizki doakigun ala, aitzitik, enpresen balantzeak diruz gainezka ageri ote zaizkigun.
Adiskide batek, hartu dudan erabaki bitxi hau dela eta, ezjakinak zoriontsuak direla esaten dit. Baliteke. Izan ere, ba al dakizue zein ongi bizi den, zuk nahi (eta behar) ez duzun informazioari bizkarra ematen? Askoz lasaiago sentitzen naiz goizean lanerako orduan eta munduarekin bakean oheratzen naiz gauero. Baina ez pentsa ariketa erreza denik. Ez; esfortzu berezia egin behar da, zuk hautatzen ez duzuna ailega ez dakizun. Diala aldatzeko orduan, tele-agintearekin zappinga ari zarela edota prentsa kiosko baten aurretik igarotzean albiste deigarrietaz ez jabetzeak jarrera aktibo bat exijitzen du. Zerbaitekin alderatzearren, nire aktibismo honek atarte askotan irakur daitekeen “Etxe honetakook ez dugu publizitaterik nahi” karteltxoa gogorarazten dit.
Badakit jokaera hau, askorentzat, erabat okerra izango dela. Ez da nire asmoa inor konbentzitzea; are gutxiago, zuzen dabilena neu naizela adieraztea. Badakit, gainera, goizago ala beranduago amore emango dudala. Baina nirean segitzen dudan bitartean, informatuta egoteko ohiturak berez kentzen dituen orduak beste aukera desberdinetan inbertituko ditut. Ez naiz musika klasikoan aditu bihurtuko baina orain arte ezezagunak zitzaizkidan estilo, interprete eta autoreekin adiskidetuko naiz. Eta etxeko bibliotekan – denbora falta zela eta- aspalditik pilatuta dauzkadan liburuak eskuratuko ditut, patxadan irakurtzeko. Eta ETB, TV2ko eta Naturako dokumentalak ikusiko ditut, gustura. Badakit, ordea, nire zoriona ez dela, zoritxarrez, betierekoa izango. Baina erabaki bitxi hau hartu nuenetik, bederen, gauza batez jabetu naiz: informazio askok geure buruen preso bihurtzen gaitu, eta ez nago prest jario inkontrolatuaren kontra borrokatzera itzultzeko. Nire askatasuna zaindu nahi dut. Eta buru osasuna.
Aurreko Aleetan |