Juan San Martinen heriotzanEscuchar artículo - Artikulua entzun

Josemari VELEZ DE MENDIZABAL AZKARRAGA
Traducción al español

Juan San Martinen heriotza dela eta, lerro batzuk eskaini nahi dizkiot, adiskidetasunetik eta besarkatu berriz ere ezingo dudala egin jakin dudan arren. Nion begirune eta maitasuna aitortu nahi dut aldez aurretik. Bera ezagutu genuenok eta bere osasun egoera nolakoa zen genekienok ez gara harritu Juanitoren heriotzaren berriarekin, baina horrek ez du bat ere leundu gure baitan utzi duen goibeltasuna.

Juan San Martinekin izan nuen harremana duela hogeita hamabost urte inguru hasi zen. Eta ordudanik elkarren arteko erlazioa oso ona izan zen. Arrasaten ezagutu nuela gehitu behar dut, Gabriel Arestirekin herriratu zitzaigun arratsalde batean. Aresti mito antzeko zerbait genuen orduan. Eta San Martini buruz, egia esan, ezer gutxi nekien, Arrasateko lantegietatik barrena komertzial-gaietan ziharduenaz gain. Ez dakit ezer hitz egin ote genuen gure artean egun hartan. Handik hiru urtera, ordea, euskarazko titulua ateratzeko azterketak egin nituen Arrasaten bertan eta San Martin izan nuen mahaiko. Titulua Lekeition jaso nuen Euskaltzaindiaren bilera ospetsu batean eta diploma Juanitok berak eskuratu zidan.

Juan San Martin Ortiz de Zárate
Juan San Martin Ortiz de Zárate.

Harrez geroztik benetako adiskidantza sortu zen San Martinen eta nire artean. Biok lagun handi batek lotzen gintuen halako komunio izpiritual batean eta pertsona hura Iokin Zaitegi euskaltzale arrasatear erraldoia zen. Juan eta Iokin Euzko Gogoaren denboretatik ziren lankide, arrasatearrak eibartarrari bere aldizkariaren orrialdeak ireki zizkion egun historikoetatik, hain zuzen. Iokin eta Juan zeharo aburukideak ez ziren arren, ez politikan – Iokin EAJren ingurukoa eta Juan Eibarko sozialista- eta erlijioan ere - Iokin fededun gizona zen bitartean Juanito agnostikoa genuen- egiazko konexioa eman zen bien artean eta diferentziak diferentzia ederto ezkontzen ziren bi pertsonalitateak. Iokinek 1.972an Arrasatera Guatemalatik iritsi zenetik, euskalgintzari dagokionez bere babespean hartu ninduen eta hari esker Juan San Martin bilakatu zen nire abokatua hainbat eta hainbat urratsetan.

Juanitok ahalbidetu zidan, adibidez, hirurogeita hamarreko dekadan Donostiako Hoja del Lunesen berarekin lankidetzan aritzea. Hiru urtez baliatu ginen eskaparate hartaz eta, ziurrenik, inoiz gehien irakurri zaizkidanak gertatu ziren artikulu haiek, baita – dena esan behar da- hoberen ordaindu zitzaizkidanak ere. Juanito argi dorre gisa hartuta, zenbait lagun Euskal Idazleen Elkarteko lehen zutabeak ipintzen ahalegindu ginen 1.980 inguruan eta elkarrekin ihardun genuen behin elkartea martxan jarriz gero. Donostiako Txurruka Kaleko Euskaltzaindiaren bulegoan utzi zigun areto txiki batean hamaika bilera burutu genituen, euskal idazleen eskubide ekonomiko eta moralak nola defenda genitzakeen hausnartzen. 1.981ean Iokin Zaitegiri buruzko biografia argitaratu nuen eta, zein hobe hitzaurrea egiteko Juanito baino?

1.983an Euskaltzaindiak ezusteko galanta eman zidan, euskaltzain urgazle izendatu ninduen eta. Gero jakin izan nuenez San Martin izan zen nire hautagaitza defendatu zuena. Eusko Jaurlaritzan ere, 1983 eta 1985 bitartean elkarren ondoan lan egin genuen, bera Artederretako ordezkaria izan baitzen eta estualdi askotatik libratu ninduen, berak maisuki erabiltzen zekien diplomaziaz. Gogoan dut, Kultura Sailburuorde izendatu nindutenean Hoja del Lunes-etik eskaini zidan lorea: “Zorionak Jose Mari eta doluminak zure emazteari!” Ordudanik ia-ia oraintsu arte, hamaika elkarrizketa eta bilera burutu genituen, Euskaltzaindian, Eusko Ikaskuntzan – bazkideetatik 40 zenbakia zuen- edo Hondarribiako bere etxean.

Juan San Martin gizon polifazetiko izan da, euskalgintzak inoiz eskainitako sortzailerik bikainenetakoa. Sarritan esan nion, eibartarra zelako egin ahal izan zuela burutu zuen guztia. Eta Juanek, jakina, ez zeukan bere eibartartasuna saltzeko. Toribio Etxebarria zenarekin alderatu dut behin baino gehiagotan Juanen izaera bikaina. Eta, iruditzen zait, Juanitori gustatu egiten zitzaion konparaketa hori, Toribiorekiko miresmena ageri baitzuen gauza askotan. Esaterako, Iokin Zaitegirekin hain borobila ez zen kidetasunean primeran uztartzen zen Toribiorekin. Osagarria bide zen, batekiko eta bestearekiko.

Ez nintzen egon Juanitoren hileta elizkizunetan, ordu berean Albert Einstein-i buruzko ekitaldi bat aurkeztu behar nuen eta. Baina bera izan nuen gogoan eta, zilegi bekit esan nituen hitzak hona aldatzea: “Me ha tocado en nombre de Eusko Ikaskuntza dar comienzo a este acto en el que queremos glosar la figura de un sabio universal, de cuya muerte se cumplen ahora 50 años. Pero no puedo pasar adelante, sin hacer un recordatorio a otro hombre, sabio y universal en lo vasco, a quien en estos momentos la sociedad vasca está dando el último adiós en Hondarribia. Juan San Martín nos ha dejado y con él se va su manera de ser, abierta, sincera, sin complejos, espléndida. Juanito nos reafirmó en la idea de que se puede ser vasco y universal”.

Iaz Eusko Ikaskuntza- Caja Laboral Saria eman zitzaion Chillida Lekuko bazter ederretan eta orduantxe izan zen azkeneko aldiz maitekiro elkar besarkatu genuela. Denok galdu dugu euskal erreferente bizia. Baina Juanitoren izarrak bizirik iraungo du gure mendi, baso, kale eta kontzientziak argitzen.

Lotutako artikuluak

Zure iritzia / Su opinión
euskonews@euskonews.com
GAIAK
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2005/06/03-10