Garbiñe ARANBERRI ARESTI
Traducción al español
SARRERA
Europar eraikuntzan zer esana izan dute barne mugak irekitzea eta pertsonak duten zirkulatzeko askatasuna. Ardatz bi hauen inguruan, hain zuzen, oinarritu da Europako segurtasun politika. Hau da, Europar Batasuna osatzen duten estatuek lehen urratsak eman dituzte segurtasunari buruzko gaietan. Hori dela eta, mugen kontzeptua gainditzea adostu dute, eta Europar Batasunaren eraikuntzarako helburu bihurtu dute Europar Batasunak askatasun, segurtasun eta justizi eremua izatea.1
Dena den, mugak irekitzeak onurak ez ezik, ondorio txarrak ere ekarri ditu. Esaterako, antolatuta dagoen delinkuentziak, -batez ere erakunde terroristak-, aukera izan du Europatik zehar libre ibiltzeko. Hots, mugak desagertzean inolako kontrolik gabe mugitu dira Europar Batasunetik.
Arazo horrek alarma guztiak piztu ditu. Horregatik, EBko estatuek onartu dute EBren eraikuntza zilegia ez dela delinkuentzia eta segurtasunaren arteko oreka lortzen ez bada. Hau da, segurtasun eta askatasun binomioak maila bera ez badu. Ondorioz, Europa “askatasun, segurtasun eta justizi eremu” izatea lortu nahi izanez gero, ezinbestekoa da delinkuentzia transnazionala sortu berriaren kontra borrokatzea; eta, era berean, hiritarren segurtasun eza eta delituen zigorgabetasuna gainditzea.2
Egoera honi aurre egiteko, Amsterdameko Itunak indartu zuen EBk duen eskumena polizia eta epaileen gaietan. Polizia eta epaileen arteko elkarlana estutu zuen, alegia.
Argazkia: Kevin Connors (kconnors@kconnors.com) |
Hortaz, Amsterdameko Ituna dugu poliziaren eta epailearen arteko elkarlanaren aitzindari. Baina oraindik asko dago egitear. Bilakaera honetan aipatu behar da 1999ko urrian Tamperen egindako kontseilua. EBko eraikuntzarako une gogoangarri bihurtu baita. Kontseilu horretan erabakietakoen artetik aipagarriena da: Estatu bateko ebazpen prozesalak beste Estatu batek onartzea eta betetzea.
Beraz, “Elkarrenganako Onarpena” muin bihurtu da epailearen arteko elkarlanerako Zigor eta Zibil gaietan. “Elkarrenganako Onarpena” printzipioa estatuak beraien artean duten konfiantzan oinarritzen da3. Baina horretarako, estatu guztiek giza eskubideak errespetatu behar dituzte, oinarrizko askatasunak eta estatu demokratiko baten printzipioak. Hori dela eta, estatu honen legeria aipatutakoen irizpideen isla izan behar da.
Baldintza hauek betetzen ez badira estatuen arteko konfiantza porrot egiten du eta honekin batera “Elkarrenganako Onarpen” printzipioa.
Ildo beretik, esan beharra dago “Elkarrenganako Onarpen” printzipioaren helburua dela delinkuentziaren aurkako borrokan estatuek duten legeri desberdina saihestea. Hau da, legeria ez dadila oztopo bihurtu delinkuentziaren kontrako ekintzetan.
Hori ikusita, atxilotzeko eta entregatzeko europar agindua aitzindaria izan da. Are gehiago, “Elkarrenganako Onarpen” printzipioaren ezaugarri nagusia.4
ERABAKI MARKOA: HIRUGARREN ZUTABEKO BALIABIDEA
Atxilotzeko eta entregatzeko europar aginduak onartzen du Kontseiluak ekainaren 13an onartu zuen 2002ko / 584. /JBG etarako Erabaki Markoa.
Amsterdameko Itunak (1997ko urriaren 2an) EBn baliabide juridiko berriak onetsi zituen. Hain zuzen ere, EBko itunak 34-2. atalean (antzinako K-6 atalaren ordezkoa) arautzen ditu Erabaki Markoak.
Erabaki hauen bitartez EBko estatu kideek aukeratzen dute zein arau mota erabili; edota nola bideratu EBko araua estatuaren barneko ordenamendu juridikora. Hau da, estatu bakoitzak transposizioa egin behar du eta bere legedian barneratu.
Dena den, Erabaki Markoaren baliabidea erabiltzea ez da kasualitatea izan. Aitzitik, Erabakiak duen izate juridikoa eta Nazioarteko Hitzarmenaren arrakasta eza izan dira baliabide berri hauen eragile nagusiak.
Gauzak horrela, europar agindua indarrean jartzeko ezinbestekoa izan da Erabaki Marko horren transposizioa egitea. Hau da, estatu bakoitzak Erabaki Marko horren edukia bere legedira ekarri behar izan du. Prozesu hau desberdina izan da estatuen arabera, jakina; eta oraindik ez da bukatu.
2002ko otsailaren 14an EBko Barne eta Justizi Ministroak bildu ziren eta Frantziako, Belgikako, Portugaleko, Alemaniako, Luxenburgoko eta Espainiako ministroak honako hau erabaki zuten: 2003ko lehen hiruhiletarako indarrean jarri behar zuten europar agindua.
Argazkia: Kevin Connors (kconnors@kconnors.com) |
Egia esan, transposizioak izugarrizko arazoak sortu ditu. Esaterako, Frantzian Konstituzioa aldatu behar izan dute. Era berean, Espainian Auzitegi Konstituzionalak erabaki zuen 102/97ko maiatzaren 20ko epaian leporatze bikoitza onartzea. Alemanian, bestalde, transposizioari buruz eztabaida gogorra egon zen. Hain zuzen ere, Alemaniako Abokatuen Elkarteak eta Abokatu Errepublikanoek kritika zorrotzak egin zizkioten Europar Zuzenbidearen bilakaerari.
Italian, aldiz, transposizioak Konstituzioa aldatu beharra ekarri du; eta horrekin batera, hainbat ika-mika piztu ditu. Izan ere, oraindik Italiak ez du indarrean jarri atxilotzeko eta entregatzeko europar agindua.
Are gehiago, transposizioa onartu duten estatuek era ezberdinetan egin dute. Batetik, europar agindua bidaltzeko ez dira bat etorri hizkuntza aukeratzearen orduan. Izan ere, estatu bakoitzak bere hizkuntza erabiltzea onartu du. Hala ere, badaude ingelesa aukeratu duten estatuak, adibidez, Europa iparraldekoak.
Bestalde, europar aginduaren harrerako epeari dagokionez, esan beharra dago transposizioak ez dituela estatuak adostu. Adibidez, atxiloketa egin ondoren Portugalen eta Erresuma Batuan 48 orduko epea aipatzen da estatu eskariak europar agindua bidaltzeko. Frantzian, aldiz, sei eguneko epea onartzen da, eta Espainian zazpi eguneko epea praktikan erabiltzen da.
Ildo beretik, aipatu beharra dago estatuek modu ezberdinetan onetsi dutela harrera egiteko modua. Esaterako, Frantziak eta Luxenburgok jatorrizko testua eskatzen dute. Beste estatuek, ostera, fax-a erabiltzea ontzat hartzen dute.
Halaber, entregatzeko erabakiaren kontrako helegitearen onespenarekin ez dira ados jarri. Hala, Espainiak ez du helegiterik onartzen; eta onartu dutenen artean desberdintasunak daude. Esaterako, Irlandan helegite bakarra da posible; baina, Belgikan eta Suedian bi helegite ezberdin aurkeztu daitezke.
Azkenik, “Leporatze Bikoitzaren” printzipioa zalantzan jarri da. Hain zuzen ere, elkarrenganako konfiantza printzipioa kolokan jartzen baitu. Dena den, estatu gehienek – Italiak proposaturiko legean salbu – delituen zerrenda onartu dute.
Nahiz eta, arestian azaldu dugun bezala, desberdintasunak egon, Europar Agindua indarrean dago Europan.5
EUROPAR AGINDUAREN ERAGINA ESPAINIAR ESTATUAN
2004ko urtarrilean jarri zen indarrean Europar Agindua Espainiar estatuan. Ordutik hona europar agindua erabili da estatuan. Izan ere, estatu espainiarrak bidali ditu eta gauzatu ere egin ditu. Azkena, hain zuzen, 2005eko apirilaren azken astean bete da.6
Dena den, Espainiar estatuan Europar Aginduak zein eragin izan duen aztertzeko Komisioak Europar Sare Judizialari bidali zion gai honi buruzko galdeketa hartuko dugu adibide gisa. Zehazki, 2004ko irailaren 30ean honako datuak eskaini zituen itaunketak:
Espainian 316 agindu jaso zituen. Horietatik 102 onartuak izan ziren epaiaren ebazpenaren bitartez. Beste 100, aldiz, Epaimahaian onartu zituzten. (Hauetatik, hurrenez–hurren, 91etan estatu eskaleari entregatzea onartzen zen eta beste bederatziak ukatzen zuten). Gainontzekoak erabakitzear zeuden.
Argazkia: Kevin Connors (kconnors@kconnors.com) |
Estatu askok bidali dute Europar Agindua, baina estatu eskaleen artean Frantzia da gehien bidali dituena. Hain zuzen ere, 118 bidali ditu eta horietatik 48 gauzatu dira. Bestalde, Portugalek 62 bidali ditu. Dagoeneko 20 bete dira. Belgikatik 41 inguru jaso dira. Azkenik, Lituaniak eta Alemaniak hogeina Europar Agindu bidali dituzte.
Arestian aipatutako itaunketaren emaitzen arabera, entregatzeko epe ertaina honako hau izan da:
Alde batetik, atxilotuak baimena eman duenean zazpi egun baino ez dira igaro atxilotu zuenetik ebazpena onartu arte. Hau da, atxilotu ondoren hamabost egunetan entregatu dute.Kasu hauetan entregatzea eten egin da atxilotuak Espainiako estatuan zigor erantzukizunak izan dituenean. Hauxe izan da aipatutako epearen salbuespen bakarra.
Beste alde batetik, atxilotuak entregatzeko baimena eman ez duenean ebazpena onartu da atxiloketatik hogeita hamabost egunetara. Hogeita hamabost egun hauek estradizio prozesurako epearekin alderatuz, esan beharra dago epea nabari murriztu dela. Ez dezagun ahaztu, estradizio prozesua bederatzi eta hamabi hile bitarteko denbora irauten zuela.
Honekin guztiarekin batera, itaunketak beste datu interesgarri bat eskaintzen digu. Hain justu, atxilotua izan den inork ez dio entregatzeari ezetza eman oinarrizko eskubideen errespetuaren aitzakia erabiliz.
Halaber, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzaren arabera erreklamatuta dauden pertsonetatik %80a kartzelan dago ebazpenaren zain.
Datuak ikusita, argi dago europar agindua baliabide ezin hobea izan dela estatuen elkarren lanerako.
BIBLIOGRAFÍA
- SANZ HERMIDA, Ágata Mª.: “El futuro espacio europeo de justicia penal”, Revista Poder Judicial nº 74 de 2003.
- CASTILLEJO MANZANARES, Raquel: “Instrumentos en la lucha contra la Delincuencia. La Orden de Detención Europea y los Procedimietos de Entrega entre Estados Miembros”, Editorial COLEX, 2002.
- GÓMEZ-JARA DÍEZ, C.: “Orden de Detención europea y Constitución Europea: reflexiones sobre el principio de reconocimiento mutuo”, Diario LA LEY, núm.6069, de 26 de julio de 2004.
- DEL POZO PÉREZ, Marta: “La Orden de Detención y Entrega: Un avance en el Principio de Reconocimiento Mutuo de resoluciones juidicales entre los estados de la Unión Europea”, Diario LA LEY núm. 6164, de 10 de enero de 2005.
- COMUNIDADES EUROPEAS, Bruselas: “Informe de la Comisión basado en el artículo 34 de la Decisión Marco del Consejo, de 13 de junio de 2002, relativo a la Orden de Detención y Entrega Europea y a los procedimientos de entrega entre los Estados Miembros, COM (2005 63 Final), de 23 de febrero de 2005.
- CASTILLEJO MANZANARES, Raquel: “El Procedimiento español para la emisión y ejecución de una Orden de Detención y Entrega”, Actualidad Jurídica Aranzadi nº 587, de 24 de julio de 2003.
- FONSECA MORILLO, F.J.: “La orden de detención y entrega europea”, Revista Española de Derecho Comunitario Europeo, núm 14, enero/abril 2003.
- Dirección del Gabinete del Viceconsejero de Seguridad del Gobierno Vasco: “Orden de Detención y Entrega. Euroorden”, 1 Zbk Ikaste Liburua - Cuaderno de Estudio nº 1.
- JIMENO BULNES, M.: “La Orden de Detención y Entrega: aspectos procesales”, Diario LA LEY, núm 5979, de 19 de marzo de 2004.
- ALONSO PÉREZ, Francisco: “Expulsión Administrativa de Extranjeros. Innovaciones introducidas por las Leyes Orgánicas 11/2003 de 29 de septiembre y 14/2003 de 20 de noviembre”, Diario LA LEY, núm 6053, de 2 de julio de 2004.
Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali hurrengo elkarrizketetarako galderak!
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Aurreko Aleetan |