Bizkaiko Foruari mendekotutako lurraldez kanpoko inguruetan barnako ibilbideaEscuchar artículo - Artikulua entzun

José Ángel LECANDA
Itzultzailea: Koro GARMENDIA IARTZA
Versión original en español

GKlik egin irudia handitzekoaur egungo adimen politiko-instituzional batentzat, Iraultza Frantsesarekin jaiotako liberalismo burgesaren garaipenaren itzalean sortu eta bere balioetan hazia, zaila gertatzen da lurraldetasun eta jurisdikzio bezalako kontzeptuen arteko korrelaziorik eza ulertzea, edota gizarte estamentu bateko edo bestekoa izateagatik eratorritako estatutu juridikoak aldi batera existitzea. Guk guztiok, ezinbestean, ikuspegi horretatik ulertzen ditugu “denok berdinak gara legearen aurrean” bezalako esaldiak, eta hiritartasun, nazio, estatu, subiranotasun, demokrazia... moduko kontzeptuak.

Gaur egungo kontzeptuak, baina, ez zaizkigu lagungarri iraganeko garai eta gertakizunak ulertzeko. Eta, gainera, kontuan hartzen baldin badugu Historia bilakaera, aldaketa eta eraldaketez osatua dagoela hain zuzen ere, ikusi ahal izango dugu gaur egungo errealitateak iraganeko garai jakin batzuetara zuzenean eramateak irudi okerrak sortu ohi dituela.

Gutako gehienontzat, Bizkaiko Lurralde Historikoa, lurraldeari dagokionez, beti izan den bezalakoa da gaur egun. Gainera, ziurtzat ematen dugu Forua lurralde osoan zehar egon zela indarrean -Forua lege corpus-a bailitzan ulertuz, ez pribilegio gisa-, XVI. mendean berrikusi zenez geroztik –lehen idatzia 1452koa da- 1876ra arte, urte hartan behin betiko abolitu baitzen foru sisteman.

Gauzak, ordea, ez ziren zehazki horrela izan... ez gaur egungo Lurralde Historikoaren osaketari dagokionez -integrazio (Balmaseda edo Orozko) zein banaketa kasuak (Laudio) izan baitira tartean-, ez eta bere baitako lege bateratasunari dagokionez ere –izan ere, Bizkaiko Forua izan da Lurralde irekian, eta Gaztelako Forua hirietan-, eta ezta lurralde/jurisdikzio bateratasunean ere. Iraganaz mintzo gara, Erdi Aroaz, jauntxoen erregimenaz. Eta kontuak, garai hartan, ez ziren hain argi eta garbiak.

Tarte honetan badira hainbat gune Bizkaiko Jaurerriaren baitan kokaturik egon ez arren, Bizkaiko Foruaren menpe bizitu zirenak, eta, zenbait kasutan, Abellanedako zein Gernikako Batzarretan parte hartu ere egiten zutenak. Kasurik argigarriena, beharbada, Castro-Urdialesekoa dugu, zeinaren ezkutuan oraindik ere ongi islatzen baitzen egoera hura. Jaurerritik kanpoko inguru forudun hauek, Burgos eta Kantabriako probintzietan kokatuta daude gaur egun.

Azken autonomia erkidego honetako hiru gune egon ziren forupetuta eta instituzionalki Jaurerriari lotuta: Castro-Urdiales, Limpias eta Colindres.

Colindres eta Limpias, XVI. mendetik 1833ra bitartean egon ziren Aro Modernoak Bizkaiari lotuta. Aditu askoren iritzian lotura horren xede bakarra Batzarretan parte hartu gabe pribilegioez gozatzea bazen ere, Castro-Urdialesen kasuan –ezagunagoa eta hobeto dokumentatua- ukaezina da harreman estua izan zela euren artean.

Castro-Urdiales, Gaztelako Alfontso VIII.ak 1163an eratutako hiria, Paduretako Ermandadeko kidea izan zen bere sorreraz geroztik, zeina politika eta merkataritzarako elkarte modura eratu zen 1296an, hiri horretan bertan. Santander, Laredo, Vitoria/Gasteiz, Bermeo, Getaria, Donostia eta Hondarribia ere –guztiak ere berariazko forua zuten errege hiriak-, Ermandade horretako kide izan ziren.

Castro-Urdialeseko ezkutua  
Castro-Urdialeseko ezkutua.
Edonola ere, Castro-Urdiales eta Bizkaiaren arteko harremanek ez zuten etenik izan Erdi Aroan zehar; gainera, leinu bandokideek inguru haiek behin eta berriro erasotzen zituztela-eta, hiri honek 1394an Bizkaiko Ermandadearen eraketa sinatu zuen, beste hainbat hirik bezala, Gernikako Batzar Nagusietan. Eta Jaurerriari lotuta egon zen -hitz eta botoarekin-, harik eta 1471n banaketa formalki eskatu zuen arte.

Hain zuzen ere arrazoi horrengatik, XV. mendeaz geroztik unitate administratibo berri batean egongo da; hots, Cuatro Villas-eko Korregimenduan (San Vicente de la Barquera, Santander eta Laredorekin batera), baina ez dio horregatik Gernikara Enrike IV.aren (1463) eta Fernando Katolikoaren (1476) foruen zin egitera. Eta, gerora, ez ziren gutxi izango berrintegratzeko saiakerak: 1562, 1576, 1665, 1667, 1678... Edonola ere, Castro-Urdiales ez zitzaion Jaurerriari XVIII. mendera arte atxikiko.

Dirudienez, Austriatarren politikak horrenbeste narriatu zituen Castroko ekonomia eta demografia, ezen ahituta amaitu zuela hiriak, eta arnasberritzeko asmoz saiatu zela Jaurerrira itzultzen, bertako salbuespen eta onurez baliatu ahal izateko. Gauzak horrela, Castro-Urdiales 1738an berratxiki zitzaion Jaurerriari, bertako batzuk aurka agertu baziren ere. Hauek, baina, erabakia atzera botatzea lortuko dute 1741ean, eta hainbat liskar integrazio-banaketa aldi izango ziren aurrerantzean, guztiak ere agirietan jasota daudenak Valladolideko Errege Kantzelaritzan.

1763an, Karlos III.ak behin betiko lehengoratu zuen Castro-Urdiales Cuatro Villas-ko Korregimendura, baina hiriko udaletxean Jaurerriari berratxikitzeari buruz izandako azken bilkura 1774ko urriaren 30ean egin zen hala ere.

Jauntxoen gutiziak, errege pribilegioak, inguruabar politikoak, ekintza interesatuak... Historia.

Arrazoi horiekin -jauntxoekin lotutakoak bereziki- lotu behar ditugu, hain zuzen ere, Burgosko probintzian zehar kokaturiko inguru forudunak. Denbora haien lekukotza garbia ematen digu gaur egungo udalerri batek daraman izenak berak: Aforados de Moneo.

Aforados de Moneo udalerriak, Medina de Pomar eta Trespaderne artean kokatua denak, lau gune zeuzkan, elkarren artean lotuta ez zeudenak: Bustillo eta Moneo hirigune gisa, eta Villarán eta Bascuñuelos, azken bi hauek beste unitate administratibo batzuetan sartuta. Forudunak ziren hauek, eskualde honetako beste hainbat inguru bezala; hala nola Nofuentes, Cuesta Urriako Merindadeko hiruburua.

1556an agertu ziren lehendabizikoz Abellanedako Batzarreko aktetan, baina XVI. mendean ez ziren Batzarrera joaten, eta erakundeak berak hainbat aldiz erregutu zien bertara zitezela, Enkarterriko gainerako errepubliken modura, hauek ere finantza eta militar laguntza eman behar zuten-eta. Inguru hauek 1591n txertatu ziren ofizialki Bizkaiko Jaurerrian, eta XVII. mendean atxiki zitzaizkion behin betiko Abellanedako Batzarrari lotuta.

Bere estatutu juridikoa aspaldikoa zen. Las Behetrías-eko Kartularioan, XIV. mendearen erdialdekoa berau, forudun gisa agertzen dira Bascuñuelos, Villarán, Villalacre eta Villaventín. Eta behin eta berriro defendatu behar izan zuten, gainera, beren foru egoera; hots, Enkarterriari atxikita egotea, eta Gaztela Zaharreko Merindadeko betebehar fiskal, militar eta administratiboetatik aldenduta. 1338 eta 1386. urteetan, Villarán eta Bascuñuelos hiriguneak Frías herriaren aurka aritu ziren auzitan, eta horrela aritu ziren, halaber, XVI. mende guztian zehar, Gaztela Zaharreko Merindadearen aurka ere, honek beren eskumenean sartzeko egiten zituen ahaleginen ondorioz. Mende horren hasieran, bestetik, Villarán kexu agertu zen Gaztelako Kondestablearen aurrean, ez zizkiolako errespetatzen Bizkaiko Jaurerrian sartuta egotean zegozkion pribilegio fiskalak.

Egoera horren zioa, Bizkaiko Jauntxoak inguru horietan aspaldidanik izatean datza. Don Diego López de Harok berak, 1287. urtean, hainbat tributu ordaindu beharretik salbuetsi zituen Nofuentesko biztanleak, eta, 1366an, Bizkaiko Don Juan Nuñez de Lara Jauntxoak berretsi egin zuen salbuespena.

1618an, Felipe II.ak Bizkaiari lotutako inguru forudunei pribilegioak aintzatesten zizkien Errege Gutuna luzatu zuen; eta, bestetik, 1696 eta 1710ean, Gaztela Zaharreko Merindadearen esku-sartzeak zirela-eta, lurralde forudunek berriro aldarrikatu behar izan zituzten Bizkaiko Foruekiko eta Abellanedako Batzarrarekiko atxikipena.

Fríasko zubia. Tobalinako Bailara
Fríasko zubia. Tobalinako Bailara.

Tobalinako Bailaran ere izan zen hiri forudunik; Bascuñuelos besteak beste, zeina, adierazi dugun bezala, Aforados de Moneoren baitan egon baitzen -1905era arte-. Toponimoak berak nahikoa dirudi Foruekiko atxikipena erakusteko, baina, edonola ere, 1371n Bizkaiko Jauntxo zen Don Juan Infantearen jaurerriarekin jarri behar da inguru hau harremanetan. Izan ere, XVIII. mendean Enkarterriari lotuta zegoen, Merindadeak eta eskualdearen jaun eta jabe ziren Fernández de Velascotarrek presioa egiten jarraitzen zuten arren.

Burgosen kokaturiko Losako Bailaran ere gune forudun batzuk izan ziren. Bertako sei Batzarretako batek, gainera, Aforados de Losa zuen izena, eta Villalacre, Villaventín, Momediano eta Paresotas herrixkak biltzen zituen. Inguru hauek ere, Bizkaiko Jauntxoen jabetzako lurrak izateagatik zeuden Bizkaiko Foruari atxikita, gune zabalak baitzeuzkaten Gaztelan barna beren esku. Esan beharra dago XVII. mendera arte ez zirela Merindadean sartuko.

Beren estatutuari buruzko agiriak XVI. mendekoak ditugu (1554), eta Abellanedako Batzarreko aktekin bat datoz. Azken hau, 1833/1835eko lurraldearen banaketa berria egitean desagertu zen; izan ere, 1812ko Konstituzioa onartu zenetik aurrera Jaurerriak deuseztatzean, eta administrazio sistema homogeneo eta funtzional bat ezartzeko beharrak bultzatuta, beste udaletxe batzuen eskuetara igaro ziren herrixka hauek. Duela gutxi, gainera, beste modu batean antolatu dituzte.

Valderejoko Bailara, Burgosko lurrez inguratua dagoen Gobiaraneko luzapena, eta Fuentebureba zein Berzosa herrixkak ere, azken bi hauek denbora gutxiagoz eta intentsitate txikiagoarekin, Bizkaiko Foruaren eskumenpean egon ziren, oinetxeko jaunak hala xedatu zuelako. Valderejo 1278an sartu zen Jaurerrian, eta XV. mendean atera, Arabako Ermandadeari atxiki zitzaionean; Berzosa, berriz, Bizkaiko Jauntxoak erosi zuen XIV. mendean, eta Fuentebureba mende horretan bertan egindako dohaintza baten harian. 1486an, baina, Errege Katolikoek Gaztelako Koroari erantsi zizkioten bi herriak.

Beste hainbat gertakizun bitxiren berri ere eman genezake oraindik; hala nola, Menako Bailararen kasuarena, zeinak 1822an luzatu baitzuen Bizkaiari atxikitzeko eskaera, eta 1844an errepikatu.

Amaitzeko, esan Bizkaia, lurraldeari dagokionez, segur aski inoiz ez dela orain baino zabalagoa izan, baina, bere idiosinkrasiaren zati bat aspaldiko ohiturazko zuzenbide sekular baten pean bizi izanetik baldin badatorkio, gerora Foru bihurtua eta berariazko erakundeetan islatua -Batzarretan esaterako-, bai esan dezakegula Bizkaia handiagoa izan zela garai batean, jurisdikzioari dagokionez bederen. Aurkezturiko ibilbidea lagungarri gertatuko zaigu.

Zure iritzia / Su opinión
euskonews@euskonews.com
Bilaketa

Bilaketa aurreratua

Parte hartu!
 

Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali hurrengo elkarrizketetarako galderak!

Artetsu Saria 2005
 
Eusko Ikaskuntza

Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

Buber Saria 2003
 
Euskonews & Media

On line komunikabide onenari Buber Saria 2003

Argia Saria 1999
 
Euskonews & Media

Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

GAIAK
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2005/07-29/09-02